Archive | gizartea

RSS feed for this section

Sálvate tv

Gran Hermano, La Noria, Sálvame, Supervivientes… reality show eta talk showez gainezka dago Espainiako telebista programazioa. Garai batean gizarteak ontzat jotzen zuen zerbait egin behar zen pantailan agertu ahal izateko; gaur egun, aldiz, pare bat birao bota eta zeure burua barregarri uzteko prest egonez gero, ziurtatuta duzu lekua telebista pribatuko edozein katen. Lotsagarria deritzot honi. Normala al da, bada, telesaio batek urliaren ipurdiaz, sandiaren alabaz edo berendiaren adarrez hitz egin besterik ez egitea? Normala al da bi gizon plato erdian elkarri joka hastea?

Hasteko, ez dut ulertzen nola den posible pertsonari bere duintasuna eta pribatutasuna ebasten dizkion rolak betetzean oinarritzen diren lanbideak -azken batean hortik bizi baitira- existitzea. Legezkoa izango da, baina morala… Bai, egia da Karmele, Kiko edo dena delakoa bere borondatez joaten dela platora, eta diru sari interesgarri bat lortzen duela trukean, baina benetako etekina ateratzen duena katea bera da, pertsona hauek bere nahiera erabiltzen dituena eta hauei esker sekulako irabaziak dituena.

Bestalde, esaerak dioen bezala, ikusten dugunak eragin egiten digu; zer ikusi, hura ikasi. Azaltzen duten errespetu eta balore ezak, beraz, ikusle guztiogan uzten ditu zantzuak. Honek denoi egiten digu kalte, baina bereziki gazteenei -kontuan izan behar da haurren ordutegian emititzen direla gehienak-. Haurrek maiz heroiak behar dituzte, eta telebista kalea bezain baliogarria da rol-model iturri gisa. Ondorioz, ez da harritzekoa telebistan ikusten duten norbait eredutzat hartzea. Imagina ezazue zeuen semeak Kiko Hernándezbezalakoa izan nahi balu edo alabak Belén Estebanen posterra jarriko balu gelan. Nahiago nuke telebistarik ez eduki.

Halaber, programa hauek protagonismo oro bertako pertsonaiei ematen diete, informazioa edo diotena bigarren planuan utziz; azken finean, eduki mailan hutsik daude. Honela informazio zehazgabea egiatzat erabiltzen dute, zer dioten ere ez dakitela (garrantzitsuena nola dioten baita, ahal den era baldar eta polemikoenean). Informazio zehatza emateko arreta urria eta iturrien fidagarritasunaren frogaketa eskasa Wyoming eta Intereconomia ren arteko liskarrean, edo Cristianok Sálvame programari egin dion salaketan agerian geratu dira.

Hori bai, ez da ahaztu behar telebista potentzial handiko komunikabidea dela. Gezurra dirudien arren, kultura eta informaziorako bide ezin hobea da -nahiz, ikusitakoak ikusita, denbora-pasa merkerako mugatua dirudien-. Errazagoa da eta aurrekontu txikiagoa behar da, noski, showak emateko; ahatik, telebistaren ahalmenaz baliatu ordez, hain erabilera kaskarra ematea tresna erabat mespretxatzea dela iruditzen zait.

Ezin da ukatu, azken finean, ikusleak garela saio batek iraun dezan edo ken dezaten egiten dugunak, eta saio mota honek Espainian daukan ikusleria ikaragarria denez, guk ere erruaren zati bat dugula esan liteke. Nolanahi ere, eskainitako programazioa ikusita, aukera gutxi ditu ikusleak morboari lasa ematea baino. Gehienok, denok ezpada, morboa daukagu. Baina baditugu beste interes eta kuriositate hobeak; gauza da telebistan lehenengoa garatzeko aukera edo baliabide gehiago eskaintzen zaikigula bigarrena baino. Eta hor dago, nire ustez, telebista pribatuaren errorea. Euren interesa kultura eta gizartearen gainetik jartzea.

Hori dela eta, demagogia besterik ez duen “telezaborra” gutxiago ikustea ideia ona izan liteke, programa merke hauek audientzia galdu eta desagertzeak ez bailioke inori kalterik egingo, eta, beste gauza askoren artean, etorkizuneko generazioak bestelako baloreez heztea ahalbideratuko bailuke.

Comments { 2 }

Mozkorrak vs hiritarrak

argazkia: sebastianurbina.blogspot.comTurismoa, gazte britainiarrak, alkohola, desfasea… azken egun hauetan denok notizietan entzundako terminoak dira hauek eta ziurrenik denoi gauza bera datorkigula burura horiek entzunda: Saloufest. Polemika handia sortu da gai honen inguruan; izan ere, Salouko bizilagun batzuek nazka-nazka eginda amaitzen dute gazte hauekin; beste batzuei, ordea, ondo iruditzen zaie ekimen hau aurrera eramatea, bertakoei lana ematen dielako krisi garaian; enpresariek egoera aprobetxatzen dute euren negozioen egoera hobetzeko… Baina Saloutik haraindi zabaldu da gaia. Eztabaidetan galdera hau sortu da: hau al da Espainian nahi den turismomota?

Hasteko, garrantzitsua iruditzen zait Saloufest delakoa zer den garbi izatea. Kirolarekin loturiko ekintza da teorikoki, baina errealitateanBritainiako 8.000-9.000 unibertsitario inguruk amaierarik gabeko parranda izateko aitzakia da. Bidaia-agentzia britainiar batek 2002tik geroztik (hasieran 200 gazterekin) urtero antolatzen duen ekimena da saloufest, gazteei plan erakargarria aurkezten diena: kirola eta festa, baina, batez ere, festa. Gazte batzuek kirola egiten duten bitartean, besteak mozorrotuta ibiltzen dira kirol instalazioetan zehar, eta gehienek edaten pasatzen dute eguna. Gauero, taberna eta pubak mozorro festak antolatzen dituzte, eta, horrela, mozorroturik, gazteak kaleetan zehar ibiltzen dira abestuz eta edanez. S hirukoitzaren bila datoz: sol, sangria, sexo. Neurrigabekeria da nagusi.

Egia esan, saloufest ekintza antolatua da, baina gai zabalago baten barnean sartzen da, “turismo de borrachera” deitua. Halere, Salouko udaletxeak ez du onartzen festa hau turismo mota horrekin alderatzerik; izan ere, ezin dugu ahaztu ekimen honen prestaketan kolaboratzen duela. Bozeramaile batek esan zuenez, kirolean oinarritzen da ekintza hau, eta gazteen gaueko dibertsioarekin guztiz bateragarria da. Gainera, ezbehar larririk ez zela gertatu jakinarazi zuten, zaratek bizilagunak molestatu izana posible izatea onartuz. Ekimen honen bederatzigarren edizioan, neurri gehiago hartu dira ezbeharrak saihesteko asmoz eta dispositibo polizial kopurua handitu egin da, kontrol gehiago ezartzeko helburuarekin.

Baina zergatik egia arbuiatu? Argi dago “mozkor-turismoa” kontsidera daitekeela. Estatu batuarrak Mexikora joaten diren bezala, britainiarrak Espainiara joaten dira euren herrialdean egin ezin dutena egitera. Bi turismo mota daude, jatetxe eta hotel garestietan dirua xahutzen duena, eskupekoak uzten dituena… eta gazteagoen turismoa, merkeenaren bila eta parranda gosez joaten dena oporretara. Biek diru ekarpen handiak ematen dizkiote ekonomiari, eta, krisi garaian egonda, enpresariak ez daude ezer ukatzeko egoeran. Espainiako kostak, eguraldi onagatik, ohiturengatik, janagatik… gazteentzako paradisu bihurtu dira. Antolatuta -edo antolatu gabe- herrialdeaz duten irudia berdina izaten jarraituz gero, parranda egiteko asmoz etortzen jarraituko dute.

argazkia: larazon.esFesta honen ondorio aipagarrienetakoa iruditzen zait gazte batek beste bati bortxaketagatik eginiko salaketa; izan ere, komunikabideetan ezagutzera eman den informazioaren arabera, neskak, alkoholaren eraginpean egoteagatik, gertatutakoa ez oroitzea onartzen du. Bestalde, mutilak, biek onartutako harreman sexualak izan zirela ziurtatzen du. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina ez da oso logikoa zure neurrigabetasunak eragindako egora batean zer gertatu gogoratu gabe salaketa bat egitea.

Zer da errazena? Gazteei errua botatzea, noski. Baina zergatik datoz hona mozkortzera? Edarietan eskaintza bereziak aurkezten zaizkielako, egunsentirainoko festa dagoelako, euren herrialdean touroperadorek ematen dien Espainiari buruzko ideiagatik, hoteletako “dena barne” eskaintzengatik… Beraz, nork du hiritarrentzako hain desatsegina den turismo mota honen nagusitasunaren errua? Krisian gaude, eta krisi egoeran guztiz normala da hotelak, pubak, tabernak eta diskotekak gazte hauek erakarri nahi izatea, euren lokaletan dirua uzteko. Baina enpresarien horren beharra, agian, administrazioak neurriak hartuz gero, amaitu egingo litzateke. Horretaz gain, kostako leku turistikoei buruzko beste irudi bat ematen saiatu beharko litzateke, horrela, beste turismo mota bat erakartzeko.

Hala ere, niri festa honek Sanferminak dakarzkit gogora. Hain ezaguna den festa honetako ondorioak antzekoak direla esan daiteke: hemengo naiz kanpoko gazteak mozkortuta, oka kaleetan zehar, zatarra…; ez dut inoiz ikusi, ordea, festa honi buruzko hainbesteko eskandalurik. Sanferminetan festa giroa dago, hiri guztiak goza dezakeena. Horrek zeresan handia du nire ustez.

Amaitzeko, badakit oso erraza dela nire etxeko lasaitasunetik gai honi buruzko iritzia ematea, gazte britainiarrik gabe nire etxeko atari ondoan oka eginez edo gauean eurek sortutako iskanbila entzun gabe. Niri herrialde batera mozkortzeko helburuarekin joatea tamalgarria iruditzen zait. Are gehiago zure burua kontrolatzen jakin ezean; izan ere, oso ondo dago herrialde bat ezagutzera joatea, eguraldiaz eta hondartzaz gozatzea eta gauean parrandan ibiltzea, baina kontrolatzen jakinda. Halere, oso garbi daukat gazte horiek zerbaiten bila datozela, eta bilatzen ari diren hori hemen aurkituko dutela ziurtatu zaiela.

La noria izeneko Tele5ko telebista saioan, gai honi buruzko eztabaida izan zuten:

Bibliografia:

Comments { 1 }

“Ni ez naiz futbolaria, aberatsa baizik”

Cristiano Ronaldo: 94 milioi euro. Kaká: 65 milioi euro. Benzema: 35 milioi euro… Datu hauek ikusita, edonor konturatzen da Real Madrilen azken denboraldi honetako fitxaketak direla hiru jokalari hauen izenak, besteak beste. Denok dakigun modura, Madrilgo taldeak sekulako dirutza utzi du aurten inoiz izandakohttp://envezdelpsiquiatra.wordpress.com/2009/09/02/lo-que-ganan-los-futbolistas/ orrialdetik atera dut, informazio bila ari nintzela.talderik onena eta boteretsuena sortzeko asmotan. Eta, azken finean, lortu ere lortu du; izan ere, munduko jokalari garrantzitsu eta garesti asko ekarri ditu bere klubera, hala nola, lehen aipatu ditudan hirurak. Florentino Pérezek (ez dakienarentzat, Real Madrileko presidenteak) argi eta garbi utzi zuen 2009-2010 denboraldirako jokalari ezinhobeak ekarriko zituela eta esandakoa ongi bete du. Guztira, 258 milioi euro gastatu ditu. Bai, bai, 258 milioi. Seguru norbaitek zera galdetzen duela: zenbat jokalari fitxatu ditu, ba, Real Madrilek hainbeste diru ordainduta? 100 jokalari, ala? Hori pentsatzen duzuenok oker zaudete; izan ere, 9 jokalari erosita xahutu baititu Florentino jaunak taldearen ondasun gehienak. Eta nik zera galdetzen diot neure buruari behin eta berriz: normala izango ote da horrelako diru kantitateak jokalari batzuengatik ematea? Hala eta guztiz ere, nire intentzioa gaurko honetan ez da jokalarien kostu handi eta, nire iritziz, lotsagabe horiek salatzea, eurek kobratzen dituzten milioi mordoak salatzea baizik.

Lehenik eta behin gauzatxo bat aipatu nahi nuke: futbol jokalari profesional askok gehiegitxo kobratzen dute egiten duten lanarekin alderatuta, hau da, ez dut uste futbolean jokatzeagatik hainbeste diru irabazi beharko lukeenik jokalari batek. Zergatik? Hona hemen erantzuna: konpara ezazue futbolari bat suhiltzaile batekin, adibidez. Bigarren honek bere burua milaka aldiz arriskuan jartzen du besteen biziak salbatu ahal izateko; lehenengoak, ordea, jendea entretenitzen du futbolean jokatuz. Honek milioiak irabazten ditu; suhiltzaileak, edozein langile apalen soldata. Ezberdintasun handia dago bi lanbideen artean, eta ez zait normala iruditzen batak besteak baino askoz ere gehiago irabaztea, alderantziz izan beharko litzatekeenean. Berdin gertatzen da medikuekin. Hauek jende askoren bizitzak salbatzen egiten dute lan eta nolakoa da euren soldata? Ez dut esaten soldata baxua dutenik, baina futbolari profesional batekin alderatuta txikikeria besterik ez da eurek kobratzen dutena. Nire iritziz, nahiz eta jolakalari bat oso ona izan eta sekulako gauzak egiten jakin baloiarekin, ezin du hainbeste diru irabazi; azken finean, bere lanbidea jendeari eskainitako denborapasa bat baita, ez beste askoren lanbide arretatsu eta arriskutsuak bezalakoa.

http://deporteaccion.com/tags/ranking/ orrialdetik atera dut argazkia, empresek futbolean duten eragina aztertzen ari nintzela.Urduri jartzen nauen beste gauza bat datorkit gogora; izan ere, Cristiano Ronaldok bezainbeste irabazten duten hainbat jokalari famaturen publizitate anuntzioekin nazkatzen hasia naiz jadanik. Nor ez da aspertzen egunero telebistan CR9ren anuntzioakikusteaz? Ni, behintzat, bai. Nik ondo deritzot futbolari batek publizitate pixka bat egiteari milioi gutxi batzuen eta fama lortzearen truke, baina, mesedez, dirua belarrietatik ateratzen zaien jokalari famatuak gero eta anuntzio gehiago egitea euren fama hainbat eta handiagoa izateko, gehiegizkoa dela iruditzen zait. Ez dut ulertzen nola izan dezakeen pertsona batek gero eta aberatsagoa izateko grina hori, eta are gutxiago futbolaria izanda, izan ere, futbolari profesionala dena bere lanbidea gogoko duelako da. Beraz, kontzentra daitezela euren lanean, eta egin dezatela eurek hoberen egiten dakitena: futbolean jokatu eta ez, diru gehiago irabazteko, publizitatean denbora galdu.

Azkenik, futbol munduan mugitzen diren enpresa horiei guztiei jokalarien gehiegizko irabazien erruaren zati handia ipini nahi nieke, hauek baitira klub handien diru sortzaileak. Jakin badakit ez dagoela ezer egiterik enpresa hauen aurka; izan ere, taldeen eta euren arteko kontratuak eginak dituzte eta, existituko ez balira,http://deporteaccion.com/tags/ranking/ orrialdetik atera dut argazkia, jokalarien urterko irabaziak miatzen ari nintzela.futbola ere desagertu egingo litzateke. Hala ere, kontuan hartu behar dugu hauek direla jokalarien soldataren zati handi baten emaileak eta, beraz, jokalariak aberasten dituztenak. Ez litzateke gaizki egongo dirua maneiatzen duten horiek konturatuko balira zenbat gauza egin daitezkeen jokalariei ordaintzen dieten ondasun horiekin guztiekin mundu osoan zehar. Zoritxarrez, badirudi ez goazela bide onetik.

Hau guztia dela eta, niri bereziki lotsagarria iruditzen zaizkit futbolari profesional gehienen, eta hauek bezala beste edozein kirol egiten duten jokalari profesional ugariren, egundoko soldatak. Argi utzi nahi nuke, ni kirolzalea eta kirol profesionala ikustearen guztiz aldekoa naizela, baina gauzak bere neurrian egitearen aldekoa ere banaiz, eta neurrigabeko diru ordainketa horien aurka nago erabat. Egunen batean konturatuko gara, bai, diruak ez dakarrela benetako zoriontasuna…

Munduan soldatarik altuenak dituzten 10 futbolarien zerrenda.

Comments { 1 }
-->