Archive | gizartea

RSS feed for this section

Isiltzea: gazte askok “babestzat” hartzen duten akats larria

Azken urteetan egin den hainbat ikerketaren ondoren, Espainian bullying maila igo dela baieztatu da; izan ere,  gazteen %22 bullying-a jasango duela uste da.

jazarpena (FlickrCC,   Chesi - Fotos CC)

jazarpena (FlickrCC, Chesi – Fotos CC)

Gaur egun, bullying edo eskola jazarpena jasaten duten gazte askoren bideoak aurki ditzakegu youtuben, non paper zatietan beraien historia kontatzen duten. Horietako gazte askori ez zaie aurpegia ikusten, beldur izango direlako seguruenik beraien nortasuna azaltzeko. Baina garrantzitsuagoa al da beraien nortasuna ezkutatzea erruduna salatzea baino?

Bideoetan azaltzen diren gazte askok diote herriz, ikastolaz… aldatuz joan direla beraien egoera aldatzeko esperantzaz. Batzuek lortu dute euren egoera jasangaitza atzean uztea. Beste batzuek, ordea, eskola aldatu badute ere, aurretik jasandako guztiaren ondorioz,  beraien buruaz beste egitera iritsi dira.

Duela urtebete berrietan agertu zen Amanda Todden kasua. 15 urte baino ez zituen neskak bere buruaz beste egin zuen, 2012ko azaroaren 10ean. Amanda neska alaia bazen ere, egunez eta gauez sufrimendua besterik ez zuen pairatzen lotsagabe batzuen erruz.

Internet bidez mutil bat ezagutu zuen, bera orduan 12 urteko neskatxo bat izanik, ez zen arriskuez jabetu. Mutil bihozgabe horrek Amandari bere titien argazki bat bidaltzeko eskatu zion, eta Amandak horrela egin zuen. Argazkia bidali ondoren, kameratik erakustaldi bat egiten ez bazion bere titien argazkia sare sozialen bidez  zabalduko zuela mehatxatu zion. Orduan hasi zen Amandak merezi ez zuen sufrimendua. Gabonetan, goizeko lauretan, poliziak Amandaren etxeko atea jo zuen. Hor zetorren Amandaren bizia aldatuko zuen gertaera: argazkia interneten zabaldu zen. Argazki horrekin, bere lagun eta ingurukoen errespetua galdu zuen.

Could you be someone? (DevianArtCC, johnnemo)

Could you be someone? (DevianArtCC, johnnemo)

Amandak bere ahizpari idatzitako gutunean azaltzen du ama alkoholaren munduan murgildurik zegoela eta aita, berriz, drogenean.  Geroago, egunero zuen sufrimendu eta tratu txarrengatik, bera ere bi mundu horietan murgilduko zen.

Kontuak kontu, betiko zegoen neskatoaren titien argazkia interneten. Hala eta guztiz ere, ez zen izan gertaera hori bakarrik  bere buruaz beste egitera bultzatu zuena. Herriz aldatu zen aldietako batean, bere herri zaharreko mutil batekin hizketan hasi zen. Mutil honek bere neska-laguna zuen, baina Amandari bera zuela gustuko esaten zion. Neskatoak, etorkizunari begira eduki ahal zituen arazoez ohartu gabe, sexu harremanak izan zituen gazte horrekin. Haren neska-laguna ohartu bezain laster, Amandaren institutura joan zen bere lagunekin -gezurretan ibili zitzaion mutila ere haiekin joan zen-, eta kanpora irteteko esan zion. Jipoitu egin zuen. Jendeak mugikorren bidez grabatu zuen, eta ez zion inork lagundu, lurrean botata bazegoen ere.

Egoera horren aurrean Amandak lixiba edan zuen, hil egingo zelako ustearekin, berak youtubeko bideoan azaltzen duen bezala. Medikuek, zorionez edo zoritxarrez, Amandaren bizitza aurrera ateratzea lortu zuten. Jendeak Facebook sare sozialaren bidez, lixibaren argazkiak partekatu zituen eta horietan “ea hurrengoan hobeto egin eta benetan hiltzen den” bezalako iruzkinak idatzi zituen. Azkenean, sufrimenduaren ondorioz, ez zuen beste irtenbiderik aurkitu berriz ere bere buruaz beste egiten saiatzea baino, oraingoan helburua lortuz. Hori al da inguruko pertsonak, entretenimendu hutsagatik, gaizki tratatzen dituen pertsonaren helburua? Egoera hauek beraiek pairatuko balituzte, ohartuko lirateke zein mingarria den horrelako egoera jasangaitz batean murgildurik egotea.

Neskatoak, heriotzerako bidean zihoala, bere ahizpa betiko agurtu nahi izan zuen eta gutun bat idatzi zion. Bertan, Kelsey bere ahizpa bazen ere, bere lagun mina zela azpimarratzen zuen. Gainera, gurasoei droga eta alkohola uzteko eskatzen zien. Gutun osoa gogorra bada ere, erdialdean bere ahizpari anbulantzia etorri arte ea eskutik eutsiko dion eskatzen dio. Irakur ezazue gutuna:

Kelsey maitea,

Hau aurkitzen duzunerako jada hilda egongo naiz.

Nire buruaz beste egin dut bullynga jasaten nuelako eta, gainera, ama alkoholaren munduan eta aita drogarenean sartuta daudelako.

Inork ez nau zuk bezala zaindu. Fabore bat egingo al didazu eta txertatuko al duzu idatzi hau Tumblren, nire azken desio gisa? Nahi nuke denek jakitea gizarteak hil nauela, nahiz eta seguruenik ez den inor arduratuko.

Eutsiko al didazueskua anbulantzia etorri arte? Jakin ezazu ez zarela izan nire ahizpa zaharrena soilik, nire lagun mina ere izan zarela. Mesedez, esan amari eta aitari alkohola eta drogak uzteko. “Mr. Bear” hartza zuk har dezazun nahi dut, nitaz gogora zaitezen. Maite zaitut, Kel, eta beti maiteko zaitut.

8 urte nituenean oparitu zenidan koilarea daramat soinean. Espero dut zuk ere beste bihotz erdia duena eramatea.

Agur,

Amanda

Amaitu dadila behingoz! Ea jabetzen garen gero eta gazte gehiago direla mundu honetan lekurik ez dutela pentsatzen dutenak, irtenbide bakarra nork bere burua hiltzea dela pentsatzen dutenak.

Comments { 2 }

Emakumeak, Palestinako bigarren mailako herritarrak

A small feather falls in front of her feet in the garden inside the shelter.
She picks me up, brings it closer to her lips, kisses it and says:
Don’t be afraid little bird, you will fly again someday.
She throws it into the air and shouts:
Fly little bird fly…

Palestinako emakumeak (Wikimedia Commons)

Palestinako emakumeak (Wikimedia Commons)

XXI. mendean egon arren, Palestinako emakume gehienak oraindik esklabu bizi dira. Nahiz eta bertako gizarteak eta erakundeek ez aitortu, diskriminazio, indarkeria eta pobrezia maila handia dago, baita garatzeko aukera gutxi ere. Gerrateak eta diskriminazioak direla medio, oztopo ugari daude emakumeen eskubideak garatzeko eta erabiltzeko.

Bertako kultura eta erlijioa oso diskriminatzaileak dira, gehienbat familien arteko arauetan. Beti gizonezkoen (senarra, aita…) menpe egon behar dira, bai ekonomikoki eta baita sozialki ere, haiek esaten duten guztiari men eginez. Euren autonomia eta erabakiak hartzeko eskubidea erabat mugatuak dituzte. Sexu eta ugalketa eskubideak ere erabat mugatuak egon ohi dira: normalean emakume gehienek ezin dute erabaki noiz izan sexu harremanak, zenbat ume izan….

Checkpoint

checkpoint (Wikimedia Commons)

Emakume asko iheslari eremuetan bizi dira, adibidez, Al Arroubeko iheslari eremuan, Zisjordanian. Sarreran, check point bat, Israelgo militarrek herritarrei okupazioa ez dela amaitu gogorarazteko. Kontrol militar bat sarrera batean, eta beste bat eremuaren beste aldean. Horiek iheslarien mugimenduak mugatzeko daude hor, egunero egiten dutena oztopatzeko. Okupatzaileek ez dituzte egiten azken bolada honetan orain urte batzuk bezain maiz sarraldiak eta erasoak, baina ez dituzte erabat alboratu nahi. Hilero bizpahiru aldiz sartzen dira soldaduak. Egoera horretan bizi diren emakumeak, gizarte patriarkal batean bizitzeak eragiten dien sufrimendua ere jasan behar izanez.

Nire iritziz, emakumeok, gizonezkoak bezala, pertsonak gara, eta eskubide berberak izan beharko genituzke. Bertako emakumeei, beste emakumeoi legez, errespetu minimo bat zor zaie. Gizonezkoak “bigarren mailako herritarrei” esker bizi dira, hauek ematen baitie bizitza, baita etxeko gozotasuna ere. Arazo honi aurre egiteko, gizartea nolabait aldatzeko eta emakumeen eskubideak aurrera eramateko, legeak zuzenagoak eta berdintsuagoak izan beharko lirateke.

Comments { 0 }

Honetaz eta hartaz: matxismoaz abestien letretan eta euskal kulturaren kontsumoaz

Entzun bi abesti hauek:

Lehenengo abestia

Bigarren abestia

Asmatu al duzue zein diren? Lehena ziur denok asmatu duzuela, baina bigarrena? Lehengo batean, ikastolara bidean musikari buruz ari ginela, Freddie Mercuryz hitz egiten hasi nintzen. Aho bete hortz gelditu nintzen “Nor da hori?” behin baino gehiagotan entzun nuenean. Ez nizuen, baina, horri buruz hitz egin nahi, abestien letretan sumatzen den matxismoari buruz baizik. Gustuak gustu, ezin genezake uka gaur egun tabernetan entzuten den reggaetonak zabaltzen dituen ideiak oso matxistak direla. Esate baterako, Cali y el Dandeeren “La muda” abestiak honela dio:

Quiero una mujer bien bonita callada que no me diga na’, que cuando me vaya a la noche y vuelva en la mañana no diga na’, que aunque no le guste que tome se quede callada y no diga na’ … Ya no hables más y dame un beso, llegó la hora del beso, llevamos como diez horas hablando y tu que bla bla bla … Dame un beso, llegó la hora del beso, ya son más de las doce y tu me sigues con tu bla … Quiero que sepa bailar, que nunca salga sola …

Bizi garen gizarte matxista honetan egonik, tabernetan horrelako musika jarriz gero, gazteoi ideia matxista hauek bidaltzen dizkigute, emakume eta gizonen berdintasuna aldarrikatu ordez.

Beste alde batetik, matxismoa alde batera utziz, gaur egungo gazteok oso euskaldun garela uste dugu, euskaraz baino ez hitz egiteagatik. Hala eta guztiz ere, ez dezagun ahaztu euskal kulturaren funtsa ez dela soilik euskaraz aritzea, baita euskal musika, euskal antzerkia, euskal dantzak, euskal liburuak, eta abar sustatzea ere.

Amaitzeko, euskal musika erdal musikarekin alderatuta zein proportziotan entzuten dugun hausnartu beharko genuke. Uste dugun bezain euskaldun al gara?

Comments { 0 }
-->