Archive | kirola

RSS feed for this section

Realaren egoera negargarriaz…

RealaGaur ere galdu eta ez dakit zenbat doazen… Aurten Realeko jarraitzaile guztiok sufritu egin beharko dugu mailari eutsi nahi badiogu. Gauzak ez doaz ondo orain arte, horrela jarraitzen badute 2. mailara jaitsiko dira, sailkapenean azkeneko postuetan baitaude. Egoera aldatzeko nahian, fitxaketa berriak egin zituzten eta entrenatzaileak beraiengan
konfiantza jarri du. Fitxaketa berrietatik Saviok utzi dizkigu sentsazio onenak, taldea beste dinamika batean barneratzen baitu. Sartu diren jokalari berriak 3 dira, aipatu dudan Savio Bortolini, German Herrera eta Victor Ruben Lopez.

Savio Flamengo (Rio de Janeiro) taldeak errealari utzitako jokalari
brasildarra da, Zaragozan eta Real Madrilen jokatutako kirolari trebatua. German Herrera, ordea, 19 urte besterik ez ditu eta Argentinatik datorkigu (San Lorenzo de Almagrotik, hain zuzen ere, baina azkeneko denboraldian Gremion jokatu du). 6 hilabetez jantziko du Realaren kamiseta Germanek. Azkenik, Victor lopez argentinarra dugu. Arsenal de Saranditik dator eta 2010. urtera arte egongo da taldean murgildurik. Lehenego biek, hau da, Savio eta German, erasoan jokatu ohi dute eta, Victor, aldiz, defentsa da.

Ea lortzen duten bai fitxaketa berriekin eta baita Realaren jarraitzaile garen guztion laguntzarekin ere egoera larri honetatik irtetea. Dena den, gaurko emaitza, Realaren egoera eta jarduna bukatzeko geratzen den gutxia kontuan hartuta, fitxaketa eta jarraitzaileen laguntza baino zerbait gehiago beharko du gure bihotzeko klubak 1go mailan jarraituko badu; hala ere, oraindik badago aukera azken hiru postuetatik irteteko. Hori bai, garrantzitsua da maite ditugun koloreei, egoera txarrean egon arren, uko ez egitea eta sutsuki animatzen jarraitzea. Hori baino ez dago gure esku, beste guztia…

Comments { 2 }

Parakaidismoa arriskutsua iruditzen zaizu?

Gaur izugarri gustuko dudan kirol bati buruz mintzatuko natzaizue, parakaidismoaz. Parakaidismoa egiteko gauzarik garrantzitsuena jausgailua da. Txinatarrak izan ziren asmakizun honen ideia eman zutenak eta aterki itxura eman zioten dorretatik jauzi egiteko tramankuluari, baina ez zuten lortu haratago heltzea azkarregi erortzen zirelako. XVI. mendean Leonardo Da Vincik beste jausgailu bat sortu zuen eta piramide itxura eman zion. Harrigarria bada ere, su hartutako eraikin altuetan zegoen jendea salbatzeko sortu zuen. Azkenik, 1885ean Jean Pierre Blanchard frantsesak, kupula itxurako eta paketatu egin zitekeen jausgailua egin zuen. Bera izan zen lehena asmakizuna erabiltzen, globo batetik Parisera salto eginez, eta lehen emakumea bere emaztea izan zen.

Arriskuzko kirol hau egiteko altuera handiak hartu behar dira eta horretarako hegazkinak erabiltzen dira, gehienbat, baina globoak, helikopteroak… ere erabil daitezke. Parakaidismo modalitate asko daude sky surf, wing suit, eta abar; ezagunena, ordea, erorketa askea da. Modalitate honetan, normalean 4000 metro ingurutik egiten da salto eta jausgailua 1500 metrotara ireki arte, minutu bateko denbora gutxi gorabehera izan ohi da 250km/h-ko abiadura maximora itzulipurdi mota ugari egiteko. Kirol mota hau egiteko aukera eta ausardia izan dutenek berdin pentsatzen dute, erorketa hau egiterakoan sentitzen dena ezin omen da sentitu beste inon. Gainera, kontuan izan behar da altueraren erreferentziarik ez dagoenez, ezin dela bertigorik eduki, sentitzen den gauza bakarra haizeak sortzen duen presioa da.

Gehienek pentsatzen dute arriskutsua dela eta inoiz ez dutela egingo, baina ez da horrela. Nik kirol hau probatzera animatu nahi zaituztet aukera baldin baduzue, oso dibertigarria eta ederra baita. Benetan diotsuet, altuera horietan ikusten dena, sentitzen dena eta bizi dena ez duzue beste inon ikusiko, sentituko eta biziko.

Comments { 6 }

Roger Federer al da munduko kirolaririk onena?

federerRoger Federer kirolari aparta dela inork ezin du ukatu. Suitzan jaio zen, 1981eko abuztuaren zortzian. Argi dago orain inork ezin duela bere martxa jarraitu, ezta Nadalek ere. Batzuentzat teniseko historiako jokalaririk onena da. Niretzat hala da, hori bai, ez dut aukera handirik izan Agassi, Becker edo Pete Sampras bezalako jokalari apartak ikusteko; hala ere, azken hau norgehiagoka batzuetan ikusi nuen gazteago nintzenean.

Hor daude bakoitzak lorturiko sariak. Basileako jokalariak, Roger Federek, 45 sari nagusi irabazi ditu, horien artean 9 Grand Slam, Australiako irekia bi aldiz (2004 eta 2006an), AEBkoa hiru aldiz (2004, 2005 eta 2006an) eta Wimbledom 4 aldiz (2003, 2004, 2005 eta 2006an). Azken bi urtez, ATP zerrendan lehena da eta ez dakigu noiz izango den bere gainbehera; edonola ere, ez dirudi gertu dagoenik. Sailkapen horretan bigarrena Rafa Nadal dugu baina izugarrizko diferentzia dago bata eta bestearen artean.

Beraz, eta hau guztia kontuan izanik, zergatik ezin da Roger Federer munduko kirolaririk hoberena izan? Hori da nik neure buruari egiten diodan galdera. Esan beharrean nago, batik bat, nik tenisa udan ikusten dudala. Harrigarria bada ere, niri gehien gustatzen zaidan jokalaria ez da orain arte aipatutako inor, Juan Carlos Ferrero da nire gustukoena, nahiz eta azken urte hauetan ez duen ia saririk lortu. Orain dela 4 bat urte, ATP zerrendan lehena izan zen baina arrazoi desberdinengatik, lesioengatik eta jokalari hobeak sortu izangatik, nabarmen egin du behera Juan Carlosek.

Beraz, ez dakit zuek zer uste duzuen baina niretzat argi dago Roger Federer izan dela tenisak, gaur egun arte, eman duen jokalaririk onena. Zorte handia dugu bera jokatzen ikusteko aukera dugulako.

Comments { 0 }
-->