Archive | kirola

RSS feed for this section

BADATOR, BADATOR UDA!!!

Urteak joan eta urteak etorri, ia beti arazo berdinaren aurrean aurkitzen gara. Beraz, aurten ere, dagoneko, seguruenik, gutako askoren buruetan ideia berdina arituko da jirabiraka; izan ere, eguzkiak gero eta gehiago berotzen du eta horrek ondorio bakar bat dakar: erroparen gutxitzea, nolabait esatearren. Baina, tira, seguruenik badago gauza bikainen bat orain arte ezkutaturik eta gorde-gorderik eduki ditugun gorputzeko atalak desagertarazteko, edota zertxobait estaltzeko, behintzat!!!

Nik ezer esan baino lehen, ziurrenik kirolen batekin natorkizuela pentsatuko duzue eta halaxe da baina ez da ohiko kirol bat, seguruenik zuetako gutxik dastatzeko aukera izan duzuena baizik. Erreka jaitsierei buruz ari natzaizue.

Izenak dioen bezala, kirol hau mendiz inguraturiko errekak jaistean datza. Teorian, abenturazko kirol hau gauzatu ahal izateko, zenbait taktika bereziren ezagutza izan behar da; baina, hala ere, ez da beti horrela izaten. Benetan sinetsi iezaidazue; izan ere, duela pare bat urte, kirol honetaz gozatzeko aukera paregabea eduki bainuen Guarako bailaran. Okasioa izan eta aprobetxatu, inongo araurik edo aholkurik eduki gabe, abenturan murgildu nintzen. Izugarri gustatu zitzaidan inoiz praktikatua ez nuen kirol hura; eta, beraz, zuei ere gomendatzen dizuet. Horrela, ondo pasatzen ari zareten bitartean, forman jatzeko aukera ere izango duzue; beraz, animo!!!

Comments { 0 }

Sevillako lagunak

Guztiok jakingo duzuen bezala, aurreko astean Sevilla futbol taldea UEFAko txapeldun suertatu zen. Guztiok jakingo duzuela diot, egun hauetan telebistan Forum Filateliko kontu horrez gain, ez baita beste ezer egon. Horregatik nire
intentzioa ez da berriro ere telebistan kontatutako guztia errepikatzea, futbola gogoko ez duzuenak nahiko nazkatuta egongo baitzarete egun hauetan entzundakoarekin. Sevilla taldearekin azkeneko asteetan sortutako harremanaz arituko natzaizue.

Brasileko jokalariekin

Duela pare bat aste, Errealak Sevillaren aurka Donostian jokatzen zuela aprobetxatuz, Sevilla taldeari bisitatxo bat egitea bururatu zitzaigun futbolzale amorratu biri. Beraz, igande goizean, jendea oraindik Lazkaoko festetatik bueltan zetorrela, trena hartu eta Donostiara abiatu ginen. Boulevardean autobus bat hartu eta Costa Vasca hotelaren ate aurrean utzi gintuen, oraindik sarrerako erlojuan 09:39 baino ez zirelarik. Jokalariak oraindik logeletan egongo zirela pentsatu genuenez, kafetegira joan ginen gosaltzera. Kola-kao eta napolitana txiki batekin konformatu behar izan genuen; izan ere, nahiko garestia baitzen dena. Beraz, ez pentsa hoteletako gosari peto-peto bat hartu genuenik. Bukatu bezain laster jokalariak euren logeletatik jaisten hasi ziren, eta beraiekin lehenengo argazkiak atera genituen.

Navas-AgirreTaldeko hainbat ordezkarirekin igaro genuen goiza Sevilla taldeari buruz hitz egiten, egun batzuk lehenago UEFAko finalaurrekoak jokatzeko Alemaniara egindako bidaiari buruz eta abar. Benetan oso jende jatorra. Partidura joateko sarrerak eta guzti eskaini zizkiguten! Hala ere, momenturik hoberena, jokalariak bazkaltzen ari zirenean iritsi zen. Taldeko partaideentzat soilik erreserbatua zegoen gela batera sartu eta eskailera batzuk jaitsi ondoren, jokalarien jantokian azaldu ginen. Gehiengook ez diozue inongo zirrararik aurkituko Sevillako jokalari guztiak zure aurrean ikusteari, baina futbola gustuko dugunontzat…

Esaterako, Saviola, Navas eta Baiano jokalariekin hizketan jardun genuen, nire aurrean nirekin hizketan zeudela sinestu ezinik! Logeletan jokatzen zituzten play stationeko partidei buruz txantxetan aritu ondoren, alde zaharrera abiatu ginen bazkaltzera. Anoetara joan ginen 05:00etan partidua ikustera, eta goizean gurekin egondako taldeak irabazi zuen, 2-0. Egia esan, bost axola zitzaidan egun hartan Errealak galdu izanak, Munduko txapelduna izandako eta Bartzelonan jokatu izandako jokalariekin egon bainintzen goiz osoan eta hori edozeren gainetik zegoen.

Saviolarekin

Horregatik izan zen niretzat berezia pasa den asteazkeneko finala, une oro ezagunak zitzaizkidan aurpegiak ikusten bainituen: jokalariak, ordezkariak, presidentea… Berezia izan zen; izan ere, hemendik urte batzuetara, jendeari kontatu ahal izango diogulako Sevilla taldeak bere mendeurrena ospatu zuen urtean UEFAko txapeldun izan zela, eta lorpen hori erdietsi zuten jokalariekin egun batzuk lehenago goiza igaro ahal izan genuela, betiko gure oroitzapenean geratuko delarik. Asier ez pentsa erotuta nagoenik, futbola gustatzen zait, besterik ez!

Azken egun hauetan hainbeste entzundako El Arrebatok mendeurrenerako sortutako abestia entzun nahi baduzue, klikatu hemen (ondoren, beti bezala, ezkerreko laukitxo berdeari eman).

ZORIONAK SEVILLA!!!

Comments { 0 }

Golfcrossa. Ezagutzen duzu?

Golfaren aldaera berri baten sorrera da golfcrossa. Burton Silver asmatzaile neozeelandarra da kirol berri eta bitxi honen sortzailea. Hasiera batean, golf kirolaren funtsezko arauak bete eta errespetatzen baditu ere, joko berri honek baditu bere bereizgarriak.

Lehenengoa pilotaren itxuran datza; izan ere, golfaren kasuan erabiltzen den pilotak itxura esferikoa duen bitartean, golfcrossean pilota obalatu bat erabiltzen da. Dirudienez, itxura berri honek asko laguntzen du pilota zulora sartzerako garaian, maneiatzeko errazagoa baita. Bigarren desberdintasuna zuloetan aurkitzen da; izan ere, aldaera berri honetan 2,4 metroko altuera eta 1,8 metroko zabalera duten atari antzekoak erabiltzen baitira zulo gisa (argazkian ikus daitezkeenak), hauek lurretik metro eskas bateko altuerara kokaturik daudelarik.

Golfcrossa probatzeko aukera izan duten jokalarien iritziz, egoera berriak eta, bereziki pilota berriek, gertatuko denaren aurreikustea errazagoa suertatzen dela diote. Oraingoz, behintzat, golfcrossa Zeelanda Berriko hiru zelaitan proba daiteke soilik, beraz, denbora batez itxaron beharko dugu berrikuntza hau gurera iritsi arte.

Golfcrossari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 1 }
-->