Liburu bat behar nuen. Liburu-dendara joan aurretik ez nekien zein erosi eta, bertan nengoela, nire eskuetatik liburu anitz pasatu ondoren, 2009ko Espainiako Narratiba Saria irabazi zuenarekin geratu nintzen: Kirmen Uriberen Bilbao- New York- Bilbao (2008). Liburuaren atzealdea irakurri eta gustuko izango nuelakoan, hura hartu nuen.
Kirmen Uribe Ondarroan jaio zen 1970ean arrantzale familia batean. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Literatura Konparatua Trenton (Italia). Irratiko eta prentsa idatziko kolaboratzailea da eta hainbat egitasmo jarri ditu abian musikari, pintore eta zinemagileekin. Literaturan, Bitartean heldu eskutik poema-liburua izan zen bere estreinako liburua, oihartzun handia eragin izan duena euskal letretan eta baita kanpoan ere: frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da, eta ingeles edizioa AEBetako PEN elkarteak saritu zuen 2008ko liburu onenen artean. Besteak beste, Carver , Sylvia Plath , Anne Sexton , Mahmud Darwish eta Wislawa Szymborska -en poemak itzuli ditu. Maiz Europa, Asia eta Ameriketako nazioarteko literatura jaialdietan parte hartzen du eta aldizkari entzutetsuetan argitaratu du, hala nola, The New Yorker garrantzitsuan.
Haur eta gazte literaturako hainbat lan kaleratu ondoren (Garmendia eta zaldun beltza , Ez naiz ilehoria, eta zer? , Garmendia errege , Guti , Garmendia eta Fannyren sekretua ) hauxe du bere lehenengo nobela eta ez nolanahiko nobela; izan ere, esan bezala, 2009ko Espainiako Narratiba Saria lortu du.
Bilbao- New York- Bilbao
ARRAINEK eta zuhaitzek elkarren antza dute. Antza dute uztaiengatik. Zuhaitzek enborrean dituzte. Enborrari zehar ebakia egin eta hantxe ageriko dira uztaiak. Uztai bakoitzeko urtebete, horrelaxe jakiten da zuhaitzaren adina zein den. Arrainek ere uztaiak dituzte, baina ezkatetan. Eta zuhaitzekin bezalaxe, uztai horiengatik dakigu zein den animaliaren adina.
Honela ematen dio hasiera Uribek hogeita hiru kapituluz banatuta dagoen nobelari. Bilbao- New York- Bilbao nobelak Loiun (Bilbo ) abiatu eta JFK (New York ) aireportura iristen den hegazkin bidaia bat kontatzen du, Frankfurteko eskala tarteko. Bidaiarekin batera, Kirmenek hiru belaunaldiko kontakizunak aipatzen ditu: gerraurrekoa, aitona-amonei dagokiena, gurasoen frankismo garaia eta berea garaia. Horrela, XIX. mendean hasi eta XXI. menderaino doa bidaia.
Kirmenek bidaia honetan hainbat istorio, oroitzapen, gogoeta, gutun, email, eguneroko, poema… erabiliko ditu nobelan zehar, baita Wikipedia entziklopediatik jasotako informazioa ere, hala nola, Rockall irlari buruz. Nagusiki bere istorio, gogoeta, oroitzapenak… arrantzaren ingurukoak izango dira, bera arrantzale familiakoa baita. Nobela honetan, esandakoaz at, bere aitonak jasandako bizipenak, Ondarruan gertatutako kontakizunak, Arteta eta Ricardo Bastida arkitektoaren arteko adiskidetasuna… azaltzen ditu. Beraz, esan bezala, Kirmenek hausnartzeari ekin dio nobelan. Bi gogoeta mota dira nagusi. Batetik, bere familiako istorioak; eta, bestetik, idatzi nahi duen nobelaren inguruko kontuak, nobelaren sortze prozesua hemen txertatuz.
Liburuaren azalean ikus dezakegun barkua, “Dos Amigos†izenekoa, aitonaren arrantzarako txalupa txiki bat da. Honek ere emango dio zer esana; izan ere, izen horren jatorria jakin nahian ibiltzen baita Kirmen: zergatik jarri ote zion izen bitxi hori aitonak? Izen horren bilaketak espero ez duen bideetara eramaten du egilea, eta ezusteko ugarirekin egiten du topo. Azkenean, ontziaren inguruan ikertu ondoren, aitona Liboriok “ Dos Amigos†izen harekin zerikusirik ikusi ez duela ondorioztatzen du; izan ere, Liborio Uribek hogei urteko “Dos Amigos†zaharra erosi baitzion beste arrantzale bati, 500 pezeta ordainduta.
Nobela aitona eta ama Aurelio Artetaren koadro bat ikustera joatean hasiko da. Egun horretan aitonari bizitzeko hilabete eskas batzuk geratzen zaizkiola esango dio sendagileak, eta aitonak ama Bilboko Arte Eder museora eramango du Aurelio Artetaren obra ikustera, zehazki bere maitearen erretratua ikustera, honek guztiak ekarriko dituen gorabeherekin.
Liburuko pertsonaia nagusienei dagokienez:
- Liborio Uribe (aitona): bere bizitza osoa itsasoan pasatu du eta “Dos Amigos†izeneko txalupa txiki baten jabe da.
- Jose Uribe (aita): arrantzalea, “Tokia Argia†ontziko patroia.
- Kirmen Uribe: protagonista nagusia. Bere familiaren inguruan ikertzen du. Bere aurrekoak ez bezala, ez da arrantzalea.
- Aurelio Arteta pintorea: aitona eta ama Bilboko Arte Eder museora bere obra ikustera joatean hasten da nobela.
- Ricardo Bastida arkitektoa: Aurelio Artetaren adiskide handia.
Pertsonaia hauetaz at, hainbeste pisu ez duten beste batzuk ere ageri dira: Nerea neskalaguna, Unai semea, ama, osaba-izebak, Carmen Bastida, Txomin Agirre , Resurreccion Maria Azkue , Indalecio Prieto , Obama , Picasso… Hauetako batzuk aipatu besterik ez dira egiten; beste batzuk, aldiz, garrantzi handiagoa dute.
Liburua arrain eta arbolen arteko konparazioa eginez hasten da. Amaitu, aldiz, bere emaztearen semea den Unairi poema bat eskainiz. Berarentzat 13 urterekin jaio zen semea da. Honekin emango dio nobelari amaiera:
Liburuari buruzko hausnarketa egiten jarrita, gustukoa izan dudan liburua izan dela esango nuke. Berezia da. Argumentu sakonik ez duenez, milaka istorio baizik, ez nekien nondik nora joango zen; halere, berezia, baina gustukoa izan dut. Liburua, berez ez da oso zirraragarria argumentuari edo beste ezaugarri batzuei erreparatuta (dena tonu leun batean emana dator, batetik bestera egiten du jauzi, eta momentu batzuetan edozein orritan irakurtzen hasita inpresio antzekoa har dezakezu hainbeste izen eta oroitzapenen artean); edozein modutara, ildo nagusia ildorik ez izatea da eta nola dagoen idatzita da erakargarria.
Informazio gehiago:
- Lehen kapitulua hemen irakur daiteke
- Sariaren inguruan
- Dipity
- Kimen Uribe
- zubitegia.armiarma.com
Iruzkin berriak