Aitortu beharra daukat liburu hau hautatu badut, ez dela aurrez entzuna nuelako edo idazlearen beste ezer ezagutzen nuelako izan, liburutegian topatu nuelako baizik. Portada begietatik sartu zitzaidan, bertan ageri den torturaturiko gizon erdi biluziaren argazkia itzulinguruak saihestuko zituen ikurtzat hartu bainuen. Atzeko azalean zioenak aurrez ondorioztatutakoa ziurtatu zidan. Ez naiz Ez Zaigu Ahaztu aukeratu izanaz damu.
Alberto Barandiaran Amillano 1964ko irailaren 24an jaio zen Altsasun (Nafarroa). Historia eta Geografian lizentziatu ostean kazetari eta idazle lanetan ibilia, gaur egun Berrian dihardu, 1990etik Euskaldunon Egunkarian lan egiten aritu ondoren. Rikardo Arregi eta Argia kazetaritza sariak irabazi ditu (azken hau bitan, 1991 eta 1999an), eta bere liburuak ere ez dira oharkabean pasa. Argitaratu dituen obren artean Atea itxi ezinik, Tene Mujika beka eskuratzea bideratu zuen lana; Pedro Diez de Ulzurrun (Eusko Jaurlaritza, 1996), izen bereko gizonaren biografia; Ez Zaigu Ahaztu kronika (Susa, 1998); Pasionaria (Elkar, 1998), Dolores Ibarruriren biografia; Gaizkileen faktoria (Euskaldunon Egunkaria, 2000), Ernest Hemingway eta euskaldunen arteko erlazioa aztertzen duena; Mundu Txikia ipuin bilduma (Susa, 2005); eta Postkronikak (Elkar, 2009), berriz Tene Mujika saria irabaztea eraman duena.
Ez Zaigu Ahaztu 70eko hamarkadan, Argentinan, izandako sarraskiak azaleratzen dituen kronika da; horietan hil ziren euskaldunak ardatz hartuta, Hego Amerikako bigarren herrialde handienean zehar egiten duen bidaian senitartekoek emandako informazioaz eta berak herrialde horretan izandako bizipenez hornitua. Iraganeko heriotza eta masakreak lurralde horretan gaur egun bizi duenarekin tartekatze horrek irakurrerraz bihurtzen dute liburua, eta baita interesgarria ere, bertako kultura eta ohituretara hurbiltzen baikaitu Albertok, dastatu dituen zapore, entzun duen musika eta ikusi duenari hitzak jarriz.
EZ ZAIGU AHAZTU
Kronika honetan kontatzen dena, denborari dagokionez, Argentinako diktadura militarraren garaian alde batetik (1976-1983), eta duela hamabi bat urte Barandianek herrialdea bisitatzen duenean, bestetik, kokatu behar da. Espazioari dagokionez, berriz, gertaerak, bi garai ezberdinetan izanagatik, leku berean jazotzen dira: Argentinako hiriburuan gehienbat, baina baita Pampan zehar ere.
Argentinako diktadura militarrean, 1973tik 1978ra bitarteko epean bereziki, izandako desagerpen, tortura eta heriotzak argitara atera nahi izan ditu idazleak, egiaren bila. Asko dira errepresioak desagerrarazi zituenak, hil arte torturatu, fusilatu edo hegazkinetatik itsasora botaz; 30.000 inguru, kalkuluen arabera. Eta horietako bakoitzak atzean utzi zituen senitartekoek isilean eraman dute maite zituztenen galera, eta isilean daramate arimak isildu eta gorputzak ezkutatzen ibili diren horiek aske ikustea, kalean, horiekin bizitzea edo topo egitea. Idazleak aberria aitzakiatzat hartuta, pertsona horien artean dauden euskaldunen historiak ilunpetik atera ditu liburuxka honetan.
Hegazkina hartzearekin batera ematen dio hasiera kronikari Albertok. Inguruak behatzen hasiko da Bill eta Hilary Clinton ere bisitari izango diren hirian. Kontaktuekin harremanetan jarriz –Maiatza Plazako Amak, Arozarena familia, Atxilotu Ohien Elkartea, Javier Tisera…- eta helburua betez doan heinean, leku ezberdinak ezagutzen joango da: La Bombonera, Boca Juniorsen futbol zelaia (egun batzuetara Boca Juniors–River Plate jokoa ikusiko duen zelai bera) edo Pampako Trenque Lauquen hirira esaterako.
Are garrantzitsuagoa da, ordea, kontakizun hauen artean emago digun informazioa, hildako horiei buruzkoa:
- Alicia Meroño: 31 urte zituela, 1978ko urtarrilaren 5ean, militarrak bere etxean agertu ziren eta inoiz gehiago ez zuten ikusi.
- Jon Pirmin Arozarena: 1977ko apirilaren 27an, Arozarenaren bila joan ziren militarrak bere etxera, baina ez zegoen han. Familiakoak 3 egunez egon ziren etxe barruan bahituta Jon iritsiko zain, eta hau iritsi bezain laster eraman egin zuten. Ez zen gehiago agertu.
- Arturo Garin Gaucho:Â Montoneroen adar sindikaleko buruzagia zen. Harrapatu eta tortura gelara eraman zuten baina ez zuen ezer esan, bere ingurukoen datu guztiak eduki arren. Torturatu ondoren, burua hautsita ageriko koman zela utzi zuten zementu gainean, eta horrela egon zen egun eta erdiz, militarrak hilda zelako ustean zeudela. Baina esku eta hanketako korapiloak askatu, herdoildutako leihoa ireki eta ihes egin zuen biluzik, hesi metalikoa salto sinesgaitzaz gaindituta. Funtzionarioen auto bat gidatzea lortu bai, baina tamalez ez zuen irteera atea aurkitu eta harrapatu egin zuten. Gero basatiki torturatu ziurrenik hil arte.
- Andres Armendariz: peronista zen eta 1976. urte hasieran sindikatuko ordezkaria, Austral hegazkin konpainian. Arratsalde batean, Felipe anaiarekin eta haren neskalagunarekin zegoela, eraman egin zuten eta bi egun geroago itzuli zen jipoituta. Lau hilabeteetara, hirurak batera zeudela berriro, etxea txikitu eta neska eraman zuten. 1977ko martxoaren 27an desagertu egin zen. Andresen neskalagun Graciela eta Mª Angeles arreba bere bila aritu ziren, egun bakar batean erakunde zibil eta erlijiosoetara 25 gutun bidali zituztela. Desagerpenetik aste batera polizia-etxe bat Andresen hilketa ikertzen hasi zen. Autopsian ondorengoa jakinarazi zitzaien familiarrei: 10 saihets hautsi, hortzak eta haginak erauzita, barea lehertuta eta biriketan endemia larria.
- Celia Lopez Ugalde: 1976ko urriaren 13an bere etxeko atea bota eta eraman egin zuten. Ez zuten gehiago ikusi. 1987an lehenego aldiz Celiaren auzoko poliziburuarekin hitz egitea lortu zuten, baina ez zuten ezer asko jakin, militarrek eraman zutela besterik ez baitzien ziurtatu.
- Pablo Tello eta Rafael Tello: Larzabaleko artzain baten biloba hauek gau batean tortura zentrora eraman zituzten. Euren emazteak ere bai. Emazteak askatu zituzten, senarrak ez zituzten gehiago ikusi. Emazteetako batek urte batzuk geroago torturatzaileetako batekin egin zuen topo kalean.
- Salvador Arestin: gurasoak galiziarrak izanagatik Errenterian jaioa zen abokatu hau 1977ko uztailaren 6an bere bulegoan zegoela eraman zuten (Gorbaten Gaua, abokatu batzuk torturaz hil baitzituzten), burua ireki zioten eta anestesiarik gabe josi zioten gero kaskezurra, tortura gehiagorekin jarraituz.
Historia ezberdinak bildu behar dituen kronika bat idazteak dituen zailtasunak ezerezean utzi ditu Barandiaranen lanak, eta era berean, kontatzeko zuen hori bikainki azaldu digu. Liburu honetan desagertutako argentinar euskaldunen historiez gain, Argentinaren historia apur bat, eta bere bizipen propio eta deskribapenak uztartze horrek arintasuna ematen diote kontakizunari, eta irakurleengan interesa pizten. Gainera, ez dabil hitzekin jolasean orriak bete nahian, zuzenean harira jotzen du, idatzitakoa baliozkoa dela erakutsiz, eta nik asko baloratzen dut hori, darabilen estilo neutralarekin batera. Bestalde, bikainki transmititzen du biktimen sufrimendua, eta senidea torturatu dizutenak kalean aske daudela jakiteak suposatzen duen inpotentzia. Zerbait esan behar izanez gero, txanponaren beste abegikoa aipatuko nuke. Egia da, biktima euskaldunez gain, errepresore euskaldunen gaia ere lantzen duela; baina, agian, hori oso gainetik egiten duela iruditzen zait. Nolanahi ere, lan aparta Alberto Barandiaranena.
Bibliografia:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00166.htm
http://www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuak.pl?lib=narr31
http://www1.euskadi.net/euskara_sustapena/bidegileak/datos/pedro.pdf
http://www.diariovasco.com/20080112/cultura/alberto-barandiaran-kazetariaren-erreportaje-20080112.html
http://eu.wikipedia.org/wiki/Alberto_Barandiaran
Alberto Barandiaran on Dipity.
Iruzkin berriak