Atsedeneko txirrinak jo bezain pronto hartu nuen liburutegirako bidea, hiru ikaskide lagun nituela. Betiko moduan, ateko kisketa emanda zegoen; beraz, giltza bila joatea beste erremediorik ez genuen izan. Apalez apal ibili nintzen gustuko nuen liburu baten arrastoaren bila, eta balda guztiak hankaz gora jarri ondoren, hortxe ikusi nuen nire ikusmira piztu zuen argazkia. Hura ikusi orduko, nire aitona zenaren isla etorri zitzaidan burura, bera ere gazte- gaztetatik eskusoinu jotzailea izan baitzen. Ez nago ziur zergatik, baina liburu hori nire aitonaren gazteko bizipenenetara bidaia egiteko giltza zela igarri nuen; honetaz gain, garai hartako Euskal Herriko giroa ezagutzeko aukera aparta esku artean nuela antzeman nuen. Horiek horrela, bitan pentsatu gabe liburua etxera ekartzea erabaki nuen. Ni neu ere eskusoinu jotzailea izan naiz; nahiko kaxkarra, egia esan, baina al den neurrian aitonaren eskutik amak entzundako fandangoak eta arin-arinei jarraipentxoa ematen saiatu naiz. Ildo beretik, izenburuak nire harridura piztu zuela aipatu behar dut, bitxia egin baitzitzaidan “lurtarra da begiratua” hori.
Liburua ireki eta autorearen bibliografia irakurtzeko parada izan nuen. Xabier Etxabe Zulaika euskal autorea, Zarautzen jaio zen orain dela 35 udaberri. Informatika ikasketak egin zituen (liburuan ere aipatzen du), eta gaur egun Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan irakasle da. Bestalde, Txaparro herri- aldizkarian hainbat artikulu eta elkarrizketen egile izan da; hala ere, hau da idazle zarauztarraren lehenengo liburua.
Lurtarra da begiratua liburuak Jexux Zulaikaren eta bere familiako kideen bizitzako hainbat pasarte kontatzen dizkigu, Jexuxen oroitzapenak gehienbat. Honekin batera, autoreak liburua idazteko pausoak eta liburuko istorioen nondik norakoak tartekatzen ditu bertan; beraz, bi garaien arteko nahasketan oinarrituta dagoen liburua dela esan genezake.Fikziorik gabeko nobela dela esan genezake, autorearen eta bere gertuko kideen bizitza kontatzen baitira liburu honetan. Nobelaren zati handi bat fikzio gabea dela argi ikusten da, errealitate hutsaren isla; hala nola, gerra garaiko kontuak, esperoan dauden maitaleen “ahalordezko ezkontzak“… Gertakizun hauek azaltzeko garaian, Etxabek bere aitonaren -aurretik aipatutako Jexux Zulaika- ahotik ateratako hitzak hartzen ditu oinarritzat. Hitz horiei guztiei erreparo eginez bere esku dagoen lan guztia egiten du aitonak kontatutako istorioen “informazio ofizialaren” berri izateko, nobelaren errealitateari sendotasuna emanez. Bi garai ezberdineko errealitateak aurkezten saiatzen da idazlea: aitonaren hitzaz baliatuz iraganeko gertakizunetara itzultzeko aukera eman digu autoreak, eta, aldi berean, Jexux eta Xabier beraren gaur egungo bizitzaren hainbat pasarteren berri izaten dugu.
Hitz gutxitan esanda, nobela honetan Xabier Etxabek bere aitonaren eskutik lortu dituen bizipenak kontatzen dizkigu. Bere aitona Jexux eskusoinu- jotzailea zen, familiako kide guztien artean amaren gogokoenetarikoa. Zortzi bat urte zituela, eskusoinua jotzen ikasi era handik gutxira inguruko erromeria guztien protagonista izatera ailegatu zen. Bizitza osoan soinua izan zuen lagun Jexuxek; bere azken urteetan ere, noski. Honek oso gustuko zituen bere gaztaroko kontuak ezagutzera ematea, eta beti kontatzeko prest izaten zuen kontuetako bat bere anaia Pio txirrindulariaren istorioa zen. Alegia, bera txikia zela, Beote baserriaren inguruan eginiko bizikleta apustuak azaltzea gustuko zuen eta nola ez, bada, bere anaiaren garaipenak. Kontua da denbora joan ahala, alde batera utzi behar izan zituela; izan ere, putzuaren beste alderako bidea hartu beharra izan baitzuen Piok, bere Felixa kuttuna Euskal Herrian utziz. Ahalordez ezkontzea besterik ez zitzaien geratu bi gazteei; bata Arantzazu zegoela, eta bestea, Venezuelan. Modu berean, bere amaren kontakizunak ditu altxor preziatutzat Jexuxek, bere bihotzeko ama maitearen kontuak. 1,45m eta ehun bat kilotik gorako emakumea zen ama, atetik ezin sartu ibiltzen zena. Langile fin eta apartatzat aurkezten zuen Xabierren aitonak ama; bere gorputza handia izanik ere, artzain arinaren aurka dantza apustua irabazteko gai izan zena.
Liburuaren formari erreparatzen badiogu, pixkana- pixkana autoreak bere familiako eta inguruko kide guztiak aurkezten dituela ikusiko dugu, kontakizunaren ardatza Jexux izanik betiere. Pertsonaien deskribapenaz aparte, inguruko paisaien xarma eta garaiko gizarte egoera azaltzen saiatzen da Etxabe, gehienbat iraganeko kontakizunetan. Gerra garaiko Orio eta Zarautz arteko mendien paisaiak dira nagusi deskribapenetan. Hauek hitz gutxitan azaltzen ditu, bertako bidezidorrei, baserriei…erreferentzia eginez. Gaur egungo gertaeretara bueltatzen denean, ordea, Zarauzko kaleak aukeratzen ditu eszenatoki, bere etxea eta hainbat taberna aipatuz.
Bi garai ezberdinen arteko talka dela esan genezake; hala ere, bi hauek oso era originalean lotzea lortu du autoreak. Etxabe bera eta bere lagun Xabierren arteko solasaren bidez, alegia, zati handi batean behintzat. Etxabek bere kapitulua pentsatu eta idatzi ondoren, beraien webguneko pasahitza asmatzeko pista bidaltzen dio Xabierri, honek pasartea irakur dezan. Hauen arteko tirabirak direla medio, pasartearen informazio gehigarria eta hurrengo pasarteko pausoa hartzen du autoreak. Lotura mota honek liburua alde batera ezin uztera bultzatzen ninduen, uneoro zerbait berria txertatzera zihoala baitzirudien. Honek nire irakurtzeko irrika handiagotzen zuen. Hau horrela izanik, argi dago egun gutxitan irakurtzeko nobela dela.
Bestalde, lexikoari erreparatzen badiogu, sinplea eta ulerterraza dela argi ikusten da. Kontuan izanda nobelak beste garai batzuetara eramaten gaituela, idazkera mota hau askoz ere egokiagoa dela iruditzen zait, jende askori horrelako liburuak nahiko astunak egiten baitzaizkio; beraz,zenbat eta hizkuntza sinpleago erabili, arintasuna handiagoa izango da. Egia da bai, tarteka, euskalkian idatzitako hitzak erabiltzen dituela, baina hauen zailtasuna murritza da; beraz, ez dut uste irakurleak hizkuntza aldetik inongo oztoporik aurkituko duenik. Beharrezkoa da esatea istorioa protagonistaren ahotik moldatzen dela: bere pentsamenduak, iritzia… dena protagonistaren eskutik emana dator. Honek nobela are erakargarriago egiten duen kutsu errealista batez janzten duela iruditzen zait. (Jarraitu irakurtzen…)
Iruzkin berriak