Archive | literatura

RSS feed for this section

Kalamidadeen liburua – JOAN MARI IRIGOIEN

Joan Mari IrigoienZaila izan ohi da liburu bat aukeratzea, beharbada gustatuko ote zaigun betiko zalantza dela eta; oraingo honetan, ordea, J.M. Irigoienen Kalamidadeen liburua aukeratzeko dudarik ez dut izan. Izan ere, benetan erakargarria iruditu zait titulua, ohikoa ez den zerbait. Horregatik, garrantzitsua deritzot idazle honi buruzko informazioa biltzeari eta behar bezalako aurkezpena eskaintzeari.

Joan Mari Irigoien 1948ko irailaren 30ean jaio zen, Donostiako Altza auzoan. Ingeniaritza ikasi zuen bere ikasle garaian eta futbolaria ere izan zen. Hala ere, biak utzi zituen Venezuelara joateko; bidaia honek berebiziko eragina izango zuen bere bizitza eta literaturan. Irakasle lanetan aritu zen eta ETBrentzako ehunka filmen itzultzaile izandakoa da. Irun Hiria Saria irabazi zuen Hutsatik esperantzara bere lehen poema liburuarekin. Dena den, genero gehiago landu ditu; besteak beste, eleberria, haur eta gazte literatura eta biografia. Eleberri asko idatzi ditu, baina guztietan ezagunenak Babilonia (1989) eta Lur bat haratago (2000) dira. Azken hau, gainera, euskaraz idatziriko fikziozko libururik luzeena den. Kalamidadeen liburua lanean apurtu zituen idazleak molde guztiak. Hona hemen idazle ikaragarri honi eginiko elkarrizketa bat El País egunkariaren eskutik.

Liburuan azaltzen den istorioaren generoari dagokionez, komedia da eta autorea hirugarren pertsonan kontatzen duen narratzaile orojakilea da. Lan honetako gertakizunak argitzeko, idazleak deskribapen anitzez eta elkarrizketez baliatzen da, irakurleari erosoa eta eraman erraza suertatuz istorioa.

azalaLiburuaren gaia ez da bakarra; nolabait esateko, familia xelebre batean sortzen diren harremanak, matxismoa, sexua eta erlijioaren arteko nahasketa baizik. Istorioak hasiera eta bukaera izan arren, esan liteke bizitza bateko zati bakarra baino ez duela hautatu. Kontua da Enriketa nazkatuta dagoela bere senar Ladisez, errealitatean bizi ez den poeta delako. Hark bere aita Gorki ezagutzen duenean hasiko dira komeriak, euren etxera joango delako bizitzera. Bestalde, bi alaba bikiak senargai bila dabiltza, baina ez edonolakoak. Egun batean aldizkari batean iragarriko dute euren nahiak eta hala ezagutuko dituzte Koldobika eta Krispin. Hemendik aurrera, dena korapilatzen hasiko da eta benetan dibertigarriak diren gertaerak jazoko dira: bi bikoteen arteko sexu-arazoak, Koldobikaren haurdunaldia…

Pertsonaiei dagokielarik, ez dago protagonista bakarra; halere, badirudi Gorki eta Ladis nabarmentzen direla, hauek jartzen baitiote, azken finean, umore ukitu hori eleberriari. Beraz, hauek dira, beste zenbait pertsonaiarekin batera, istorioko gertakizun zoro eta dibertigarriak biziko dituztenak:

edukiaLadis: Gorkiren semea da (nolako egurra, halako ezpala). Poeta eta, gainera, kalamidadea. Enriketarekin dago ezkonduta (bere Mona Lisarekin) eta bi alaba ditu. Horretaz aparte, beste planeta batean bizi dela esan daiteke. Poeta Bizien Klubeko kide ere bada.

Gorki: Ladisen aita. Hau ere poeta eta, noski, kalamidadea. Ezkontzaren aurkako gizona dugu eta, horregatik, gazte zela, neska haurdun geratu eta ezkon zitezen proposatu zionean, Asturiasera alde egin zuen. Zenbait arrazoi direla eta, Euskal Herrira itzuli zenean ezagutu zuen Ladis semea. Aipatzekoa ere aberriaren aldekoa dela.

Enriketa: Ladisen emaztea. Nazkatuta bizi da. Bere bi alabei aholkuak emango dizkie Ladis bezalako gizonekin ez ezkontzeko. Istorioaren erdialdean etxetik alde egingo du, baina amaieran…

Manoli eta Juanita: Ladis eta Enriketaren bi alaba bikiak. Moja eskolan burutu zituzten euren ikasketak eta urtero ikasle ohien afarira joango dira, baita goiz etxeratuko ere. Senargaiak bilatzeko aldizkari batera idatziko ondoren, bikoteak topatu eta ezkondu egingo dira… Orduan hasiko dira komeriak!

Koldobika Sagastizabalbeitia Pagazaurtundua Gabikagogeaskoa Atxalandabaso etab. eta Krispin (D)Irureta Frescobaldiri: ahizpa bikien senarrak, zein baino zein xelebreagoa. Gainera, Makrokutxa Kutxako bi “perla” kontsidera daitezke, matxistak eta diruzaleak, alegia.

Formaren ildotik, istorioan zehar autoreak hiztegi aberatsa darabil eta elkarrizketetan hitanoa erabiltzen du, pertsonaien artean dagoen konfiantza igorriz irakurleari. Ulerterraza dela esan daiteke. Kalamidadeen liburuak, aldiz, ez du kokapen zehatzik: ematen den datu kronologiko bakarra Gorkik Gerra Karlista bizi izan zuela da, baina ez da gehiagorik zehazten. Aipatzekoa da ere liburuaren hasieran sarreratxo bat egiten dela eta, ondoren, sarreratxo horretan parte hartu dutenen bizitza eta izaeran sakontzen dela, banan-banan deskribatuz eta euren artean erlazionatuz.

Estilo-baliabideei erreparatuz, ironia eta konparazioa azpimarratuko nituzke. Metafora anitz ere topa dezakegu. Orokorrean hitz eginda, ordea, ez dira ulermena zailduko duen estilo-baliabide ugari erabiliko. Badirudi autoreak liburua guztiz ulergarria izatea nahi izan duela. Irakurtzea gehiegi gustatzen ez zaigun gazteoi erakargarriagoa egiten zaigu horrela, zalantzarik gabe. Hona hemen liburuaren zati bat baliabide horien erabileraren froga gisa:

Baina nola zegoen Ladisen etxea Enriketak bertatik alde egin zuenetik? Huts egiteko beldur handirik gabe espero zitekeen bezala, desastre bat egina! Hautsa hemen, hautsa han; armiarmak nonahi, beren trapezioetan zabuka… eta giroan zegoen keru gaizto hura, etxeko leiho guztiek Frantziara joko balute bezala: Roquefortera edo Camembertera… Baita Frantzia hartako erregea zirudien sagu hura ere, armairu baten azpitik irten eta Rosa garrasi batean jarri zuena.

Eta benetan diotsuet lortu duela, nire kasuan, batik bat, erakartzea. Izan ere, ez naiz inoiz izan oso irakurzalea eta oso liburu gutxik lortu dute ni liluratzea. Nahiz eta liburu luzea izan, istorioa motza egiten da, oso interesgarria eta, aldi berean, dibertigarria. Alde batetik, kapitulu bakoitzaren hasieran laburpentxo bat egiten delako kontatuko denaren aurrerapen gisa eta horrek intriga handia sortzen duelako irakurlearengan. Kalamidadeen liburuak duen bereizgarrietariko bat dugu hau. Eta, bestetik, aipatzea ezinbestekoa iruditu zaidan narratzaileak irakurlearekin duen lotura zuzenarengatik. Emaile eta hartzailearen arteko konplizitate hori ondorengo adibidean ikus dezakegu:

“… irakurle batek baino gehiagok itaun lezake: nola bukatu ote zuen Koldobikak eta Krispinek?” edo “…ongi ari natzaizu, bai, irakurle: aita ez ezik, aitona ere bai! (…) Baina jadanik galderak egiten sumatzen zaitut liburua esku artean duzun gizon nahiz emakumezko hori…”

Dena den, kapitulu gutxi batzuk pisutsuegiak egin zaizkit. Gainerakoekin alderatuz, oso luzeak dira eta, gainera, liburua itxi ondoren, askorako balio izan ez zaizkidala ohartu naiz.

Ondorioz, balantze bat egin behar izango banu, ziur nago ezaugarri onek txarrei irabaziko lieketela, alde handiagatik gainera. Horregatik, zalantzarik gabe, gomendatuko nukeen liburua da Kalamidadeen liburua, gustura irakurtzen den horietakoa delako eta umore ukitu horrek berezia bihurtzen duelako.

Bibliografia

Comments { 0 }

Lurtarra da begiratua – XABIER ETXABE (II)

Aurretik aipatu dudan bezala (Lurtarra da begiratua I), nobela honetan pertsonaia dezentek du bere papertxoa. Horietatik guztietatik esanguratsuenak egin zaizkidanak aipatzea erabaki dut; Izan ere, guztiak aipatuz gero, artikulu amaigabea bihurtuko bailitzateke. Lastima, dena den, guztiei txoko bat egin ezina, pertsonaia guztiek baitute bere xarma. Edozein modutan, hauek dira nire arreta piztu duten horietako batzuk:

  • lurtarra da begiratuaJexux: Beote baserriko eskusoinu jotzailea da, gaztetan erromeriaz erromeria ibilitakoa hauspoa dantzatzen. Gaur egun, biloba Xabierrekin bizi da (beste protagonistetako bat, liburuaren autorea). Bere gaztaroko kontuak kontatzea ditu gogoko. Honen eskutik hainbat sekreturen jabe bilakatuko da irakurlea.
  • Xabier Etxabe: Liburu bat idazten saiatzen ari den gaztea da, eta horretarako bere aitona Jexuxen kontakizunez baliatuko da. Bere lagunen eta familiartekoen eskutik aitonak kontatutako gertaeren informazioa eskuratzen ahaleginduko da, bere nobela idazteko. Horretarako, pertsona ezberdinen laguntza beharko du; hala nola, lagun-min Xabierrena.
  • Ama: Jexuxen ama zen hau, emakume langile eta zintzoa bere esanetan. 1,45mko altuera era 100kg-tik gorako pisua zuen; hala ere, arintasunez mugitzeko oztoporik ez zuen izan bere azken arnasaldiak ailegatu bitartean. Nobelan azaltzen den apustuetako batean garaile suertatuko da. Bere heriotza istorioaren bukaerako puntu sendoa bilakatuko da.
  • Maria: Jexuxen arreba bakarra da, honekin batera gaur egun bizirik diraun senide bakarra. Familiaren tabernaren esku geratu zen ama hil ostean. Ondoren, Ondarroa hartu zuen bizileku eta bertara eramango du Xabier, nobelaren zati interesgarrienetako baten berri izateko.

Argi dago nobela gogoko izan dudala, baina pasarte guztien artean, Jexuxen aitak eta anaiak fusilatutako lau langile ehortzi behar izan zutenekoa izan da zirrara gehien sorrarazi didana:

“Aitaren ondoan ikusi zuten, ikaraz beterik, fusilez armatutako bi uniforme ukuilura sartzen. Ia hitzik esan gabe, Aita eta Juanito kanpora eraman zituzten.
Fusilen beldur egin zuten biek Txindurritarako bidea. Sasiz betetako parajea aukeratu zuten fusildunek, ezkutukoa eta inguruko baserrietatik isolatua, bere obra burutzeko. Lau langile zeuden lurrean etzanda. Laneko jantziekin zeuden artean, eta lanetik bertatik hara eraman izanaren traza hartu zien Aitak.Egun batzuk pasata jakin zuen Usurbil ingurukoak zirela denak, hango ferrokarrileko langileak. Goizeko txanda bukatu bezain pronto sartu zituzten automobilean eta Zubigainera eraman.”

Gerra hasteko denbora gutxi falta zen garaikoa da gertakizuna. Euskal Herrian tankera honetako hainbat hilketa burutu zen, eta Beote baserri inguruan ere honen testigu izan ziren. Pertsonetako bat heriotzaren mugan zegoela lurperatu behar izan zuten aita-semeek, soldaduen fusilen begirada atzetik kendu ezinean. Ondorengo pasarteak dioenez, hurrengo egunean lau pertsona horien familiekin kontaktuan jarri ziren baserrikoak, hauen gorpuak bertatik ateraz eta gura zuten lekuan ehortzeko aukera emanaz. Pasarte honek nire harridura piztu zuen, oso gertaera gogorra eta krudela argitara ematen baitzuen: mutil koxkor bat eta bere aita bizia eta heriotzaren arteko lehian zeuden pertsonak lurperatzen. Benetan sinesgaitza.

Orokorrean, oso gustuko izan dut liburua, nire aitona-amonen garaiko gertaeren berri izateko aukera aparta eman baitit nobelak. Egia da, bai, familia bakoitzaren gertakizunak ezberdinak direla, baina seguru nago liburuan aipatutako askok gure familien antzekotasun ñimiño bat baino gehiago izango dutela. Nork ez du, bada, behin baino gehiagotan bere aitonaren ahotik erromerien berri izan? Edota garaiko apustuen berri? Beraien etxea utzi eta Ameriketara bidaiatu behar izaneko garai latzei buruz entzun? Nire familiaren antza hartu diet nobelako protagonistei, aitona soinu-jotzailea bainuen; eta beste aitona, berriz, Jexuxen anaia Pioren antzera, Ameriketara bidaiatu behar izan zuena. Beraz, pertsonaia ezberdinak baina gertakizun “berberak” edo oso antzekoak azken finean. Bestalde, liburuak gogoetara bultzatu nau, gure nagusiak behin eta berriro kontatzen dituzten istorioak oso interesgarriak izan daitezkeela ondorioztatu dut; ezin ditugula, askotan egiten dugun antzera, zaharren kontuak bailiran erdeinatu, bertan baitago gure arbasoen bizitzako eta gure kulturan oinarri diren hainbat ezaugarriren jatorria. Inork jaramonik egin ezean, aitona zahar baten txoro kontuak izango dira; arreta pixka bat jarrita, ordea, Euskal Herriko historian atzera bidaiatzeko giltza ezin hobea. Beraz, norberak ikus dezala zer-nolako probetxua eman nahi dion. Xabier Etxabek erakutsi digu kontu horiei zukua ateratzen, eta horrela bilakatu dira bere aitonaren eta ingurukoen istorioak nobela eder. Laburbilduz, irakurtzeko nobela aparta baten aurrean zaudetela aurreratzen dizuet. Xabierrek egin duen antzera, ez galdu parada eta bidaia ezazue aitona-amonen mundu ahantzi hartara.

Autoreari buruz gehiago…

Egia esan, nahiko zaila izan da interneten Xabier Etxaberi buruzko bizitzaren nondik norakoak aurkitzea, hau baita berak idatzitako lehenengo nobela; hala ere, irratian egindako elkarrizketa baten helbidea eta bere liburuaren inguruko informazioa duen gune baten helbidea utziko dizkizuet:

Comments { 2 }

Lurtarra da begiratua – XABIER ETXABE

Atsedeneko txirrinak jo bezain pronto hartu nuen liburutegirako bidea, hiru ikaskide lagun nituela. Betiko moduan, ateko kisketa emanda zegoen; beraz, giltza bila joatea beste erremediorik ez genuen izan. Apalez apal ibili nintzen gustuko nuen liburu baten arrastoaren bila, eta balda guztiak hankaz gora jarri ondoren, hortxe ikusi nuen nire ikusmira piztu zuen argazkia. Hura ikusi orduko, nire aitona zenaren isla etorri zitzaidan burura, bera ere gazte- gaztetatik eskusoinu jotzailea izan baitzen. Ez nago ziur zergatik, baina liburu hori nire aitonaren gazteko bizipenenetara bidaia egiteko giltza zela igarri nuen; honetaz gain, garai hartako Euskal Herriko giroa ezagutzeko aukera aparta esku artean nuela antzeman nuen. Horiek horrela, bitan pentsatu gabe liburua etxera ekartzea erabaki nuen. Ni neu ere eskusoinu jotzailea izan naiz; nahiko kaxkarra, egia esan, baina al den neurrian aitonaren eskutik amak entzundako fandangoak eta arin-arinei jarraipentxoa ematen saiatu naiz. Ildo beretik, izenburuak nire harridura piztu zuela aipatu behar dut, bitxia egin baitzitzaidan “lurtarra da begiratua” hori.

lurtarra_da_begiratuaLiburua ireki eta autorearen bibliografia irakurtzeko parada izan nuen. Xabier Etxabe Zulaika euskal autorea, Zarautzen jaio zen orain dela 35 udaberri. Informatika ikasketak egin zituen (liburuan ere aipatzen du), eta gaur egun Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan irakasle da. Bestalde, Txaparro herri- aldizkarian hainbat artikulu eta elkarrizketen egile izan da; hala ere, hau da idazle zarauztarraren lehenengo liburua.

Lurtarra da begiratua liburuak Jexux Zulaikaren eta bere familiako kideen bizitzako hainbat pasarte kontatzen dizkigu, Jexuxen oroitzapenak gehienbat. Honekin batera, autoreak liburua idazteko pausoak eta liburuko istorioen nondik norakoak tartekatzen ditu bertan; beraz, bi garaien arteko nahasketan oinarrituta dagoen liburua dela esan genezake.Fikziorik gabeko nobela dela esan genezake, autorearen eta bere gertuko kideen bizitza kontatzen baitira liburu honetan. Nobelaren zati handi bat fikzio gabea dela argi ikusten da, errealitate hutsaren isla; hala nola, gerra garaiko kontuak, esperoan dauden maitaleen “ahalordezko ezkontzak“… Gertakizun hauek azaltzeko garaian, Etxabek bere aitonaren -aurretik aipatutako Jexux Zulaika- ahotik ateratako hitzak hartzen ditu oinarritzat. Hitz horiei guztiei erreparo eginez bere esku dagoen lan guztia egiten du aitonak kontatutako istorioen “informazio ofizialaren” berri izateko, nobelaren errealitateari sendotasuna emanez. Bi garai ezberdineko errealitateak aurkezten saiatzen da idazlea: aitonaren hitzaz baliatuz iraganeko gertakizunetara itzultzeko aukera eman digu autoreak, eta, aldi berean, Jexux eta Xabier beraren gaur egungo bizitzaren hainbat pasarteren berri izaten dugu.

Hitz gutxitan esanda, nobela honetan Xabier Etxabek bere aitonaren eskutik lortu dituen bizipenak kontatzen dizkigu. Bere aitona Jexux eskusoinu- jotzailea zen, familiako kide guztien artean amaren gogokoenetarikoa. Zortzi bat urte zituela, eskusoinua jotzen ikasi era handik gutxira inguruko erromeria guztien protagonista izatera ailegatu zen. Bizitza osoan soinua izan zuen lagun Jexuxek; bere azken urteetan ere, noski. Honek oso gustuko zituen bere gaztaroko kontuak ezagutzera ematea, eta beti kontatzeko prest izaten zuen kontuetako bat bere anaia Pio txirrindulariaren istorioa zen. Alegia, bera txikia zela, Beote baserriaren inguruan eginiko bizikleta apustuak azaltzea gustuko zuen eta nola ez, bada, bere anaiaren garaipenak. Kontua da denbora joan ahala, alde batera utzi behar izan zituela; izan ere, putzuaren beste alderako bidea hartu beharra izan baitzuen Piok, bere Felixa kuttuna Euskal Herrian utziz. Ahalordez ezkontzea besterik ez zitzaien geratu bi gazteei; bata Arantzazu zegoela, eta bestea, Venezuelan. Modu berean, bere amaren kontakizunak ditu altxor preziatutzat Jexuxek, bere bihotzeko ama maitearen kontuak. 1,45m eta ehun bat kilotik gorako emakumea zen ama, atetik ezin sartu ibiltzen zena. Langile fin eta apartatzat aurkezten zuen Xabierren aitonak ama; bere gorputza handia izanik ere, artzain arinaren aurka dantza apustua irabazteko gai izan zena.

Xabier EtxabeLiburuaren formari erreparatzen badiogu, pixkana- pixkana autoreak bere familiako eta inguruko kide guztiak aurkezten dituela ikusiko dugu, kontakizunaren ardatza Jexux izanik betiere. Pertsonaien deskribapenaz aparte, inguruko paisaien xarma eta garaiko gizarte egoera azaltzen saiatzen da Etxabe, gehienbat iraganeko kontakizunetan. Gerra garaiko Orio eta Zarautz arteko mendien paisaiak dira nagusi deskribapenetan. Hauek hitz gutxitan azaltzen ditu, bertako bidezidorrei, baserriei…erreferentzia eginez. Gaur egungo gertaeretara bueltatzen denean, ordea, Zarauzko kaleak aukeratzen ditu eszenatoki, bere etxea eta hainbat taberna aipatuz.

Bi garai ezberdinen arteko talka dela esan genezake; hala ere, bi hauek oso era originalean lotzea lortu du autoreak. Etxabe bera eta bere lagun Xabierren arteko solasaren bidez, alegia, zati handi batean behintzat. Etxabek bere kapitulua pentsatu eta idatzi ondoren, beraien webguneko pasahitza asmatzeko pista bidaltzen dio Xabierri, honek pasartea irakur dezan. Hauen arteko tirabirak direla medio, pasartearen informazio gehigarria eta hurrengo pasarteko pausoa hartzen du autoreak. Lotura mota honek liburua alde batera ezin uztera bultzatzen ninduen, uneoro zerbait berria txertatzera zihoala baitzirudien. Honek nire irakurtzeko irrika handiagotzen zuen. Hau horrela izanik, argi dago egun gutxitan irakurtzeko nobela dela.

Bestalde, lexikoari erreparatzen badiogu, sinplea eta ulerterraza dela argi ikusten da. Kontuan izanda nobelak beste garai batzuetara eramaten gaituela, idazkera mota hau askoz ere egokiagoa dela iruditzen zait, jende askori horrelako liburuak nahiko astunak egiten baitzaizkio; beraz,zenbat eta hizkuntza sinpleago erabili, arintasuna handiagoa izango da. Egia da bai, tarteka, euskalkian idatzitako hitzak erabiltzen dituela, baina hauen zailtasuna murritza da; beraz, ez dut uste irakurleak hizkuntza aldetik inongo oztoporik aurkituko duenik. Beharrezkoa da esatea istorioa protagonistaren ahotik moldatzen dela: bere pentsamenduak, iritzia… dena protagonistaren eskutik emana dator. Honek nobela are erakargarriago egiten duen kutsu errealista batez janzten duela iruditzen zait. (Jarraitu irakurtzen…)

Comments { 1 }
-->