Archive | literatura

RSS feed for this section

Golgota – XABIER MONTOIA

golgotaGerra zibilak arrasto handia utzi zuen. Gerra eta gerra ondorenak bizitza askorekin amaitu zuen. Hilotzak han geratu ziren, lubaki eta bide bazterretan; bizirik iraun zutenek, berriz, miseriaz beteriko existentziari aurre egin behar izan zioten. Garai hartantxe kokatzen da Golgota liburua. Aukeraketa egitean, egoerak behartuta moja sartzen zen emakume baten bizimodua aurkituko nuelakoan nengoen; oker nengoen, ordea.

1936ko abuztuko gau batean, Felisak aita eta ahizpa galduko ditu. Indarrez etxean sartzen zaizkien falangistek errotik banatuko dituzte euren bideak. Aita eta ahizpa zaharrena inguruko bide bazter batean fusilatuta lurperatuko dituzte; etxean geratzen diren ama eta bi ahizpen etorkizuna, baina, ez da gozoagoa izango. Amak bi alaba txikien ardura hartu beharko du. Horretarako, Iruñera joango dira bizitzera, jaiotetxea uzteak gau hura ahazten lagunduko dielakoan; alabaina, amak bizitze hutsa bere senarrarekiko traiziotzat joko du, justua senarraren ondoan hilik egotea ikusirik. Hori dela eta, bere atsekabe guztia alabengan zuzenduko du, azken horiekiko mespretxua agertuz.

Egia esan, bi alabek susmatzen zuten amak traidoretzat zituena. Baita bere burua ere. Senarra eta alabarik zaharrena zulo ilun batean harren bazka ziren bitartean, hirurek bizirik jarraitzea zen traiziorik ankerrena amarentzat. Hala iruditzen zitzaien bederen, haren ahotik irtendakoak adituta.

Felisak etxean sufritzeaz gain, eskolan ere sufrituko du; ikasketetarako oso argia den arren, Gorriaren alaba izate hutsagatik baztertu egingo baitute. Inguratzen duen giroa dela eta, behin aitak gaitzetsi zuen Jainkoarengan sinesten hasiko da, bere familiak eginiko bekatuak berak ordaindu behar dituela pentsatzean. Horrela, oso gaztetxoa dela, ahizpa eta amaren nahiaren kontra, Lezkairun moja sartuko da.

Ordurako Felisa hasia zen debekuaren benetako zioa susmatzen: Gorriaren alaba zen berriz ere, eskolan bezala. San Franziskon aurpegira esaten zioten eta Lezkairun ez, horra bi lekuen arteko aldea. Ezer gutxi.

Baina dena barkatzen duen Jainkoaren etxeak ere Gorriaren alaba bezala ikusiko du. Munduaren beste aldera bidaliko dute, han ere Gorriaren alaba izateko. Bidean jende andana ezagutuko du, baina oso gutxik tratatuko dute Felisa edo ahizpa Elena bezala.

Hasieran izandako fedearen sugarra itzaltzen joango da pixkanaka. Jainkoarekiko fedea bakarrik ez zaio agortuko, ordea, baita bere izatea eraikitzerako orduan hain garrantzitsu izan ziren haiekikoa ere.

Iraganik ez, dena presente. Horra oroimenaren lege zorrotza. Joan den mendeko gau hura eta gaurko hauxe, gau bera. Orduan hasitakoa hirurogeita hamar urtez luzatu da, sekula heldu ez eta sekula helduko ez zaion egunsentiaren zain. Etenik gabeko, ilargirik gabeko gau mardul, berunezkoa. Ia bizitza oso bat. Luzea, iluna, saihestezina. Amets gaiztoz betea.

xabier-montoiaXabier Montoiak emakume batek bere buruarekin duen borroka agertzen digu. Denbora guztian Felisaren barne pentsamenduaren gogoetak agertuko dizkigu, maiz min psikologikoa fisikoa baino gogorragoa dela erakutsiz. Pertsona bat benetan bakarrik aurkitzen denean bere burua nola zigortu dezakeen kontatzen digu. Izenburuak horixe adierazi nahi du: golgota edo kalbario.

Idazlearen izena aipatuta, ezin berari buruz ezer esan gabe geratu. 1955ean jaiotako musikari eta idazle Xabier Montoia Hertzainak taldearen sortzaileetako bat izan zen. Lehenengo albuma grabatu gabe zegoenean, taldea utzi zuen M-ak taldea sortzeko. Azkeneko honekin bost album grabatu eta gero, bakarlari gisa jarraitu du.

Hori guztia musikaren munduari dagokiona. Bere idazle alderdiari erreparatuz gero, lehen liburua 1983an idatzi zuen: Anfetamina poema bilduma. Geroztik, hiru poema liburu, zortzi nobela eta kronika sozial bat idatzi ditu. Horien artean dagoen Euskal Hiria Sutan liburuagatik 2007ko Euskadi Literatura Saria irabazirik.

Berriz ere harira joanez, dudarik gabe, benetan hunkitu nau istorioak. Egia da zenbaitetan aspergarri samarra egin zaidala irakurketa, bakarrik aurkitzen den moja baten gogoetak astunak izan baitaitezke. Askotan akzio gutxi eta gogoeta askotxo aurkitzen direnez, zenbaitetan errepikapenak emanez istorioak aurrera ez duela jarraitzen iruditu zait. Baina horrek guztiak garrantzia galtzen du amaieraren aurrean. Bukaeran, bizi oso bat igaro duen emakume helduaren gogoetak hunkigarriak, baina, era berean, tristeak dira. Benetan gogorra da bizitzan zehar borrokan emaniko indarrak alferrikako direla konturatzea. Zenbaitetan pentsatu ote dugu “eta atzera egiterik balego aukeratu ez dudan beste bide bat jarraitzeko?”

Gainera, liburuan aipatzen denez, Felisa benetako pertsonaia da. Horrek indar handia ematen dio liburuari. Bere jatorriari bizkarra ematen dionaren azalean jartzea zaila den arren, idazleak oso ondo azaldu eta justifikatzen du inguruneak bultzatu duela horretara. Horrela, protagonistaren lekuan jartzea lortzen da, hainbeste aipaturiko sufrimendua ulertuz.

Beraz, aurrez aipatutako guztiagatik, liburua pazientziaz irakurtzeko prest daudenei soilik aholkatzen diet. Horrekin ez nuke inor desanimatu nahi, baina liburua gozatzeko kontuan hartu beharreko puntua dela iruditzen zait.

Comments { 0 }

Ugerra eta Kedarra – SONIA GONZALEZ

sonia-gonzalezLiburutegian liburu bat aukeratzen nengoela, bat-batean Sonia Gonzalezen eleberri hau iritsi zen nire eskuetara. Egia esan, liburuaren izenburua irakurri nuenean, ez neukan ideia zipitzik ere zeri buruzkoa izan zitekeen, baina argi gelditu zitzaidan atzealdeko argumentua irakurri ostean. Azkenean, nobela hartzea erabaki nuen; izan ere, idazle gazte batek drogen inguruan dabiltzan gazte batzuen bizitza nola deskriba zezakeen jakin nahi nuen.

Sonia Gonzalez idazlea 1977an jaio zen Barakaldon. Txiki-txikitatik ipuinak idaztea zuen gustuko, eta bai berak eta bai bere gurasoek argi zuten nagusitan idazlea izango zela. Deustuko unibertsitatean Euskal Filologia ikasi eta, ikasketak amaitu ondoren, bertako irakasle izan zen pare bat urtez. Gaur egun, Sonia idazlea izateaz gain, LAB sindikatuan parte hartzen du. “Sagarroiak” poema liburuarekin Euskaltzaindiaren Felipe Arresebeitia saria irabazi zuen eta horrela eman zen ezagutzera. 1999-2000 urteetan idazle euskaldunak bere lehen eleberria idatzi zuen: “Ugerra eta kedarra” izenekoa. Txalaparta argitaletxearen deia jaso ondoren, Soniak bere nobela errepasatzeari ekin zion. Urte osoa pasatu zuen horretan, eta azkenean aipatutako argitaletxeak bere liburua argitaratu zuen 2003an. Urte batzuk geroago, 2005ean, idazleak “Poema amniotikoak (Gerizpeko guda)” izeneko poema bilduma argitaratu zuen. Ez ditu lan gehiago argitaratu, baina kontuan hartu behar da oraindik idazle gaztea dela.

Eleberriaren izenburuak hasiera batean ez digu ezer iradokitzen. Irakurri ostean, izenburua metafora bat dela konturatzen gara, hau da, liburuan Bilbo uger eta kedarrez osaturik dagoela esaten denean, Bilboren alderdi ilunaz ari da: alkohola, drogak, heriotza, sexua, gaueko martxa, delinkuentzia… Beraz, nobelak 80 eta 90eko hamarkadetako Bilboko gau-giro ilunaz dihardu. Hala ere, gaur egungo istorio bezala ere konta zezakeen Soniak; izan ere, nahiz eta azken hamarkadetan hiri hau dezente aldatu den, gaueko giro ilun hori oraindik ez da desagertu. Gaia eta lekuak liburua errealista izatea ahalbidetzen dute, nahiz eta gauza batzuk fikziozkoak iruditu zaizkidan. Deskribapen gutxi, objektibo eta motzak ematen dira pertsonaien arteko elkarrizketek eta narrazioek pisurik handiena hartzen duten liburu honetan. Bestalde, pertsonaien barne bakarrizketak ere agertzen dira, nahiz eta oso gutxitan ematen diren.

Liburuaren hari orokorra hauxe da: Kat eta Ebe drogen munduan dabiltzan bi neskato dira. Bizimodu mota hau gogoko dute eta ez dute aldatu nahi. Bizitzan, ganorazko inor ez dutela ezagutuko uste dute. Hari orokor horren azpian, eleberriak drama moduko bat dauka: Kat eta Eñauten arteko maitasun istorioa.

Aurrez aipatutako 2 neskak dira protagonista nagusiak, nahiz eta Katen figurak garrantzi handiagoa duen. Sonia Gonzalezek Eñaut bigarren mailako pertsonaia bezala aurkezten du eta, gainera, eleberrian garrantzirik ez duela esan du. Nire ustez, autorea oker dago horretan eta mutila pertsonaia nagusia da; izan ere, bere agerpenari esker Kat hobeto ezagutzen dugu. Eleberri honetako protagonistak biribilak dira; denbora aurrera pasatu ahala, hobeto ezagutzen dute euren burua. Hemen dituzue pertsonaia garrantzitsuenen deskribapena:

  • Kat emakume gogorra da eta egoerak bere kontrolpean izatea gustuko du. Txikitan oso lagun gutxi zituen eta zituenak ez zituen gustuko. Nahiko bakartia zen, baina egun batean Ebe ezagutzen du eta berehala bihurtzen dira lagun-min. Ebe da munduan duen familia bakarra, eta bere laguna babesteko edozer egiteko prest dago. Egun batean, Eñaut ezagutzen du eta, konturatu gabe, hartaz maitemintzen da. Katek, izaera hotz eta gogor horren azpian sentimenduak ere badituela erakutsiko digu.
  • Ebe da istorioko pertsonaiarik samurrena. Oso pertsona sentibera eta negatiboa da. Askotan pentsatzen du bera mundu honetan egongo ez balitz Katek bizi erosoagoa izango lukeela.
  • Eñauten ezaugarri nagusia koldartasuna da. Beti zalantzez betea dabil eta honek ez dio asko laguntzen bere bizitzan, mutilak ez du itxaropena inoiz galtzen. Hala ere, behin pertsona batekin konfiantza hartzen duenean, erraz adierazten ditu bere sentimenduak. Lagunekin ateratzea oso gustuko du.

Sonia Gonzalezek erabiltzen duen lexikoa nahiko aberatsa da; izan ere, erabiltzen dituen zenbait hitz eta espresio ez ditugu normalean gure bizitzan erabiltzen. Bestalde, autoreak bizkaiera eta lagunarteko hizkuntza erabiltzen ditu elkarrizketa batzuetan, eta honek liburua errazago eta biziago irakurtzea ahalbidetzen du. Gainera, nobelari errealismo gehiago emateko ere balio du.

Izenburua: Ugerra eta Kedarra
Idazlea: Sonia Gonzalez
Argitaletxea: Txalaparta
Bilduma: Amaiur
Urtea: 2003
Generoa: Eleberria

Narratzaileari dagokionez, pertsona guztietako narratzaileak erabiltzen ditu. 1.pertsona erabiltzen duenean, protagonistetako bat da narratzailea eta normalean bere sentimenduak edo pentsamenduak islatzen dira kapitulu horretan. 2. pertsona protagonistetako bati erreferentzia egiteko erabiltzen du; 3.pertsona, berriz, narrazio arruntak kontatzeko. Funtzioei buruz esan daiteke, 1.pertsona pertsonaiekiko gertutasuna transmititzeko erabiltzen duela eta, aldiz, 2. eta 3.pertsona urruntasuna adierazteko. Autoreak erabiltzen dituen narratzaile guztiak orojakileak dira.

Narrazioa ez dago linealki kontatua; izan ere, jauzi ugari ematen dira iraganera. Jauzi hauek beharrezkoak dira iraganean gertatutako pasarte horiek protagonisten bizitzetan erabakigarriak izan direlako. Liburua kapituluetan banatzen da. Kronologikoki kontatzen ez direnez gertaerak, kapitulu baten amaieraren jarraipena ez du zertan izan hurrengo kapitulua. Historia hasten den bezala bukatzen da. Pasarte honen errepikapenarekin autoreak garrantzia eman nahi dio gertakari honi. Bestalde, autoreak elipsia eta laburpena erabiltzen ditu batera. Elipsia, ekintza guztiak ez aipatzeko erabiltzen du; eta laburpena, aldiz, aipatutakoak laburtzeko.

Liburua gustatu egin zaidala aitortu behar dut, nahiz eta gauza batzuk fikziozkoak iruditu zaizkidan. Autoreak erabiltzen dituen gaiak (suizidioa, drogak, alkohola, heriotza…) oso modan daude gaur egun. Gainera, hasieratik interesgarria iruditu zitzaidan gazte batek nolako ikusmoldea ager zezakeen ugerra-eta-kedarramundu horretan dauden pertsonei buruz. Liburutik gehien gustatu zaidana pertsonaien barne pentsamenduak izan dira. Hauen arteko elkarrizketak ere ederrak dira; izan ere, hizketaldiak nahiko originalak iruditu zaizkit. Gainera, autoreak asmatu egin du kaleko hizkera eta bizkaiera erabiltzean. Hala ere, esan behar dut, ni goierritarra izanda, makina bat arazo izan ditudala hitz batzuk ulertzeko; dena den, hiztegi baten laguntzaz erraz asko ulertu ditut eta nire hizkuntza aberasteko balio izan du. Liburutik azpimarragarriena autoreak pertsonaiei eman dien alderdi humanoa izan da; izan ere, autoreak esan nahi izan digu pertsona hauek gu bezalakoak direla: pentsamenduak, kezkak…dituztela.

Istorioa gustatu zaidan arren, gauza dezente ez zaizkit batere laket. Alde batetik, denboran atzera pila bat aldiz egiten da, eta honek, irakurlea adi-adi irakurtzera behartzen du, irakurtzen ari den pasarte hori zein garaitakoa den jakiteko. Hainbeste denbora-jauzi daudenez, normalena galtzea da. Hori gutxi balitz, irakurlea nahastea ere eragiten du. Ondorioz, ez zait iruditzen liburuan erabili den ordena egokia denik. Liburua hobeto ulertzeko, autoreak istorioa beste modu batera antola zezakeela uste dut. Hala ere, autorearen defentsan esan daiteke, hurrenkera hau erabilita, liburuari izugarrizko intriga eta suspensea eman diola; bestetik, narratzaile gehiegi erabiltzen ditu nire gusturako. Gainera, etengabe ari da narratzaileez aldatzen eta honek irakurlea oraindik gehiago nahastea eragiten du. Lehenengo pertsonako narratzaile erabilita, egia da gertutasuna ematen diela pertsonaiei, baina irakurleoi sekulako arazoa ematen digu; izan ere, kapitulu bat hasten denean, ez dakigu zein pertsona den hitz egiten ari dena.

Biografia sarean:

Comments { 1 }

Kilkerren hotsak – EDORTA JIMENEZ

Edorta Jimenez 1953ko azaroaren 8an jaio zen Mundakan. Magisteritza ikasi eta idazteaz gain, hainbat dokumental egin ditu telebistarako. Halaber, Egin, Gara, Egunkaria, Berria eta EITBn Ibili da kolaboratzaile Edorta Jimenezgisa. Eta horretaz gain, telebistan gidoilari lanetan jardun du, besteak beste, ondorengoetan: Hau komeria, Goenkale, Beti eskamak kentzen…

Idazteko garaian, hiru estilo jorratu ditu gehienbat: poesia, eleberria eta narratiba, estilo bakoitzeko hainbat obra idatziz. Aipatu beharra dago poesian Omar Nabarro izenez ezagut dezakegula; izan ere, bere hainbat poema izen horrekin sinatu ditu. Bere lan guztiak euskaraz idatzi ditu, baina horietako batzuk erdarara itzuliak izan dira. Duela gutxi, gainera, Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez Alemaniara joan dira Arantxaren Koaderno gorria eta Edortaren Kilkerren hotsak liburuak aurkeztera, alemanera itzuliak izan direlako. Bere azken obra Ispiluaren kalteak izan da. Liburu asko argitaratu ditu, baina oraindik bide luzea gelditzen zaio Edortari.

Esan bezala obra ugari idatzi arren, ni Kilkerren hotsak eleberriaz arituko naiz. Historiaren hasieran bi pertsonaia azaltzen dira: Bisitaria eta Uriarte. Hauek kontakizun osoan zehar agertuko dira. Lehenengo momentutik badakigu Gerra Zibila izango dela gai nagusiena, bi pertsonaia hauen bitartez murgiltzen gara egoera horretan. Uriarte gobernuko espioi da eta misio bat bete beharko du; hori betetzea izango da bere zereginik nagusiena. Bisitariak asko lagunduko dio. Halere, horren truke, gauza asko jakin nahiko ditu gudaz eta galdera asko egingo ditu. Horrela, gertakizunak eta datuak Bisitariari azaltzen dizkion heinean, irakurleak datu horiek guztiak jasotzen ditu. Beraz, idatzi osoan zehar Gerra Zibilaren datu ugari emango ditu, horietako gehienak benetakoak:

Baina gerraren legeetan legerik gogorrena zein da-eta nolabait desagertua dela jakitea da, desagertu hitz horrek zer esan nahi duen jakin gabe. Hilik? Preso? Ihes egina? Denborak argituko zuen hori ere.

Tokiei erreparatuz gero, Billano herria da istorioan azalduko dena; izan ere, Uriarte bertako bunker batean ezkutatuko da gerra pixka bat lasaitu arte. Plentziako kasinoa ere pare bat aldiz aipatuko da, bertan elkartuko delako Uriarte kazetari eta argazkilari batzuekin, trago batzuk hartuz, gudaz hitz egiteko. Baina Bilbo izango da tokirik garrantzitsuena eta bertan gertatuko da akzio gehiena. Gainera, benetan existitzen diren tokiak aipatuko ditu: Iturribide kalea, El Arenal, Bilboko kafea…

Kilkerren hotsakPertsonaiei begira, nagusiez gain, pertsonaia ez hain garrantzitsuek ere parte hartuko dute liburuan. Izan ere, kazetari eta argazkilari asko agertuko dira eta hauek izango dira gerraren frogak nolabait dituztenak, beraien kamerekin edo begiekin ikusi izango dutelako gudak sortutako hondamendia. Lehengo harira, pertsonaia nagusiena Uriarte dugu, eta istorio osoak bere inguruan biratuko du. Lehenik, Alejandro Mallota alkatearen fusilamendua aztertuko du. Bigarrenik, misioa burutzeko, uneoro jendearekin hitz egingo du informazioa, datuak… lortu nahian. Bukatzeko, amodiozko istorio bat bizi izango du. Amodiozko istorio horretan, Elena agertuko zaigu. Ez da ohiko amodiozko istorioa izango; izan ere, Uriartek hasieran ez du jakingo Elena emakume ezkondua dela, senarra gerran dagoen bitartean Uriarterekin egoteaz baliatzen dena. Sinbadek ere zeresan handia izango du eleberrian, berak esango baitizkio misioaren nondik norakoak. Misio hori barku batean ahal dituen faxista gehienak sartzea izango da, faxista gutxiago egoteko euren inguruan. Bestalde, Bisitaria, lehen esan bezala, eleberri osoan zehar azalduko da eta asko lagunduko dio Uriarteri, aurkikuntzaren bat ere egingo duela.

Arestian aipatutako pertsonaiak izango dira garrantzitsuenak. Halere, hain garrantzitsuak izango ez diren beste hainbat aurkituko dugu: Lauaxeta, Noel Monks, George Steerren, Bruno Mendiguren, Jay Allen, Robert Capa… Azken hau oso ezaguna da hainbat argazki oso famatu egin izanagatik. Ez dugu George Steerren ahaztu behar, berak idatzi baituzen El arbol de Gernika. Narrazio guztiak benetako pasarte asko ditu, eta pertsonaiak ez dira gutxiago izango; izan ere, hiru pertsonaia izan ezik -Uriarte, Bisitaria eta Elena-, beste guztiak errealak baitira.

Kapituluen antolaketari dagokionez, batetik bestera lotura garbia mantentzen dela esan daiteke. Kapitulu batean kontakizun batekin hasten bada, hurrengoan lotura mantentzen da, nahiz eta batzuetan ez izan jarraipena. Beste hainbat kasutan, gudako data bat jarriz, gertaeraren bat gogoratzen hasten da eta pixkanaka berriro ere kontakizunarekin jarraitzen du. Datak jartzen dituenean, askotan iraganera eramaten gaitu; hortaz, esan dezakegu argumentua ez dela guztiz lineala.

Narratzailea barruan dago eta nobela osoan zehar berak egiten ditu kontakizun guztiak; horrela, istorioarekiko hurbiltasuna sumatzen dugu. Pena bat da bakarrizketaren bat ez egotea, horrek pertsonaia hobeto ezagutzera eramango gintuelako.

Gehiena narrazio bada ere, elkarrizketak ere garrantzia hartuko du; izan ere, elkarrizketa moduan datozen pasarteei esker datu asko lortuko baitugu. Pena da toki nahiz pertsonen deskribapenik ez egotea. Hauen falta sentitu dut; agertu agertzen dira, baina gehienbat gertaeraren bat azaltzeko:

Bitartean bonbetako batzuk gertu-gertuan ajusten zirela igarri nuen. Geltokirako bidean kalteetako batzuk ikusi genituen. Iturbide kaleko gordeleku bat , auzotar batek etxekoentzat egina zena, airean joana zen. Zaurituen alargunak ala hildakoen gorpu zatiak, ez dakit zer egin zitzaidan mingarriago…

Amaitzeko, esan beharra dago kontakizun historikoak gogoko dituztenentzat oso aproposa dela liburu hau. Nire ustez, horrelako istorioak oso egokiak dira pasatako garai bateko bizitza, pentsamenduak, gertaerak, jendea… ezagutzeko. Gainera, jakinda istorioa egiteko dokumenturen bat eta hainbat pertsonaia errealak direla, garai haietan murgiltzea errazago egiten zaigu. Dena den, kontakizunak badu ezaugarriren bat edo beste batere gustatu ez zaidana: gertakari batez hitz egiten hasten da, eta denbora luze batean eten egiten du kontaketa hori beste batekin jarraitzeko. Hori, esan bezala, ez zait batere gustatu. Bestalde, askotan data eta informazio gehiegi sartu izan dituenez, batzuetan eleberria pisutsuegia egin zait. Beraz, lehen esan bezala, gai historikoak gustukoak badituzue, liburu hau aproposa izango da zuentzat.

Aurreko guztia osatze aldera, hemen duzue autoreari Kilkerren hotsei buruz egindako galdeketa eta liburuaren kritikaren bat.

Comments { 0 }
-->