Archive | orokorra

RSS feed for this section

Nork esan du krisia?

Bill Gates2009. urtea aldaketa handiko urtea izaten ari dela esan dezakegu; baina, aldaketengatik baino, urte hau ezagunagoa izango da jasaten ari garen krisia dela eta. Krisiak gehienetan erdi mailako langile eta familiek jasaten dituzte. Gauzak horrela, dirudunek antzeman al dute krisia euren kontu korronteetan? Eta horrela izan bada, milioi batzuk gehiago edo gutxiago edukitzeak buruhauste handiak eman al die? Ez dut uste… Edo, agian, bai?

Duela gutxi, Forbes aldizkariak munduko aberatsen zerrenda argitaratu zuen. Iaz, lehen postua Warren Buffetek lortu bazuen ere, aurten Bill Gates izan da nagusitu dena. 2009ko munduko gizonik dirudunena Microsoft enpresaren sortzailea dugu, mundu mailan oso ezaguna. Bestalde, deigarria da bertan azaltzen diren gehienak gizonak izatea, 3 emakume baino ez dira azaltzen sailkapenaren lehen 25 postuetan: Lilliane Bettencourt frantsesa, eta Estatu Batuetako Alice eta Christy Walton.

Komeni da esatea hauetako gehienak zerikusi handia dutela petrolioaren negozioarekin, enpresa handi eta garrantzitsuekin… Aipatu beharra dago, halaber, zerrenda honetan estatubatuarrak direla nagusi: hamaika gizon. Jarraian zerrenda daukazue:


Izena Herritartasuna Dirutza
(mila milioi dolarretan)
1 William Gates III AEB 40
2 Warren Buffett AEB 37
3 Carlos Slim Helu Mexiko 35
4 Lawrence Ellison AEB 22.5
5 Ingvar Kamprad Suedia 22
6 Karl Albrecht Alemania 21.5
7 Mukesh Ambani India 19.5
8 Lakshmi Mittal India 19.3
9 Theo Albrecht Alemania 18.8
10 Amancio Ortega Espainia 18.3
11 Jim Walton AEB 17.8
12 Alice Walton AEB 17.6
12 Christy Walton AEB 17.6
12 S Robson Walton AEB 17.6
15 Bernard Arnault Frantzia 16.5
16 Li Ka-shing Hong Kong 16.2
17 Michael Bloomberg AEB 16
18 Stefan Persson Suedia 14.5
19 Charles Koch AEB 14
19 David Koch AEB 14
21 Liliane Bettencourt Frantzia 13.4
22 Príncipe Bin Talal Saudi Arabia 13.3
23 Michael Otto Alemania 13.2
24 David Thomson Kanada 13
25 Michael Dell AEB 12.3

Amancio Ortega

Rankingean espainiar bakarra daukagu, Amancio Ortega delako enpresaria. Inditex enpresaren buru da, eta Zara denden sortzailea. 18,3 mila milioi dolarreko sarrerekin, Europa mailan laugarrena da aberatsen zerrendan; mundu mailan, berriz, hamargarrena. Amancio bera bezala, zerrendako hainbat izan dira gabeziatik irten eta aberats bihurtu direnak. Gehienak, hasiera batean, beraien denda txikietan edota bestelako negozio xumeetan hasitakoak dira, baina pixkanaka goraka joandakoak izan dira, mundu mailan itzal handiko pertsonak bihurtuz.

Krisi garai hauetan konturatzen gara benetan nola dagoen mundua zatituta: orain arte bizirauteko dirua zeukaten asko eta asko diru murrizketa handiak izan dituzte edo beraien lanpostutik bota dituzte. Beste aldean, benetan aberatsak direnak dauzkagu. Egia da euren diru kopurua murrizten joan dela krisia dela eta; baina hainbestekoa da duten dirutza, non ia ez diren konturatzen murrizketa horretaz. Datu interesgarri batek atentzioa eman dit: iaz, mundu osoan 1.125 pertsona zeuden mila milioi dolarretik gorako ondasuna zutenak; zifra horrek, ordea, izugarri egin du behera 2009. urtean. Gaur egun, 793 pertsona daude mila milioi dolarretik gora irabazten dutenak, hau da, 332 pertsona gutxiago.

diruaHauetariko dirudun gehienak milioi askoko murrizketa izan dute euren kontuetan; hala eta guztiz ere, sekulako dirutza irabazten jarraitzen dute. Adibide gisa, Bill Gates enpresariak gaur egun 40 mila milioi dolar inguru ditu, 2008an baino 18 mila milioi gutxiago. Beste batzuek ere sekulako aldaketa jasan dute euren libretetan. Zerrendako bigarrenak, Warren Buffetek, esaterako, egun 37 mila milioi ditu, 2008an baino 25 mila milioi gutxiago… Niri, diru zifra hauek ikusita, sekulako hotzikara sartzen zait gorputzean. Nola da posible batzuek hainbeste edukitzea, eta beste batzuek ozta-ozta bizirauteko baino ez? Nahiz eta hauek beraien diru kopurua murriztuta ikusi, ez dut uste asko eragingo dienik milioi batzuk gehiago edo gutxiago edukitzeak, berdin-berdin jarraituko dute bizitzen.

Dirudienez, krisiak urte batzuk gehiago iraungo du. Inork ez daki zer gertatuko den; dena den, argi daukadana da dirudun hauek guztiek, urteak joan urteak etorri, dirua galtzen jarraitzen badute, askok eta askok oso gaizki pasatu behar dutela. Nire aldetik, pixka bat aurrez dezaten aholkatuko nieke. Nork daki, agian, egunen batean, paperak aldatu eta hauek dirudunak izateari utzi eta besteok hartzen dugu euren tokia. Nork daki…

Comments { 0 }

Laguntza musu truk!

Sutea AustralianJakina denez, duela hilabete bat gutxi gorabehera Australia hegoaldeak sute ikaragarria jasan zuen. Aipatutakoak izugarrizko tragedia eragin zuen. Alde batetik, lurraldea erabat kaltetuta geratu delako; eta, bestetik, biztanle ugarik galdu duelako bizia, berrehun bat inguruk. Horrez gain, beste biztanle asko larri zaurituta daude eta etxe ugari erreta. Biztanleek, suteaz ohartzean, suhiltzaileen beharra suma zuten. H auek gauak eta egunak eman zituzten suaren aurka; izan ere, haren indarra izugarria zenez, zailtasun ugari izan zituzten itzaltzeko. Honekin jarraituz, diotenez, suak herri batzuk zeharo sakailatu zituen, suak aurrean zuen guztia erre baitzuen. Horren ondorioz, hegoaldeko ia lurralde guztiak suntsituta geratu ziren. Biztanleak erabat atsekabetuta daude gertatutakoagatik; lehen aipatu dudanez, zauritu larri eta hildakoak egotez gain, askok euren etxea ere galdu eta orain noraezean baitaude.

Hau guztia dela eta, Australiako gobernuak makrokontzertu bat antolatzea erabaki zuen. Bertan, australiar talde eta abeslariez gain, nazioarteko talde ezagunek ere parte hartu zuten. Makrokontzertua pasa den ostiralean, martxoaren 14an, ospatu zen. Giroa alaitzeaz arduratu ziren horien artean egon zen Kylie Minogue abeslari australiarra, erabateko konplizitatea erakutsiz bere herritarrekin. Australiako izarraz gain, Coldplay talde ingelesaren aktuazioaz, besteak beste, gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Kontzertuaren helburua, lehen aipatu dugun legez, ezer gabe geratu diren australiarrentzat diru-laguntza lortzea zen. Komunikabideetan entzun eta irakurri dudanez, sekulako arrakasta izan zuen kontzertuak. Gauzak horrela, ikaragarrizko erantzuna izan zuen jendearen aldetik, eta , antza denez, herrialdean eman den kontzerturik jendetsuenetarikoa izan da.

makrokontzertuaEzin ukatu laguntza eta kidetasun handia ekarri duela musika-saioak australiarrentzat. Nolanahi ere, lurralde askok jasaten dituzte mota ezberdinetako tragediak, alegia, gosete, izurrite eta hondamendi naturalak; ia egunero mota honetako albisteren bat jasotzen dugu, egia esateko, baina garbi dago gertakizun askoren aurrean ez direla honelako jarduerak martxan jartzen. Esan daiteke australiar gobernuak aurrera eramatea erabaki duen ekintza mota antolatzerakoan, eragina izaten duela herrialdearen ahalmen ekonomikoak eta baita nazioartean duen irudi edota ospeak ere. Nire uste apalean, hondamendien aurrean tratu berbera jaso beharko lukete herrialdeek; holakorik gertatuz gero, samin bera jasaten baita herrialde batean zein bestean; izan ere, herritarren mina berbera da bai Australian, bai Kenian, bai edonon.

Azkenik, esan beharra daukat dirua biltzeko kontzertuaren ideia paregabea iruditzen zaidala, era horretan abeslari eta artisten konpromisoa ikusten baita (betiere, modu desinteresatu batean emana badator, hau da, dohainik eta borondate hutsez.). Hori dela eta, honelako ekintzen kopurua areagotzea seinale positiboa dela iruditzen zait, pertsona guztien inplikazioa eta konpromisoa agerian geratzeaz gain, garai ez hain atseginetan denek bat egitea lortzen baita.

Comments { 1 }

Txanpon bat eskuratzeko bitarteko ustelak

jadeEdozer egiteko gai izango al zinateke zure seme-alabengatik? Zure bizitzako azken uneak telebistan agertzea onartuko al zenuke bertan irabazitako diru tristearekin zure seme-alabei etorkizuna ziurtatzearren? Hori da, hain zuzen, Jade Goody, Gran Hermanoko parte-hartzaile ohiak, egin duena. Seme-alaben etorkizuna bermatzeko era egokiena al da?

Bollywoodeko izarra den Shilpa Shettyri eginiko komentario arrazistek, besteak beste, egin zuten ospetsu Jade Goody britainiar gaztea Ingalaterrako Big Brother telebista-saio famatuan. 50.000 kexa baino gehiago jaso ziren bere komentario desegoki horiek zirela medio eta bere babesle guztiek bizkarra eman zioten, merkatuan zituen autobiografia eta perfumea merkatutik kenduz. Horretaz gain, saio honen aurreko edizio batean parte hartu zuen eta bertan mozkortu eta biluztu ere egin zen, agerraldi deitoragarriak sortaraziz. Hala eta guztiz ere, britainiarrak barkamena eskatu zion izar indiarrari bere esanengatik, baina hori ez zen nahikoa izan bere ospe beltza deuseztatzeko. Hirugarren aldiz Gran Hermanoko lehiaketan parte hartu zuen 2008. urtean, Indiako edizioan, hain zuzen ere. Bertan, bi egun bakarrik igaro ondoren, minbizia zuela esan zioten eta, ondorioz, lehia alde batera utzi beharrean aurkitu zen 27 urteko gaztea.

Etxera itzuli ondoren, berriro ere eztabaidaren zilborrean bistaratu da Jade Goody. Bere gaixotasunaren aurrerapausoak eta bere bizitzaren azken momentuak telebistan aurkeztea aukeratu du britainiarrak. Zertarako? Bere bi semeen etorkizuna ziurtaturik uzteko, alegia. Etorkizun oparoa utzi nahi die bere bi gaztetxoei, besteak beste, ikasteko aukera izan dezaten, berak izan ez zuen bezala.

Goody berriki ezkondu da

Baina, zilegi al da zure bizitzaren azken uneak telebistan erakustea dirua irabazteko? Non dago morboaren muga? Eta moralarena? Miseriatik irten zen komunikabide guztietan agertuz eta beste hainbat jarduera aurrera emanez, lehen esan bezala, liburu bat -bere autobiografia-, eta lurrin marka bat plazaratuz hain zuzen ere. Bere patrikak, dirudienez ez oso zabalak, gozo-gozo bete zituen bere kultura eza eta edukazio urriari esker. Ez al zen hori guztia nahikoa?

Living TV da, prezeski, ingeles gaztearen egun gogorrak emititzen dituen kanala. Bidezkoa ote da irudi horiek telebistan agertzen uztea? Hauek ere ez ote dakite non dagoen morboa eta moralaren arteko muga?

Jade Goodyren azken egunak dira. Ez dago atzera bueltarik, ezta irtenbiderik ere. Berak nahi izan duen bezala, dirudienez, 4 eta 5 urteko bere bi semeek etorkizun oparoa izango dute diruari eta ikasketei dagokienez. Hala ere, dirua irabazteko moduak eta moduak daude, eta telebistaren metodoa, nire aburuz, guztiz zikina eta laidogarria da zalantza izpirik gabe. Ezer garrantzitsurik egin gabe eta azken urte hauetan sakelak diruz bete ondoren, bere azkeneko egunak iritsi dira. dena den, ez dira berarekin joango gaur egun arte, eta gaurtik aurrera, izango diren gai honi buruzko eztabaidak.

Comments { 5 }
-->