Archive | orokorra

RSS feed for this section

Zergatik ez daude bakarrizketak euskaraz telebistan?

FlickrCC, by Toni VillaróAzkenaldian, telebistako programazioan gero eta ugariagoak dira txiste eta umore bakarrizketak uztartzen dituzten saioak; eta ez hori bakarrik, arrakasta aparta edukitzen ari dira. Famatuenak laSextako “El club de la comedia” eta gehiago ematen ez duten Antena 3ko “El club del chiste”. Orduan, nire galdera da: hauen harrera ona ikusita eta hau egiteko espezialistak baditugula jakinda, zergatik ez da euskarazko kanal batean horrelakorik egiten?

Ez naiz bakarra proposamen hau egiten duena. Berriako elkarrizketa honetan ikus daitekeen bezala, Barry Manley umoregile irlandarrak zera esaten dio elkarrizketatzaileari, txunditurik: “Niretzat harrigarria da hemen bertsolaritza egotea, baina bakarrizketarik ez”. Eta une batez pentsatzen jarrita, konturatzen zara bertsolaritzak lotura handia duela bakarrizketekin; izan ere, azken bertso txapelketetan jorratzen ari diren gai ohikoenak umorearekin lotura handia baitute; eta ez hori bakarrik, milaka ikusle joaten dira espektakulu honetaz gozatzera.

Ekitaldi desberdinak ere antolatu izan dira azken urteotan; esate baterako, Donostian izandako Kilometroak-ek bakarrizketak euskaraz ikusteko aukera eman zuten Noticias de Gipuzkoa aldizkariko artikulu honetan adierazten den bezala eta, urte honetan bertan, Villabonako II. Euskarazko bakarrizketa lehiaketa ospatu zen (informazio gehiago hemen). Baina ez da nahikoa jendearen gogoa kontuan hartzen bada; izan ere, borondate hori aintzat hartuko balitz, udalerri gehienetan egon behar bailitzateke ekitaldiren bat.

Comments { 3 }

Metablogintza

Zertaz idatziko dut? Horixe da burura etortzen zaigun lehen galdera artikulu bat egiterako garaian. Mundu mailan milioika gauza gertatzen ari diren arren, ezin dugu aurkitu gustuko gai bat. Baina badira lan hau erraztuko diguten hainbat erreminta interneten.

Nik gehien erabiltzen dudan tresna, eta pertsonalki erabilgarriena iruditzen zaidana, Google Reader da. Honen erabilpena oso erraza da, hala ere beraien YouTubeko kanalean aurki dezakezue tresna honen oinarrizko erabilerarako laguntza batzuk. Zer-nolako laguntza eskain dezake Readerrek, baina? Esaterako, botanikaren mundua zure pasioetako bat bada, lanabes honek interneten botanikaz hitz egiten den orrialde batzuk gomendatuko dizkizu. Honek gaia pentsatzearen atala erraz dezake. Horrela, botanika oso interesgarria iruditzen zaizunez, Google Readerrera iristen zaizkizun botanikari buruzko sarrerez hitz egiteko gai izan beharko zenuke.

Behin gaia aukeratu duzula, beste urrats handi bat dago. Artikulu mota. Nolako artikulua egingo dut? Kritika egingo al diot gai bati ala informazioa besterik ez dut emango? Web orrialde honetan 15 aukera ematen dituzte. Horietako batzuk dagoeneko euskaljakintzanjorratzen ditugu (liburu bati kritika eta elkarrizketa, esaterako). Pertsonalki oso artikulu interesgarria iruditu zait; izan ere, blog bat kudeatzen dugunok askotan gaia eduki arren, ez baitakigu irakurleari hura nola adierazi.

Gaia aukeratu duzu eta dagoeneko badakizu zein artikulu mota egin behar duzun. Orain beste arazo bat dugu, baina. Nola hasiko naiz? Ondo idatzi al dut? Nondik aterako dut informazioa gai honi buruz? Lehen aipatutako web orrialdean, artikulua idazteko 15 aukerak emateaz gain,artikulu on bat idazteko 7 ohar edo laguntza ere eskaintzen ditu. Denok jakin beharko genuke badaudela informazio iturri oso onak Googlez gain. Delicious, adibidez, oso bilatzaile ona da. Bertan erabiltzaileek interesgarriak iruditu zaizkien web orrialdeak gordetzen dituzte eta, ondorioz, Google bilatzailean aurkitzeko oso zailak diren web orrialdeekin topo egin dezakezue.

Lehen aipatutako zazpi oharrez gain, badago nire ustez zortzigarren bat: estekak ondo jartzea. Hauek zure informazio iturriak adierazteko erabiltzen dira; pertsona batzuek, ordea, ez dituzte estekak ondo erabiltzen. Hauen funtzioa, ez da, nolabait esatearren, txakur edo etxe hitzen esanahia adieraztea. Esteka on batek aipatu duzun gai horri buruzko informazio gehiago dagoen toki bateta eraman behar zaitu. Adibidez: “(…) Gabon gauean urtero hildako asko egoten dira errepideetan, Diario Vasco egunkarian azaltzen den bezala 10 hildako egon dira aurten (…)”. Ikusten duzuenez, informazioa zabaltzeko erabili dut esteka.

Bukatzeko, beste pare bat gauza hartu behar dira kontuan. Alde batetik, irudiak edo bideoak txertatu, hauek artikulu bat erakargarriagoa egiten baitute. Eta, bestetik, artikuluari gainbegiratu bat eman eta ortografia akatsak edo linkak ondo jarrita dauden egiaztatu.

Ohar edo gomendio hauek artikulu bat idazteko bidea samur dezakete, baina ez dituzte mirariak egiten; izan ere, atikulu on baten oinarria lana baita.

Comments { 1 }

Ura, bizitzaren oinarria

00000051Gaur egun etxeko iturria ireki eta ura lortzea gauza normaltzat dugu, baina zer gertatuko litzateke iturritik urik aterako ez balitz? Gauza asko egin ezinik ibiliko ginateke, eta bizitzeko arazoak izango genituzke. Hemen nahikoa ur dugu era egokian bizitzeko; zoritxarrez, ordea, ez da gauza bera gertatzen mundu osoan zehar. Herrialde askotako biztanleek arazoak dituzte ura lortzeko; gainera, lortzen duten ur hori kalitate txarrekoa izan ohi da.

Hasteko, esan behar da ura beharrezkoa dugula izaki bizidun guztiok bizi ahal izateko. Izan ere, ura gure gorputzeko pisuaren %65-70 da eta, horretaz gain, zelularen funtsezko osagaia da. Urik gabe ezin dugu bizi, urak beharrezko funtzio batzuk betetzen baititu gure gorputzean. Horietako bat substantzia polarrak disolbatzeko gaitasuna da. Honi esker, gorputzean sartzen ditugun molekula handiak txikiagotu egiten dira, ondoren zeluletan barneratzeko. Gainera, uraren bero espezifiko handiari esker, gure gorputzeko tenperatura konstante mantentzen da, nahiz eta kanpoan hotz edo bero egin. Hau oso beharrezkoa dugu, gorputzaren tenperatura beti 36,5ºC ingurukoa izan behar baita.

Ura edukitzeak denon eskubide bat izan beharko luke, beharrezko baita bizitzeko; halere, esan bezala, herrialde askotan zailtasunak dituzte hau lortzeko. Guk hemen ez dugu arazorik ura pilatzeko, klima hezea eta freskoa baitugu. Hori gutxi balitz, azpiegitura egokiei esker, etxeko iturriraino etortzen zaigu ura. Baina beste zenbait herrialdetan, Afrikan bereziki, ez da gauza bera gertatzen. Bertako klima lehorrak eta ura pilatzeko azpiegitura eskasek ura biltzeko zailtasunak ekartzen dizkiete, eta, horren ondorioz, ur gutxi izaten dute bizitzeko. Daukaten ur gutxi hori putzuetan pilatzen dute, eta horrek ez du uraren kalitatea bermatzen. Bertakoek ez dakite ur zikina osasunarentzat txarra denik, ez baitzaie hori irakatsi. Gauzak horrela, urtean milioika pertsona hiltzen dira kutsatutako ura edateagatik. macenas-riego-golf-3-1

Guk, hemen, ura soberan dugu eta konturatu gabe xahutu egiten dugu altxor preziatu hau. Horren adibide da urtean golf zelaiak ureztatzeko erabiltzen den ur kantitate ikaragarria. Nahiz eta hemen sarritan euria egiten duen, ia beti ureztatu behar izaten dituzte zelaiak. Arazo hau areagotu egiten da hegoaldean, bertan ez baitu euririk egiten. Han golf zelaiak ureztatzeko, edateko ura erabiltzen dute. Datu horrek, besteak beste, gaian sakontzera eraman beharko gintuzke. Nahiz eta orain ez ohartu, ura ez da agortezina; izan ere, munduaren hiru laurdenak ura izan arren, uraren %4 baino gutxiago baita edangarria.

Beraz, argi dago ura ez dela amaigabea eta kontrolatu egin behar dugula altxor honen erabilera, izaki bizidun guztiek behar baitugu bizi ahal izateko. Bestalde, uraren erabilera gutxitu edo kontrolatzeko, hainbat ekimen egin da. Horien guztien nahia ura amaigabea den ideia kentzea da, hau da, ekimen horien xedea ura amaitu egingo dela zabaltzea da eta gure esku dagoela hori saihestea. Horretarako, gure eguneroko bizitzan ur gutxiago erabiltzeko aholku batzuk eman dituzte: hortzak garbitzean iturria itxi, bainatu partez dutxatu…

Amaitzeko, honekin guztiarekin espero dut uraren garrantziaz ohartzea, eta, hemendik aurrera, iturria irekitzean, urik ez dutenengan pentsatzea. Ez gara ohartzen zein zorioneko garen honelako altxorra izateaz! Hona hemen ura aurrezteko aholkuak irakurtzeko helbide interesgarri batzuk:

Comments { 0 }
-->