Archive | orokorra

RSS feed for this section

Mulacen, bi aurpegiko mendia

Lehengo batean, 3 mendizale hil ziren Mulacen mendia jaisten ari zirela. Taldea 4 mendizale alemaniarrez osatuta zegoen eta ondo ekipatutako jendea zen. Jaitsieran, zero azpitik 20 graduko tenperaturak izan zituzten eta gauak harrapatu zituen. Haietatik batek menditik jaitsi eta Guardia Zibilari jakinarazi zion gertatutakoa. Erreskate taldeak iritsi zirenerako, ordea, 3 mendizaleak hilda zeuden tamalez. Aurreko urtean, urte sasoi honetan ere, beste hainbat britaniar jubilatu hil ziren. Gaizki ekipaturik zihoazen eta ekaitzak harrapatu zituen mendia igotzen ari zirela.

Bi euskaldun mendizalek ere, biak ETAko preso izandakoak, gordinak ikusi zituzten lehengo urtean mendi honetan. Azkenean, laguntza eskatu behar izan zuten eta Guardia Zibilak aurkitu eta jaitsi zituen menditik. Ez zen giro izango mendizaleen eta erreskatatzaileen artean.

Mulacen mendia Sierra Nevadako mendizerran kokatuta dago eta Iberiar Penintsulako mendirik altuena da bere 3478 metrorekin. Aurrez aipatutakoaren arabera mendi nahiko zaila dela pentsa daiteke, eta hala da urte sasoiaren arabera.

Mendi korapilotsua, beraz, baina horra hor, irudian ikus dezakezuen bezala, Asier eta Jokin Mulacen mendiaren tontorrean. Mendizale profesionalak hortaz.

Ez da horrela zoritxarrez, gaztelaniaz esango litzatekeen bezala, "Dominguero" galantak gara. Nola liteke, ordea, Asier bezalako ipurdi handi batekin, galtza motzetan eta jertse zistrin batekin Mulacen mendiaren tontorrean egotea?

Hori bera galdetzen nion nik neure buruari han nengoela. Izan ere, urte hartan, 2005eko apirilean, igotzen saiatu nintzen osabarekin eta orduan oso esperientza desberdina izan nuen. Alpujarrako herrixka batetik atera ginen, 1000 metro ingurura dagoena. Egun osoan mendian gora ibili ondoren, mendi aterpera iritsi ginen 2500 metrora, leher eginda. Bertan lo egin eta gorantz abiatu ginen hurrengo goizean. Izugarrizko haizetea zebilen han, ordea, elurra belaunetaraino eta ez zen 5 metro baino gehiagora ezer ikusten. Hotz galanta pasa nuen nik eta, azkenean, ordu erdi eskas gorantz ibili ondoren, bueltatzeko erabakia hartu zuen osabak ez arriskatzearren. Eskerrak!

Udan, ordea, oso bestalakoa da mendia. 2700 metroraino mikrobus batean igotzeko aukera dago abuztuan. Bertatik tontorreraino paseo bat besterik ez da, Murumendi igotzearen modukoa.

Beraz, nire gomendioa nahi baduzue, hobe duzue udan joatea, gu bezala ogitarteko ederra eraman eta paseotxo bat egitera. Ni, behintzat, ez noa gehiago neguan!

Comments { 0 }

Gazte Topaguneko arrakasta

Duela egun batzuk amaitu zen gazte topagunea. 4 egun herri aske bihurtu genuen herrixka batean ibili ondoren, motxilak bizkarrean hartu eta bakoitzak bere etxeko bideari ekin genion. 14.ooo lagun baino gehiago bildu ginen, beraz, kanpin mordoa ikusteko aukera izan genuen. Balorazioa nahiko ona izan dela aipatu zuten, egunero esnatzen gintuen megafoniatik. Eguraldia ere aldeko izan genuen, azken gaua arte behinik behin. Hala ere, haizea franko ibili zen gau partean.

Gazte Topagunearen nondik norakoa ikus dezazuen gure esperientzia propioa azalduko dizuet. Nolanahi ere, gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Ostiralean, goizeko 09:15ean autobusa hartu genuen, gure helmugara eraman gintuena. Ibilgailuan Ordiziako gazteez gain, Beasain, Legorreta, Zaldibia eta Ataungo gazteak aurkitzen ginen. Hala ere, denok ezaugarri komun bat genuen: gure ezpaineko irribarrea, aspalditik itxaroten ari ginen eguna iritsi baitzen. Autobusak Arbizu partean utzi gintuen eta 1,5 kilometroren ostean, kanpalekuan geunden gure kanpina muntatzen. Kanpin dendak muntatu ondoren, herri gunera abiatu ginen bertako plazan harrera ekitaldia ikusteko asmoz. Kanpalekuan tripa bete ondoren, arratsaldean berriro ere herrira abiatu ginen bertako giroa ikusteko. Giro aparta zegoen eta Mikel Urdangarin ikusteko parada izan genuen gaztetxe gunean. Eguna karpa erraldoiko kontzertuak ikusten bukatu genuen, Ken Zazpirena, hain zuzen ere. Gaua nola bukatu genuen , ordea, beste gauza bat litzateke….:smile:.

Larunbatean jaikitzeko arazoak izan genituen eta dutxatzera Arbizura joan ginen. Jende pila zegoen bertan eta 2 ordu itxaron ondoren, gure tanda iritsi zen. Zoritxarrez, ur hotzarekin topatu ginen, bizkortzekobalio izan zuen sikiera. Arratsaldeko zortziak arte gaztetxeko materiala saltzen aritu ginen antolatu zen azokan. Ondoren, karpa batean afaldu eta karpa erraldoira abiatu ginen bertan zegoen ekitaldi politikoa ikusteko asmoz. Hau bukatu ostean, kontzertuak hasi ziren (horien artean Berri Txarrak).

Igandean, goizeko 07:30ean, udaletxera joan ginen lanean aritzeko. Zortzietan hasi ginen kanpalekua zaintzen, eta sarreran bonoak eskatzen. Ordu bietan bukatu, dutxatu eta zakura joan ginen ziztu bizian, lo egiteko premian aurkitzen baikinen. Esnatzean, bokata karpara joan ginen afaltzera eta, jarraian, karpa erraldoira abiatu ginen azken kontzertuak ikustera ( horien artean Kuraiarena).

Astelehenean, jaikitzea kosta zitzaigunez, kanpinean bakarrik aurkitu ginen, mutilak bertsoak ikustera herri gunera joanak baitziren. Hauek etorritakoan, bazkaltzera herrira joan ginen motxilak prest utziz. Bazkaldu, tragotxo batzuk hartu eta kanpalekura joan ginen. Kanpin dendak jaso eta Arbizun Ordiziara bueltatu gintuen autobusa hartu genuen.

Hauxe izan da gure esperientzia. Egia esan, penaz ere etorri ginen, izan ere, egitarauan gauza asko ipintzen baititzituen eta guk ez baikenuen denborarik izan horietara guztietara joateko. Beraz, hurrengoan parranda gutxiago egin beharko dugu. Ikusteko eta bizitzeko aukera izan genuen egitaraua ikusteko, klikatu hemen.

Comments { 2 }

San Franciscok 1906 gogoan

San Franciscoko hiritarrak Aurreko apirilaren 18an, San Francisco hiriak minutu bateko isiluneaz eta sirenen hotspean duela zehazki mende bat bere kaleetan eta eraikinen azpian bizia galdu zuten guztiak bergogoratu zituen.

Bertan, besteak beste, hondamena gertutik ezagutu zuten biktima gutxi batzuk ere aurkitzen zirela (denak 100 urtetik gorakoak, noski) kontuan hartuta, hainbat ekitaldi antolatu zen. Esate baterako, herritar askoren eskutik garai hartako arropekin janzteko ekimena, irudian ikus dezkezuen bezala.

Hiri honek antzeko lurrikara izango duen edo ez jada ez da zalantzazkoa, argi baitago, jakitunen ustez, gertatuko dela; arazoa noiz izango den asmatzea litzateke (oraingoz, behintzat, ezinezkoa dena). Hiritarrek, euren aldetik, ezjakintasuna dela edo ez dela, ez dute gertakizun hau hurbil ikusten eta gertatutakoa bizitzako beste atal menderatu gisa gordetzen dute bere gogoetetan, beti ere, hor dagoela ahaztu gabe.

Bukatzeko, gure omenaldi txikitzat hartu daitekeen honetan, azpimarratu, garaiko jendearen ekimena eta beraiekiko miresmena, beste edozein hirirekin amaitu izango zuen hondamenari aurre eginez eta guztiz suntsitutako 90.000 eraikuntzen hondarretatik abiatuta, urte gutxiren buruan, bere herrialdearen ikur eta guztien paradisu bilakatuko zenaren lehen oinatzak ezartzeko gai izan zirelako.

Informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hementxe edo, agian, hemen.

Comments { 0 }
-->