Archive | orokorra

RSS feed for this section

Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu!

Harluxet hiztegi entziklopedikoak honela Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu1definitzen du intimitatea: “Nork bere bizitza pribatua besteen interesetatik babesteko duen eskubidea.” Horrela, beraz, pixka bat hausnartu ostean, kontzeptu arrotza dela konturatu naiz; gaur egun, bizitza pribatu hori nork bere etxean baino ezin izan dezakeela esan baitaiteke. Izan ere, kalera atera orduko, nork ez du inoiz bere burua inguraturik sumatu?

Jakina da gure gizartea kontrolatzearren, herrietan bideo kamera ugari jarri dituztela bertan gertatzen den oro zelatatzeko asmoz. Egia esan, hauek segurtasun kamera moduan ezagunagoak dira, nahiz eta segurtasun horrek ez duen balio bera denentzat; izan ere, estatu espainolean, 1997az geroztik, gune publikoetan dauden bideo kameren inguruko legea indarrean dago, betiere salbuespen batzuk medio. Poliziak, esaterako, gai dira euren pribatitateari eusteko, beraien etxeetako sekretuak barruan mantentzeko; baina, aldi berean, besteen bizitza aztertzeko eskubidea dute, inongo Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu2baimen berezirik gabe. Halere, esan bezala, hori salbuespena da; gainontzeko bizidun guztiak ongi aztertuak baikaude, atzeraka edo aurreraka ibiltzen garen, dena ondo kontrolatua daukate.

Dena den, honelako segurtasun kameren artean, badira onarterrazagoak direnak. Normalean merkatal zentro handietan ezartzen dituzten bideo grabagailuak dira, adibidez; eta nahiz eta egun normala den horrelakoak ikustea, oraindik, askotan kamera baten ondotik pasatzean, grazia eragiten digu alboko pantaila txiki batean agertzeak. Bai, grazia. Izan ere, ezberdina da leku publiko edo pribatu batean grabatua, zelatatua edota aztertua izatea. Leku pribatuetan, izenak dioen bezala, enpresa edo erakunde pribatuak direnez gero, bertako jabeak eskubidea du bere negozioa nahi duen bezala antolatzeko, betiere besteekiko errespetuz jokatuz gero. Baina leku publikoetan, edonorentzako lekua izanik, inork ez luke besteak zelatatzeko eskubiderik izan beharko.

Nolanahi ere, onartu beharra dago honelako segurtasun makinak baliagarriak ere izan daitezkeela; izan ere,  atxilotuek Gutxien uste duzun lekuan aurki ditzakezu3jasaten dituzten tortura kasuak egia bihurtzeko bidea izan daitezke, esaterako. Horrez gain, lapurreta bat egon ostean hainbat aldiz ikusi izan dugu gertatu denaren irudia, eta, jakina, benetan erabilgarria dela ez dago ukatzerik. Nolanahi ere, gauza guztiek behar dute bere neurria.

Hala eta guztiz ere, segurtasun kamerez haratago, eta kasu honetan geure erantzukizunez, geuk ere zapuzten dugu geure barrengotasuna: Tuenti, Facebook, Fotolog eta gisa horretako sare sozialak direla eta, geure argazki pribatuak beste edonoren esku jartzen ditugula ez baikara ohartzen. Baina esan bezala, hau gure erantzukizuna da, eta sarritan gerora zer ondorio izango duen ohartzen ez bagara ere, ezin da gutxien espero duzun lekuan grabatua izatearekin alderatu.

Comments { 1 }

Gizakia, animalia bat gehiago

charles-darwin1809ko otsailaren 12a da. Gizon dotore batek bere bibote luzea kiribildu du Shrewsburyko kale batean. Ibilera harro batez, inguruko ezagunei diosala egiten die. Imintzio horiekin munduaren jabe sentitzen da, boteretsu. Gizakiaren aurrean beste nonbaiteko zer ikaragarri batek eratu duela ziur dago. Kale bereko ertz batean, gizon bat lurrean eserita dago. Jendeak ihes egiten du bere ingurutik, zuloz jositako jantziak eta darion usainak atzeraka egitea eragiten baitu. Gaurko bere helburu bakarra azken egunetan jan ez duen ogia erosteko dirua lortzea besterik ez da.

Bi gizon, zeharo ezberdinak, bizitzak kale berean jarri ditu, baina funtsean bi gizaki soil dira. Egoera txarrenean ere edozein izakirengandik ezberdin sentituko lirateke, zer ikaragarri batek bereiziko balitu bezala.

Nork esango zuen egun horretan bertantxe, hiri berean, agian kale berean, berezitasun hori deuseztatuko zuena jaioko zenik? Gezurra badirudi ere, espezien sakabanaketa azaltzen zuten kreazionismoaren arrastoen bila aritu zen gazteak hankaz gora jarri zuen kreazionismo beraren ideia.

Charlez Darwinek txiki-txikitatik agertu zuen naturaren historiarekiko zaletasuna; hala ere, Robert Jameson naturalistaren klaseetan aspertu egiten zela eta, aitak apaiz anglikano bilakatzeko ikasketak egitera bidali zuen. Horrek ez zuen bere zaletasunetik urrundu eta animalia ezberdinak ikertzen jarraitu zuen. Azterketak gerturatzen ari zirela eta, ikasketetan kontzentratu zen eta, amaierako, 178 pertsonatatik hamargarren postuan geratu zen azterketan.

1831n Robert FitzRoyren agindupeko Beagle itsasontzian ontziratu zen. Euren helburua ozeanoko korronteak neurtu eta kosta kartografia egitea zen. Darwinek animalia-espezie ezberdinak aztertu zituen bien bitartean. Ikerketa horiek guztiak idatzi eta Cambridgera bidaltzen zituen, bertako ikerlariek aztertu zitzaten. Galapago irletan eginiko ikerketak izan ziren garrantzitsuenak; izan ere, irla batetik bestera dortoken oskola aldatzen zela konturatu zen, baita neguta txori espezieko indibiduo ezberdinak zeudela.

darwins_finchesIkerketa horien guztien ondorioz, Darwin eboluzioaren beste teoria bat formulatzen hasi zen. Ernst Mayrren arabera, Espezieen jatorria liburuan azaldu zuen teoria bost azpiteoriatan dago banaturik: eboluzioaren gertakizuna, organismo guztientzako komuna den jatorriaren postulazioa, espezieen dibertsitatea, gradualismoa eta hautespen naturala. Garai berean, Alfred Russel Wallacek antzeko teoria bat mahaigaineratu bazuen ere, Darwinenari eman zitzaion garrantzia, zientifikoki garatuago baitzegoen.

Liburu horretan zegoen aurrez aipaturiko berezitasunaren xarma deuseztatzearen froga: gizakiaren jatorria primateetan zegoen. Baieztapen horren ondorioz, Darwinek kritika ugari jaso zuen; hala ere, bere alde zuen argudiorik garbiena: proposaturiko teoria hezur eta azalezko animalietan froga zitekeen, baita gizakiongan ere.

Geroztik eboluzioaren teoriak buelta asko eman ditu eta, genetikaren bideak zabaldu zirenetik, Darwinek berak esperoko ez lituzkeen ateak zabaldu dira. Horrela, gaur egun horrelaxe definitzen du Harluxet hiztegiak eboluzio biologikoa:

Denboran zehar izaki bizidunei gertatutako aldaketa mailakatu eta jarraien multzoa, forma berriak sortu dituena.

Berrehun urte igaro dira gizon dotore hark bibotea orraztu zuenetik, eta ehun eta berrogeita hamar urte munduko izaki guztiek arbaso bera duten teoria argitaratu zenetik. Hala eta guztiz ere, bada oraindik inongo arrazoirik gabe teoria horren aurka jarraitzen duenik, begien aurrean dagoena ikusten ez duten batzuek.

Bi egun berezi horiek direla eta, zientzia arloan aurtengoa Darwinen urtea da. Hori ospatzeko, hainbat ekintza (1, 2, 3) antolatu da munduan zehar.

Eboluzioa bost minututan:

Comments { 0 }

Stop spot!

stopNor ez da inoiz jostatu kaleko baldosa urdinak baino ez zapaltzera? Txikitako kontuak dira, baina helduok ere noizbehinka aritzen gara horrela. Kontua da, denborak aurrera egin ahala, inguratzen gaituzten iragarki guztiekin entretenitzeko aukera ere eman zaigula lurrera begira egon beharrean. Gauzak bere neurrian ederto datozkigu, bai; izan ere, interesatzen zaizkigun produktuen berri izateko bide ona da. Dena den, muga hori gainditu egin da egun, eta aspergarria izaten ere hasi da.

Telebistaren kasuan, esaterako, gogaikarria bihurtzen ari da gure telesailik gustukoena ikusi nahi izatea eta ez lortzea. Komunikabide honen antolaketa gero eta okerragoa delakoan nago. Programazioa dela eta, ez da ordutegiaren eta adinaren arteko erlazioa errespetatzen; iragarkiei erreparatzen badiegu,  ordubeteko saio batetik 20 minutu, gutxienez, iragarkiak direla ondoriozta daiteke. Gauzak horrela, malabarista moduan jardun behar al dugu horrelakoak ekiditen eta zapping egiten? Horrez gain, lotsagarria iruditzen zait isunen bidez atentzioa deitu behar izatea iragarleei, argi dagoenean muga aspaldi pasatu dutela.

zappingHala eta guztiz ere, aitortu beharra dago noizean behin desesperazioak beharbada tontotu egiten gaituela, eta egongelako kaxari begira egon gaitezkeela denbora luze batez. Neurritasunez jokatuz, arte berri bat ere sortu ahal izango litzateke, iragarki batzuk benetan onak baitira. Coca Cola eta Freixenet-enak ikusteko, adibidez, urte osoa itxaroten dugu. Itxarote horrek azkenean merezi izaten du, horrelakoak gustura hartzen dira eta.

Internetarekin gauza bera gertatzen da. Gainera, hemen aritzen garen modua are xelebreagoa izan ohi da: nabigatzen dugun bitartean irekitzen diren aparteko leihoak ahal dugun azkarren ixten saiatzen gara, kontu handiz ibiliz iragarkiaren laukitxoa zapaldu ez dezagun; izan ere, horrela ordenagailua kutsatzeko arriskua dagoela irakatsi baitzaigu. Ez da oso zentzuduna horrela ibiltzea, egia esan. Horregatik, internauten kexa garrantzitsuena izatera iritsi da.

iragarkiakKontuak kontu, nabigatzen ari nintzela gai honi buruzko informazio gehigarria lortzeko helburuaz, hara zer-nolako egoera paradoxikoarekin egin dudan topo! Webgune honetan jakingarri interesgarria aurkitu dut, bai, baina argibide baino iragarki gehiago azaltzen da bertan! Benetan harrigarria! Ez al du ezerk baino gehiagok gogaitzen horrelako gunea ikusteak?

Aipatutako biak adierazten dutena hasiera besterik ez da; izan ere, kalean, mugikorretan, egunkarietan eta aldizkarietan ere berdin gertatzen baita. Jakina da funtsezko elementu dela ekonomiak aurrera egingo badu, baina beharrezkoa ote da gure ingurune osoa erabiltzea eta soberan, gainera, horretarako? Ez al da gehiegi? Badirudi honek ez duela hobera egiteko asmorik, itolarrian gaude. Beraz, esan dezagun ozenki: STOP SPOT!

Comments { 1 }
-->