Archive | orokorra

RSS feed for this section

05eko bertso txapelketa nagusia

Bortz final-laurden eta sei finalaurrekoren ostean, igande honetan, hilak 18, final nagusia izango da BECeko Bizkaia Arena aretoan, 11:00etan hasita.

Txapelketa hau lehen aldiz 1935.urtean antolatu zuten, Iñaki Eizmendi “Basarri” bertsolari errezildarra garaile izan zelarik. Baina azken urte hauetan, 1993, 1997 eta 2001 urteetan, Andoni Egañak soilik izan du txapela janzteko aukera. Igande honetan bera ere Bilbon izango dugu Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Jon Maia, Mailen Lujanbio eta beste zenbait bertsolarirekin lehian.

Irabazlea nor izango den, besteak beste, Josu Goikoetxea, Asier Ibaibarriaga, Alaitz Rekondo eta Saroi Jauregik erabakiko dute. Denera 8 aditu dira epaimahai hau osatzen dutenak.

Amaitzeko, antolatzaileak interesatu guztiei eskainitako informazioa luzatuko dizuet:

Txartel-motak eta prezioak

Txartel arrunta: sarrera (bazkideentzat 18 €, arrunta 25 €, haurrentzat 6 €)
Txartel ibiltzaria: sarrera + autobusa (+12 €)
Txartel tripazalea: sarrera + bazkaria (+18 €)
Txartel osoa: sarrera + autobusa + bazkaria

Eskuratu txartelak:

Herrietako salmenta puntuak

Zerbitzuak

•Haurtzaindegia: haurrak (3-10 urte bitartekoak) haurtzaindegian utzi nahi badituzu, jakinazari 943 217798 telefonora deituta edo administrazioa@bertsozale.com helbidera mezua bidalita.

•Bazkaria: 18 €ko menuan babarrunak, solomoa, azkenburukoa, ardoa eta ura sartzen dira. Bazkaria etxetik eramango dutenentzat mahaiak egongo dira. Bazkaltzeko pabiloian taberna egongo da.

Nola joan BECera

•Autobusean: Eskuratu txartelak
•Autoan: A-8tik datozenak Txorierriko pasabidetik joatea da onena, ez Malmasinetik. Horretarako, 19. irteeran atera (Getxo-Aireportua) eta hortxe hartu txorierriko korridorea, BECera zuzenean heltzeko.
•Aparkatzeko lekua badago inguruan dauden saltoki erraldoietako parkinetan. BECeko aparkalekua ordaindu egin behar da, besteak doakoak dira.

Autobusak:

Araba 1: 8:55 Gasteiz (Iparralde gizarte-etxea)
Gipuzkoa 1: 7:55 Irun (S. Juan Plaza, Bisera), 8:10 Oiartzun (Elizaren goikaldea), 8:25 Errenteria (Diputazio plazako geltokia)
Gipuzkoa 2: 8:15 Orio (Aita Lertxundiko geltokia), 8:25 Zarautz (Gurutze Gorriko geltokia), 8:35 Zumaia (Turismo bulegoaren aurrean)
Gipuzkoa 3: 8:10 Tolosa (San Frantzisko eliza), 8:25 Andoain (Azoka gunea)
Gipuzkoa 4: 8:40 Azpeitia (Etxe Zuri), 8:45 Azkoitia (Julio Urkijo kalea), 9:10 Elgoibar (Markinako bidegurutzea)
Gipuzkoa 5: 8:15 Ordizia (Tren geltokia), 8:25 Beasain (Tren geltokia), 8:40 Zumarraga-Urretxu (Pesako geltokia), 9:05 Bergara (Autobus geltokia)
Gipuzkoa 6: 8:35 Oñati (Correos atzean), 8:45 Arrasate (Garibay geltokia), 9:05 Eibar (Ardantzako geltokia)
Gipuzkoa 7: 8:10 Hernani (Atsegindegi), 8:25 Lasarte (Euskotreneko geltokia), 8:30 Urbil merkalgunea(Gasolindegiko geltokia)
Iparraldea 1: 7:25 Donibane Garazi (Merkatua), 7:55 Baiona (Leroy Merlin parkina), 8:25 Hendaia (Biriatuko peagea)
Nafarroa 1: 8:15 Iruña (Martzelo Zelaieta-Matesa), 8:25 Irurtzun (Autobus geltokia), 8:40 Etxarri Aranaz (Autobus geltokia), 8:55 Altsasu (Autobus geltokia)
Nafarroa 2: 8:25 Lekunberri (Plaza), 8:40 Leitza (Plaza)
Nafarroa 3: 8:10 Elizondo (Plaza), 8:25 Doneztebe (Herri sarrera), 8:40 Lesaka (Plaza)

Kamisetak

•Bazkideak 15 €
•Arruntak 18 €
•Finalaurrekoetan eta finalean eros daitezke.

Bertsolariek egin beharreko lana. Finala

Goiza

•Binaka, gai baten inguruan, 8ko Handian, 3na bertso.
•Binaka, gaia emanda, 8ko Txikian, 4na bertso.
•Bakarka, lehen puntua emanda, 2 bertso 8ko Txikian.
•Binaka, gaia emanda, 10ko Txikian, 3na bertso.
•Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, 3 bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldea

•Binaka, gaia emanda, Aizak hi mutil mainontzi doinuaren neurrian 3na bertso.
•Binaka, Puntutan gaia emanda, 8ko txikian 8 bertso osatu arte.
•Bakarka, gaia emanda, 3na bertso nahi den doinu eta neurrian.
Azken bien lana
•Binaka, gaia emanda, 8ko Txikian 3na bertso.
•Binaka, gaia emanda, 10eko Handian 3na bertso.
•Kartzelako lana:
oBakarka, hitza gaitzat emanda, 9ko txikian bertso bat.
oBakarka, gaia emanda, 3 bertso nahi den doinu eta neurrian.

Comments { 4 }

Aldaketa klimatikoak soilik ala gehiago?

Azken hilabeteotan maiz izan dugu hainbat fenomeno naturalen berri. Urrutirago joan gabe, azkena Kanarietan gertatu zen duela egun batzuk: “Delta� deritzon ekaitz tropikalak artxipielago osoa garbitu zuen, txikizio izugarriak sorraraziz. Gertakari honen ondoren, hainbat hausnarketa egin da fenomeno natural hauen zergatiaren inguruan eta gaiarekiko iritzi ezberdinak egon dira.

Batzuek arruntatzat hartzen dute fenomeno hauen gertaera, naturaren prozesu bat dela diote, ekidin ezin daitekeena. Beste batzuek, ordea, aldaketa klimatikoari leporatzen diote kasu hauen sorrera.

Honek guztiak azken urteetan gogor dabilen ideia baten eztabaida berrireki du, hots, aldaketa klimatikoarena. Hobeto ulerrarazteko, lehenik, Kiotoko protokoloan oinarrituko gara. Berau 1997. urtean ONUko gobernariek aldaketa klimatikoari aurre egiteko sinatu zuten akordioa da. Protokolo honen helburua 2012. urterako negutegi efektuko gasen igorpena %5,2an jaistea da. Aldaketa klimatikoaren eraginei aurre egiteko nazioartean dagoen akordio bakarra da Kiotoko protokoloa. Horrela, helmuga bezala hainbat beharrezko lege dauzka ezarririk akordio honek, non lurralde industrializatuek negutegi efektuaren sortarazle diren sei gasen (karbono dioxidoa, metanoa eta nitroso oxidoa, besteak beste) igorpenak gutxiagotu egin beharra dauzkaten.

Oraintxe aipatu bezala, protokolo hau 2012.urtean iritsiko da bere bukaerara eta gaian adituak direnek diotenez, lanean jarraitzeko premia handia dago; izan ere, duela 5000 urteetatik gertatzen ez diren aldaketa klimatikoen eragina jasaten ari da Europa gaur egun. Neurri berrien beharra argi eta garbi geratu zen duela egun batzuk Europako Ingurugiro Agentziak kaleratu zuen txostenean. Dokumentu hau bost urteko inbestigazio gogor baten emaitza da non oso deigarriak diren hainbat datu aurki daitekeen. Adibidez, eta betiere datuak oinarri gisa harturik, 1998, 2002, 2003 eta 2004 izan dira urte beroenak eta 2003 urteko beroek Alpeetako glaziarren hamarrena urtu zuen. Honetan guztian oinarriturik, jakitunek diote 2050. urterako Suitzako glaziarren hiru laurdenak desagertu egingo direla.

Jacqueline McGladek, Europako Ingurugiro Agentziako zuzendarietako batek zera zioen txostenaren aurkezpenean:

Neurri eraginkorrik hartu ezean eta hamarkada batzuk iragan ondoren, planetaren berokuntzak iparraldeko izotz kontinentalen geruzen atzerapena eta hegoaldeko basamortutze prozesuaren aurrerapena sorraraziko du, biztanleri kontinentala erdigunera mugitu beharko duelarik.

Datuen arabera, nahiz eta lortu planetaren berotzea 2 graduetatik ez pasatzea , gizakiok inoiz aurretik esperimentatutako egoera atmosferikoetan biziko gara. Horregatik, graduen jaitsiera handiagoa behar da. Espainiari dagokionean, egoerak ez du batere itxura onik; izan ere, bere negutegi efektuko gasen igorpena %40,6an igo da 1990 eta 2003 urte bitartean (Kiotoko protokoloak baimendutako %25,6a gehiago).

Hainbat berri negatiboren aurrean, txostenak Europar Batasuneko gobernariek aldaketa klimatikoaren aurrean hartutako ardura era positiboan baloratzen du. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar arazoa benetan larria dela eta honen aurrean edozein neurri gutxi dela.

Gai honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Bidegorrien gatazka

Gaurkotasun handia duen gaia da bidegorriekin dagoen arazo larria. Donostian gertatzen ari den bezala, leku edo herri askotan eztabaidagune nagusia da. Bidegorriek, Eguzki Ekologia Elkarteak salatu duenez, oinez doazen pertsonei gero eta leku gehiago hartzen doaz, autoen eta motorren errepideari zati bat kendu beharrean, oinezkoei egiten die kalte eta beraien ingurua murriztu.

Gainera, bidegorriak txirrinduan ibiltzeko egindako errepideak direnez, txirrindulariek auto gidarien antzera erabili beharko lituzkete. Baina hori horrela gertatzen al da? Ez, hauek espaloietatik ibiltzen jarraitzeaz gain, oinezkoen bizitza ere batzuetan arriskuan jartzen dute! Hainbat kasutan, ez dute inongo errespeturik eta ero moduan ibiltzen dira alde batetik bestera. Donostian, erabilera oker honen puntu beltzak Boulevard eta Kontxa dira, besteak beste. Gune hauetan txirrindulariak kontrolik gabe ibiltzen dira espaloietan eta ez dituzte bidegorriak errespetatzen. Eguzki elkarteak salatu du, halaber, bidegorri hauetako askok ez dutela diseinu egokia.

Bestalde, Donostiako Udalak biztanleak jakinaren gainean jarri ditu hemendik aurrera espaloietan txirrinduz ibiltzea debekatu behar duela. Halere, Eguzkik esaten du hori ez dela egokiena, erabilera oker honen eragile nagusiena udala delako, izan daiteke bidegorrien diseinu kaskarrarengatik edo alternatiba gutxi daudelako, baina kontua da honek txirrrindulariak espaloietatik ibiltzea behartzen dituela… Hortxe dugu Bidebietatik hirigunera joateko dauden zailtasunak adibide moduan. Txirrindulariek, kasu honetan, espaloietatik joan behar dute edo, bestela, beraien bizitza arriskuan jar dezakete Miracruzetik abiatuz.

Mugimendu ekologistak argi utzi nahi du, dena den, txirrinduen erabilpena goia jotzen ari dela garraiobide gisa eta hau hiritarren jarrera positiboari zein Kalapie taldeak garatutako lanari zor zaiola. Amaitzeko, Eguzkik gai honen inguruko gogoeta egin dezan eskatzen dio Donostiako Udalari, baita ausartagoa izan dadin bere planteamendu eta diseinuekin ere. Garbi dago oinezkoei errespetu osoa zor zaiela, azken finean, oinez joatea baita “garraiobide ekologistena”.

Zuk zer pentsatzen duzu gai honi buruz? Inoiz izan al duzu esperientzia salagarriren bat arlo honetan (bai oinez, bai txirrinduz)? Ordiziak izan beharko luke bidegorririk?

Besterik gabe informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.

Kontxako bidegorria

Comments { 0 }
-->