Archive | orokorra

RSS feed for this section

VI. antzerki amateur topaketa Ataunen

Ekitaldia aurkezten duen kartelaDenok dakigun bezala, antzerki amateurra ez dago bere egoerarik onenean; antzerki obren eskasia, taldeen publizitate beharra nahiz festa eta antzeko egitarauetan lekutxo bat lortzeko zailtasunak dira, besteak beste, arrazoiak. Horrexegatik, egoera hau aldatu nahian antzerki talde ezberdinak elkarrekin biltzen hasi ziren eta Euskal Antzerki Amateurraren Elkartea (EATAE) sortu zuten. Talde horri esker, beraien lan berriak aurkezteaz gain, bata bestearen berri izateko aukera dute.

Antzerki amateurraren lehen topaketa 1998an Saran ospatu zen. Labaienen omenez, EATAEko talde ezberdinek euren antzerki obrak aurkeztu zituzten bertan, eta taldekideen arteko harremana sendotuz joan zen. Emaitzak denen gustukoak izan zirenez, topaketak antolatzen jarraitu zuten: 1999an Deban (Nemesio Etxanizen omenez), 2000an Elgoibarren, 2001ean Mutrikun eta 2002an Bermeon.

Topaketarik gabeko bi urteren ostean, Ataunek egin zien dei EATAEko kideei 2005.eko topaketa bertan egin zezaten. Elkartekoak berehala jarri ziren martxan eta zenbait bileraren ondoren, egitarau erakargarri eta dibertigarri bat eskaini digute.

Antzerkia izango da
egitarauaren protagonista
nagusia. Aretoetan,
tabernetan…

Adin guztietarako
prestatutako
ekintzak daude:
kale antzerkia,
tailerrak, eta nola ez,
antzerki emanaldiak.


…Orain dela zazpi urte hasi zen bidea Ataunen izango du jarraipena. Modu honetan antzerki amateurrari bere tokia zabaldu nahi diogu, aldi berean jendearen antzerkirako gutizia ere bizkortuz.



EGITARAUA

Urriak 21/ ostirala

18:00 ONGI ETORRIA udaletxean
18:30 “Dena ondo dabil” kale antzerkia San Martingo kaleetan zehar Elektrotuna eta Gilkitxaro antzerki taldeen eskutik
21:00 “Adanen poema amaigabea” antzezlana Herri Antzokian Goaz antzerki taldearen eskutik
23:00 “Arrakalak”, Gotzon Barandiaranen poesia emanaldia Gabrielenean BBK taldearen eskutik

Urriak 22/ larunbata

10:00 Gazteentzako tailerrak:
-Hankapalo ikastaroa Auzoeta kiroldegian Ekeike taldearen eskutik
-Zirko teknikak Auzoeta kiroldegian Baionako Oreka taldearen eskutik
-Perkusioa Artaldi kultur elkartean Txatunga Benbeken eskutik
13:00 Antzerki emanaldiak herriko tabernetan Goizeko Izrrak antzerki taldearen eskutik
17:30 “Garai modernoak” antzezlana Herri Antzokian Zurriola antzerki taldearen eskutik
18:30 Antzerki emanaldiak herriko tabernetan Goizeko Izarrak antzerki taldearen eskutik
19:00 “Bakarrizketak” Haitzarri Kultur Elkartean Mairuk antzerki taldearen eskutik
22:00 “Inprobisazio martxa” Gabrielenean Gilkitxaro antzerki taldearen eskutik

Urriak 23/ igandea

11:00 EATAEren batzar nagusia Grabielenean
13:00 Tailerreko lanen erakusketa San Martingo kaleetan zehar
15:00 Bazkaria Aizkoate Kultur Elkartean
17:00 “Nire jostailuak kutxan” antzeslana Urrup antzerki taldearen eskutik

Comments { 8 }

ITSASONDON LIBURUAK DOHAIN

liburuak Liburuak erabat maite dituenak hemen dauka aukera paregabea! Izan ere, liburutegian berriketa lanak egin behar direla eta bertako liburuak oparitzea otu zaie Itsasondoko liburutegiko arduradunei. Arazoa zera da: obrak burutu bitartean, liburutegian biltzen joan diren 5000 liburuak gordetzeko tokirik gabe geratu dira.

Lehenengo itsasondoarrek izan zuten aukera hori. Gureak elkarteak ere bereganatu zituen hainbat ale eta beste hainbatek Martuteneko kartzela izan zuten helmuga. Orain, goierritarron txanda da. Edozein pasa daiteke bertatik eta hainbat elkarte, ikastetxe edota beste liburutegi batzuei ere eman zaie egitasmo honen berri. Ordutegia hauxe da: goizez, egunero 09:00etatik 13:00etara eta, arratsaldetan, 18:30etik 19:45era baina astelehen, asteazken eta ostiraletan bakarrik.

Hala ere, liburutegiaren sorrerari buruz honela dio bertako arduradun den Olatz Imazek:

Herritar batzuek eskatuta jarri zuten liburutegia martxan duela 35 urte. Harrezkero, etengabe hazten joan da liburuen kopurua. Gaiei dagokionez, denetik aurki daiteke bertako apaletan: artea, filosofia, politika, pedagogia… eta nola ez, literatura.

Berrikuntzei dagokienez, lanak egin eta irakurtzeko leku egoki bat jarriko dute, mahai handi batez horniturik. Hainbat egunkari ere ekarriko dute egunero eta KZ guneak betiko martxan jarraituko du. Beraz, leku paregabea irakurleen grina asetzeko, bai horixe!

Comments { 1 }

EUSKARAZKO PRENTSAREN ESKARIA

Eskarietan parte hartu duten hainbat hedabide Euskarazko hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera, gaur egungo euskal prentsak milioi bat euro gehiago beharko lituzke hurrengo urteko gastuei aurre egiteko. Egoera horren aurrean, prentsa idatziari dagokion aurrekontuan hazkunde hori aurreikusteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Herenegun, jendaurrean azaldu zituzten Juan Mari Larrarte Euskarazko Komunikabide Taldeko (EKT) Administrazio Kontseiluko idazkariak, Iker Martinez de Lagos Topaguneko idazkariak eta Mikel Lizaso Nabarra aldizkariko kideak, sektorearen izenean zituzten hiru eskariak.

Lehenik, diru laguntzaren zenbatekoa urteko lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea eskatu zuten. Iker Martinez de Lagosek adierazi zuenez, aurten eginiko diru laguntza eskariei buruz komunikabideek ez dakite zenbat jasoko duten oraindik:

Urteko hamargarren hilabetean sartu eta gero, oraindik ez dakigu 2005eko diru laguntzaren zenbatekoa, ez laguntza hori noiz jasoko dugun ere.

Era berean, Topaguneko idazkariak zera gehitu zuen:

Sarritan ez dira aparteko gastuak egiten, diru sarreretan ziurtasunik ez dagoelako.

Halaber, diru laguntzaren kopurua handitzeko eskatu dute. Izan ere, Kultura Sailak jartzen duen dirua ez da gehitu azken bost urteotan. 2000tik 2005erako diru laguntza kopurua berdin mantendu da; hau da, 3.800.000 eurotan, horietatik 3.280.000 euro euskarazko prentsa idatziari dagozkiolarik. Era berean, euskarazko hedabideen egitasmoak (irratiak, ikus-entzunezkoak, Interneteko hedabideak) behar den neurrian babesteko eta egiten dituzten eskariak aintzat hartzeko eskatu dute. Mikel Lizaso, ‘Nabarra’-ko koordinatzaileak honen guztiaren aurrean zera zioen:

Nafarroan diru laguntzen panorama are okerragoa da, berandu jasotzeaz gain txikiagoak baitira. Zerbait planteatu beharko litzateke, baina egungo errealitate politikoa ikusita, denbora alferrik galtzea izango litzateke.

Honen guztiaren ondoren, konponbide baten zain jarraitzen dute euskarazko hedabideek. Gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }
-->