erru

1. iz. Hutsegitea; bereziki hutsegitearen erantzukizuna.|| 2. iz. Adorea, kemena. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

erru iz.
    [hutsegitearen erantzukizuna]: hoben Ipar., falta beh., kulpa beh., behar zah.
    [adorea]: zah.adore, ahalgo, bihotz, indar, kemen, kalipu Ipar., kuraia Ipar., balore Heg., errutasun Gip., agoñu Zub., animo beh., azku jas., bihoztasun g.e., bihoztoitasun g.e., kementasun g.e., alaitasun zah., aginte Bizk. zah.

Beste hizkuntza batzuetan (Elhuyar eta Word Reference hiztegiak):

es (1) culpa, culpabilidad, falta || (2) fortaleza, fuerza, vigor
fr faute, culpabilité
en blame; guilt
port culpa, culpabilidade

Entzun:

ERRUA
(Joseba Sarrionandia, Goseren Gosariak diskorako, 2014)

Umeak ginela ere gerra zaharreko jende derrotatua
ikusten genuen itzultzen,
kartzelatik edo herbestetik, gabardinarekin euripean
herri osoaren errua kargatzen.

Eskoletan, irratian, elizan, telebistan irabazleen
harrokeriak agintzen zuen.
Erruaren banatzaileek ia ofizioa zuten erru guztia,
herriko jendeari egozten.

Ez egidazue kendu nire errua,
ez herri osoaren gure erru zaharra.
Erru gabe ez dut ezer,
ez dut ezer egin izan.

Errudunetakoak ginela haintzat hartu eta, zapalduok,
gauzak aldatzen ahalegindu ginen.
Bortxaren eta erruen kontra lehendik zetorren
erresistentzia jarraitu genuen.

Ez ginen gauza izan, egia esan, bestela antolatzeko
ez gizartea, ezta geure artea ere.
Geure artean ere erru banatzaileak ugaldu ziren
erruak besteen lepoan ezartzen.

Ez egidazue kendu nire errua,
ez herri osoaren gure erru zaharra.
Erru gabe ez dut ezer,
ez dut ezer egin izan.

Eskarmentuen ondoren, nik behintzat ez dut zertaz harrotu
eta ez dut zertaz damutu.
Dena dela, erru banatzaileok, niri ez didazue
zertan errua kendu.

Dena ez kendu. Ez kendu niri errua. Niri errua besterik
ez zaidalako geratzen.
Leporatzen zaidan errua eta, batez ere, gauzak aldatzen
jakin ez izanarena.

Ez egidazue kendu nire errua,
ez herri osoaren gure erru zaharra.
Erru gabe ez dut ezer,
ez dut ezer egin izan.

[Sarrionandia, hostoz hosto (IX), Harkaitz Cano. Badok.info]

erru (Gaurko hitza, CC)