euskahaldun

Korrika 19ren lelo eta mezu nagusia.

EUSKAHALDUNDU!

euskahaldun (Korrika.eus)

“Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen” zioen Amets Arzallusek Korrika 18ren amaieran, Baionan. “Herri hau euskaraz pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu”, berretsiko genuke orain: euskahaldundu gaitezen.

Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen Euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahalegin pertsonalak eta biderka dezagun gure ahalmena auzolanean. Egin dezagun eta eragin. Eta egin eragin.

Euskaldun eta euskaltzale guztiok osatzen dugu Euskal Herria, Euskararen Herria. Eta horixe aldarrikatu nahi dugu: guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, lortu ahal dugula euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria. Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu -Korrika bera, esaterako- eta iraganean bezala gaur egun ere eskuzabala eta ahaltsua dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren nahia.

Eta nahia ahala da. Ahalmen pertsonala eta kolektiboa: norbanakook auzolanean zein erakundeekin eta instituzioekin batera elkarlanean. Dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala; ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko ahala; euskaltegiak ikaslez betetzeko ahala; euskal kultura hedatzeko eta euskal hedabideak aupatzeko ahala; euskara taldeak laguntzeko eta euskalgintza babesteko ahala…

Korrika 19k ahalmen metaketa izan nahi du, eduki ahal du. Bide berrien abiapuntu. Gutako bakoitzaren eta gu guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak eragingo baitu Euskal Herria, benetan, Euskararen Herria izatea. (Euskahaldundu, Korrika.eus)

Entzun:

Euskararen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren 19an, Urepelen (Nafarroa Beherea) hasi eta martxoaren 29an Bilbon (Bizkaia) bukatuko da. Edizio honen lelo eta mezu nagusia Euskahaldun! da. (Korrika 19ren aurkezpena, korrika.eus)