Kontsumoa = zoriontasuna?

Happy Planet Index-2.0Zaila izango da 2009ko uztailaren 27a ahaztea. Momentu hartan Zeelanda Berrian nengoen, antipodetan. Itxuraz, konturatzerako pasatzen den egun horietakoa zirudien; hilabete zen ingelesa ikastera joan nintzenetik, eta errutinaren morroi bihurtua nintzen ordurako. Usteak erdia ustel izaten omen du, eta ez dago esaera horretan arrazoi faltarik. Egunero bezala, 010 autobusean nindoan isiltasunak dakarren lasaitasunean. Mt Albert kalean aurrera egin ahala, autobusa betetzen joan zen. Ez dakit ez nork, ez nola, baina kontua da bizkar-zorrotik kartera ostu zidatela. Konturatu bezain pronto, polizia-etxera joan nintzen salaketa ipintzera. Ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren. Ez zegoen ezer egiterik, 19.297 kilometrora nengoen diru gaberik. 30 dolarrekin astebete igarotzeko erronka jarri nion neure buruari, kreditu txartel berriak Zeelanda Berrira iristen beharko zuen denbora. Banekien, nahi izanez gero, dirua segituan izan nezakeela; neure erabakia izan zen, ordea, eta latzak pasa nituen arren, egin nuen hausnarketagatik bada ere, merezi izan zuen.Hausnarketa gizarte kapitalistak sortzen dituen beharren ingurukoa izan zen, eta bertatik atera nituen ondorioetara zedarritzen da artikulu hau.

Dependentzia hitza izan zen burura etorri zitzaidan lehenengoa, hori baita gizarte kapitalistak kontsumoarekiko ernarazten diguna. Lehen mailako beharrak, hots, oinarrizkoak (jatea, edatea, babeslekua izatea, segurtasuna…) ase eginda dauzkagunez, bigarren mailako beharrak sortzen dizkigu, artifizialak direnak; eta zoriontsu izateko, hauek betetzeko premia beharrezkotzat jotzen du.

Gerra Hotzaz geroztik, kapitalismoak izugarrizko indarra hartu du eta bilakaera horretan publizitatearen eragina argia izan denik ezin da eztabaidatu. Multinazionalek, komunikabideen bidez, bizitza oparoa kontsumoarekin lotu nahi izan dute, gizakia aseezina dela jakinik era axolagabean erostera bultzatuz, esklusibotasuna bezalako kontzeptuak sortuz, gizabanakoaren bekaizkeriaz baliatu eta lehiakortasuna piztuz, lehia horren partaide izan ezin diren askorentzat frustrazioa euren errealitateren jabe egiteraino.

Horregatik, aurten, bigarrenez, New Economics Foundationek Happy Planet Index ikerketa argitara ekarri du. Azterketa honen helburua kontsumoa eta zoriontasunaren arteko ustezko lotura haustea izan da hastapenetik. Ikerketaren emaitzek harridura sortu dute askorengan, munduko hogei herrialde zoriontsuenak garatze bidean dauden edota azpigaratuak diren herrialdeak direlako. AEBk lorturiko postua ere ez da oharkabean pasatu, munduko herrialde indartsuenari 113 herrialde gailendu baitzaizkio zoriontasunaren esparruan.

Artikulu honen helburua gizarte honen jabe den kontsumismoari kritika egitea da, hausnarketarako galdera bat utziz: diruak ematen al du zoriontasunik?

, , ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention euskaljakintza» Blog Archive » Kontsumoa = zoriontasuna? -- Topsy.com - 2009(e)ko azaroak 21

    […] This post was mentioned on Twitter by oihane, Lidia Araña. Lidia Araña said: RT @euskaljakintza euskaljakintza» Blog Archive » Kontsumoa = zoriontasuna? http://bit.ly/4sFkOI […]

  2. uberVU - social comments - 2009(e)ko azaroak 21

    Social comments and analytics for this post…

    This post was mentioned on Twitter by euskaljakintza: [euskaljakintza] Kontsumoa = zoriontasuna? http://bit.ly/69qwGa

Utzi erantzuna

-->