Hikikomoriak

Gaztelaniako klaseren batean, Laurak hikikomoriei buruz galdetu zigun eta gutxi batzuk baino ez genuen jakin erantzuten. Beraz, gai honi buruzko artikulu bat idaztea otu zitzaidan.
***

Hikikomoriakgizarte japoniarrak nolabait inposatzen duen papera jokatzeko gai sentitzen ez diren gazteak dira. Hauen erreakzioa arazo horien aurrean isolatzearena da eta hau gela batean sartu eta hilabete edo urteetan bertatik atera gabe lortzen dute. Hauetako milioi batetik gertu daude Japonian (hamarretik bat) eta gehienak gizonezkoak dira.

Isolamenduaren zergatia

Japoniako gazteek izugarrizko presioa jasaten dute gizartearengandik arrakasta lortu ahal izateko. Gazteak gehien kezkatzen dituzten arazo anitzen artean ikasketetako emaitzena dago. Honekiko presioa, muturreko kasuetan, haurtzaindegitik hasten da, non eta haurtzaindegi onenean sartu ahal izateko azterketa moduko bat egin ohi dieten umeei. Bertan, umeak 5 urte bitarteko eskola hoberenean sartu ahal izateko prestatuak izango dira. Behin han, lehenengo hezkuntzako eskola onenean sartzeko prestatuak izango dira eta horrela bigarren mailako eskolatik, batxilergotik eta bukatzeko unibertsitatetik pasatzen diren arte. Unibertsitatera joan baino lehen, urtebeteko epean buru-belarri prestatzen dira unibertsitatera sartzeko azterketetarako, zenbat eta izen handiagoko unibertsitatea izan, orduan eta zailagoa baita azterketa . Bertako ikasketak bukatu ondoren, lana aurkitzeko zailtasunaren aurrean aurkitzen dira. Hau Japonian oso zaila da, eta gehienetan lortzen diren lanpostuak finkoak izaten ez direnez, familia bat aurrera ateratzea oso zaila suertatzen da.

Isolamenduaren sintomak

Hikikomoria
Gazteak, gizartearen presioaz libratu nahian, beraien logelan edota beraien etxeetako beste gela batean sartuta egoten dira, gehienetan, urte askotarako. Normalean, ez dute lagunik izaten eguna lo eta telebista ikusi edota ordenagailu edo bideokontsolekin jolasten ematen dute. Honekin guztiarekin, bizkarroi ezkongabe bihurtzen dira. Hau japoniarrek erabiltzen duten espresioa da gurasoen etxeetan lanik egin gabe bizi diren gazte hauek izendatzeko.

Hikikomoriak bere gelako atea giltzaz itxi baino lehen denbora dezente pasatzen da, hau pixkanaka-pixkanaka gertatzen den prozesu bat baita. Lehenengo sintomak triste egotea eta lagunak galtzea dira. Beraien buruekiko ziurtasuna eta konfiantza galtzen dute eta isilak bihurtzen dira; eskolako ikaskideen barreak jasan behar izaten dituzte askotan honengatik. Honi guztiari gizarteko arazo guztiak batzen bazaizkio, gazteek askotan jasan ez eta lehen aipatutako isolamenduaz konpontzen duten egoera ematen da,.

Gurasoen jarrera

Familian hikikomori bat izatea barne-arazo bat da eta guraso askok denbora asko itxaroten dute laguntza psikologikoaren bila joan aurretik. Gainera, Japonian, tradizioz ama da umearen heziketaz arduratzen dena eta askotan aitak hikikomoriaren arazoa berari gaineratzen dio. Ohikoena arazoa gurasoek etxean heltzea da, kanpoko laguntzarik gabe. Euren seme-alabak borondatez gizartearekin harremana berreskuratu arte itxaroten dute, umeak pasa behar duen fase bat izango balitz bezala (gutxitan behartzen zaie hikikomoriei euren geletatik ateratzea).

Hikikomoriaren efektuak

Gizartearekin harremana galtzeak eta denbora luzeko isolamenduak eragina izaten du hauen mentalitatean…Askotan ona eta txarra zer den ez dute bereizten eta telebista eta bideojokoekiko zaletasuna pizten zaie.

Hikikomoria gizartearekin harremana izatera heltzen bada berriz (gehienetan urte askoren ondoren), isolatuta egondako denboraldi guztia galdu izatea du arazo nagusi (ikasketak, harremanak) eta honek zailtasunak sor ditzake. Gainera, gazte hauek jendeak garai batean hikikomori izandakoak direla jakiteari beldurra diote.

Gizarteak gazteengan egiten duen presioak, hauek izaera bortitza izatera eraman ditzake. Hikikomori askok, esate baterako, euren gurasoei egiten diete eraso. 2000. urtean 17 urteko gazte batek autobus bat bahitu eta bertan zihoan gizon bat hil zuen. Beste batek neska gazte bat bahitu eta gatibu izan zuen 9 urtez. Ezagutzen da, halaber, beste kasu bat non hauetako gazte batek 4 neska hil eta manga hentai bateko eszenak birsortu zituen.

Tratamendua

Hikikomoriak jarraitu beharreko tratamenduen artean egokiena zein den esatea zaila da. Iritzi ezberdinak daude: japoniarrena eta mendebaldekoena. Japoniarrek, normalean, hikikomoriak bere kabuz gizartearekin harremana izan arte itxaroten dute; mendebaldekoek, aldiz, beharrezkoa bada behartu egin behar zaiela diote. Dena den, laguntza psikologikoaren beharra dutela aitortzen dute bi aldeek.

***

Espero dut honekin gaiari buruzko hainbat zalantza argitu izatea. 😉
Hikikomoriei buruzko beste pare bat artikulu irakurri nahi badituzue, klikatu hemen edo hemen.

Comments { 1 }

GURE ISTORIOAK!

LIBURUZAINA DA GILTZA

Ez dut giltzarik erabili. Ez da zuek uste duzuena. Dena argitu dezaket. Irekita zegoenean sartu eta gero han geratu naiz, zain, denek alde egin arte. Zenbat ordu daramatzat hemen? Hiru bakarrik? Gehiago esango nuen. Hasieran han, bulegoan bertan, saiatu naiz kontuak argitzen. Altu asko esan diet nire bila bidali dituzuenei ni ez naizela espioia, ezta lapurra ere. Ni liburutegiko bazkide arrunt bat naizela. Bai, liburutegikoa. Askotan joaten naiz. Galdetu bestela liburuzain egoten den emakume petral horri. Bai. Berari. Apustu egingo nuke, oraintxe bururatu zait, baina apustu egingo nuke berak esan dizuela susmagarria naizela. Ikusten? Hari dena susmagarria iruditzen zaio! “Obabakoak” nire aurretik nork hartu zuen galdetu nionean bezala. Ze aurpegi jarri zidan ikusi izan bazenute! Ez. Baina zerikusia badu honekin. Bai. Orduan hasi baitzen istorio hau dena.
(Arantxa Iturbe, idazlea)

Ezaguna egiten zaizue goiko pasartea, ezta? Bada, asteburu osoa ikasten pasatuko zenutenez 🙂 , oparitxo batekin natorkizue. Izan ere, ondo baino hobeto etorriko baitzaizue eten bat egin eta pixka bat deskantsatzea! Beraz, utzi egiten ari zaretena eta irakurri zuek ekoiztutako istorioak, kostata (e, Ibai?) baina, azkenean, hementxe dituzue eta!

Aitortu beharrean nago izugarri gustatu zaizkidala bakoitzaren ukitu bereziak ikaragarri aberastu baitu gela bakoitzeko narrazioa. Irudimena eta gogoa, behintzat, ez zaizue falta! Gainera, denak epe barruan…ZORIONAK bene-benetan! Ez legoke gaizki euskaljakintzatik idazle ospetsuren bat ateratzea, ezta?

Ea, bada, klikatu ondorengo laukitxoetan kontakizunak osorik irakurtzeko eta eman bukatzerakoan zuen iritzia. Zein izan duzue gustukoen? Zein pasarte iruditu zaizue interesgarrien?

Klikatu 2Akoek idatzitako istorioa irakurtzeko Klikatu 2Bkoek idatzitako istorioa irakurtzeko
zuen jakin-mina erabat asetzeko, hementxe duzue Arantxa Iturbek hasiera horri eman zion jarraipena!

Comments { 0 }

Euskaljakintza 2006ko Berriztapen Jardunaldietan

Badakizue, azkenaldi honetan, IKTerook aldi batetik bestera gabiltzala gure proiektuak aurkezten eta, gaurkoan ere halaxe izan da. Irungo Berritzegunetik jaso genuen gonbitea aurrera eramaten ari garen proiektuetako bat 2006ko Berriztapen Jardunaldietan aurkezteko, DBHO 2ko euskarako bloga, hain zuzen ere. Gustura onartu genuen erronka eta Donostiako Miramar jauregirantz abiatu gara gaur goizean.

Proiektu interesgarriak aurkeztu dira bertan; horien artean, Ortuellako gure kide blogariena. Zorionak egiten ari zareten lanagatik!

Maite euskaljakintza aurkezten

Niri euskaljakintza aurkeztea egokitu zait. Blogak irakaskuntzarako tresna baliagarriak izan daitezkeela azpimarratzen saiatu naiz eta blogaren bidez aurrera eraman ditudan hainbat lanketa azaldu dut (DBHkoekin lankidetza; material berrien ekoizpena esamoldeak, sinonimoak, hiztegi batua, morfosintaxia eta abar lantzeko; istorio elkarreragileen sortze-lana…). Halaber, nire ikasleen gaiarekiko jarrera aldaketa eta prestutasuna aipatu ditut. Ohiko aurkezpen horietako bat ere prestatua eraman dut baina, azkenean, zuzenean bloga erakustea egokiagoa iruditu zait.

Esperientzia guztiz interesgarriak bizitzen ari gara IKTerook blogintzan hasi ginenetik eta, esan behar, asko ikasten ari garela. Irakasleok publiko zehatz batera ohituta gaude (gure ikasleak) eta hortik ateratzea eta jendaurrean hitz egitea ez da beti xamurra izaten (urduritasuna, azken orduko konexioarekin eragozpenak…). Horregatik, beti eskertzen da aldamenean norbait izatea, batik bat, azken orduko urduritasun horiek leuntzeko… Mila esker, Mikel! 😉

Comments { 1 }
-->