Gaixotasunen sendagaia, dirua?

Egungo gizartean gaixotasun arraroekin ematen den egoerak haserretzen nau. Justiziaren eta ongiaren bila gabiltza; halere, horietara iristeko oztopo den faktore batekin topo egiten dugu: dirua. Argi dago diruak ez duela zoriontasuna ematen, baina esan behar da asko laguntzen duela. Dena den, ezin dugu ahaztu dirua sortu aurretik gizakia sorturik zegoela. Nola da posible, bada, pertsona batzuek proiektu bat nahiago izatea, pertsona baten bizitza baino?
Betidanik egon dira gaixotasunak eta, hauen ondorioz, generazio asko hil dira. Nahiz eta gaur egun teknologia oso aurreratuta egon, gaitz askori ezin izan zaie irtenbiderik bilatu oraingoz. Baina, beste hainbatetan, nahiz eta sendabidea izan, jende kopuru gutxiengan ematen denean, bertan behera uzten dira saiakera guztiak diru gastuak direla medio. Honen ondorioz, familia ugarik jasan dute kide baten heriotza eta kalte hori, garbi dago, ez da diruaren bidez konpontzen. Gaixotasun horietako batzuk HIESa, hainbat minbizi mota edo Lupusa dira.

Aipatu behar da gaixotasun hauek ez dutela beti heriotzara eramaten gaixoa. Zeinbatetan gaixotasun kroniko bihurtzen dira eta kutsaturik dagoen pertsonak izugarrizko aldaketa fisiko eta psikikoak jasaten ditu. Ondorioz, hianbat kasutan, ez dira gai izaten bere kabuz beste guztion moduan bizitzeko, eta horrek familiartekoei sekulako arazoak ekartzen dizkie.

Hori gutxi balitz, ez da ahaztu behar 3. munduan gertatzen dena. Afrikan, esaterako, biztanleriaren gehiengoa gaixotasun arruntez hil ohi da. hau oraindik okerragoa da; izan ere, pertsona hauek normalean gripe edo beherako sinpleak jota hiltzen baitira.
Beraz, gaixotasun hauek sortzen duten kaltea konpon daiteke; halere, arrazoi ekonomikoak tarteko, ez zaie behin betiko amaiera ematen. Zergatik? Diru falta edo gogo faltagatik? Gai hau interesgarria iruditu bazaizu, jarraitu irakurtzen ondorengo gunean: gaixotasun arraroak.

Comments { 2 }

Hitzapasa tematikoak egiten lagundu nahi?

Opor hauetan hartu dut tartetxo bat Hitzapasa jokoaren gunea berritzeko. Hitzapasan bertan  azaldu dudan bezala, bere garaian, politagoa-edo zelako, txantiloi berezi samarra hautatu nuen eta, maiz, erabiltzaileek zailtasunak izaten zituzten edukietara heltzeko. Kontua da, atzo goizean horretan ari nintzela, Xabier Mendiguren Elizegik Hitzapasak sotzen laguntzeko eskaini zuela bere burua eta nik, adiskidetasunaz abusatuz, pentsatu nuen berak ederki asko menperatzen duen literaturan oinarritutako Hitzapasa bat (edo gehiago) ekoiztea oso ondo legokeela. Esan eta egin! Handik gutxira hortxe neuzkan korreoan  Atik Zra bitarteko definizioak, euskal literaturaren 1. urratserako. Hementxe duzue Xabierrek bidalitako definizioekin sortutako Hitzapasa:

Hitzapasa Hitzapasa
HP literatura 1-1 html HP literatura 1-1 swf

Hari horretatik tira eginez, garbi dago denok badugula alor zehatz batean jakintza gehixeago edo pasioz betetzen gaituen gairen bat edo beste. Informatikaria bazara, esate baterako,  ez al zenuke informatikari buruzko Hitzapasa bat di-da batean sortuko? Eta zuk, musikari edo musikazale amorratua zaren horrek, ez al zenuke euskal musikari buruzko errosko bat egingo? Edo zinemari buruzkoa? Politikariren bat animatuko al litzateke? Imajinatzen al duzue Iruña-Veleia aferari buruzkoa, adibidez? Ez dakit, linguistika, zuzenbidea, Donostia, Ordiziako historia, Laboa, Lete, telebistako programaren bat, edozein euskal autore… bururatzen zaizuen zer horri buruzkoa! Garrantzitsuena litzateke nork bere barruan dugun jakintza apurtxo hori partekatzea eta denon eskura ipintzea, denok denongandik ikasi ahal izateko. Zer iruditzen?

Bueno, bada, erronka orain zuena da. Hauxe litzateke proposamena eta jarraitu beharreko prozedura:

  • Gai bat (literatura, zinema, musika, Internet, kirola, opera, Reala…) eta urrats bat (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa) hautatu.
  • Atik Zra bitarteko hitzak eta definizioak prestatu.
  • Formulario hau bete edo korreoz bidali (euskaljakintza, Gmail.com-en)

Hortik aurrera nire kontu. Jasotako guztiak Hitzapasa formatura egokituko ditut eta sarean, denon eskura, ipiniko ditut ahalik eta azkarren. Inork aurrera egingo?

Comments { 4 }

Janari organikoa, uste bezain ona?

Azkenaldi honetan asko hitz egiten da janari organikoek gure gorputzari ekar diezazkioketen onurei buruz, batez ere, hauek dituzten bitamina kantitateak janari normalenak baino altuagoak direlako eta antioxidatzaile gehiago dituztelako. Baina hain ona al da janari organikoak jatea? Jaki normalarekin alderaturik, hainbesterainoko ezberdintasuna al dago?

Orain dela gutxi, Europar Batasunak “Quality Low Input Food” izeneko ikerketa baten lehen ondorioak argitaratu ditu, eta, ikerketa honek dioenez, janari organikoek betikoek baino antioxidatzaile gehiago dituzte. Hala ere, ez dago garbi sustantzia honek gizakiarengan sortzen dituen onurak hainbesterainokoak diren eta merezi duen mota honetako produktuak kontsumitzea. Ikerketa honek janari organikoen eta arrunten arteko ezberdintasunak txikiak direla erakusten digu, aurretik produktu hauei buruz uste zen guztia alde batera utziz.

Bestalde, esan behar da fruitu eta barazki organikoak ez direla uste izan diren bezain onuragarriak. Alde batetik, labore industrial batek labore ekologiko bat kutsatzeko dagoen aukera hartu behar da kontuan; airearen bidez askotan bertan erabilitako pestizidak uzta ekologikoetaraino iristen baitira, hauek kutsatuz. Bestetik, ongarri organikoek gure osasunarengan duten arriskua dago; hauek ez baitira kaltegabekoak, nahiz eta pestizida komertzialak baino arrisku gutxiago izan.

Haragiaren kasuan ez da hori gertatzen, behi haragi eta esnearen kasuan batez ere. Organikoak ez diren abeletxeetan animaliak egoera penagarrian hazi eta hormonaz eta antibiotikoz betetzen dituzte. Baserritarrek ematen dizkieten hormona eta antibiotikoen erruz, hondar kimikoak iristen dira haragira eta, behien kasuan, esnera. Hauek jaten dituen pertsonari ondorio latzak ekar diezazkiokete: AEBetako unibertsitate batzuk elkarrekin eginiko ikerketa batean, bertako neskatoak nerabezarora 90eko hamarkadan baino bi aldiz azkarrago iristen direla azaltzen da; gehienbat beraien ingurunean eta, batez ere, haragian agertzen diren hormonengatik. Baina ez dira hauek haragi industrialak dituen gaitz bakarrak. Frogatuta dago larreetan libreki hazitako abereek omega 3 eta 6 portzentaia handiagoak dituztela. Elikagai hauek minbizia, bihotzeko eritasunak eta antzeko gaixotasunak izateko arriskua jaisten dute. Horregatik, esan daiteke haragi organikoa kontsumitzea onuragarria gerta daitekeela gure gorputzarentzat.

Hala ere, norbait janari organikoa erostera doanean ustekabe handi bat aurki dezake dendan, produktu organikoak normalak baino askoz garestiagoak baitira eta, askotan, ez dira oso erraz topatzen. Honek sarritan mota honetako elikagaiak erostea galarazten digu. Ondorioz, merkeagoak diren produktuak erosten ditugu, hauek dakartzaten emariak alde batera utziz, gaur egun bizi dugun egoeran ezin baitugu dirua xahutu.

Laburbilduz, esan dezakegu, barazki eta fruituen kasuan, organikoak ez direla uste izan den bezain onak, eta, beraien prezio altua dela eta, organikoak ez diren produktuekin pasa daitekeela. Haragiaren kasuan, ordea, hobe da organikoa kontsumitzea, horrela produktu kimikoen eragina saihets dezakegulako eta, gainera, zenbait gaixotasun aldentzen lagun diezagukeelako.

Comments { 3 }
-->