Honetaz eta hartaz: matxismoaz abestien letretan eta euskal kulturaren kontsumoaz

Entzun bi abesti hauek:

Lehenengo abestia

Bigarren abestia

Asmatu al duzue zein diren? Lehena ziur denok asmatu duzuela, baina bigarrena? Lehengo batean, ikastolara bidean musikari buruz ari ginela, Freddie Mercuryz hitz egiten hasi nintzen. Aho bete hortz gelditu nintzen “Nor da hori?” behin baino gehiagotan entzun nuenean. Ez nizuen, baina, horri buruz hitz egin nahi, abestien letretan sumatzen den matxismoari buruz baizik. Gustuak gustu, ezin genezake uka gaur egun tabernetan entzuten den reggaetonak zabaltzen dituen ideiak oso matxistak direla. Esate baterako, Cali y el Dandeeren “La muda” abestiak honela dio:

Quiero una mujer bien bonita callada que no me diga na’, que cuando me vaya a la noche y vuelva en la mañana no diga na’, que aunque no le guste que tome se quede callada y no diga na’ … Ya no hables más y dame un beso, llegó la hora del beso, llevamos como diez horas hablando y tu que bla bla bla … Dame un beso, llegó la hora del beso, ya son más de las doce y tu me sigues con tu bla … Quiero que sepa bailar, que nunca salga sola …

Bizi garen gizarte matxista honetan egonik, tabernetan horrelako musika jarriz gero, gazteoi ideia matxista hauek bidaltzen dizkigute, emakume eta gizonen berdintasuna aldarrikatu ordez.

Beste alde batetik, matxismoa alde batera utziz, gaur egungo gazteok oso euskaldun garela uste dugu, euskaraz baino ez hitz egiteagatik. Hala eta guztiz ere, ez dezagun ahaztu euskal kulturaren funtsa ez dela soilik euskaraz aritzea, baita euskal musika, euskal antzerkia, euskal dantzak, euskal liburuak, eta abar sustatzea ere.

Amaitzeko, euskal musika erdal musikarekin alderatuta zein proportziotan entzuten dugun hausnartu beharko genuke. Uste dugun bezain euskaldun al gara?

Comments { 0 }

Ingelesa bai, baina nork?

XXI. mende honetan, hizkuntzen ezagutzak gero eta garrantzi gehiago duen garaian, argi geratzen ari da gure gizarteko goi kargu askok alor horretan duten gaitasun eza, gainerako biztanleok egoera ez oso samurrean utziz munduaren aurrean.

 Txikitatik esan izan digute, behin eta berriz, zeinen garrantzitsua den ingeles maila ona izatea, etorkizunean soldata ona duen lanpostu bat lortzeko ezinbestekoa izango dela eta asko saiatzeko gure maila hobetzen. Eguneroko erretolika hori irentsi dugu, sinestuz hizkuntza hori jakitearekin baino ez dugula izango eskura soldata altuko lan bat. Baina ondoren ohartzen zara, gaur egun, edozein tabernatan zerbitzari izateko edo arropa denda batean lan egiteko herrialde anglosaxoietako hizkuntza menderatzea eskatzen dutela. Egoera hori barneratzean, zure esperantzak pixka bat hondoratzen dira: zer behar dut etorkizun eroso bat izateko?

zerbitzaria

FlickrCC, Berts @idar

Gogor ahalegintzen zara, atzerrira joanez eta diru asko erabiliz, beste hizkuntza batean komunikatzeko dituzun ahalmenak hobetzen. Urteak pasatzen dituzu ikasten, azterketa pila eginez agiri ofizialak lortzeko… Ikasketak amaitzean, lan bila jartzen zara, baina lortzen duzun bakarra lan-egoera ezegonkor batean sartzea da. Etorkizuna beltz ikusten duzu daukazun prestakuntza guztiarekin, eta zer da ikusten duzuna telebista piztean? Estatuko goi mandatari bat aspaldian entzun duzun ingeles maila kaskarrenaz mintzatzen, edota itzultzaile batez ulertarazten, guri munduan hiztun gehien dituen mintzaira edozein lan egiteko eskatzen digutenean. Horrelakorik!

Honetan laburbiltzen da gaur egungo egoera: estatuko curriculum onena edukita, jatetxe batean zerbitzari lana besterik ez duzu lortzen. Halere, politikan sartu eta jendeak sinestuko dituen gezurrak esaten badakizu, erretorika dohain onak badituzu, estatuko buru izatera irits zaitezke. Beraz, zer espero behar dugu hori guztia ikusita? Ez zaigu aurrera jarraitzea besterik geratzen, gogor lan eginez, egoera konponduko den itxaropenaz, egungo gizartean oso jende gutxik lortzen baititu gauzak musu-truk.

Comments { 0 }

Animaliak amildegian behera

errinozero

Wikimedia Commons

Azken berrehun urte hauetan, 70 animalia espezie inguru desagertu dira eta beste hainbat ere galtzeko zorian daude. Garai batean, klima-aldaketen eta glaziazioen edo kataklismoren baten ondorioz desagertu ohi ziren animaliak; gaur egun, ordea,  desagerpen horiek beste kausa artifizial batean oinarritzen dira: gizakia.

Betidanik izan dugu aseezintasun kutsu bat gure alde primitiboan. Inoiz ez dugu mugarik eduki, eta atzera bueltarik ez dagoenean konturatzen gara arazoaren garrantziaz. Horixe gertatu da, besteak beste, animaliekin. Jarduera batzuek eragin zuzena izaten dute naturan, hala nola, industrien ugaltzeak eta burugabekeriak azpiegituren eraikuntza masiboarekin batuz, bizidun hauen gainbehera ekarri du. Industria Iraultza zela eta, XVIII. mendean langileak fabrika inguruetan pilatzen joan ziren eta pixkanaka aglomerazio horiek hiriak sortu zituzten. Harrezkero, hiriak hazten joan dira eta, bien bitartean, animalien erreinuak murrizten eta txikiagotzen. Hori ez da eragile bakarra, legeztatu gabeko ehizak ere min handia egiten dio animalien populazioari. Ez dakit nola den gai gizakia horrelako ankerkeriak egiteko, errukirik izan gabe animaliak akabatzeko.

Horrez gain, naturan eragiten duten beste hainbat zeharkako jarduera daude, suteak eta gehiegizko turismoa adibidez. Gehienetan basoetan sortzen diren suteak gizakiak sortutakoak izan ohi dira, gaizki itzalitako zigarroak eta kristalezko botilak dira su-eragile nagusienak. Turismoak ere badu zer esana. Azken urte hauetan, igoera nabarmen bat izan du sektore honek, batez ere, naturarekin loturik dauden abenturazko ekintzetan. Gu konturatu gabe, animaliak gertutik bizi izan nahiak kalte larriak sortu ditu euren habitatean. Safariak dira adibide garbienetakoak. Animalien desagerpenari buruz ideia garbi bat izan dezazuen, irakurri hau.

Irtenbideren bat aurkitu nahi badugu, neurriak hartzen hasi behar dugu,  zeharkako eta zuzeneko jarduera hauek ekiditeko. Debekatutako ehizaren inguruan amanda gogorragoak eta basozainen aldetik kontrol handiagoak ezarriko nituzke, batez ere, ohikoa den herrialdeetan, Brasilen adibidez. Industrien isuri kimikoak gelarazteko, berriz, iragazketa sistema aurreratuago eta naturarekiko lagunkoiagoak instalatzea da aukeretako bat. Zeharkako jarduerak saihesteko geure buruak konzientzatu behar ditugu, gustuko ez ditugun hainbat konpromiso hartuz. Orain zuen esku uzten dut. Nik mezulariaren lana egin dut, zuei mezua egia bihurtzea tokatzen zaizue. Izan ere, Nietzschek esan zuen moduan: “Garai guztietako adimentsuenek ere errukia sentitzen dute animaliengatik”.

Hona hemen gaiaren inguruan beste esteka interesgarri bat, pena hau ere gaztelaniaz egotea.

Comments { 0 }
-->