XXI. mende honetan, hizkuntzen ezagutzak gero eta garrantzi gehiago duen garaian, argi geratzen ari da gure gizarteko goi kargu askok alor horretan duten gaitasun eza, gainerako biztanleok egoera ez oso samurrean utziz munduaren aurrean.
Txikitatik esan izan digute, behin eta berriz, zeinen garrantzitsua den ingeles maila ona izatea, etorkizunean soldata ona duen lanpostu bat lortzeko ezinbestekoa izango dela eta asko saiatzeko gure maila hobetzen. Eguneroko erretolika hori irentsi dugu, sinestuz hizkuntza hori jakitearekin baino ez dugula izango eskura soldata altuko lan bat. Baina ondoren ohartzen zara, gaur egun, edozein tabernatan zerbitzari izateko edo arropa denda batean lan egiteko herrialde anglosaxoietako hizkuntza menderatzea eskatzen dutela. Egoera hori barneratzean, zure esperantzak pixka bat hondoratzen dira: zer behar dut etorkizun eroso bat izateko?
Gogor ahalegintzen zara, atzerrira joanez eta diru asko erabiliz, beste hizkuntza batean komunikatzeko dituzun ahalmenak hobetzen. Urteak pasatzen dituzu ikasten, azterketa pila eginez agiri ofizialak lortzeko… Ikasketak amaitzean, lan bila jartzen zara, baina lortzen duzun bakarra lan-egoera ezegonkor batean sartzea da. Etorkizuna beltz ikusten duzu daukazun prestakuntza guztiarekin, eta zer da ikusten duzuna telebista piztean? Estatuko goi mandatari bat aspaldian entzun duzun ingeles maila kaskarrenaz mintzatzen, edota itzultzaile batez ulertarazten, guri munduan hiztun gehien dituen mintzaira edozein lan egiteko eskatzen digutenean. Horrelakorik!
Honetan laburbiltzen da gaur egungo egoera: estatuko curriculum onena edukita, jatetxe batean zerbitzari lana besterik ez duzu lortzen. Halere, politikan sartu eta jendeak sinestuko dituen gezurrak esaten badakizu, erretorika dohain onak badituzu, estatuko buru izatera irits zaitezke. Beraz, zer espero behar dugu hori guztia ikusita? Ez zaigu aurrera jarraitzea besterik geratzen, gogor lan eginez, egoera konponduko den itxaropenaz, egungo gizartean oso jende gutxik lortzen baititu gauzak musu-truk.
No comments yet.