Galerak behi esnea ekoizteagatik?

esnea-protesta-gasteizNatura zaindu beharra, ekologismoa, kutsadura… azken urteotan maiz entzuten diren hitzak edo gaiak direla esan genezake. Horrekin batera, moraltasunaren kontua dator. Gaur, baina, ez nator gai horri eusteko asmotan, ez bi horien loturaren gaiari behintzat, inguratzen gaituzten produktuen prezio eta moraltasunaren edo zilegitasunaren gaiak lantzekotan baizik.

Lehenik eta behin, jakinarazi nahi dizuet larritu egiten nauela supermerkatu batzuetan plastikozko poltsak kobratzen dituzten ekintzaren aurrean dugun jarrera. Denok diogu lurra, energia iturriak… zaindu beharrean gaudela, baina dendetan erositako produktuak ordaintzeko garaian, poltsak ordaindu behar ditugula adierazten digutenean, gure aurpegiak ikustekoak dira! Denoi ondo iruditzen zaigu poltsek bere prezioa izatea, gu bizi garen planeta zaindu behar baita; halere, berriz diot, ikustekoak dira gure aurpegiak une horretan!

merkatuaPrezioen kontuaren gaiari helduz, duela gutxi izan den manifestaldiaren zergatia aztertu nahiko nuke, EHNEk egin duena hain zuzen ere. Nekazariek Donostiako Bretxako merkatuan mila litro esne banatu zituzten doan, behi esnea ekoizteak galerak ekartzen dizkiela salatu nahian. Baserritarrek esne litro bakoitzeko 38 zentimo ordaindu behar izaten dute, eta esne enpresengandik 32 kobratzen dituzte; beraz, behi esne litro bakoitzeko 6 zentimo galtzen dituzte. Zilegi ote? Nik uste dut hau ez dela lana baloratzeko eta errespetatzeko modua; eta, hori gutxi balitz, gero esne hori guk 90 zentimo inguruan erosten dugu.

Lurra zaintzearen ideiarekin erabat ados nago, baina gai batzuetan zentraturik gaudela iruditzen zait. Lurra gehien behar eta errespetatzen duten baserritarrak eta eurek dituzten arazo larriak erabat alde batera utzirik daudela dirudi.

Comments { 0 }

Aurreiritzi eta epaiketa azkarrez

susan_boyleJakina denez, duela gutxi emakume eskoziar bat, Susan Boyle, Ingalaterran oso ospetsu den programa batean, Britain´s Got Talent, parte hartzera aurkeztu zen. Susanek 47 urte ditu, langabezian dago, ez du zorte handirik izan bizitzan eta, gainera, ez da oso itxura onekoa. Baina hau guztia alde batera utzi, eta emakume honek duen dohainari erreparatzea komeni da: bere ahotsa izugarrizkoa da. Has gaitezen, baina, hasieratik. Boyleri ideia ona iruditu zitzaion bere herrialdeko programa honetan parte hartzea eta halaxe egin zuen. Nire ustez, bertara aurkeztu zen, alde batetik, duen gaitasuna erakusteko eta, bestetik, dirua irabazteko. Kontuan izan behar da horrelako programetan irabazleari diru dezente ematen diotela, eta, esan bezala Susan langabezian dago.

Bere txanda iritsi zitzaion. Susan bere burua aurkezten hasi zen. Epaileak eta publikoa harrituta geratu ziren emakume hau platoan sartzean. Ez hori bakarrik, barrez ere hasi ziren, baliteke bere itxuragatik edota bere adinagatik. Baina nork esan du abesteko, dantzatzeko… edozein gaitasun edukitzeko gaztea eta fisikoki polita izan behar denik? Hori guztia gizarteak egin du, guk egin dugu… Itxura ona izateaz gain, jakintsuak eta perfektuak izan behar dugu onartuak izateko? Ez dut uste hori horrela izan behar denik.

Susanek bere burua aurkeztu ondoren, abesten hasi zen eta denak txundituta geratu ziren; izan ere, emakumearen ahotsa ikaragarria da. Honela, emakumea Ingalaterrako pertsonarik famatuenetako bat bihurtu da. Hori gutxi balitz, mundu osoan zeharreko jende ugarik ikusi du Youtuben zintzilikatuta dauden bideoak. Booma hainbestekoa izan da, non bere bideoak ikusienen artean baitaude.

Hasieran errespetu falta pitin bat dagoela iruditu zitzaidan bideoa ikusi nuenean. Emakumeak duen gaitasuna erakutsi besterik ez du nahi. Boyle abesten hasi aurretik denak barrez daude, imintzio adarjotzaileak eginez; abesten hasi orduko, ordea, jarrera hori bat-batean aldatzen dute, zutitu eta txaloka hasten dira. Honekin adierazi nahi dudana zera da, maiz, aldez aurretik epaitzen dugula jendea, itxuragatik eta ezagutu gabe. Noiz aldatu behar ditugu jarrera horiek?

Egin klik estekaren gainean, zertaz ari garen ikusteko:

Susan Boyle – Singer – Britains Got Talent 2009 (With Lyrics)

Comments { 0 }

Zorionak, Itsaso!

Itsaso, ea gustatzen zaizun zu zoriontzeko prestatu dugun bideo hau. Ondo ibili zure egunean… 😉

Comments { 4 }
-->