Gizakiak arrazoia galtzen duenekoa

Askok gogoan izango duzue irailaren 25ean Finlandiako Kauhajoki herriko lanbide heziketako zentroan gertatutako sarraskia. Matti Juhani Saari, 22 urteko gaztea, ikasten ari zen zentrora sartu, aurrean harrapatu zuen guztiari tiro egin, inguruari su eman eta bere buruaz beste egin zuen. Emaitza bederatzi ikasle eta irakasle baten heriotza izan zen.

Aurreko egunean, poliziak deklaratzera deitu zuen Matti youtuben zintzilikatu zituen bideo batzuengatik. Bideo horietako batean gazteak tiro egiten dio kamerari ” Hurrengo hildakoa zeu izango zara” esanez. Baina galdekatu zuen poliziari, sarraskiaren ondoren aitortu zuenez, ez zitzaion arriskutsua iruditu eta etxera joaten utzi zion.

Ekintza hori burutzeko zituen arrazoiak hauexek ziren: bizi zen mundua gorroto zuen eta mundu berri bati hasiera emateko bidea gizateriarekin amaitzea zen.

Kontua da, Finlandian aurrez ere gertaturiko kasua dela Mattirena. Hortxe dugu, adibide gisa, Pekka-Eric Auvinen, 18 urteko gaztea, zortzi pertsona hil ostean bere buruaz beste egin zuena. Eta ez Finlandian bakarrik, munduko hainbat tokitan errepikatu den kontuaz hitz egiten ari gara. Zalantzarik gabe Estatu Batuak dugu adibiderik garbiena, eta ez kasualitatez, gainera; izan ere, biztanle bakoitzeko arma kopuruen indize altuena baitu, ehun pertsonako 30 arma. Hala ere, Finlandia ez da atzera geratzen, Yemenen ondoren, hirugarren postuan aurkitzen baita.

Noski, herrialde horietaz hitz egitean, aipatu beharrekoa da edozein armaren jabetza edukitzea legearen barruan sartzen dela. Finlandian, esaterako, ustekabearen ondoren legea aldatzea proposatu badute ere, 15 urterekin lor daiteke edozein armaren lizentzia.

pekka-eric-auvinenGaiaren mamira joanez, hauxe da nire galdera: nola irits daiteke pertsona bat horrelako zentzugabekeria bat egitera? Erantzuna begien bistan daukagu. Egunero horrenbeste ordu telebista aurrean pasatzen duen gazteriak biolentziaren mezuak etengabe jasotzen ari da. Adibide moduan, hortxe ditugu horren modan dauden polizia telesailak. Biolentzia oinarritzat duten bideojokoak ere ez ditugu ahaztu behar.

Aurrez aipatutako horien guztien mezua hauxe da: etsaien batek enbarazu egiten badizu, egiozu tiro; horrela, lasaiago biziko zara. Baina gazte horiek garrantzitsuenaz ahazten dira, ekintza horiek ondorio batzuk dituztela, alegia. Noski, komunikabideek eta bideojokoek aipatzen ez duten faktorea dugu aurrekoa.

Dena dela, ez dugu ahaztu behar kasu batzuetan hiltzaileak buruko arazoren bat izan dezakeela. Honelakoetan, bizi deneko gizarteak dauka errua arma bat horrelako erraztasunaz eskura jartzeagatik. Azken finean, denok dakigu zein ondorio izan dezakeen tximu bati bi pistola eman eta jendez betetako kale batean utzita.

Horretaz guztiaz gain, horren aurka zerbait egitea erabaki duenak ezer gutxi lortu du. Estatu Batuetan, esate baterako, armen aldeko instituzioek berebiziko indarra dute politikan. NRAk (National Rifle Association), esaterako, iazko urtean 14 milioi dolar bideratu zituen kanpaina politikoetara eta beste 22 milioi publizitatera. Armen Indarkeria Saihesteko Bradyren Kanpainak, berriz, hiru milioi dolar bideratu zituen kanpaina politikoetara. Atera kontuak.

Penagarria da, zinez, gizakiak egin dituen aurrerakuntzen ondoren, hori guztia aurrez aipaturiko sarraski baten ondorioz haizea hartzera joatea. Zenbaitetan aurrera pauso bakoitzeko bi atzera egiten ditugula iruditzen zait. Eta zuek zer iritzi duzue honen guztiaren inguruan?

Informazio gehigarria:

Comments { 9 }

Arauak 30: Zenbait aditzen erregimena

JakintzaEgia da euskal aditzak baduela bere xarma, bere nor, bere nor-nori, bere nor-nork eta bere nor-nori-nork.  Baina ezin ukatu xarmaren pareko zailtasuna ere baduela, batez ere, aditzaren erregimenari erreparatzen badiogu. Esaterako, nola esaten da: deituko dizut ala deituko zaitut? Irakasleok zenbatetan ez dugu zuzendu behin eta berriz gaizki erabiltzen den Ikusi nizun atzo kalean gisakorik! Bada, gaurkoan, erregimen bereziko hainbat aditzari buruz arituko gara, gonbidatu, iguriki, itxoin, itxaron, deitu eta lagundu aditzei buruz, hain zuzen ere.

Euskaltzaindiak hauxe dio horiei buruz:

1. Gonbidatu

• Gonbidatu aditzak NOR-NORK eskatzen du ( “du” eta ez “dio”):

Ù­ Mikel afaltzera gonbidatu dute (gonbidatu diote )

Ù­ Andregaiak bere etxea gonbidatu nau ( gonbidatu dit)

2. Iguriki (h), igurikatu (zain egon)

• Iguriki aditzak NOR-NORK eskatzen du ( “du” eta ez “dio”):

Ù­ Ez dute bertzerik igurikitzen.

Ù­ Batak bestea igurikatzen zuen.

3. Itxoin, itxaron

. Itxoin eta itxaron aditzek NOR-NORI-NORK eskatzen dute objektua dutenean:

o “Mireni itxoin zioten eguerdiraino”.

. Eta objekturik gabe daudenean NOR-NORK behar dute:

o “Egon gelan itxoin dute goiz osoan”

4. Deitu eta lagundu:

Adi *Deitu eta lagundu bietara erabil daitezke (NOR-NORK eta NOR-NORK-NORI)

o “Mikeli deitu diogu” eta “Mikel deitu dugu”;

o “Mikeli lagundu diote” eta “Mikel lagundu dute”.

Araua osorik

Praktika

Praktika

Comments { 0 }

Ez duk erraza, konpai! – KOLDO IZAGIRRE

Zin dagizuet ez dakidala nola iritsi zen Koldo Izagirreren liburu hau nire eskuetara, ez daukat ideiarik ere. Egia esan, ez naiz oso zalea, baina gustuko dudan liburu bat hartuz gero, amaitu arte ezinezkoa egiten zait istorioa bertan behera uztea. Beraz, liburua irakurri bezain pronto, autoreari buruz zerbait gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaidan eta, nonbaiten irakurri dudan legez, euskal literaturari tankera poetiko berria dakarkion gizona zela ohartu nintzen.

Koldo IzagirreKoldo Izagirre Pasaian jaio zen 1953ko ekainaren 21ean. Gazterik sentitu zuen literaturaren deia, eta sentipen horrek eraman zuen Frankismo garaiko azken urteetan Euskal Herrian han-hemenka agertu ziren kultur mugimenduetan parte hartzera. Ibilbide laburra izan arren, azken hamarkadetako euskal literaturaren historian toki garrantzitsua betetzen duen Ustela aldizkariaren sortzaile izan zen, Bernardo Atxagarekin batera, eta gerora Oh! Euzkadi! kaleratzeari ekin zion Ramon Saizarbitoriaren laguntzaz. Gainera, genero desberdinetako liburuak idatzi ditu eta idazlea izateaz gain, 1991. urtean “Offeko maitasuna” filma zuzendu zuen zuzendari bezala ospe handia lortuz.

Ez duk erraza, konpai! liburuaren generoa kronika litzateke, non autoreak lehenengo pertsonan kontatzen dituen Kuba iraultzaile eta arrazionalista batean biltzen diren gertakizunak. Gertakizun horiek azaltzeko orduan Izagirrek elkarrizketa eta deskribapenak erabiltzen dituen arren, bigarren hauen garrantzia azpimarratu nahiko nuke, batez ere, gauzen esentzia azaltzeko errealitate hutsean oinarritzen delako. Hona hemen liburuaren zati bat (liburu osoa sarean topa dezakegu), txirrinduak deskribatzen dituena, hain zuzen ere, zoragarria:

Pekin ematen dizu, edo Vietnam, esantzarik gabeko Kuba honek. Txirrindek, tirripitek eta bizikletek (desberdinak balira bezala aipatzen dizkizut, eta benaz uste dizut ez daudela berdinak diren kurpilbiko bi hemen) hartuak dizkizute karrika guztiak, bizikleta erlojua baino zerbait preziatuagoa duzu, poliziak ezinbestekoa baitu bere lana egiteko (Lohizuneko jandarmak dirudite), zinemagilea ere bizikletan doakizu ICAICera, eta denak ere halako balet ederrean, txori sirindangoak bezala, ezen bizikleta baita Kubako autoen fauna zoragarri eta basatia (Impala, Buick, Chevrolet, Argentinako Fiat, Ford, Daihatsu, Moskobix…) hezi duen zartailu zaulia (baita hemen berraurkitu dituzun zure haurtzaroko goitibeherak ere, giza-tirako garraiotresna bilakaturik, makadamaren gaineko lerak janariz, edariz edo altzariz zamatuak!). Bizidunak dituzu bizikletak, zakurrak zurean baino areago, eta bizidunei dagokienez, eskubideak murrizten hasi zaizkie tabernetan edo okulisten kontsultetan: “Debekatua dute bizikletek barrura sartzea.”

azalaLiburuak ez du gai konkretu bat eta ez ditu istorio biribil baten urratsak jarraitzen; horregatik, kontakizunak biltzen dituen gertaera nagusi bat dago eta beste guztiak horren baitan biltzen dira, esan genezake, Izagirrek gertaera bat erabiltzen duela “aitzakiatzat” gero beste guztien kontakizuna burutu ahal izateko. Euskalduna den protagonista Kubarantz abiatzen da, zehazki Habanara, hainbeste maite duen Brekin neskatoarekin  (idazleak B izen ezkutua ematen dio, irakurlearen jakin-mina piztuz) elkartzeko helburuz. Zoritxarrez, neskak ordurako ez du maite; dena den, bidaiak jende berriarekin topo egiteko eta Euskal Herriarekiko nahiz Kubarekiko duen maitasuna eta sozialismoaren kinka nonahi islatzeko balioko du. Ikuspuntu aske batetik gertaera nagusia hori izanik ere, azalduko dituen beste hainbat ideia ere nabarmenak dira, betiere Kubako situazioa deskribatuz, Fidel Castroren politika goraipatuz, edota gasolinaren merkatu beltza, sexu-merkeari lotutako lekuak, bertako poliziaren axolagabekeria… aipatuz. Azkenean, protagonistak bere lagunak Kuban utzi eta berriz ere Euskal Herrira bueltatzen da, goibel, ez duelako neskaren maitasuna lortu eta, batez ere, hainbeste betetzen duen Kuba atzean utzi duelako.

Pertsonaia anitz agertzen dira kronika hunkigarri honetan eta idazleak oso ondo bereiztu ditu batetik besterako desberdintasunak, gehienei izaera berezi bat emanez. Hala ere, nire arreta gehien erakarri dutenak hauek izan dira:

B: Neskatila. Honek eta protagonistak ematen diote hasiera liburuaren istorio nagusiari. Bere identitatea ezagutu ez badugu ere, beti presente izanen dugu istorioan. Neskak Zafrara egiten du alde lan kontuak direla eta. Protagonistak, behin Kubara iritsita, ezin du sinetsi gertatutakoa eta bere bila abiatzen da. Bk ez du maite.

Ñengé: Protagonistak Habanan ezagutzen duen gizona, xelebrea eta abenturazalea. Habanatik Zafrarako bidaian laguntzen dio protagonistari, baina berak uste du Santiagora doazela. Kubatar izaera, arraroa eta batzuetan jasanezina ere erakusten du.

Martí: Egia esan, ez naiz oso ondo oroitzen non ezagutu zuen protagonistak Martí, baina lotsatia eta beti behera begira dagoen mutikoaren atzean, sekretu bat dago ezkutaturik. Martik sakelan harri kozkor baten moduko zerbait darama, eta, azkenean, protagonistaren osabaren eskutik jakingo dute bere sekretua, Martí ez baita dirudien bezain gizona.

Osaba: Kubara txorta egitera joan den horietakoa dugu protagonistaren osaba, diruduna, nazka ematen duen dirudunetakoa. Hala ere, hainbat aholku emango dizkio neskatila ahantz dezan.

Aurretik aipatu dugun bezala, kronika bat da eta, honek eskatzen duen moduan, narratzaileak lehenengo pertsonan idazten du. Beharbada irakurlea bera paperean gehiago sartzeko eta horrela irakurketa gogo handiagoz aurrera eramateko egina da baina, nola edo hala, idazleak bere helburua guztiz lortzen du. Onartu behar dut atal batzuk ulertzea pixka bat kostatu zaidala; izan ere, idazleak erabiltzen duen lexikoa ez baita guztiz erraza. Liburua hizkuntza aberatsean idatzita dago: sinonimo ugari biltzen dituzten paragrafoak, ironia puntu bat ezkutatzen duten esamoldeak eta Kubako kultura eraikitzen duten bertako hitzak, hots, leku eta esparru ezberdinetako hitzak. Hauek guztiak liburuan bertan txertatzeko, idazleak ordena lineala aukeratu du: gertaerak bata bestearen atzetik, denborak aurrera egin ahala, gertatzen diren moduan antolatu ditu, eta, horretarako, atal edo kapitulu bakoitzari izen bat eman dio.

Bere biografian irakurri dugun bezala, Koldo Izagirre kronika eta beste hainbat genero idazteaz gain, poeta ere izandakoa dugu, eta poemagintzan aritu izan horrek aztarna batzuk utzi dizkio bere estiloan ere. Gauzak horrela, Ez duk erraza ,konpai! liburuan, estilo-baliabide ugari antzeman daitezkeen arren, autoreak ironia eta metaforak erabiltzeko erakusten duen erraztasuna nabarmenduko nuke, batez ere, Kubaren irudia Euskal Herrikoarekin erkatzen denean, istorioaren protagonista bera inkonformista denean, Kubaren eta kubatarren izaera nahasi, kontraste eta kontraesanak agertzen direnean, eta abar.

FITXA

IZENBURUA: Ez duk erraza, konpai!

IDAZLEA: Koldo Izagirre

ARGITALETXEA: Susa

URTEA: 1995

GENEROA: Kronika

Orokorrean, oso interesgarria iruditu zait liburu honek planteatzen duen gaia, batez ere, kolonialismoan murgiltzen gaituen arren, garrantzitsua iruditzen zaidalako euskaldun batek Kuban topaturiko berdintasun eta desberdintasunen berri jakitea eta, nola ez, azken finean hainbeste gustatzen zaizkidan maitasunezko liburu horietako baten istorio hunkigarria duelako atzean ezkutatuta. Kubatar kulturak jakin-mina sorrarazten dionari gomendatuko nioke batik bat liburu hau eta, nola ez, Koldo Izagirreren beste edozein idazlanetako bat ere. Hala ere, kontuan hartu beharko litzateke liburu honek erabiltzen duen hizkuntza ez dela guztiz ulerterraza, eta pasarte batzuk bi aldiz irakurri behar diren horietakoak direla, beharbada, idazlea bera oso hizkuntza aberatsekoa delako edota erabiltzen duen hiztegia zertxobait konplexua delako. Asko gustatu zaidan beste gauzetako bat pertsonaien hautaketa izan da, pertsonaia bakoitzak bere izaera oso definitua baitu (kubatar arraroa, protagonista bera bere helburuetan zentratua, kubatarren hizkeraren gehiegikeria… Horregatik guztiagatik, idazleak nor den zein aitortu gabe, irakurleak bere dedukzio propioen bidez jakin dezake pertsonaia nor den. Aldi berean, idazleak islatu nahi duen obraren mezua identifikatzea ere ez da batere zaila eta amaitu eta gustura ixten duzun liburu horietako bat iruditu zait.

BIBLIOGRAFIA

Ez dit lan handirik eman liburu honi buruzko informazioa eskuratzea eta are gutxiago idazleari buruzkoa topatzea; horretarako, hainbat informazio iturriz baliatu naiz:

lumaSarean:

Bestelako kontsultak:

  • Liburuan bertan eta Larousse entziklopedian (Kubako egoera hobeto ulertzeko).
Comments { 0 }
-->