Zenbat orduz egiten duzu lo?

Aste Santuko oporrak amaitzearekin batera, berriro ere bueltan sartu gara gure eguneroko gauzetan: lana, ikasketak… Opor egun batzuetatik bueltatzeak nagitasuna ematen digu hasieran; halere, berehala jarri behar dugu martxan, erraz konturatzen baikara lehen genituen lan guztiak berriro ere, oporrak bukatzearekin batera, guregana etorri direla.

Etxekoak, ikastetak, lana, lagunak eta beste hainbat gauza ditugu buruan egunean zehar, nahiz eta askotan konturatu ez. Korrika eta presaka gabiltza gehienetan dena ondo egin nahian. Gauza bat egiten ari garen bitartean, beste bat dugu buruan, askotan kezka sortzen digun eta gustuko ez dugun zerbait. Honekin guztiarekin, etxera iristen garenerako, nekatuta egoten gara eta ohera joateko gogo ikaragarria izaten dugu. Hala ere, badaude askotan etxean egiteko beste hainbat zeregin eta honek guztiak estresa, urduritasuna, lo falta… ekar dezake.

Edozein pertsonak, gazte nahiz heldu, batez beste zortzi orduz lo egin behar du egunean. Hau betetzen ez badugu, arazoak izan ditzakegu gure eguneroko bizitzan. Nekatuta egoteak eguneroko laneko errendimendua txikitzea eta egun osoa indarrik gabe egotea dakar: eserita, ohean edo edozein tokitan deskantsatzen egoteko irrikaz egoten gara. Argi dago hau egun bateko edo biko gauza bada, ez duela kalte handirik egiten. Kontua da horrela denbora asko jarraitzen badugu, epe luzera arazo larriak izan ditzakegula.

Arazo horien artean, denetan entzunena eta ohikoena insomnioa da. Gaixotasun honek lo hartzea galarazten du. Pertsona bat ordu askotan egon daiteke loak hartu gabe gaixotasun honengatik eta hau ez gertatzeko onena da burua beste zerbaitekin (telebista ikusi, zerbait irakurri…) entretenitzea, berriro ere logurea berreskuratu arte. Hari beretik, larria iruditzen zaidan beste arazo bat Britania Handiko Warwick unibertsitateak egindako ikerketa batekin zerikusia du. Ikerketa honek dioenez, lo gutxi egiten duten pertsonek bihotzeko gaixotasunez edo garun gaixotasunez hiltzeko aukera handiagoa dute. Kontua da lo ezak odoleko presioa handitzea dakarrela eta, horregatik, bihotzeko infartuak eta garun ezbeharrak izateko aukerak handiagotu egiten dira. Dena den, ez pentsa arazoa lo gutxi egiteagatik baino ez dela etortzen. Gezurra badirudi ere, badaude beste gaixotasun batzuk lo gehiegi egiteagatik datozenak. Horietako bat somnolentzia da.

Laburbilduz, gure eguneroko bizitza modu egokian eraman ahal izateko, egunero zortzi orduz egin beharko dugu lo. Eta nahiz eta batzuetan horrela ezin den izan, ahal den azkarren berreskuratu beharko dugu galdutako erritmoa. Horrela, asteko egunetan zehar egiteko ditugun guztiak ondo bete ahal izango ditugu, inongo nekerik gabe. Horrez gain, etxera iristean, bertakoekin hitz egin eta beste hainbat gauza egiteko gai izango gara, nekez ez bagaude, aisiko denbora ere gehiago aprobetxatuko baitugu.

Comments { 2 }

Euskaljakintzaren literatura txokoa

Aspaldian nenbilen euskal literaturaren inguruan azken urteetan euskaljakintzan egin ditugun lanak, handik zein hemendik sakabanatuta genituenak, bildu nahian. Opor hauetan, azken ekoizpenak zuzendu, txukundu, argitaratu eta aitzakia horrekin txokoa abian jartzeari ekin diot: euskaljakintza literatura.

Ondoren dator azalduta bertan topatuko duzuena. Atalez atal:

  • Mendez mende: aurkezpen labur batzuen bidez euskal literaturari gainbegiratze kronologikoa eman diogu, XVI. mendetik XX. mendera arte.
  • Egungo euskal literatura: egungo euskal hainbat autore hautatu eta haiei buruzko aurkezpenak eta galderak prestatu ditugu (ad.: Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia) . Zenbait kasutan egile horiei buruzko apunteak ere topatu ahal izango dituzu.
  • Irakurlearen txokoa: azken urteetan, XX. mendeko euskal idazleen liburuak irakurri eta gure blogean, euskaljakintzan, haiei buruzko artikuluak argitaratu ditugu. Atal honetan artikulu horiek idazteko jarraitzen ditugun urratsak ipini ditugu: artikuluak idazteko jarraibideak, gidak (oinarrizkoa eta aurreratua), ebaluazio eta autoebaluazio txantilioiak, gure hautaketak…
  • Entzun: euskal autoreen lanak irakurri eta grabatu ditugu, eta audioak nahiz irakurritako autore eta lanei buruzko informazioa denon eskura ipini.
  • Aipuak: gune honetan irakurtzen ari garen/irakurri ditugun liburuetatik erauzitako aipuak ipintzen goaz. Gune irekia da, edonork egin ditzake ekarpenak. Parte hartu nahi? Zure aipua bidali besterik ez duzu.
  • Gure kritikak: euskaljakintzan ‘Irakurlearen txokoa’ deituriko atalean argitaratutako azken artikuluak ekarri ditugu hona.
  • Lexikoa landu: irakurritako liburuetatik pasarte ezberdinak hautatu ditugu bertako lexikoa lantzeko; beraz, atal honetan lexikoa lantzeko/hobetzeko ariketak topatuko dituzu (ad. Twist, Harkaitz Cano).
  • Hitzapasak: landutako autoreei buruzko ‘Hitzapasak’ prestatu ditugu. Atal honen hasiera baino ez dago, pixkanaka joango gara osatzen (ad. Atxaga).
  • Denbora-lerroak: irakurritako autoreei buruzko denbora lerroak ere prestatu ditugu. Atal hau ere osatzeke dago. (ad. Xabier mendiguren Elizegi)
  • Elkarrizketak: hainbat euskal autoreri egin dizkiegun elkarrizketak (ad. Fernando Morillo).
  • Esteka interesgarriak: euskal literaturaren baliabide bilduma. Atal honek ere edonoren ekarpenak onartzen ditu. Editatu orria eta gehitu ezagutzen duzun esteka interesgarri hori.

Horixe da, pixka bat azaletik azalduta, orain arte egin duguna. Lanean jarraitzen dugu; beraz, etengabe eguneratzen segituko dugu. Dena den, gaia interesatuz gero, onena bertara jotzea izango duzue. Horretarako, egin klik irudiaren gainean edota euskaljakintzaren goialdeko menuan (literatura).

 

 

 

Comments { 0 }

Twist, Harkaitz Cano

Ohikoa ez bada ere, irakurri dudan azken eleberriaren izenburua internetez aurkitu nuen. Euskarako lana egin behar nuela eta argitaratu berri ziren nobelen bila hasi nintzen. Orri batek beste batera eraman ninduen eta Durangoko azken azokako albisteetara iritsi nintzen. Han zegoen: Harkaitz Canoren azken nobela izan da Durangoko azokan gehien saldu den liburua. Twist. Izenburuak ez zidan ezer esaten, baina artikuluetan aipatzen ziren 1983an gertatu ziren torturak ezagunak egiten zitzaizkidan. Twist irakurriko nuen.

Twist eleberriaren sortzailea Harkaitz Cano da. Idazle hau Lasarte-Orian jaio zen 1975ean. Zuzenbidean lizentziatua da Donostiako EHUko unibertsitatean. Literatur munduan Lubaki Banda taldearen eskutik hasi zen, sortzaileetako bat izan zelarik 1993an. Harkaitz Canok Euskal Herriko hainbat egunkaritan kolaboratzeaz gain, irrati eta telebistako gidoigile bezala ere lan egiten du. Gaur egun euskal literaturako idazlerik sendoenetakoa da, argitaratu dituen lan guztiek izan baitute arrakasta genero desberdinetan.

Idazle lasartearrak 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi zen giroa aurkezten digu nobela honetan. 1983an bi gaztek sufritu zituzten tortura eta heriotzarekin antza handia du gaiaren muinak, gertaera honen inguruan irudizko pertsonaia eta pasadizoak asmatzen dituela.

Liburua zortzi ataletan banatuta dago. Lehenengo kapituluan, “Cambalache, 1983”, Soto eta Zeberio gazteak, ezkutuan, sasi artean, maite dituztenen agurrik gabe, torturatuak eta erailak lurperatzen dituzte. Zati honetan irakurri nituen lehen aldiz Rodrigo Mesa teniente koronelaren hitz gordinak: “Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezela”. Ondoren, sarraskia ezkutatu nahian, haragia hezurretan utzi arte erreko zuen hauts zuriaz estali zituzten hilobia konpartitzen zuten bi gorpu besarkatuak. Hitz horiek berak agertuko dira berriro 154 eta 208 orrialdeetan: “Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezela”, idazleak irakurleari nobelaren zimenduak zeintzuk diren gogora ekarri nahian bezala.

Nobelaren estiloa erabat aldatzen da bigarren kapitulutik aurrera, nobela narratiboagora edo konbentzionalagora zuzenduz. Hurrengo kapituluetan Diego Lazkano idazleak hartzen du protagonismoa, beti ere Soto eta Zeberio lagunak gogoan dituela. Soto, Zeberio eta Lazkano lagunak antzerki talde bateko kide ziren. Orain bakarra bizi da, Lazkano, baina bere inguruan gertatzen den guztiak gogora ekartzen ditu bi adiskideak. Beti ari da haiek biziko zuketena birbizitzen saiatzen. Lazkanok eman zituen Soto eta Zeberioren izenak torturapean eta honek loa kentzen dio. Bere torturatzaileek bizkarrean urratuz idatzi zioten “chibato” hitza, akats ortografiko eta guzti, bizitza osoan izango da Lazkanorentzat lotsagarri. Soto eta Zeberio bere lekuan egon izan balira, salatuko ote zuten?

Pertsonaia ugari agertzen zaizkigu liburuan zehar: artistak, kazetariak, antzerki zuzendaria, abokatuak, editorea, familiartekoak, bahituak, poliziak… Lazkanoren bizitzan jendea desagertu egiten da eta gutxien espero duenean agertzen da berriro, hezur haragiz edo mamu bezala. Lazkanoren bizitzako bakardadea, maitasun bizipenak, familia harremanak, adiskidetasuna… azken batean, gazi-gozoak irakurgai ditugu Twist eleberrian.

Niri, gaiari dagokionez, erakargarria bezain gogorra egin zait Twist nobelaren irakurketa. Behin eta berriro datozkit burura jatorrian zeuden bi gazteak eta beraien senditartekoak. Bestalde, nobela fikzioa dela pentsatuz eta interneten Armiarma literaturaren sarean dagoen Literatur Emailuak atalean agertzen den bezala, “errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, antzezpena… asko dira Harkaitz Canoren Twist nobelaren hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua” eta hari hauek guztiek irakurlea bereganatzen dute eta irakurtzen jarraitzeko irrika piztu.

Hizkuntzari dagokionez, irakurterraza gertatzen dela esan daiteke. Liburuan zehar era arruntean ematen diren elkarrizketa eta bakarrizketa ugari dago. Tarteka gaztelaniaz ere idazten du Canok, batez ere polizien ahotan jartzen dituenean hitzak, baina baita euskaldunok, ohituraz, gaztelaniaz erabiltzen ditugun zenbait espresio ere, esaterako, 19. orrialdean agertzen den hau: “Kale jantziz doaz -de paisano- eta ez da galoiduna bereiztea erraza”.

Laburbilduz, Harkaitz Canoren azken lan hau, Twist hain zuzen ere, irakurtzea gonbidatu nahi zaitut. Arrazoiak asko izan badaitezke ere, niretzako nagusiena azalduko dizut: barrenean zerbait mugitzen duelako, sentimenduak pizten dituelako, ez zaituelako inola ere axolagabe utziko, eta ez delako irakurriko duzun liburu bat gehiago izango.

Jarraian, Harkaitz Canok Durangoko azokan egindako Twist liburuaren aurkezpena aurki dezakezu:

 

Comments { 0 }
-->