Tag Archives | arazoak

Oraindik homosexualitatearekin bueltaka?

homofobiaModernoak omen gara, pertsona irekiak. XXI. mendean jada arraza eta etnia guztiak errespetatzen omen ditugu. Berdin ei zaigu pertsonaren azalaren kolorea zuria ala beltza izan; berdin omen zaigu pertsona emakumea ala gizonezkoa izan; berdin bide zaigu pertsonaren tendentzia sexuala bata edo bestea izan, hau da, heterosexuala ala homosexuala izan. Hain irekiak ote gara errealitatean?

2009ko martxoaren 29a. Alacanteko Unibertsitatean bioetikari buruzko hitzaldi batean, hain profesionala eta aholarri den Gloria Maria Tomas y Garrido irakasleak bere homofobia irrigarri guztia gotikatu zuen, inongo ingira arrastorik gabe. Opari mordoa gure belarrientzat; hori bai, opari kirastuak. “Homosexualitatea konpon daiteke”, “Gaixotasunerako kausa bat dago” dira, besteak beste, irakasle jakintsu honek adierazten dituen ideietako batzuk. Jakintasunez beteriko beste hainbat ideia aurkeztu ondoren, bere alboan zenak bestearen esan homofoboak nahiz kontserbadoreak oinperatu zituen, homosexualitatea gaixotasuna ez dela plazaratuz, ezta gutxiagorik ere. Ezin izan nuen algara ironiko bat estali inori errepestua faltatu ez ziola esatean Gloria Maria Tomas y Garrido andereak.

Homofobia gizon homofobiari ezedo emakume homosexualenganako nazka, beldurra eta diskriminazioa eta ehunka, edo nork daki, agian, milaka homosexual erailtzen dituen eta mundu osoan, gutxien garaturik dauden herrialdetan batik bat, hedaturik dagoen gaixotasun arriskutsu nahiz kutsakorra da (nahiz eta termino psikiatriko modura ez erabili). Homofobiaren ondorioz, zenbait lurraldetan homosexualitatea penaturik dago, eta horietako batzuetan, gaur egun, heriotza zigorra ezarrita; Saudi Arabian, Mauritanian, Iranen eta Nigeriako zati batzuetan esate baterako. Beste lurralde batzuetan, India, Nicaragua, Malasia eta Papua Ginean, hain zuzen ere, kartzela zigorra dute pertsona homosexualek.

Hala ere, ez daukagu zertan hain urrutira joan; izan ere, irakasle honen ideia atzeratu, kontserbadore eta intoleranteak gure alboan baititugu. Hainbat guraso, lagun eta ez hain lagunek ideia horiek zabaltzen dituzte oraindik. Legeak onartuak izan dira, bai. Sexu bereko bi pertsona ezkon daitezke egun, baina normaltasuna ez da oraindik iritsi, eta ez da denbora batean iritsiko guk horrela nahi dugulako. Ez gara uste dugun bezain aurrerakoiak. Ez dugu elkar errespetatzen. Nola emango da garapena gizartean, errespetu hitza ez bada gure hiztegi mugatuan sartzen?

Aurrera doan herria… Atzera doan herri kontserbadore eta itxi baten antza du errealitate intolerante honek batzuetan. Noraino iritsi behar dugu? Bizi gaitezen denak libre!

Comments { 1 }

Pauso hilgarriak

pauso heriotsuakKlik baten hotsarekin batera hasi da izerdia isurtzen, badaki zer oparo dion etorkizunak; izan ere, bere bizitzako pasadizo guztiak bi atetara geratu zaizkio murriztuak: heriotza edo bere gorputzeko zati baten galera. Pertsonen kontrako mina bat zapaldu du etxera bidean zihoala, edo medikuarenera, eskolara… zeuek erabaki bere noranzkoa. Horixe da, tamalez, gaur egungo 64 estatu ezberdinetako biztanleen egunerokotasuna. Ikerketek diotenez, 110 milioi mina daude zabalduta arestian aipatu ditudan herrialdeetan, eta beste 100 milioi biltegiratuak daude, 210 milioi bat pertsonen bizitza birrintzeko zain. Birrindu hitza erabiltzen dut, hori baita inoiz asmatu den arma krudelenetariko honen helburua. Minen xedea ez da pertsonen heriotza, areago joaten dira: euren bizitzak guztiz suntsitzen dituzte, ahal duten kalte moral eta fisiko bortitzena sortuz.

Baina zer da pertsonen kontrako mina bat? Aparatu hau lurrean lurperatuta edo ezkutatuta egoten den arma bat da, edozein objekturekin kontaktuan jartzen denean, pisuak egindako presioaren ondorioz, eztanda egiten duena. Ziurrenez, gerra inguruko egoerekin lotuko duzue hau, baina ezberdintasun nabaria du honekin. Gerra aurkari diren bi estatu edo estatuen bake hitzarmenarekin amaitzen da; mina hauen presentzia, ordea, ez da inoiz desagertzen. Beraz, gerra ondoren iritsiko da benetako infernua bertako biztanleriarentzat, bizitzaren egunerokotasunean, hain zuzen ere. Horixe da Afrikako eta Asiako lurralde gehienek pairatzen duten egoera, gune kaltetuenak Angola eta Camboya izanik. Hauetan, esaterako, minen kopurua ugariagoa da pertsonena baino; beraz, hauen atzaparretan erortzeko arriskua ikaragarria da.

pauso heriotsuakEgoera benetan penagarria dela diot nik. Neure buruari hurrengo galdera egin diot behin eta berriro artikulua idazterakoan: nork izan ditzake horrelako arma higuingarriak fabrikatzeko eskrupuluak? Ziurrenik, denoi Estatu Batuak eta antzeko lurraldeak etorriko zaizkigu burura (ekoizten dituzten arma klase ugariak direla eta). Hau horrela da, bai, baina ez ditzagun eskuak hain azkar garbitu; izan ere, gure herri honetan hainbat urtetan aparatu hiltzaile honen ekoizle izan baikara, Explosivos Alaveses enpresaren eskutik, hain zuzen ere. Zorionez, egoerak bere amaiera izan du. Ottawako akordioaren ondorioz suertatu zen hau, Espainiak eta beste hainbeste estatuk euren herrialdean zituzten mina guztiak neutralizatu egingo zituztela hitzartu zutenean. Zoritxarrez, Ottawako akordioa ez da eredu izan Estatu Batuak eta beste hainbat herrialderentzat. Argi dago, txapelik handienak ez du buru hutsik betetzen; beraz, euren kemen ustelaren eskutik 5 minuturo gizasemeren baten bizia birrinduko duen mina bat ekoizten da.

1,8 euroko kostua duten arma hauen biktima nagusiak haurrak eta emakumeak dira, herrixketatik distantzia txikietara ezkutatuta baitaude mina hauek. Hauen zapalketek eragiten dituzten kalteak sekulakoak dira: hanka, beso eta sexu-organoen anputazioak gehienetan. Hau horrela izanda, pertsona bere bizia guztiz aldatuko duen egoera baten aurrean aurkitzen da, askok ezingo dute euren lanekin jarraitu, beste askok ez dute protesi bat ordaintzeko adina diru izango eta makuluaren menpe bizi beharko dira betiko. Milaka egoera ezberdin, eragile bakar bat.

Aipatzekoa da minen ondorioz elbarri geratzen diren lagunei laguntza eskaintzen dieten GKE eta beste hainbat erakunde ezberdin sortu direla zorionez. Euren lanari esker, biktima hauek ez dira ahaztuko. On litzateke euren ahotsa mundu osoan zabaltzea, gure errealitatetik urrun ikusten dugun egoera honen aurrean hurbiltasuna lortzeko, begi aurrean dugun pareta sendo hau behingoagatik botatzeko. Horixe da Nazio Batuek sustatu duten azken bideoaren xedea, geure burua egoera honen aurrean ezartzea. Hala ere, sentsibilizazio kanpaina hau ez da mundu osoan zehar zabalduko; izan ere, Estatu Batuetako telebistek ez dute adorerik izan euren programazioan sartzeko. Eurek sustatutako errealitatearen beldur al daude? Lotsa ematen ote die euren estatu ahalguztiaren benetako aurpegia zein den onartzea?

Bestalde, mina hauek desaktibatzeko lanak ugariak dira, baina ez behar adinakoak. Aipatzekoa da, futbol zelai baten azalera duen lursail bat desaktibatzeko, hiru hilabete behar direla. Hori gutxi balitz, lan hori burutzen duten langile 2 hiltzen dira hauetako 5000 mina desaktibatzen diren uneko. Hala ere, lan honek ez du eragin positiborik izango Estatu Batuak bezalako lurraldeek mina hauek ekoizten jarraitzen badituzte. Horiek horrela, neurri gogorrak hartu beharko liratekeela diot nik; bestela, milioika pertsonen amesgaizto honek ez du amaierarik izango. Euren omenez, inoiz ahatz ez daitezen.

Comments { 0 }

Azala, hiltzeko arrazoi

Afrikako albinoakAlbino hitzak latinezko albus hitzan du jatorria eta zuria du esanahi. “Beltz-zuri” gisa ezagun badira ere, afrikar albinoek gurago dute albinismoa dutela onartu. Euren “bekatu” bakarra azalean aurkitzen da: melanina eza. Azalean, begietan eta ilean; ez, ordea, bihotzean. Gene errezesibo biren kontua baino ez da, begi berdeak edo ile leuna edukitzearekin gertatzen den gauza bera. Edonola ere, aurreiritziak desberdina den edonor zapaltzeko erabili ohi dira, eta albinoak ez daude zigor horrengandik salbu.

Gezurra badirudi ere, eguzkiak sorturiko arazoak nahikoa ez, eta jazarpen zikoitz baten biktima ere badira. Esetsi hori pairatzen duten 270.000 albino daude 39 milioi biztanle dituen Tanzanian. Iaz, esaterako, martxoaren amaieratik apirilaren erdialdera, 15 pertsona (umeak barne) erail eta mutilatu zituzten lurralde horretan. Joan den urtean ere, Burundin, azaroan ero zuten irailaz geroztiko seigarren hildakoa: gurasoak lotu ostean, buruan tiroa emanez akabatu zuten 6 urte zituen neskatxa. Aipaturiko bi Haur albino baten ama laguntza eskeafrikar herrialde horietaz gain, beste hainbat aipa genitzake; izan ere, 3.000 pertsonatik batek albinismoa du kontinenteko leku anitzetan. Datu horrek ez du inondik inora adierazten gure planetako gainontzeko txokoetan gaixotasunaren eramale den beste inor ez dagoenik, baina. Estatu Batuetan, kasu, 17.000 biztanletik bat albinoa da.

Aurretik aipatu moduan, eguzkia eta aurreiritziak edo zurrumurruak dira albinoen etsai gaindigaitzak. Lehenak gaixotasun kronikoak sorrarazten dizkie. Albinismoa dutenen seirenak azaleko minbizia nozitzen du eta, arazo hori dela medio, gehienek ez dituzte 30 urte betetzen. Hori gutxi balitz, babes gabeziak begi-arazo larriak eragiten dizkie. Gainera, Afrikako zenbait lurraldetan eguzkitarako kremak luxuzko gaitzat hartzen dira edo ez daude salmentan ere.

Beste alde batetik, zurrumurruek albinoen hilketak bultzatzen dituzte. Tanzania da horren adibide esanguratsu bat. Bertan, hiltzaileek hildakoen gorpu zatiak (behatzak, sexu-organoak, mihiak eta ilea) saltzen dizkiete meatzari txikiei. Esames batzuen arabera, urrea aurkitu eta meatzeetan ez hiltzeko balio ei dute eta. Halaber, komunitateko buruek behi bat edo bi, edo 100 dolar ematen dizkie hiltzaileei “egindako lan onagatik”. Poliziaren esanetan, nekazaritzako zonaldeetan sinesten dira superstizioak errazen, eta mediku sorginak izan ohi dira zurrumurruen erantzule. Azken horiek albinoen azala, hezurrak eta ilea saltzen dituzte zorte ona izateko edabeak prestatzeko bikainak direla esanez. Esamesak etorri eta joan egiten dira. Horregatik, Tanzanian gutxitzen ari den azal merkataritza zitalak mugak igaro eta Zambia, Malawi edo Kongoko lurraldeetan bota du hazia dagoeneko.

Istorio ugari daude albinoen pertsekuzioen afrikar albinoainguruan, norberak istorio propioa baitu. Hala ere, askok eta askok badituzte ezaugarri komunak. Horietako bat aitaren jarrera da. Haur albinoen aitek ez dituzte hauek euren seme-alaba gisa onartzen gehienetan. Sarritan gertatzen da umetan gainontzekoen irainak jasan behar izatea. Gertaera biak jazo zitzaizkion egun pop abeslari ezaguna den Maliko Salif Keita “Afrikako urrezko ahotsari”.

Ezin esan daiteke egoera kezkagarria ez denik; alderantziz, zurrumurruak sakabanatzen diren heinean, hilketa gehiago suertatzeko arriskua hazten doa. Horren aurka, bai polizia eta baita erakunde ugari ere, albinoen segurtasuna bermatzen ahalegintzen ari dira. Polizia albinoen zerrenda bat osatzen saiatzen ari da, bizkartzain modukoak izan ditzaten behar izanez gero. Erakundeak, euren aldetik, bizitza arriskuan duten horientzat ezinbesteko bilakatuz doaz bien bitartean.

 

Comments { 0 }
-->