Tag Archives | euskaljakintza

Euskaljakintza6kook hementxe gaude, lanerako prest!

Oraingo honetan, euskaljakintza6ko kideak izango gaituzue gertu, gune honen kontrolpean. Bene-benetan eskerrak eman nahi dizkizuegu, urtez urte, ahalegin eta lan handiz webgunea aurrera atera duzuen guztiei, eta, oroz gain, Maiteri; izan ere, bere ekarpenak -eta bere etengabeko lana gune honek bere bidean aurrera egin dezan- izango ez bagenitu, web honen etorkizuna pikea baino beltzagoa izango bailitzateke!

Argi dago aurreko belaunaldiek burututako guztiak eragin ikaragarria izan duela gaur egungo ikasle askoren euskararen erabileran. Aurten guri dagokigu horren guztiaren ardura, baina aitortu nahi dugu oso lagungarria gertatu zitzaigula, bere garaian, EGAko azterketa prestatzeko hemen topatu genuen guztia (berridazketak, aditzak, irakurmenak…). Guk sortuko ditugunak ere zuentzat baliagarri eta mesedegarri izango direlakoan gaude; hortaz, gure onena ematen saiatuko gara.

Gure txoko honetan, euskarari eta haren lanketari buruzko eduki mordo bat topatuko duzue. Ez hori bakarrik, hemendik aurrera argitaratuko ditugun artikulu eta elkarrizketak ahalik eta interesgarrien egiten ahaleginduko gara. Hori da, behintzat, gure asmoa. Lanean jarraitu nahi dugu, euskararen presentzia sarean zabalduz eta guk sortutako guztia zuekin partekatuz; horregatik, zuek ere ongi etorriak zarete gure txoko honetara. Sartu deitu gabe!

Comments { 2 }

Ez adiorik, euskaljakintza5! Orain, euskaljakintza6, zuen txanda da…

Ziurrenik, hau izango da orain arte idaztea gehien kostatu zaidan bidalketa. Ziurrenik, hau izango da gehien hausnarrarazi didana. Behin baino gehiagotan idatzi dut, buelta asko eman dizkiot buruari… Uste dut, baina, lortu dudala nik nahi nuen kutsuaz blaitzea azkenean.

Hasiera-hasieratik sinetsi nuen Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko eskaini zitzaigun aukera berritzaile honetan. Euskaltzaindiako arauak landu ditugu, literatura ere bai; elkarrizketak egiten ikasi dugu, iritzi artikuluak idazten ere bai… baina hori guztiaz gain, internetek izan dezakeen indarraz jabetu gara. Ikasgaiari zegozkion konpetentziez gain, sarea baliatuz sakonagoa den filosofia bat transmititu digu Maitek, sortu eta partekatzearena. Segurtasuna eman didan esperientzia izan da, bete egin nauena eta, zinez diotsuet, ez nuke ezerengatik aldatuko.

Urtebete igaro da iaz esperientzia honi hasiera eman genionetik, eta gaur bi sentimendu kontrajartzen zaizkit. Alde batetik, lana nahiko txukun egin dudan susmoak ematen didan poztasuna; bestetik, tristezia, iritsi baita lekukoa pasatzeko eguna. Ziklo bat bete dudala argi dago eta, Maitek uzten badit, beste bat hasiko dut, aurrekoa hasi nuen ilusio eta gogo berberaz (edo handiagoz). Nire asmoa parte hartzen jarraitzea da, euskaljakintzako  partaide izateari eustea.

Amaitu baino lehen, aholku bat eman nahi nizueke, horretarako norbait banaiz bederen, ondoren zatozten horiei: aprobetxatu eta gozatu Maitek eskaintzen dizuen aukera hau. Uler ezazue blog hau zuen ideiak mundura zabaltzeko gunetzat, euskararen ikaskuntzan laguntzeko txokotzat; eta ez eginbehar hertsigarritzat. Ereindakoa bueltan etorriko zaizue. Nire aldetik, ezer gehiago ez. Ez adiorik euskaljakintza. Ongi etorri, euskaljakintza6!

Comments { 0 }

Hau ospatzekoa izango da, ezta?

Mila bidalketa euskaljakintzan

Denbora taigabe doa aurrera, ez da gelditzen, ez du atseden hartzen. Segundoa segundoari jarraitzen zaio, minutua minutuari, eta egunak eguna dakar, urteak urtea bezala. Mugikortasun errepikakor horretan, oraina da, bere horretan, gure hasierako proiektuaren jarraipen eta garapenaren erantzule. Lanean irmotasunez aritzeak saria izan du, eta konstantzia horri eta zuengandik jaso dugun atxikimenduari zor diegu mila bidalketara iritsi izana.

Denbora ez dugu, ez, egonean emango hemendik aurrera ere. Gure xedea bidea egiten jarraitzea da, eta zergatik ez, beste mila idaztea. Ea lortzen dugun!

Comments { 2 }
-->