Tag Archives | euskaljakintza

Hitz-katea Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

ENEGaur zortzi ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Aurtengoan ere, egun hau ahalik eta ederrena izateko, euskaljakintzakook gure harri-koskorra jartzen saiatuko gara. Horretarako, hainbat ekimen prestatu badugu ere, gaur bertan hasi eta abenduaren 3an amaituko dugun honetan zuon laguntza beharrezkoa izango zaigu. Hizkuntzarekin hitz-kate luze bat egitea da gure asmoa. Hitz-kateak guretzat sinbolizatzen du euskarak denon arteko harremana, lotura, behar duela; norbanakook egin ditzakegun ekarpen xumeekin gauza asko lor daitezkeela.

Erronka katea abenduaren 3ra arte mantentzea izango da. Guk jarriko dugu lehenengo hitza, eta amaitzen den silabaz hasten den hitz bat jarri beharko duzue zuek. Lan horretan, ordea, euskarak katea eteterainoko arazoak eman ditzake hainbat hitzekin. Hori saihesteko, eta kasu horietan baino ez, aurretik eman den hitzarekin lotura semantikoa duten hitzak onartuko dira. Adibidez,  euskara hitzaren jarraipena, amaieran -ra silaba duenez,  hasieran silaba horixe duen hitz bat izango litzateke. Hori ezinezkoa da, ez baitago euskaraz silaba horrekin hasiko den hitzik. Kasu horietan, esanahi aldetik aurrekoarekin lotura duen hitz bat onartuko genuke (hizkuntza, euskaldun…).

Izugarri eskertuko genuke zuon parte-hartzea. Ez dugu nahi ekimena ikastolara mugatzea, kanpokoek ere esku-hartzea gustatuko litzaiguke. Hitz bat pentsatu eta uzteko tartea besterik ez dugu eskatzen.

Euskara maite eta lau haizeetara zabaldu nahi dugunez, zabaldu hitza izango da kateari hasiera emango dion hitza. Ea zer lortzeko gai garen!

Comments { 131 }

Ongi etorri euskaljakintza 5era!

euskaljakintza5_patioanMotibazio eza. Hori izan zen 2005eko uztailaren 29an Maite “Audentes fortuna iuvat” hura idaztera bultzatu zuena. Egitasmo berritzaile bezain ausart baten aurkezpena izan zen, hezkuntza sistema tradizionalarekiko haustura. Euskaljakintzaren sorrera, erabaki arras hausnartua izan zena (Jokin eta Mikelekin luze hitz eginda etorritakoa), ez dago zalantzapean jartzerik, lehenengo argitalpen haren atzean dagoena ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula!

Euskara eta teknologia berriak uztartuz errealitatera, gizartera, hurreratzeko aukera ikusi zuen Maitek, bere gaia erakargarriago bihurtzeko abagune paregabea. Halaber, Euskaljakintzaren esentzia partekatzean oinarritzea beharrezkotzat jo zuen. Ikasleok ikasteko aukera badugu, azken batean, gizarteak aukera hori ematen digulako da; eta beraz, gizartearekin, nolabait esateko, zorretan gaude. Zor hori kitatzeko-edo, guk sorturiko edukiak gizartearen eskura jartzea zilegi dela iruditu zitzaion. Ordutik, euskarak sarean duen presentziari ekarpen ederra egin dio Euskaljakintzak, 920 artikulutik gora argitaratuz eta hizkuntza bere horretan lantzeko egundoko baliabide sorta eskainiz, lanean gogor eta gogoz arituz, berrikuntzak txertatuz, gaurkotasuna bilatuz.

Lau belaunaldiren ilusioa eta esfortzua bloga elikatuz joan dira egunez egun, dibulgazio testuetatik hasi eta iritzi testu konplexuenetaraino. Euskal kulturan ezagunak diren pertsonaiei (kirolari, sukaldari, musikari, idazle…) eginiko elkarrizketek ere aparteko garrantzia hartu dute blogean. Horiei guztiei esker, sari ugari irabazi ditu (I Premio Espiral de Edublogs , 2007 diariovasco.com saria), nahiz eta saririk preziatuena jendearen errekonozimendua izan den hasiera-hasieratik. Hedabideetan ere oihartzun zabala izan du blogak, Berria egunkariak hainbat artikulu papereko alean argitaratzeko ohorea eman diolarik. EGA azterketaren prestaketan nahitaezko bihurtu da; azterketak dituen atalak lantzeko sorturiko ariketak Euskal Herri osoan egin dira ezagun, eta hauek lau haizetara zabaldu dute Euskaljakintzaren izena. Egun, euskal blogosferaren ezinbesteko pieza bilakatu dela ez dago eztabaidatzerik.

euskaljakintza 5

Bosgarren generazioari dagokigu orain lanean hastea, martxan jartzea. Erantzukizun handia sentitzen dugu gure erraietan; izan ere, aurrekoek oso goian jarri dute maila. Maitek orain lau urte botatako enbidoari eta erronkari merezi adinako erantzuna emango ahal diogu! Izango ahal dugu orain arteko mailari eusteko adorea eta indarra! Hala bedi! Hala balitz, betea genuke gure xedea eta.

Comments { 5 }

Azkenak izan daitezkeen hitzak…

Azkenak izan daitezkeen hitzak
Doinua: Mendian gora haritza
1. Amak inoiz ez modura
begietan du tristura
eskutik heldu gabe ibiltzeko
garaia heldu da.
Negar zotinka barrura
gu ere ez hain gustura
inozentziak dena barkatzen
ei duen mundura.
2. Aulkitxoan eserita
Tom ta Jerryren tirita
jolas antsiak urratutako
zaurian jarrita
bi zangoak zintzilika
txikiak gara apika
nahiz paperean marrazten jakin
ama eta aita.
3. Masailetako malkoen
bustia kendu ondoren
barkatu esan eta musu bat
emanez lehenbailehen
konturatu naiz bederen
jada zein loturik gauden
zapatilako kordelak lotzen
ikasi baino lehen.
4. Zenbakiak, abd-a
grisa, gorria, berdea
jada “alpino” erabiltzeko
dugu ohorea.
Gurea da boterea,
jakintzaren ondarea
nahiz oraindik ez errespetatu
marraren legea.
5. Ipuinak bukatu dira
denbora bere harira
ume gorriei forma berria
ematen ari da
jada eskola handira
heldu gara, baina tira
oraindik ere jarraitzen dugu
gorantza begira
6. Nola hala alabaina
batuketak alajaina!
abakoari esker ukitu
dugu ia gaina.
Oso ongia, bikaina
jakintsuak gara baina
behatzik ezta zenbat dakigun
kontatzeko haina.
7. Hiru bider lau: dozena,
bat zati hiru: herena
ez dakit zer den ilusioa,
broma edo pena.
Ustez osoa nintzena
dago zatitan etena
konturatzean zerbait, baina ez
dakigula dena.
8. Ia behin jauna hartuta
gizalegea ahaztuta
umeak gazte bihurtu arte
prozesua dauka
inbidiaren disputa
mutil zabarren burruka
eta neskatxak finak bai, baina
iletik helduta.
9. Haurrak ez garenekoa:
“top”-a eta hilekoa,
baina oraindik armarioan:
“top isilpekoa”.
Jarriko nuke lepoa
beti dela antzekoa:
taldean lider bat dago beti
ta zu menpekoa.
10. Oilanden dema gerrate
talde txikiak estalpe
hitz egin ordez alde egitea
ahulenen ate
denok ez ginenez parte
ibiltzen gara aparte
lagunak ere etsai direla
sinisten den arte.
11. Nahiz ez bilatu modurik
ez genion eman urik
zimeltzen utziz gure bihotzak
gupidaz husturik,
baina hala uste dut nik:
hobe ez izan damurik
agian orain ez ginelako
egongo baturik.
12. Onartu daiteke jada
berriz bildu gara hara!
Elkarren falta sumatu dugu
denok beharbada
trailari eta trailara
ia denok joaten gara
larunbatero aitzakipean
mahaiaren bueltara.
13. Gure azken pasartea
bukatu eta bakea
bihar adio esango dizut
ai lagun maitea!
hau da errealitatea
probestu nahi dut tartea
zaila den arren bertso batean
dena esatea.
14. Hau esango nizueke:
ametsak ez daude merke
baina lortzeko egin zirenez
ahal direnak bete!
dena dago egiteke
mila esker eta suerte!
Dena ez baina ni naizenaren
zerbait bazarete!
 

Azkenak izan daitezkeen hitzak… from Maite Goñi on Vimeo.

 

 

Comments { 12 }
-->