Tag Archives | futbola

David Zurutuza: “Ez da ahaztu behar futbola kirol eta jolas bat dela”

Maiatzaren 8a zen. David Zurutuzarekin geldituta geunden euskaljakintzarako elkarrizketa egiteko, Zubietan, Realak entrenatzen duen tokian hain zuzen ere, eguerdiko 12:00etan. Jokalari hauen entrenamenduaren amaiera ikusten ari ginela, Luis Arconada taldeko prentsa arduraduna etorri zitzaigun harrera egitera. Jarraian, Zubietako eraikin nagusira sartu ginen Luisen gidaritzapean eta bertako instalazioak erakutsi zizkigun. Benetan ikusgarriak! Azkenik, eraikineko azken solairuko gela handi batera eraman gintuen, jokalariek erlaxatzeko erabiltzen dutena, eta bertan zain egon ginen jokalariak etorri bitartean. Lehenengo, Iñigo Martinez igo zen; izan ere, Itxaso eta Maddalenek berarekin hitzordua baitzuten. Honi eginiko elkarrizketa ikusi ondoren, David igo zen. Denok agurtu eta aurkeztu ondoren, elkarrizketari ekin genion.

David, Jokin eta Mikel elkarrizketan zehar

David, Jokin eta Mikel elkarrizketan zehar

David Real Sociedad futbol taldeko erdilaria da, 1986an Rocheforten jaioa. Nahiz eta Frantzian jaio, aita azpeitiarra du eta gazte gaztetatik Debara etorri ziren bizitzera. Deban bertan hasi zen futbolean, baina bere lehen taldea Lengokoak talde donostiarra izan zen. Ondoren, Realak fitxatu zuen eta Sansen eta Eibarren hiru denboraldi oso burutu ondoren, 2008an debuta egin zuen lehen taldearekin Huescaren aurka.

Hasteko eskerrak eman nahi dizkizugu, David, eta baita Luis Arconada eta Realari ere, aukera hau emateagatik eta tarte hau eskaintzeagatik. Txikia zinela hasi zinen futbolean Debako futbol taldean eta Sansen bertan ere, baina seguruenik ez zenuen horren urrun iritsiko zinenik pentsatuko. Futbolaria izango ez bazina, zer izatea gustatuko litzaizuke? Zergatik? Txikitan, egia da, beti amesten duzula futbolari izatearekin, baina, beste mila gauzekin ere bai; izan ere, txikia zarenean, gauza asko pasatzen dira burutik. Baina futbolean arituko ez banintz, seguruenik, kirolarekin erlazionaturiko zerbaitetan aritzea gustatuko litzaidake.

David Zurutuza (1)Txiki-txikitatik egon zara futbol munduari lotuta. Zer gauza on eta txar ekarri dizkizu futbolak? Zeren hutsunea nabari duzu gehien, futbolean aritzeagatik? Futbola, denok pentsatuko duzuen bezala, hasieran irabazten duzun dirua da. Baina honetaz aparte, badaude beste gauza asko; izan ere, futbolak mundua irekitzen dizu, harreman asko egiten dituzu, ate asko ireki eta jende asko ezagutzen duzu. Honetaz gain, futboletik bizitzea gustuko zerbaitetik bizitzea da. Nire ustez, norberak gustuko duen lana egitea ezin hobeto dago. Futbolak duen gauza okerrenetako bat ekartzen dizun fama puntu hori da. Mundu guztiak ezagutzen zaitu eta, lasai egon nahi duzunean, lasaitasuna bilatzea kosta egiten da.

2008/2009 denboraldian, Realak beste talde batean utzi nahi izan zintuen; halere, azkenik, Sansen fitxa egin zizuten. Sansen primeran ibili eta arazo fisikoak gainditu ondoren, 2008ko azaroaren 23an lehen taldearekin debutatu zenuen Huescaren aurka, Lillo entrenatzailearen eskutik. Zer sentitu zenuen Realarekin lehen aldiz jokatzean? Zer gogoratzen duzu partidu hartaz? Gogoratzen dut konbokaturik joan nintzela eta apurtxo bat urduri nengoela Anoetako zelaira eta aldageletara joatean,  berria baitzen niretzat giro hori. Gero, debutatu ondoren, gustura nengoen. Jada ahaztua dut egun hori.

Zer sentitu zenuen Lillo entrenatzaileak zelaira sartu behar zinela esan zizunean? Momentu horretan kontzentraturik eta zentraturik nengoen nire lanarekin, eta gogoratzen dut Castillok sartu zuen gol ikaragarria, ikusi dudan onenetarikoa seguru.

2012ko urtarrilaren 29an gaude. Reala-Sporting partiduan, 7 minutu baino ez zenuen iraun zelaian. Nahiko denbora bi gol sartu eta sudurra hausteko. Gainera, lehen mailan mantentzeko partidu garrantzitsua Sporting 3 puntura zegoela ikusirik. Zer datorkizu burura egun hori gogoratzean? Dena oso azkar pasatu zen; izan ere, bigarren gola sartu ondoren, imajinatu nola nengoen! Gola sartu eta momentu batera ospitalean nengoen. Gainera, partidu garrantzitsua zen jaitsiera postuei begira, Sporting ere bertan baitzegoen. Eskerrak partidu hori irabazita, lortu genuela mantentzea.

Futbolari eta, orokorrean, kirolari askok euren partidua hasi aurretik edo bitartean zenbait mania edo erritual izaten dituzte. Besteak beste, abesti jakin bat entzutea, eskuin oinaz zelaira sartzea, aitaren egitea… Ba al duzu horrelako erritual berezirik? Egia esan, ez dut horrelako maniarik. Ni ateratzen naizen bezala ateratzen naiz zelaira. Hala ere, partidu aurretik kontzentrazio puntu bat bilatzen saiatzen naiz: lasai egon, nire gauzetan pentsatu… Ni ez naiz ez hankekin ez horrelako gauza arraroekin ibiltzen.

Badakigu benetan zaila dela goi mailako futbolari izatea, gazte ugari saiatzen direla baina pribilegiatu gutxi batzuk baino ez zaretela heltzen. Futbola biziki gogoko duen gazte eta urrun iritsi nahi duen batek baliteke zu idolotzat hartzea… Zein aholku emango zenioke zu zauden mailara heltzeko? Hasteko, ezin ahatz daiteke futbola kirol eta jolas bat dela; izan ere, askotan ahaztu egiten baitzaigu. Profesional izan nahi duten gazte guztiek lan egin dezatela, Realeko eta orokorrean inongo futbolaririk ez da dagoen tokiraino iritsi lanik egin gabe eta. Maila mantentzeko ere lan asko egin behar da.

Elkarrizketan zeharArgi dago kalitate handiko futbol jokalaria zarela Realan duzun postua ikusirik; futbolari orok bezala, baina, alderdi onak eta txarrak izango dituzu. Zeintzuk dira alderdi hauek? Alde onei dagokionez, nire ustez, lan asko egiten dudala, taldeari beti laguntzen baitiot. Gainera, erdilari izanda, dohain onak ditut horretarako, fisikoki ondo nago eta taldea ongi mugitzen dut. Alde txarrei dagokionez, urrutiko jaurtiketa edo buruzko errematea izango lirateke nire hutsunerik nabarmenenak.

Bibotea gora, bibotea behera… hedabideetan jokoa eman du horrek. Jende askok uste du superstizioari edo horrelako zerbaiti lotua dagoela. Zer dago bibote famatuaren atzean? Aurrez esan bezala, ez dut superstiziorik. Bibotearen atzean zera dago: udako egun batean, bibotea utzi nuen. Ispiluaren aurrean jarri nintzenean, gaizki gelditzen ez zitzaidala iruditu zitzaidan. Ordutik aurrera…

Anoeta zelaiak askotan oihu egiten du zuru-zuru kantua. Zer sentitzen da horrelako zelai batek gogo biziz hau oihukatzen dizunean? Imajinatuko duzuen bezala, emozio asko ekartzen ditu honek. 30.000 pertsona denak batera zuru-zuru kantatzen… hunkitu egiten zaitu, oilo busti azala jartzen zaizu eta oso eskertzekoa da.

David Zurutuza (2)Urte asko daramazu Realean. Bertan, anekdota edo une ugari -onak, txarrak, bitxiak.. – bizi izango zenituen. Kontatuko al zeniguke anekdota bitxi hauetako bat? Badago anekdota bat ongi gogoratzen dudana. 2. mailan nintzenean, Martin Lasarte entrenatzailearekin, ez nintzen hasierako hamaikakoan irten. Aulkian nengoen apurtxo bat berotzen eta Martinek atera egin behar nuela esan zidan. Prestatzen hasi nintzen: zango-babesak  espinillerak jarri… Azkenean, jokatzeko kamiseta eskatu nuen. Arduradunak kamiseta bilatzen hasi ziren, baina kamiseta inon ez zuten aurkitzen. Martin, entrenatzailea, beroturik zegoen eta esaten zuen atera beharrean nengoela taldeak behar ninduelako. Ni, ordea, kamisetarik gabe nengoen! Azkenean, Mitxelo, gure tresnazaina, aldageletara joan, kamiseta aurkitu, bota eta jantzi egin nuen. Eskerrak partidu hori irabazi genuen eta anekdota bezala gelditu zen!

Azkenik, elkarrizketa honi amaiera emateko, ausartuko al zinateke aurtengo denboraldiko ligako lehen sei postu eta azken hiru postuei izena ematen? Oraindik zaila da esaten baina, lehenengo hirurak Bartzelona, Real Madril eta Atletico de Madrid izango direla esango nuke. Ondoren, beste hiruren artean Reala, Valentzia eta Betis. Eta azkeneko hirurak, nire ustez, orain dauden hirurak izango dira: Celta, Deportivo eta Mallorca.

Honekin amaitu genuen Davidi eginiko elkarrizketa. Oso eguardi polita pasatu genuen eta oso esperientzia mesedegarria izan zaigu, aurrera begira, lotsa galtzeko. Hori gutxi balitz, lehenago Iñigo Martinezekin egoteko aukera aparta izan genuen. Berriro ere eskerrik asko Davidi eta Realari.

Elkarrizketatzaileak: Jokin Auzmendi eta Mikel Lekuona

Comments { 0 }

Epaile epaituak

arbitroak (FlickrCC, treedork)

Nabaria da betidanik izan dela arbitroen aurkako jokabide bat ikusleen eta jokalarien artetik. Orduan, zergatik erabiltzen da oraindik ere auzian ipintzen dugun figura hori  futbol partiduetan? Erantzuna oso erraza da, arbitrorik gabe ez baitago jokorik. Definizioan argi geratzen den bezala, bere helburua partiduko egoera bakoitzaren aurrean aukerarik egokiena erabakitzea da bi taldeen arteko eztabaida amaiezin bat gerta ez dadin. Gauzak horrela, zergatik kritikatzen dira horrenbeste beltzezkoen  erabakiak? Azken batean, arbitroak ikusten duena bakarrik adierazten du, bi begi baino ez baititu.

Aurreko batean, futbol partida bat ikusten ari nintzela -eta ez naiz lehenengo mailako partidu batez ari, gazte batzuen futbol partiduaz baizik-, sekulako irain sorta entzun nuen arbitroarekiko. Mutil gazte bat zen, 18-19 urte izango zituen gutxi gorabehera, eta ez zen arbitro aditu bat, ezta gutxiago ere; nolanahi ere, mutila saiatzen zen. Eta ikusleak, batez ere gurasoak, jo eta su ari ziren mutil gaixo haren aurka. Lehenengo mailako futbol epaile bat aldarrikatzen zuten, sobra ere euren semeek  kategoria hori ez zutela konturatu gabe. Hala ere, mutil hura, egoerak okerrera jo aurretik, 80 minutuak amaitutakoan, 3 aldiz txistua jo eta burumakur aldageletara sartu zen, ikusleen artetik era guztietako irainak jaurtitzen zizkioten bitartean.

Honelako egoerak astebururo bizi ohi ditugu futbolean eta inork ez ditu salatzen; errazagoa iruditzen zaigu beste aldera begiratzea edo arbitroarekiko gorroto horretara batzea. Azken finean, hark ahal duen guztia egiten du jokoaren pausoak ahalik eta ongien eramateko, honek ez baitu inolako interesik, kategoria baxuetan batez ere, talde batek edo besteak irabaz dezan. Eta guk gure jarrerarekin arazoa areagotu egiten diogu koitaduari, lan erraz eta sinple bat izan beharko lukeenean.

Nahiz eta hau horrela izan, azpimarratu behar dut hau ez dela ikusle guztien artean gertatzen, eta badaudela futbol arbitroa  errespetatzen duten ikusleak ere, hauek jakin badakitelako hori jarrera txoro eta krudela besterik ez dela, eta ez dietela beraien seme-alabei ezertan laguntzen epaitzeko ardura duen gizagaixoarekiko jarrera hori hartuta. Gainera, zein ikasgai emango liekete beren semeei jarrera horretara makurtuko balira? Argi dagoena zera da: semeek gurasoengandik ikusten dutena egiten dute, edo, beste era batean esanda, nolako zura halako ezpala.

Hau guztia esan ondoren, aipatu nahi dizuet beste kirol batzuetan ez dela honelako arazorik sortzen, eta arbitroari zor zaion errespetua handiagoa izaten dela. Adibidez, errugbian. Kirol honetan jokalariek arbitroaren erabakiak ez badituzte errespetatzen,  zigor kolpea adierazten du epaileak eta, egoerak horrela jarraitzen badu, 10 metro zelai gehiago ematen dizkio aurkako taldeari. Gainera, errugbian epaileari hitz egin diezaiokeen bakarra kapitaina da. Hau ez da futbolean gertatzen. Agian, izan daiteke errugbia diziplina handiagoa duen kirola delako, nork daki.

Aurretik esan dudan guztiarekin ez dut esan nahi futbol arbitroak beti ongi egiten duenik, baina argi utzi nahi dut arbitroak, maila baxuetan batez ere, ez duela ezer irabazten gaizki epaituz, eta bera ahal duen guztia ematen saiatzen dela jokoaren gorabeherak ongi eramateko. Horretaz gain, garbi dago, halaber, guraso eta jokalarien artetik egiten zaion kritika masiboak ez duela inongo justifikaziorik; azken batean, futbola joko bat besterik ez baita.

Amaitzeko, eta honetaz guztiaz gogoeta egin dezazuen, zuekin partekatu nahi ditut ondorengo irudiak, Argentinan jazo zen gertaera negargarri batenak.

Comments { 0 }

Ingalaterrakoa, munduko futbol ligarik onena

Futbol hitza aipatzean, gure buruak Espainia edo Ingalaterrarantz jotzen du, bertan -azken eguneko derbietako audientziei erreparatzea baino ez dago- bizitzen baita futbola intentsitate eta pasio handienarekin. Futbola espainiar eta ingeles guztien ahotan dagoen zerbait da. Are gehiago, estatu hauetako biztanleariaren gehiengoa talderen baten jarraitzaile dela esan dezakegu. Futbolean jokatzeko era, dena den, ezberdina da: ingelesek futbol zuzena deritzona egiten dute, eta espainiarrek modan dagoen tiki-taka jokoa. Bi liga hauek dira munduko garrantzitsuenak, jende eta diru mugimendu handiena dutenak baitira. Bbietatik zein da onena, baina?

Hasteko, diru kontuak aztertuta, bi ligek diru mugimendu antzekoa dutela ikus daiteke, Ingalaterrako ligak Espainiakoak baino diru apur bat gehiago mugitu arren. Diru mugimendua, dena den, ezberdin ematen da. Ingalaterrako ligan, dirua talde ezberdinetan berdintsu banatzen da, talde nagusiek zertxobait gehiago jaso arren. Honek liga berdinarazten du: titulua talde gehiagoren artean erabakitzen da, eta talde xumeak indartsuagoak dira Espainian baino. Espainiako ligan, ordea, diruaren erdia baino gehiago bi talderen artean banatzen da, liga aldez aurretik saldua egonik eta ligari interesa kenduz. Ez hori bakarrik, gainerako taldeek ez dute izar garrantzitsu edo jokalari apart askorik eta jendea bi talde garrantzitsuenetan baino ez da fijatuko, liga bi taldeen negozioa bilakatuz. Beraz, diru banaketaren kontzeptuan, inglesaren alde egingo nuke.

Hala ere, espainiar ligaren futbol mota edo futbola egiteko modua ingelesena baino hobea dela iruditzen zait, ikuslearentzat futbola hobea edo entretenigarriagoa baita. Espainiako ligako futbola ‘tokean’ oinarritzen da, jokaldiak asko landuz, eta garrantzi gehiena teknikari emanez. Ingalaterrako futbola, ordea, zuzena da: pase luze edo erdiraketetan oinarritzen da, eta indarra eta fisikoa gainezartzen zaizkio teknikari, nahiz eta honek garrantzia ere baduen. Hortaz, futbola egiteko moduari dagokionez, Espainiako ligaren alde egingo nuke.

Azkenik, ikusleak duen garrantzia aztertuko dut. Espainian futbola entretenimendua da, eta zelaian zaleek euren taldea animatu eta jarraitzen dute; halere, ezin da ingelesek futbola bizi duten erarekin alderatu. Ingalaterran, futbola bizitza da jende askorentzat, astebururo futbol zelai guztiak bete egiten dira eta futbola bizitzeko modua ezin da deskribatu. Ideia bat egiteko, irakurri nire gelakide Ainhoak Ingalaterrako ligan jokatu zuen Jandrori egindako elkarrizketa. Partiduan zehar, Espainiako futbolean eserita pipak jatea nagusitzen den bitartean, Ingalaterrako futbola guztiz ezberdina da: jendea zutik egoten da, isildu ere egin gabe, momentu oro beraien taldearen alde kantatzen. Esan beharra dago denetarik dagoela, toki guztietan bezala, baina bada ikusle mota berezi bat bat biolentzia erabiltzen duena eta gaur egun oso ospetsu bihurtu dena: Hooliganak .

Laburbilduz, zera esan daiteke: bi estatu hauetan futbola oso era berezian bizi da, munduan beste inon ez bezala. Bi hauetatik bat aukeratu behar izango banu, Ingalaterrako liga aukeratuko nuke munduko onena bezala; izan ere, liga irabazteko hautagai ezberdin ugari baitaude eta, bertan, ikusleak inon ez bezala bizi baitu maite duen kirola.

Comments { 2 }
-->