Tag Archives | gizartea

#U21, gazteon Ikuspegia

Igande euritsu honetan euskaldunok Eusko Legebiltzarra nola osatuko den bozkatu berri dugu.  Jarraian, parlamentariek hurrengo lau urteetarako gure Lehendakaria nor izango den hautatuko dute. Egoera honetara iristeko, hauteskunde-kanpaina luzea izan dugu, non herri honetako sentsibilitate politiko guztiek beraien programak azaldu ondoren, bozka eskatu diguten. Baina gu ez gara horrekin konformatu: hautagaien iritzia gertutik ezagutu nahi izan dugu, eta gazteoi eragiten diguten alorretan zein politika eta ikuspegi duten galdetu nahi izan diegu. Horretarako, alderdiekin harremanetan ipini eta hautagaiak elkarrizketatzeari ekin diogu (hementxe hautagai-zerrenda guztiak).

Esan bezala, gazteoi eragiten diguten alorren bueltan ibili gara eta, iritzi ezberdinak lortzeko, Antonio Basagoiti (PP), Iñigo Urkullu (EAJ-PNV), Laura Mintegi (EH Bildu) eta Mikel Arana (Ezker Anitza) aurrez aurre elkarrizketatu ditugu. Ezker Batuak Berdeak taldeko Raquel Modubarrek eskainitako elkarrizketa idatzia ere badugu. Patxi Lópezen alderdia (PSE) gure galderei idatziz erantzuteko prest agertu bazen ere, oraindik erantzunen zain gaude. Bestetik, UPyD eta Equo alderdietatik ez dugu erantzunik jaso.

Hauteskunde-mahaiak itxi bezain laster argitaratu nahi izan dugun hau, gure lanaren aurrerapen bat baino ez da. Geroago etorriko dira, besteak beste, hautagaiei egindako elkarrizketak osotasunean.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin egon diren hautagaiei, bereziki aurrez aurre ezagutu eta galdetzeko aukera eman digutenei.

 

Comments { 0 }

Paperik ez, osasunik ez

FlickrCC, José Goulão

Azken urteotan 2008an hasi zen krisia dugu hizpide. Argi dago beharrezkoa dela sartuta gauden zurrunbilo honetatik irteteko gobernuak hainbat neurri hartzea osasungintzan, hezkuntzan, etab. Baina osasungintzan hartu diren hainbat neurrik ez ote dute gure osasuna arriskuan jarriko?

Espainiako gobernuak ezarri duen Errege Dekretu bidezko lege berriaren arabera, paperik ez duen etorkin orori osasun txartela kenduko zaio. Hala, osasunerako doako eskubidea galduko dute, eta ordainduz gero soilik izango dute aukera osasun zerbitzuak erabiltzeko.

Aipatutako lege hau oraingoz Espainiako erkidego gehienetan ezarri da, PPk agintzen duen erkidegoetan hain zuzen ere, eta horien artean Nafarroan. Gobernuaren arabera, murrizketa horien bidez, 500 milioi euro aurreztea lortuko da Espainian osasun alorrean. Bestalde, Inmigrazioaren Nafarroako Behatokiak aurreikusten du legeak Hego Euskal Herrian soilik 21.500 pertsonari eragingo diola. Hala, nolabaiteko debaldeko arreta jasotzekotan, larrialdietan baino ez dute izango aukera hainbat eta hainbat etorkinek. «Egia da azken boladan gero eta zailtasun gehiago jartzen ari zirela txartela lortzeko, baina eskubidea hor zegoen. Eskubide hori kendu dute orain», salatu du SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek.

Maiz entzuten dira azkenaldian medikuntza pribatizatzeari buruzko zurrumurruak, eta onartu berri den lege hau, ondoren etorriko den pribatizazio prozesu hori ahalbidetuko duen pauso bat baino ez delakoan nago.

Bestalde, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. atalak dioenez, “pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak”. Kontuan izan al dute hori lege berria ezartzean?

Sendagileen ikuspuntutik begiratuta ere, dilema moral bat sor daiteke. Izan ere, mediku egiten den pertsona orok zin egiten du laguntza behar duen edonori eskainiko dizkiola bere zerbitzuak sexu, adin eta arrazari erreparatu gabe. Hori ere kolokan jartzen du aipatutako arauak. Dena den, badira zenbait sendagile lege honen aurka egin dutenak eta etorkinei bere zerbitzuak eskaini dizkietenak.

Baina gertatu da Gipuzkoan bertan kontrako egoera bat ere, nahiz eta EAEn oraindik ez den lege hau aplikatu. Emakume marrokiar bat erditzera joan zen, eta ordaindu ezean ez ziotela lagunduko adierazi zioten ospitaleko langileek. Berak, ordea, ez zuen ordainketa papera sinatu nahi izan, hura osasun publikoko ospitale bat zela argudiatuz. Azkenik, erditzen lagundu zioten, baina hasierako jarrera ezkorra argi ageri da kasu honetan.

Beraz, krisiari aurre egiteko hainbat arlotan aldaketak egin beharko direla ikusten da, baina ez zait iruditzen horretarako lege atzerakoiak ezarri behar direnik, atzerritarrei osasungintzan aplikatu zaien hau bezala. Etorkin izan edo ez osasungintzak doakoa izaten jarraitu behar luke, oinarrizkoena gizarteko kide guztien segurtasuna bermatzea baita.

Comments { 3 }

MeTheOne: Talentuen plataforma birtuala

Munduko talentuen bila zabiltza? Gaur egungo sareko tendentzia nagusienak ezagutu nahi al dituzu? Hona hemen etorkizuneko plataforma birtuala: MeTheOne.

Badira hiru urte Mikel Torres eta Juan Barberiok, beraien lana alde batera utzi eta proiektu zirraragarri honetan sartu zirela MeTheOne sortuz. Geroago, besteak beste, marketing alorreko Enpresagintzako hiru ikasleri -Ianire Miret, Maore García eta Inacio Crehuet- proiektuan parte hartzeko aukera paregabea eskaini ziguten.

Zer egiten dugun aipatzearren, esango dizuet MeTheOne munduko talentuak biltzen dituen plataforma birtuala dela. Bertan mundu mailako arlo ezberdinetako talentuak aurki genitzake: musika, dantza, kirolak (adibidez, surfa, skate-a, muturreko kirolak…).

Plataforma honek aurkezten dituen zerbitzuak ugariak dira: sare sozialen tendentzien analisia, informazio estatistikoaren salmenta eta, bestalde, marka ezberdinei zerbitzuak ematen dizkie beraien kanpaina publizitarioen salmenta sustapenerako.

Gainera, zu zeu izan zaitezke talentu horren aurkitzailea. Izan ere, edozein pertsona erregistra daiteke webgunean. Behin izena emanda (posta elektronikoa erabiliz), erabiltzaile izena eta pasahitz bat egokitzen zaio pertsona bakoitzari. Erraza eta oso erabilgarria.

Twitter (@MeTheOneTalents) eta Facebook bezalako sare sozialetan gaude eta egunetik egunera bertan dugun eragina handituz doa. Gure helburua, mundu mailako interneteko talentuen erreferente bilakatzea da eta esan daiteke bide onetik goazela. Izan ere, dagoeneko hainbat sari jaso ditu egitasmoak (X. Manuel Laborde Werlinden saria, esaterako). Antena 3 kateak zabaldu zuen egitasmoa eta duela aste pare bat Bilboko EBE Euskadi (Evento Blog España) ekitaldian proiektua aurkeztu genuen. Arduradunen hitzetan: “Gure helburua talentu-bilatzaileen komunitate handi bat sortzea da. Saririk handiena horixe lortzea izango litzateke guretzat.”

Aipatutako elkarrizketa uzten dizuet. Animatzen al zarete parte hartzera?

Comments { 1 }
-->