Tag Archives | sare_sozialak

Internet hemen da, gaur, orain

Orain egun batzuk izan nuen Internetek Mexikon duen egoeraren berri: biztanleen ehuneko hirurogeita hamarrek ez du sarean nabigatzeko aukerarik. Harrigarria iruditu zitzaidan, harrigarria bezain kezkagarria; azken batean, XXI.a den mende honetan, garapena eta internet, biak bat direla ulertu dut lehenengo hamarkadak eman duenagatik. Gogoak Mexikora eraman ninduen, eta rol jokoa bailitzan, internet gaberik bizi den biztanleetako baten azalean jartzen saiatu nintzen. Zaila egin zitzaidan oso, imajinaezina, horrenbeste dira internetek eskaintzen dizkigun abantailak! (Egin klik ondoko irudiaren gainean, horietako batzuk ikusteko.)

Har dezagun, esaterako, irakaskuntzaren esparrua. Duela urte batzuk sinestezina zen ikasle batek sortutako ezer edonoren eskura izatea. Gaur egun, hori da klik batek ahalbide diezagukeen gauzarik arruntenetakoa. Internetek hezkuntza sistema tradizionalarekiko haustura ekarri du. Milaka webgune daude helburu didaktikoa dutenak, hala nola, wikiak, blogak, gisa guztietako sorgailuak… Aukera horiek guztiak baliatuz, ezagutza itsu-itsuan testu liburuetatik erdietsi behar izatetik, edukiak sortuz ezagutza lortzera pasa gara, aprendizaia prozesua irauliz, hezkuntzan kritikotasuna txertatuz. Testuinguru horretan jarri da abian Eskola 2.0 egitasmoa.

Halaber, komunikazioaren esparrura ere izugarrizko aldaketak ekarri ditu. Sare sozialak momentuko mezularitza zerbitzutik hasi eta ideiak, argazkiak, bideoak, musika eta beste mila gauza partekatzeko gune bihurtu dira. Erabilerrazak dira eta giza harremanek hornitzen dituzte, hori da euren arrakastaren gakoa. Facebook da sare sozial entzutetsuena eta Twitter moda-modan dagoen microblogging gunea. Biek ala biek ematen dute jendea jarraitzeko aukera, eta jario irakurleak bailiran funtzionatzen dute, etengabe eguneratuz. Mundua, bere handitasunean, txiki egitea lortu du internetek, gutiz globalizatzea.

Baina Internetek ere baditu bere arriskuak. Batetik, Internet Addiction Disorder izenekoa. Gauza guztiekin bezala, gehiegikeriak daudenean, adikzio izatera pasa daitezke, gaixotasun. Gaitza gero eta ohikoagoa bihurtzen ari dela dirudi eta horregatik sortu zen AEBn reSTART. Alabaina, kontuan izan behar da internet, berez, ez dela arriskua, lan eta aisirako gailua baizik. Arazoa norbanakoaren erabileraren neurrigabetasunean dago.

Bestetik, nortasun digitala daukagu. Iaz izan nuen lehenengoz honen berri. Jokin Lacallek ikastolako ning-ean jarri zigun post -ak ireki zizkidan begiak. Sarean kontu handiz ibili beharra dagoela erakutsi nahi izan zigun; izan ere, bertan egiten dugun oro gordeta geratzen baita. Maitek beti esaten digu argitara ateratzea nahi ez duguna interneten ez jartzeko eta Mashable webguneak ere hiru aholku eman zituen lehengo batean nortasunaren zaintzarako. Horrek, ordea, ez du erabileran oztopo izan behar. Azken batean, horregatik ez erabiltzea, teila batek buruan jo gaitzakeen beldurrez kalera atera nahi ez izatea bezain zentzugabea litzateke. Nik argi ikusten dut, beldurraren funtsa desinformazioa eta ezjakintasuna dira.

Sareak partekatzean oinarritzen den komunitate bat ere osatzen du, helburu komertzialetatik at dagoen mundu bat, denok denongandik ikastea ahalbidetzen duena. Filosofia horri jarraiki sortu da software askea, eta asko dira bere aldeko apustu irmoa egin dutenak.

Internet ez da bihar etorriko, ez da etorkizuna, oraina da. Hemen dago eta geratzeko etorri da. Jada ez dago sarea errealitatearengandik bereizterik, mundu birtuala zein fisikoa biak nahastu baitira. Orain, emeki-emeki gauzen internetek nola disolbatzen dituen ikustea besterik ez zaigu geratzen.

Comments { 1 }

Tuenti, handiagoak beldurtzen

tuenti versus facebookAzkenaldi honetan sare sozial berriak sortzen hasi dira. Gure artean ezagunenak facebook eta tuenti dira. Tuenti facebooken konpetentzia dela esan daiteke, lehenago sortu baitzuten azken hau Harvardko Unibertsitatean. Facebook arrakastatsua unibertsitateko gela batean zeuden ikasle batzuen artean komunikatzeko sortu zuten hasieran, baina pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan da ia edonon ezaguna izatera iritsi den arte. Estatu Batuetakoak dira erabiltzaile gehienak; halere, Kanada, Ingalaterra, Kolonbia, Mexico, Brasil eta Argentinak ere asko dituzte. Bada, ordea, facebooki lehia egiten hasi zaion sare sozial berri bat: tuenti. Hala eta guztiz ere, sare honek Espainian du garrantzirik handiena. Bi sare sozial hauek elkarren antza handia dute; bietan ekintza berdinak egin daitezke: argazkiak publikatu, lagunak argazkietan etiketatu, argazkiak iruzkindu…

Tuenti gazteentzako sortutako lagun-sare bat da. Bertan, izena emandako pertsona orok bere profila izango du, hau da, bere tuenti-orria. Tuenti-orria lortuz gero, nahi dituzun argazki guztiak igo ditzakezu, zure blogean testua idatzi, besteen tuenti-orrietan edota argazkietan iruzkinak ipini… Gainera, nork bere profilaren pribatutasuna aukera dezake, alegia, lagunek baino ez zaitzakete ikus, edo norberaren lagunen lagunek, edota edonork… Ezarpen horiek edozein unetan alda ditzake profilaren jabeak. Honetaz guztiaz gain, pertsonak oso erraz aurki daitezke izen-abizenen bidez, duten lana edota doazen eskolaren izenaren bitartez, bizilekua bilatuz, parrandan ibili edo irteten diren tokien baitan, lagunen lagunak direla medio… Esan daiteke beta pribatu bat dela. Gauzak horrela, bertan sartu nahi baduzu, erabiltzaileren baten gonbidapena jaso beharko duzu e-posta bitartez.

tuentiAtzera eginez, jakin dugu proiektu hau 4 pertsonek sortu zutela 2005eko azaroan. 2006ko amaierara arte, ordea, ez du izango bere loraldia. Izenak ere badu bere historia; izan ere, sortzaileek izenak “tu” eta “ti” izatea nahi zuten -“tu entidad” hitzen antza izateko- eta, horregatik, tuenti izena jarri zioten. Urte eta erdi geroago, sare sozial garrantzitsuenetariko bat dela esan daiteke, gazteentzako gehienbat.

Gune honek antzeko besteekin duen lehia handia da, eta norgehiagoka horretan tuentik asko irabazten du arestian aipatu dudan pribatutasun aukera dela eta. Facebookek, adibidez, ez du horrelako aukerarik, eta horrek erakargarritasun handiagoa ematen dio tuentiri. Irabazi duen ospeari esker, tuenti handienekin ari da borrokatzen sare sozial onena izatera iristeko asmoz.

Laburbilduz, esan daiteke tuenti pixkanaka handitzen joan dela, eta gaur egungo sare sozial ezagunenetakoa dela. Hala eta guztiz, asko dira tuentiko erabiltzaile izatea txarra dela diotenak, denbora asko jaten baitu eta bere mendera eror baitzaitezke. Ez baduzu hori sinesten, zoaz tuenti duen norbaiti galdetzera eta berak zalantza guztiak argituko dizkizu…

Comments { 2 }
-->