Plataforma berri bat dago denon eskura, atzotik aurrera, joko itxurako aukera anitzeko galdeketak sortzeko. Tresna hau bereziki irakasle eta ikasleentzat pentsatutakoa bada ere, edonork egin dezake kontua bertan eta jokoak sortu. Egitasmoa abian ipintzeko orduan, ondorengoak izan dira helburu nagusiak:
- Irakasleek ikasleentzat ariketa moduko jokoak sortzea, gai bat errepasatzeko edo.
- Adin bateko ikasleek ere gauza bera egitea, ikasleak sortzaile eta, aldi berean, irakasle bihurtuz. Gainera, sortzen dituzten jokoak Tuenti, Twitter edo nahiago duten sareetan parteka ditzakete. Horrela, euren lagun, guraso, irakasle edo nornahiri jokatzeko aukera eman diezaiekete.
- Interneteko euskarazko edukiak areagotzea.
Esan behar da plataforma Forma 3.0 enpresak -duela gutxi arte Ihardun- garatutakoa dela eta HPSk diruz lagundua. Adibide honetan ikus dezakezuen bezala, test moduko joko edo ariketak sortzeko aukera ematen du, eta sortutakoa sare sozial ezberdinetan partekatzeaz gain (Tuenti, Twitter, Facebook eta Google+), korreoz ere bidali ahal izango da. Azken aukera, irakasle edota ikasleentzat interesgarria izan daitekeena, ‘enbotatu’ edo nork bere web orrian, gelako zein ikastetxeko blogean txertatzearena da.
Joko bat egin nahi duenak plataforman alta eman eta 15 galdera sortu beharko ditu. Nahi adina joko sortzeko aukera izango du erabiltzaile orok eta sortutako guztiak bere profilean gordeta geratuko zaizkio. Erabiltzaile ezberdinei jarraitzeko aukera ere egongo da. Eman beharreko urrats guztiak ondorengo bideotutorialean ikus ditzakezue (hementxe jarraibideak idatzita).
Iruzkin berriak