Egungo egoera politikoaren gorabeherak direla eta, hauteskundeak gertu zeudela ikusirik, ardura politikoz beteriko ikaskide talde batek egitasmo honi ekin genion duela zenbait aste. Ezagunak genituen jada alderdi guztien hauteskunde-programak eta asmoak; nolanahi ere, gazteoi eragiten diguten gaien inguruan informazio gehiago lortu nahian, helburu zail bezain zirraragarria jarri genion geure buruari: lehendakaritzarako hautagaiak elkarrizketatu eta hautagaiekin aurrez aurre mintzatu euren gazteon inguruko politika zein den jakiteko, hau da, gazteenganako duten pentsaera eta egitasmoak ezagutzeko.
Erronka hau helburu, prestakuntzari ekin genion eta alderdi guztiekin harremanetan ipintzen saiatu ginen. Batzuen erantzunik jaso ez arren; galdera konkretu, zuzen eta aproposenak eratu genituen eta beharrezko material guztia eskuratu. Azkenean, gorabehera batzuk tarteko, zenbait alderdirekin adostu genituen elkarrizketak, eta horietara joateko prestatu ginen. Honela, hurrengo hautagaiak elkarrizketatu genituen hurrenez hurren: Laura Mintegi (EH Bildu), Mikel Arana (Ezker Anitza), Iñigo Urkullu (EAJ), eta Antonio Basagoiti (PP). Ezker Batua Berdeak-eko Raquel Modubar-en idatzizko erantzunak ere jaso genituen, beste alderdiekin, berriz, ezin izan genuen elkarrizketarik hitzartu.
Elkarrizketak burutu eta handik oso gutxira hauteskundeak iritsi zirenez, ezin izan genuen lana bere osotasunean plazaratu, baina bai aurrerapen txiki bat. Horren ostean, azken aste hauetan, lana osorik zintzilikatzeko prestatzen egon gara: bideoa, bloga, gure joan-etorrien storifya… Elkarrizketetatik eskuratutako informazioa antolatu eta gure ondorioak atera ditugu. Hementxe duzue bideoa ikusgai:
Pixka bat atzera eginez, onartu behar dugu hasieran norabide jakinik gabe ibili ginela, gaia nondik heldu ziurtasunez jakin gabe; halere, argi geneukan gauza bat: zer interesatzen zitzaigun. Hutsune bat ikusten genuen. Hutsune horren ertz batean, gazteok geunden; bestean, aldiz, gizartea eta politika. Gauzak horrela, hautagaiek gazteekiko izango duten politika gertutik ezagutaraztea izan da gure helburua, gai horren inguruan sarean eta euskaraz gazteok dugun informazio urria aintzat hartuta.
Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gurekin egon diren lehendakarigai guztiei eta haiekin harremana erraztu diguten taldekideei. Hemen aurkezten dizuegun blog hau ibilaldi horren guztiaren fruitu izan da. Espero dugu gu bezalako gazteek gure esperientziatik zerbait ikastea. Guri dagokigunez, saiakuntza honetatik eskuratu dugun eskarmentua hurrengo batean aplikatu ahal izatea da gure nahia. Besterik gabe, hementxe uzten dizuegu gure lanaren emaitza: #U21, gazteon ikuspegia.
Taldekideak: Julen Harto, Asier Egia, Javier Valdivielso, Alexander De La Cuesta eta Eñaut Muerza.
Iruzkin berriak