Oraingoan ere alferra lanez betea?

La_educación_no_se_vende

La educación no se vende, Wikimedia Commons

Gaur egungo gazteon artean eragin handia duen gai bat izan zen protagonista gure lagunarteko elkarrizketan aurreko egun batean. Hezkuntzan egin diren murrizketena, hain zuzen ere. Gaur egungo egoera honek izugarrizko kezkak sortzen dituela konturatu ginen ikasleon artean, eta galdera orokor batean laburtu genituen gure ardurak: eta zuk zer egingo zenuke izugarri desio duzun lanbide ikasketak egiteko nahikoa diru edo baliabide edukiko ez bazenu?

Zur eta lur geratu nintzen lagunetariko batek egunkari bateko albistea erakutsi zidanean. Bertan, Jose Inazio Wertek, hezkuntza ministroak, zioen hezkuntza arloan inbertsio handiagoa egiteak ez duela ikasle hoberik sortzen. Are gehiago, bere ustez, diru laguntza hauek jaistea dela seme-alaba eta bere gurasoek ikasketei garrantzia handiagoa emateko modu bakarra eta, honi esker, ikasketa maila hobea lortzeko irtenbidea espainiar estatuan. Akaso familiar aberatsenetako haurrak dira ikasle onenak? Haur txiroek ez al dute liburu bakar bat izateko eskubiderik? Ez al ditugu etorkizuneko mediku, arkitekto, ingeniari edo irakasle garrantzitsuenak galduko ikasketak ordaindu ezinik geratzen badira? Egoera honek aurrera jarraituko balu, ikasle dirudunek bakarrik lortuko lukete beraien ikasketak bukatzea eta hau ez litzateke batere egokia izango benetan ikasteko gogoa dutenen artean.

Politikari eta hezkuntza ministroak ikasketa modu berri bat sortu eta ikasleak formazio hobearekin irtetea nahi dute (ikus murrizketen zerrenda). Horrela, herrialde honetan dagoen krisiari bira eman edo, hori lortuko ez balitz, atzerrira joan eta lanbide egoki bat lortzeko baliabide gehiago edukitzea da hauen asmoa. Oinezkorik nahi ez izatearen ondorioa, zaldizkorik ez etortzea da. Izan ere, nola lortuko dugu hauek espero duten ikasketa-maila irakatsiko duen irakaslerik ez badago, ikasketak ordaintzeko eta atzerrian ikasi ahal izateko diru laguntzarik ez badago, eta honez gain, unibertsitateko tasak igotzen badira?

Arazo larri honi konponbidea jartzeko modu bakarra, arau horiek jarri dituenari begiak ireki eta zein buruhaustetan jarri gaituen erakustea da. Beraz, mahai gainean ogi gogorra jartzen badigute, haginak zorroztu eta goseari aurre egin beharko diogu. Ikasle eta irakasle, gazte eta zahar, euskaldun edo erdaldun, egun batez bada ere, bat egin eta denon artean protesta egin dezagun!

Comments { 2 }

Izango al zinateke XVIII. mendean bezala bizitzeko gai?

amish umeak (FlickrCC, trustypics)

amish umeak (FlickrCC, trustypics)

Aurreko batean, Callejeros Viajeros telebistako programa ikusten ari nintzela, Estatu Batuetan eta Kanadan Amish izeneko komunitate berezietan duela lau mendetako bizitza daramatela jakin nuen. Kristau anabaptista taldeak dira, bakezaleak eta teknologiaren inongo eraginik jaso ez dutenak. Antzina alemanen eragina jaso zuten, eta, ondorioz, dialekto aleman bat hitz egiten dute. Gaur egun, 230.000 amish bizi dira.

“Ordnung” izeneko araudi bat dute, komunitateko bizitza arautzen dieten legeez betea. Oso zorrotzak dira, zorrotzegiak nire ustetan. Horren zehatzak dira, non daramatzaten txapelek zenbat tolestura izan behar dituzten ere agintzen duten. Janzkerarekin jarraituz, bibotea eramatea (militarren ezaugarria kontsideratzen dutelako), eskularruak edota kirolerako zapatilak janztea guztiz debekatua dute. Gizonezkoek jantzi ilunak eta lastozko edo txapela beltzak janzten dituzte. Emakumezkoek, berriz, kolore bakarreko soineko sinple batzuk mantalarekin, eta buruan, motots bat buruko zuri batez estalita.

Ez hori bakarrik; izan ere, XXI. mendean bizi garen arren, teknologiarik erabili gabe bizi dira, guztiz isolatuta. Aurrerapen guztiak baztertzen eta gutxiesten dituzte. Gauzak horrela, ez dute ez telebista, elektrizitate, eta ezta mugikorrik ere. Etxea argitzeko eta hozkailua martxan edukitzeko gasa erabiltzen dute. Kontuan izan behar dugu amish komunitateko gizon gehienen ogibidea zurgintza dela, eta eurek eginiko altzariak Estatu Batuetako beste hiri batzuetara esportatzen dituztenez gero, euren produktuak sailean ekoizten dituzte. Ezingo litzateke hori posible izan XVIII. mendeko lan-tresnekin. Hortaz, 12V-ko bateriak erabiltzen dituzte soldatzeko eta zulatzeko. Garraiobideari dagokionez, ez dira motordun ibilgailuetan ibiltzen, zaldi-gurdietan baizik.

amish komunitatea (FlickrCC, cindy47452)

amish komunitatea (FlickrCC, cindy47452)

Ordnungak diktatzen dituzzten zenbait lege ez zaizkit batere egokiak iruditzen. Izan ere, ikaragarrizko kaltea eragiten die horretan sinesten duten amish biztanleei. 16 urtera arte ez dute aukerarik bizimodu hori uzteko. Behin adin hori iritsita, amish izaten jarraitu nahi duten ala ez aukera dezakete. Euren sinesmenetan itxita bizi dira, eta nekez dute euren komunitateaz kanpoko munduaren berri. The Shunning filmak, haien bizitza eta arauak irakasteaz gain, neskatxa batek bere familiak amish komunitatetik botatzen duenean bizitzen duena ere erakusten digu.

Esan bezala, kaltetuak eurak dira. Amish taldea ez du jende ugarik osatzen, eta asko eta asko odol bereko jendearekin ezkontzen dira. Horrek herentziazko gaitz genetikoak ekar diezazkieke. Hori gutxi balitz, gaixotasun horiek izatea Jainkoaren nahia dela esanez justifikatzen dute. Gainera, ez dute medikamendurik hartzen. Antza denez, sendatzeko fedean sinesten dute.

Hitz gutxitan esanda, benetan onuragarria al da inguratzen dituen errealitatetik kanpo bizitzea? Nire uste apalean, gizartean ematen diren aldaketekin batera bizi beharko lukete, beste kulturekin gehiago sozializatuz. Zein da zure iritzia?

Comments { 2 }

Aldaketa klimatikoaren arrastorik ez komunikabideetan

aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat (Wikimedia Commons)

aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat (Wikimedia Commons)

Google Interneteko bilatzailean aldaketa klimatikoa hitza idazten badugu, 39.200 emaitza inguru lortuko ditugu. Halakorik! Eta zer esanik ez, erdaraz edo ingelesez xerkatzen badugu. Sinesten ez duenak egin dezala proba. Baina hori ez da kontua. Kontua da gizakiak urteak eta urteak daramatzala fenomeno honi buruz hitz egiten (XIX. mende amaieratik hipotesi bezala, XX. mendeko 70. hamarkadatik ziurtasun osoz), eta ohituta geundela honi buruzko albiste gero eta larriagoak entzutera (Bizkaiko itsasoko ura gradu bat igo da, aldaketa klimatikoa dela eta, Un estudio augura catástrofes naturales causadas por el cambio climático…); baita honi buruzko azalpenetara ere (Klima aldaketa). Azkenaldi honetan, ordea, egunkarietan gai honi buruzko albiste kopurua guztiz txikertu da, gaur egun dauzkagun beste arazo anitzengatik ziurrenik (krisi ekonomikoa dela, ustelkeria kasuen gorakada…). Hala eta guztiz ere, duela gutxi “El País” egunkariak behin betiko albistea argitaratu du: Los efectos del cambio climático se acercan al punto de no retorno.

Puntu honetara iritsita, gai honen inguruko epe laburrerako erabakiak hartzea guztiz premiazkoa dela uste dut. Lehenik eta behin, aldaketa klimatikoaren aurrean kontrolpean jarri beharreko ondoriorik garrantzitsuenetarikoa berotegi efektua da. Berotegi efektua berez ez da txarra, bizitzeko beharrezkoa baitugu, baina guztion artean arazo bilakatzea lortzen ari gara. Honek tenperaturen gehiegizko igotzea dakar, gure planeta kinka larrian ipiniz: poloetako uren urtzea eta, ondorioz, itsasoen mailen handitzea, ekosistemen aldaketa, ur eskasia edo uholdeak, animalien biziraupena arriskuan ipintzea…

Arrazoi hori entzunda, jendea agian ez da guztiz konbentzituko arazo honen garrantziaz, gizakia oraindik aipatu ez delako. Bada, ikuspegi geurekoi batetik begiratuta -akaso jendeari buruan sartzeko modu bakarra da-, badago bai, honen barnean, esklusiboki gizakia kaltetzen duen ondorio bat: beroaren ondorioz ematen diren heriotzen gorakada nabarmena jasaten ari gara oraintxe bertan, baita alergia kasuena ere, tenperatura gorakada honek polenaren garaia luzatu baitu. Ildo horretatik jarraituz, gaixotasunak transmititzen dituzten eltxoetan aldaketak gertatzen ari dira, gaixotasun hauen kalteak larriagotuz.

Horrenbestez, argi geratu da aldaketa klimatikoaren auzia gizakiaren errua dela ia zati handi batean, baina ondorioak bizidun guztiok sufritzen ditugunez, baita hurrengo belaunaldiek ere, honi guztiari konponbide bat aurkitzea zor diegula uste dut. Agian, gaur egungo egoera dela eta, ezingo ditugu proiektu handiak aurrera eraman (diru kontuak direla eta); hala ere, herritar guztiok benetan kontzientziatzen bagara eta neurriak hartzen baditugu, hala nola, karbono dioxido emisioak gutxituz autoen erabilera murriztuta, aerosolen erabilera saihestuz…egoera pixka bat hobetzea lortuko dugu. Baina berriro diot: guztiok egin behar dugu saiakera, baita eszeptikoenak ere; denok dakigunez, itsuen herrian begibakarra baita alkate. Horrela jarraituz gero, ordea, ikusiko dugu zenbat denborarako. Tik-tak, tik-tak…

Comments { 6 }
-->