Askok diote itxura fisikoak beste ezerk baino gehiago balio duen garaian bizi garela eta ez nuke kontrakoa esango. Hori izan daiteke anorexiaren eragilerik nagusienetako bat; izan ere, gero eta gehiago dira anorexia jasaten duten pertsonak. Gaixotasun hau, batez ere, 14 eta 18 urtekoengan ematen da eta %95 emakumeak izaten dira, nahiz eta azken urteetan gizonezkoen kopuruak gora egin duen.
Anorexia izenez ezagutzen dugun gaixotasuna, elikagaien kontsumo desorekatu baten ondorioa da. Pertsona bera da pisua galtzearen eragile bakarra eta, tamalez, gaur egungo gizarteko gaixotasunik garrantzitsuenetakoa bilakatu da. Ondorio oso gogorrak ekar ditzake fisikoki eta psikologikoki gaixoen artean, eta baita bere ingurukoengan ere.
Kausa nagusia loditzeko beldurra da. Esan beharra dago pertsona batzuek beste batzuek baino aukera handiagoa izaten dutela gaixotasunaren atzaparretan erortzeko. Askotan, senide baten heriotzak, istripuek edota etxetik urrun egoteak dute eragina eta ez da batere erraza izaten behin mundu honetan sartu ondoren irtetea. Anorexiaren sintoma nagusiak, besteak beste, hauexek izaten dira: adina eta neurriak kontuan hartuz behar dena baino pisu handiagoa mantentzeko errefusa, pisuz igotzeko beldurra eta gorputzaren pertzepzio distortsionatu bat izatea. Normalean, gaixoaren inguruak detektatzen ditu sintomak eta hauek izaten dira neurriak hartzen dituztenak. Familiak hainbat jokabide bitxi antzematen du gaixoarengan, hala nola, obsesioa pisuarekin, janaria saihesteko azpijokoak edota janariari muzin egiteko beste hainbat ekintza. Gainera, gaixoak depresioa, nahaste emozional edo pertsonalak edota suminkortasuna izan ditzake.
Gaixotasun hau gainditzeko tratamendu ezberdinak daude. Dena den, garrantzitsuena ahalik eta azkarren detektatzea da. Medikuak eritasunaren fasea detektatu eta gorabehera guztiak ongi ezagutzen dituenean, gertuko jarraipena beharrezkoa da. Kasu batzuetan, gaixotasuna areagotu ez dadin, beharrezkoa izaten da gaixoa ospitalizatzea. Kasu horietako batzuk desnutrizio maila handia denean edota familiarteko harremanak jasanezinak egiten direnean ematen dira eta ezinbestekoa da tratamendua eraginkorra izan dadin. Kasu hauetan oso garrantzitsua da famiaren erantzukizuna eta konpromiso irmoa gaixoarekiko.
Bestalde, anorexia agertzearen zergatiaz hitz egin beharko genuke. Zergatik da gaur egun maiz ematen den gaixotasuna eta orain dela gutxi arte, ordea, ez da kasurik ezagutu? Gure gizarteko baloreek eragin handia izan dute gaixotasun honetan. Ezin da ukatu modelo edota bestelako famatuek eskaintzen duten irudiak eragin zuzena daukala jendearengan, batik bat, gazteriarengan. Halaber, beharrezkoa da aipatzea moda munduan azkenaldian eman den iskanbila modeloen itxura dela eta. Modeloek hainbatetan izaten duten itxura fisikoa asaldagarria izaten da eta horrek zuzenean eragiten du gaixotasun hau jendearen artean sustatzeko garaian, zorionez edo zoritxarrez, gazte askoren eredu baitira modeloak. Azken finean, hasieran aipatu dudan bezala, itxura fisikoak ezerk baino gehiago balio duen garaian bizi gara. Edo ez da horrela?




Ez, ez da egia homosexualitatea XIX. mendeko kontua denik, ezta gutxiagorik ere. Esan genezake homosexualitateak berak ere, gauza guztiak bezala, baduela historia bat. Historia horrek ez du ibilbide erraza izan; izan ere, auzi honek hamaika gorabehera izan baititu.
Gaur egun, normalizazioa lortu dela esan genezake. Hala ere, gaurko artikuluan, zehazki “normalizazio horretaz” hitz egitea gustatuko litzaidake. Jakina da gaur egungo homosexual-bikoteek bai ezkontzeko, eta baita seme-alaba bat adoptatzeko ere eskubidea dutela. Beste modu batean esanda, legearen aurrean, beste edozein pertsonak izango lituzkeen eskumenak dituzte. Baina egungo arazoa ez da legean oinarritzen, gizartean baizik. Gizarteak ez du gizon homosexuala baztertzen, baina etiketatu egiten du. Homosexualez hitz egitean, gauza normaletatik ateratzen den zerbaitez arituko balitz bezala jokatzen du gehiengoak; izan ere, nahiz eta kontzientzia liberala dugula pentsatu, jendeak ez du hain libreki jarduten. Arazoa gehienbat gazteekin gauzatzen da eta diskriminazioa nahiz bullynga agertzen dira euren egoera adieraztean, eta hori da hain zuzen gizarte totalitarista baten zeinua. Gazteen artean normalizazio kontzientzia hau zabaltzen hasten ez bada, ezinezkoa izango da gizabanakoen berdintasuna lortzea; horregatik, ideia zaharrak baztertuz eta gure adimena irekiz baino ez dugu lortuko besteekiko errespetua.




Iruzkin berriak