Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Xabier Mendiguren Elizegi euskaljakintzan

Hiruhileko honetan buru-belarri gaude euskaljakintzan literatura lantzen. Gure gaur egungo idazleak hobeto ezagutu nahian, hainbat jarduera burutu ditugu: liburuak irakurri, autore ezberdinei buruzko informazio bilatu, euskarri ezberdinetan aurkezpenak prestatu eta azaldu… Emango dugu, baina, horien berri beste batean. Gaur Xabier Mendiguren Elizegiren bisita izango dugu hizpide; izan ere, beasaindarra joan den ostiralean etorri baitzitzaigun Jakintza Ikastolara Joseba Sarrionandiaren literaturaz hitz egitera.

Idazlea zenbait ipuin eta poemaz baliatu zen bere azalpenerako, abesti bilakaturiko poemen grabazioak ere entzunaraziz, adibidez, “Martin Larralde” Ruper Ordorikak kantaturik, edo “Kiromantzidxa” eta “Lili bat” Mikel Laboaren interpretazioan, eta Narrazioak liburuko ipuin pare bat ere irakurriz eta komentatuz, hala nola “Ginebra erregina erbestean” eta “Marinel zaharra”.

Denboraren kontzepzio linealaren eta zirkularraren arteko desberdintasuna izan ziren Mendiguren irakaslearen jardunaren ardatza, eta horri loturik beste hainbat kontzeptu ere azaldu zituen, hala nola patua, edo ispiluen jokoa.

Ez dago esan beharrik guretzat luxu bat izan zela horrelako ibilbidea duen idazle bat gurera etortzea Sarrionandiaren lanari buruzko azalpenak ematera. Ederki baino hobeto pasatu genuen haren esplikazioak entzuten eta abestiak kantatzen.  Sarrionandiaren poesia pixka bat hobeto ezagutzeko aukera polita izan genuen. Xabier, ea hurrengoan zure lana aurkeztera etortzen zaren!

Hementxe uzten dizuegu egun hartan grabatutako bideoa, ikus dezazuen, azaletik bada ere, bisitak eman zuena:

Xabier Mendiguren Elizegi euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Xabier Mendiguren Elizegi Sarrionandiaren poesiari buruz euskaljakintzan.

Comments { 4 }

Hitzapasa tematikoak egiten lagundu nahi?

Opor hauetan hartu dut tartetxo bat Hitzapasa jokoaren gunea berritzeko. Hitzapasan bertan  azaldu dudan bezala, bere garaian, politagoa-edo zelako, txantiloi berezi samarra hautatu nuen eta, maiz, erabiltzaileek zailtasunak izaten zituzten edukietara heltzeko. Kontua da, atzo goizean horretan ari nintzela, Xabier Mendiguren Elizegik Hitzapasak sotzen laguntzeko eskaini zuela bere burua eta nik, adiskidetasunaz abusatuz, pentsatu nuen berak ederki asko menperatzen duen literaturan oinarritutako Hitzapasa bat (edo gehiago) ekoiztea oso ondo legokeela. Esan eta egin! Handik gutxira hortxe neuzkan korreoan  Atik Zra bitarteko definizioak, euskal literaturaren 1. urratserako. Hementxe duzue Xabierrek bidalitako definizioekin sortutako Hitzapasa:

Hitzapasa Hitzapasa
HP literatura 1-1 html HP literatura 1-1 swf

Hari horretatik tira eginez, garbi dago denok badugula alor zehatz batean jakintza gehixeago edo pasioz betetzen gaituen gairen bat edo beste. Informatikaria bazara, esate baterako,  ez al zenuke informatikari buruzko Hitzapasa bat di-da batean sortuko? Eta zuk, musikari edo musikazale amorratua zaren horrek, ez al zenuke euskal musikari buruzko errosko bat egingo? Edo zinemari buruzkoa? Politikariren bat animatuko al litzateke? Imajinatzen al duzue Iruña-Veleia aferari buruzkoa, adibidez? Ez dakit, linguistika, zuzenbidea, Donostia, Ordiziako historia, Laboa, Lete, telebistako programaren bat, edozein euskal autore… bururatzen zaizuen zer horri buruzkoa! Garrantzitsuena litzateke nork bere barruan dugun jakintza apurtxo hori partekatzea eta denon eskura ipintzea, denok denongandik ikasi ahal izateko. Zer iruditzen?

Bueno, bada, erronka orain zuena da. Hauxe litzateke proposamena eta jarraitu beharreko prozedura:

  • Gai bat (literatura, zinema, musika, Internet, kirola, opera, Reala…) eta urrats bat (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa) hautatu.
  • Atik Zra bitarteko hitzak eta definizioak prestatu.
  • Formulario hau bete edo korreoz bidali (euskaljakintza, Gmail.com-en)

Hortik aurrera nire kontu. Jasotako guztiak Hitzapasa formatura egokituko ditut eta sarean, denon eskura, ipiniko ditut ahalik eta azkarren. Inork aurrera egingo?

Comments { 4 }

Buber saria euskaljakintzarentzat!

Berandu da, nekatuta nago eta oso urrutitik idazten dut (esker mila Mondragon Unibertsitateari Online Educa Berlin kongresuan egoteko aukera emateagatik), baina ezin nuen aukera hau pasatzen utzi Buber saria jasotzeagatik zorionak eman dizkiguzuen guztioi  eskerrak eman gabe. Eskerrak Buber sariagatik, eskerrak egunak joan eta egunak etorri (eta badira sei urte)  gurekin egoteagatik eta eskerrak gure lagunak izateagatik. Denok dakizue, ez daukat esan beharrik, gure ekimena txikia bezain gogotsua dela: ez daukagu ez helburu handiegirik, ez lehentasun estrategikorik, ez aurrekonturik, ez ezer. Hori denok dakizue. Hori bezain ondo dakizue euskara sarean sustatzeko eta hedatzeko gogoa eta kemena ez zaigula falta. Horregatik, gaur, euskararen eguna ospatzen den honetan, saria jasotzeak bereziki poztu gaitu. Hori ere badakizue, ez daukat esan beharrik.

Zerbait berezia pentsatuta genuen euskararen eguna ospatzeko.  Une edo egun bakar bateko kanpainei ihes egin nahian, azkenaldian euskara lantzeko sortu ditugun ariketak denon eskura ipintzea pentsatuta genuen gure eguna ospatzeko, baina hori beste egun baterako utziko dugu; izan ere, gaur ibilbide honetan gurekin egon zaretenokin ospatu nahi baitugu. Aitortu beharrean nago, baina, pena bakarra geratu zaidala: hemendik ahalegin guztiak eginda ere,  ikasleak ezin izan dute  sari-banaketara joan, eta horrek goibel samar utzi nau. Dena den, badakit oso pozik daudela eta nahikoa da. Bide batez, saria gure izenean jaso duten Adaki Komunikazioak enpresako lagunei eskerrik beroenak emateko aprobetxatu nahi dut. Mila esker, Andoni, bihotzez!

Euskaljakintzaren sei urte hauetan, sari eta errekonozimendu ezberdinak jaso ditugu; halere, Buber sari hau bereziki pozgarria da guretzat euskararen sustapen eta zabalkundearen aldeko errekonozimendua delako. Euskara sarean zabaltzea eta sustatzea, jarraitzen diguzuenok ondo dakizuen bezala, izan da hasieratik gure helburuetako bat. Eta horrela jarraitu nahi dugu, edukiak sortu eta partekatzen. Ez dugu saririk behar horretarako; bestalde, aitortu beharra daukagu laztanak edo musuak gustura hartzen ditugula denok! Beraz, mila esker, bihotzez, nire eta nire ikasleen izenean.

Comments { 8 }
-->