Archive | euskara

RSS feed for this section

Euskaljakintzakoon egitasmo berria: ‘Sarea euskaraz blai’

Sarea euskaraz blai. Izen horixe eman nahi izan diogu gure azken egitasmoari; izan ere, euskaljakintzakook sarea euskarazko edukiez betetzen jarraitu nahi baitugu (betiere gure eskuetan dagoen neurri txikian). Jarraitzen diot, duela zortzi urte jaiotako proiektu honek bizirik dirauelako, eta inoiz baino gogotsuago  gaudelako. Jomuga hori buruan, 1. hiruhilekoan egingai ezberdinetan egon gara lanean, taldeka.

Ikasturte hasieran, ikasleengana jo eta ondorengoa eskatu nien:

  • Proiektu bati heldu behar zioten, euskarazko edukiak sarean zabaltzeko aproposa izango zena.
  • Euskarazko sareko edukiei erreparatuta, euren lanak beraiek antzematen zuten hutsune bat betetzeko baliagarria izan behar zuen.
  • Euren euskara hobetzeko baliatu behar zuten (elkarrizketak, gidoiak, azalpenak, argudioak… aukeratutako testu motak seriotasunez landu behar zituzten).

Zehatz-mehatz esateko, galdera nagusia ondorengoa izan zen:

Zuen proiektuak euskarak sarean duen zein arazo, hutsune, behar edo gabeziari erantzungo dio?

Ikasleak berehala hasi ziren proiektuak definitzen: beharko zituzten baliabideak zerrendatzen, faseak bereizten, denboralizazioa zehazten, taldekideen ardurak eztabaidatzen… Eta hortxe ibili dira buru-belarri Lehendakaritzarako hautagaiak elkarrizketatzen, umorezko programak eta lehiaketak ekoizten, ume txikientzat ikas-materialak sortzen… Euskarari buruzko dokumentalen bat ere prestatu dute. Esker mila tarte bat eskaini diguzuen elkarrizketatu eta lagun/konplize guztiei.

Esan beharra daukat prozesu osoa jakin-minez bizi izan dudala. Jakin-minez, prozesu osoan zehar ni gauza batean eta bestean laguntzeko eta egitasmoa bideratzeko egon banaiz ere, taldeena izan delako proiektuak aurrera ateratzeko ardura nagusia. Jakin-minez, beraz, azken eguna iritsita, ikusteko zer-nolako emaitzak lortzeko gai izan diren eta zenbat emateko prest egon diren. Dena den, hasiera-hasieratik esan nien emaitza bezainbeste izango nuela kontuan prozesua. Gauzak horrela, ibilbide osoa dokumenta zezaten eskatu nien: saioz saio eskolako ordu guztietan egindakoa, eskolaz kanpo lanean eman dituzten orduak, landutako idatziak, taldearen lana osotasunean, partaide bakoitzaren parte-hartzea… Bihar hasiko dira gelakideen aurreko aurkezpenak eta talde bakoitzak egin duenaren defentsa.

Edonola ere, horrelakoetan sartzen zarenean, badakizu dena bertan behera uzteko gogoa izango duzula uneren batean edo bestean, testuliburuetara eta eserlekuan denak zuri begira eta isilik egoten ziren momentu haietara bueltatzeko irrikaz egongo zaren une horiek etorriko zaizkizula: grabazioetan korridorean zarata eta besteen kexak, tripodea ez dago libre, pieza txiki bat galtzen da, kamera denok batera behar dugu, beste irakasgaiaren batean orduren bat galdu elkarrizketaren bat egitera joateko… Ez da erraza batzuetan hori guztia kudeatzea. Beste irakasleen kolaboraziorik gabe, adibidez, ezinezkoa litzateke hau guztia; beraz, eskerrak eman nahi dizkiet lankideei erakutsitako pazientziagatik eta eskainitako laguntzagatik.

Egongo da denbora balorazio sakonagoetan murgiltzeko. Oraingoz, gure asmoa da, gaurtik hasita, proiektu guztiak argitaratzen joatea pixkanaka-pixkanaka eta abenduaren 3rako amaitzea. Horixe litzateke, besteak beste, gure aurtengo ekarria Euskararen Nazioarteko Egunari begira.

Amaitzeko, zorionak eman nahi dizkiet ikasleei egin dituzten ekarpenengatik. Emaitzak kaskarrak, onak, hobeak edo apartak izanda ere , badago, nire ustean, hori baino garrantzitsuago den zerbait: euskararen aldeko jarrera aktiboa. Eta horretan, zalantzarik ez izan, bikain ibili dira denak.

 

Comments { 20 }

Euskara hautaproba: azken errepasoa eta aholkuak

Dakizuen bezala, Hautaprobak unibertsitatean sartzeko bidea ematen duten gaitasun-probak dira, eta horiek gainditzea derrigorrezkoa da ikasketak unibertsitate publikoan hasi nahi duten bertako zein kanpoko ikasleentzat.

Zorionez edo zoritxarrez, aurtengo Hautaprobak izkinaren bueltan dira! Hainbeste kezka, buruhauste, urduritasun, larrialdi eta estura sorrarazten dizkiguten azterketak hementxe dira bihar hasi eta ekainaren 8ra bitartean. Euskarako proba, bihar izango da. Euskaljakintza ez dabilenez oso fin (ikasturte amaieran ekingo diot berritzeari), hementxe ipiniko dut azken errepasoa egiteko behar duzuen guztia. Osorik hautaproba prestatzeko gunea ikusteko: EUSKARA HAUTAPROBA.

GAITASUNAK

Proba honetan, irakurmena eta idazmena izango dira helburuen lorpena neurtzeko baliabideak. Honako gaitasunak bermatu nahi ditu:

  • Ikasleak testu argiak eta zehatzak sor ditzake gai askori buruz, eta gai da, orobat, gai orokorrei buruzko ikuspegi jakin bat aldezteko, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako argudioak emanez.
  • Ikaslea gai da argi eta hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertzeko, gai ezagunei buruzkoak badira, kulturaren esparruan, ikasketen esparruan eta aisialdian.
  • Gai ezagun edo interes pertsonalekoei buruzko testu soilak eta koherenteak osa ditzake ikasleak. Esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko gai da, eta gai da, orobat, bere iritziak labur-labur arrazoitzeko edo bere asmoak azaltzeko.

Probaren ezaugarriei (idatzizko ulermena, idazmena, hiztegia, zuzentasun gramatikala, ortografia, koherentzia eta kohesioa) buruz gehiago jakiteko:

Bi eredu izango dituzue aukeran:

ATALEZ ATALEKO BERRIKUSTEA:

Dakizun bezala, ulermena da azterketako lehenengo atala. Bertan, emandako testuari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen baduzu, puntuazio gorena emango zaizu galdera bakoitzean. Lau galdera direnez, bakoitzari 0,5 puntu dagozkio. Atal honen inguruan gelan esandakoa berrikusi nahi baduzu, joan irakurri eta erantzun atalera.
Amaitzeko, egiaztatu urrats guztiak ondo eman dituzula:

ULERMENA

 

AHOLKUAK
Erantzuten hasi aurretik
Gutxienez bi irakurketa egin: bizkorra eta arretatsua.
Ulertzen ez dituzun hitzak azpimarratu edo markatu.
Testuko informazioa aztertu eta alboan labur-labur egilea zertaz mintzatzen den ipini.
Ulermen galderak irakurri eta erantzuna non egon daitekeen begiratu.
Testua eta galderak ondo ulertu dituzula egiaztatu.
Erantzuna idatzi aurretik, bi aldiz pentsatu.
Erantzutean
Galdegaia zaindu.
Erantzun zuzena ematen ez bada, inferitu.
Galderaren erantzun osoa eman, hau da, galderari zuzenean erantzuten dioten datu guztiak biltzeko ahalegina egin.
Balorazioak saihestu.
Erantzun ondoren
Idatzitakoa berrirakurri eta, hala behar izan denean, aldaketak egin.

GAIA ETA LABURPENA

Atal honetan emandako testuaren laburpen txiki bat egiteko eskatzen da eta gaia zein den esateko. Lan hori txukun egiten baduzu (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu zarela erakutsiz), bi puntu emango zaizkizu, gramatika oker nabarmenik ez baduzu, behintzat. Beraz, sintesi gaitasuna neurtuko da. Era berean, zuzentasuna eta koherentzia ere kontuan hartuko dira. Akats larriak zigortuko dira.
Behin baino gehiagotan azaldu dugu laburpena egiterakoan zer zaindu (jarraitu aurreko lotura esandakoa errepasatzeko). Bestalde, hementxe dituzu gaia eta laburpenaren autoebaluazioa egiteko fitxak.

GAIA

AHOLKUAK

1. Asmatutako gaiak testuaren muina jasotzen du, alferreko elementurik gabe.
2. Esanguratsua izateko, gaiari ez zaio elementu garrantzitsurik falta.
3. Ulergarria da.
4. Irakurri ez duenak testuaren zentzua atzemango du gai honi esker.
5. Ez hartu irudi edo metaforarik gaitzat.
6. Luzera egokia du: ahalik eta hitz gutxien erabili.

LABURPENA

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).
1. Argi eta garbi adierazi gai nagusia zein den.
2. Funtsezko ideia guztiak jaso.
3. Hari nagusiarekin zerikusirik ez dutenean, osagarri, adibide eta txikikeria guztiak baztertu.
4. Zehatz egituratu testua, zeure erara, artikuluaren ordena orpoz orpo jarraitu gabe.
5. Ez ezer errepikatu.
6. Ideia eta paragrafoak ongi uztartu.
7. Lotura hizkiak (hala ere; hau da; adibidez; beraz…) erabili testuari kohesioa emateko.
8. Artikuluaren berri izan gabe, irakurle batek erraz uler dezake zure laburpena.
9. Testuan aipatzen direnak laburtu, zeure iritziak gehitu gabe.
10. Luzera: laburpena eskatutakora egokitu.

MOLDATU ESALDIAK

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer-nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Kontuz! Ohikoena lokailuak azaltzea bada ere, juntagailuak edo menperagailuak ere atera daitezke (ikus moldatu esaldiak). Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…). Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

 

IDAZLANA

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

IDAZLANAREN AUTOEBALUAZIOA

*Oharra: txantiloi hau Ibaizabalen Euskara eta Literatura, Batxilergoa 2. maila, Selektibitatea testuliburutik hartua eta egokitua da.

Zer kontatu dut? (mamia)

Idazlanean iritzia agertzen saiatu al naiz? Eta garbi adierazi al dut? Arrazoirik erabili al dut? Zer eratakoak? Ideiarik errepikatuta ageri al da?
Egitura garbia al dauka idazlanak?
Idazlanaren hasiera eta amaiera egokiak al dira?
Kontatu dudana gustagarria izan daiteke besteentzat? Interesgarria? Egokia?

Nola kontatu dut? (Azala)

Arreta berezia ipini dut zuzen idazteko?

Ortografia
Puntuazio markak
Sintaxia
Lexikoa
Deklinabidea
Aditza

Txukun idatzita al dago?

Letra
Ezker/eskuin, goi/beheko tarteak
Lerroak
Paragrafoak

Egoki idatzita al dago?

Ideien lotura
Ideien ordena
Paragrafoen antolaketa
Hizkera (tonua, adierazkortasuna, erregistroa…)
Comments { 0 }

Euskaljakintzaren literatura txokoa

Aspaldian nenbilen euskal literaturaren inguruan azken urteetan euskaljakintzan egin ditugun lanak, handik zein hemendik sakabanatuta genituenak, bildu nahian. Opor hauetan, azken ekoizpenak zuzendu, txukundu, argitaratu eta aitzakia horrekin txokoa abian jartzeari ekin diot: euskaljakintza literatura.

Ondoren dator azalduta bertan topatuko duzuena. Atalez atal:

  • Mendez mende: aurkezpen labur batzuen bidez euskal literaturari gainbegiratze kronologikoa eman diogu, XVI. mendetik XX. mendera arte.
  • Egungo euskal literatura: egungo euskal hainbat autore hautatu eta haiei buruzko aurkezpenak eta galderak prestatu ditugu (ad.: Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia) . Zenbait kasutan egile horiei buruzko apunteak ere topatu ahal izango dituzu.
  • Irakurlearen txokoa: azken urteetan, XX. mendeko euskal idazleen liburuak irakurri eta gure blogean, euskaljakintzan, haiei buruzko artikuluak argitaratu ditugu. Atal honetan artikulu horiek idazteko jarraitzen ditugun urratsak ipini ditugu: artikuluak idazteko jarraibideak, gidak (oinarrizkoa eta aurreratua), ebaluazio eta autoebaluazio txantilioiak, gure hautaketak…
  • Entzun: euskal autoreen lanak irakurri eta grabatu ditugu, eta audioak nahiz irakurritako autore eta lanei buruzko informazioa denon eskura ipini.
  • Aipuak: gune honetan irakurtzen ari garen/irakurri ditugun liburuetatik erauzitako aipuak ipintzen goaz. Gune irekia da, edonork egin ditzake ekarpenak. Parte hartu nahi? Zure aipua bidali besterik ez duzu.
  • Gure kritikak: euskaljakintzan ‘Irakurlearen txokoa’ deituriko atalean argitaratutako azken artikuluak ekarri ditugu hona.
  • Lexikoa landu: irakurritako liburuetatik pasarte ezberdinak hautatu ditugu bertako lexikoa lantzeko; beraz, atal honetan lexikoa lantzeko/hobetzeko ariketak topatuko dituzu (ad. Twist, Harkaitz Cano).
  • Hitzapasak: landutako autoreei buruzko ‘Hitzapasak’ prestatu ditugu. Atal honen hasiera baino ez dago, pixkanaka joango gara osatzen (ad. Atxaga).
  • Denbora-lerroak: irakurritako autoreei buruzko denbora lerroak ere prestatu ditugu. Atal hau ere osatzeke dago. (ad. Xabier mendiguren Elizegi)
  • Elkarrizketak: hainbat euskal autoreri egin dizkiegun elkarrizketak (ad. Fernando Morillo).
  • Esteka interesgarriak: euskal literaturaren baliabide bilduma. Atal honek ere edonoren ekarpenak onartzen ditu. Editatu orria eta gehitu ezagutzen duzun esteka interesgarri hori.

Horixe da, pixka bat azaletik azalduta, orain arte egin duguna. Lanean jarraitzen dugu; beraz, etengabe eguneratzen segituko dugu. Dena den, gaia interesatuz gero, onena bertara jotzea izango duzue. Horretarako, egin klik irudiaren gainean edota euskaljakintzaren goialdeko menuan (literatura).

 

 

 

Comments { 0 }
-->