Archive | gizartea

RSS feed for this section

Caution! Peta in yard

Bere kanpaina nahiz iragarki polemikoengatik maiz prentsan agertzen bada ere, azkenaldian bestelakoa da PETA komunikabideetan agertzearen zioa. Oraingo honetan, Estatu Batuetako terroristen zerrendan azaltzen delako irabazi ditu egunkarien titularrak PETA edo People for the Ethical Treatment of Animals (Animalien Tratu Etikoaren Aldeko Jendea) taldeak: AEBetako nekazari eta abeltzainek, ALF (Animal LIberation Front) eta ELFekin  (Earth Liberation Front) batera, PETAren jarduera mehatxu terroristatzat jo baitute USDAk (United States Department of Agriculturek) pasatako galdeketa inprimakian (ikus 4. orrialdea).

Honen inguruan aurkako iritziak daude. Hainbatek bidegabezkotzat du, erakundea indarkeriaren aurka doala esanez; beste batzuek erabat zilegi deritzote eta KKK edota Hamas-ekin parekatzen dute. Azkenik, badaude PETAren ekintzak terroristatzat hartzea gehiegizkoa dela dionik ere. Zerrenda ofizial hori aurkitzerik izan ez arren, zera uler daiteke sarean zehar prentsak dionagatik: talde hau, zuzenean baino gehiago, zeharka egin duenagatik sartu dute zerrenda horretan; hau da, ALFen indarkeria aurrekariak ezagunak diren bitartean, PETAk terrorismoarekin duen lotura ALF eta ELFi egin omen dion aportazio ekonomikoagatik izan daiteke. Aitzitik, aportazio hauek duela pare bat urteko kontuak dira, eta benetan zerrenda horretan sartu badira, aurrez aipatu bezala, nekazari eta abeltzainak PETAren mehatxupean sentitzen direlako da. Nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak euren jarduera oztopatu dezakeen inor bidetik kentzeko legeaz baliatzeko akiakula ote den, edo PETAk ELFi 1.500 dolar eman zizkion alde batera utzita, taldera  hurbiltzea gustatuko litzaidake.

People for the Ethical Treatment of Animals 1980an sortu zen Estatu Batuetan (Norfolken, Virginian, du bere ama egoitza) eta animalien eskubideak defendatzen diharduten erakundeen artean munduko handiena da, bi milioi kide baino gehiago dituela. Alex Pacheco eta Ingrid Newkirk izan ziren berau sortu zutenak (azken hau gaur egun erakundearen presidente da) eta ondorengo lema du: “Animaliak ez dira geureak jan, jantzi, esperimentuak egiteko edo aisirako erabiltzeko”. Animaliak jabetza modura edukitzearen aurkakoa den aldetik, era guztietako animalia erabileraren aurka doa: esperimentazioan, janari gisa, aisialdirako, jantzietarako, dekoraziorako, jendeari konpainia egitearren, artzain-zakur lana egiteko eta baita itsuentzako lagungarri erabiltzeko ere. Erakunde honek animaliak gizakiengandik erabat aske izan daitezen du helburu.

Euren web orrialdean lemako atal bakoitza justifikatzen dituzten azalpenak ematen dituzte. Lehenengo puntua jateari dagokiona da. PETA animalia haragia jatearen aurka ez ezik, abereen esnea, arrautzak, erleen eztia edo animaliengandik lortutako edozein produktu kontsumitzearen aurka doa. Erabateko landare-dieta babesten du eta hau sustatzeko errezetak ere proposatzen ditu. Zergatik? Txakurrak eta katuak ez bezala, abereak defendatuko dituen legerik ez dagoelako, eta, ondorioz, hauei egindako ankerkeria oro, hala mutilazio nola manipulazio genetiko, legezkoa delako; animaliek sortzen duten hondakin kantitatea gizakiona 130 aldiz delako, eta honek ibaietan kutsadura handia sortzen duelako; munduko biztanle guztientzat adina elikagai ekoizteko garaian nekazaritza abeltzaintza baino eraginkorragoa delako, abereek kontsumitzen duten landare kantitate handitik oso zati txikia bihurtzen baita haragi jangarri; eta landare-dieta osasuntsuagoa delako. Horiek dira, behinik behin, dieta mota hau babesteko ematen dituen arrazoiak. Jantziari dagokionez, artile produkzioan ardiek pairatzen duten mina (hala nola anestesiarik gabe zikiratzen dituztenean edo miasis gaixotasuna saihesteko ardien anestesiatu gabeko atzeko oinetan zuloak ebakitzean) eta larru ekoizpenean bizi osoa kaioletan pasa ondoren uzki edo genital elektrokuzio bidez (honek bihotzekoa eragiten baitie) hiltzen dituzten animaliak, edo bizirik daudela larrutzen dituztenak aipatzen ditu PETAk beste hainbat argibideren artean. Gainera, animaliekiko etikoa den janzkera izan nahiz gero, zer egin dezakegun esaten digu.

Esperimentazioaren alorrean, kosmetiko eta garbikari konpainiek euren produktuak animalien azalean igurtzitzen eta begietan isurtzen dituztela gogorarazten digute, eta ikerketa metodo garatuez baliatuz hori saihets litekeela. Besteetan bezala, gai honetan ere bideo sorta zabala eskaintzen da euren web orrialdean, horien artean ondorengo hau: Testing… One, Two, Three.

Lemako azken puntuan, animaliak aisialdian erabiltzeari buruzkoan, animaliek ez dutela bizikletetan ibili nahi, ez suzko uztaietan zehar salto egin nahi azpimarratzen dute, eta zoo, zirku eta era horretako aisialdiak animalien bakardade, frustrazio eta gatibutasuna bultzatzen dutenez, uko egin behar zaiela.

PETAren kanpainak ez dira oharkabean joaten, eta atentzioa deitzearren egiten dituzten kanpaina eta ezohiko ekintzak, behin baino gehiagotan kritikatuak izan dira. Promozio jardueretako batzuk celebrity bidez egiten dituzte, pose biluzi ezagunak esaterako. Naomi Campbell, Paul McCartney, Pamela Anderson, Sarah Jessica Parker, Eva Mendes, Charlize Theron… asko dira PETAren ekintzen aldeko agertu izan direnak. Eskuartean dituzten kanpainak ere ugari dira: McCruelty, BloodyBurberry, OlimpicShame2010, KentuckyFriedCruelty… Korporazio handietara zuzentzen dira gehienetan, eta, beste hainbat lorpenen artean, McDonals, Wendy’s eta Burger King-en menuan aukera begetarianoa ezar dezaten eta Polo Ralph Laurenek bere arropa lineetan larrurik erabil ez dezan erdietsi dute.

Baina gauza orok bere muga du, eta talde honi askotan muga hori non dagoen ahantzi egiten zaiola iruditzen zait. Presidenteak berak, Ingridek, ekintza asko jendearen arreta irabazteko egiten dutela eta polemika sortzea beharrezkoa dela esan arren, nire aburuz, hainbat kasutan hain erradikalak dira euren kausan, ezen zentzu asko ez duten egintzak burutzen baitituzte. Edo baliteke juxtuki horregatik izatea; zenbat eta egintza ezohiko eta zentzugabeagoak, orduan eta handiago izango delako polemika. Edonola ere, aurrera eramaten dituen proiektu asko ez ditut begi onez ikusten. Esate baterako, haur gazteei Zure Aitak Animaliak Hiltzen Ditu edo Zure Amak Animaliak Hiltzen Ditu dioten panfletoak banatzea ez zait egoki suertatzen. Era berean, PETAk egiten duen sexuaren erabilera jendea erakartzeko, aitzakia merke begitantzen zait, eta horrenbesteko eztabaida sortu duen Joanna Kupra modeloaren iragarkia (gurutze batek estaltzen dion zatiak izan ezik biluzik dagoena) edo Ikerketen Arabera Landare Jaleek Sexu Harreman Hobeak Dituzte lemapean Superbowlean aurkeztu nahi izan zuten iragarkia (Superbowlek sexu eduki handiegia edukitzeagatik onartu ez zuena) soberan daudela esango nuke. Eta ekainean Barack Obamak Etxe Zurian CNBNrekin izandago elkarrizketa batean euli bat hiltzeagatik erakunde honek euliekiko jarrera aldatu dezan eskatzea eta Katcha Bug Humane Bug Catcher bat (etxe barruko eulia harrapatu eta gero etxetik kanpo askatu ahal izateko aparailua) bidaltzeari ere gehiegizko deritzot.

Nire ikuspuntutik, PETAren helburua, animalien erabateko askatasuna delakoa, aurrera eraman ahal izateko mundua hankaz gora jarri beharko litzateke. Zail egiten zait animaliak gizakiaren maila berean leudekeen mundua irudikatzea; zootopia, utopia deritzot. Gizakiaren pean dagoen animalia oro aske bihurtzean sortuko litzatekeena irudikatzeko nire saiakeran mundu mailako Jumanjia da gehien hurbiltzen den irudia. Agian, hesiak bota aurretik eurekin hitz egiteak kaosa ekidingo luke. Baina… zoaz zezenarengana -larru gorritan nahi izanez gero, PETA kide peto gisa- eta esaiozu zu bezain askea dela eta bere bizitzak zeureak adina balio duela. Apika, adarraz emango dizu bostekoa, akordioa onartu duela adieraziz, eta ezkerreko eskuaz jarraitu beharko duzu petako panfletoak banatzen. Baliteke, ordea, beste lekuren batean sartzea adarra, eta orduan, agian, eskela panfletoak izango dira banagai. Ni, oraingoz, ez nintzaioke zezenari hurbilduko.

Gizaki eta animalien erabateko parekotasuna ezinekoa da nire iritziz. Belarrietara gogorra egiten zaidan arren, animaliak menpe egotea ez dela bidegabekoa esango nuke. Boteredunaren lekutik ziurrenik, baina, hein batean, haien gainetik egoteari naturala deritzot. Horrekin ez ditut egiten dizkiegun basakeriak zuzenetsi nahi. Horretan guztiz bat nator PETAkoekin. Nire ustez, eurengandik bereizten gaituen hori -arrazoia- dugula erakutsi behar da, eurak gure menpe izango baditugu. Eta PETAk salatzen dituen sarraski horien guztien egileek, nahiz edonor zeharka horien bultzatzaile izan daitekeen, ez dute animaliengandik ezberdintzen gaituen sentsibilitate hori edukitzea frogatu.

Halaber, erakunde hau ez da ikerketak egiten dituen bakarra, eta beste batzuek burututako ikerketek PETAk eutanasiaz hiltzen duen animalia kantitatea oso handia dela frogatzen dute, jasotzen dituztenen %85 gutxi gorabehera. Hain ezagunak ez diren animalien babesaren aldeko beste erakunde batzuk %10 besterik ez du heriotzara eramaten. Horregatik, nahiz egiten dituen ekintza asko txalotzeko modukoak iruditzen zaizkidan, horrenbeste istilutan sartu ordez, indar horiek berea hobetzerantz bideratu beharko lituzkeela pentsatzen dut.

Informazio gehiago:

Comments { 2 }

Izurrite berria gure artean!

internetAdikzio hitza entzuten dugun bakoitzean, drogekin erlazionatzen dugu, beharbada, drogak adikzioa sortzen duelako; hau da, menpekotasuna ekartzen duelako. Adikzioa azken batean hori da, menpekotasun egoera batean barneratzea. Hala eta guztiz ere, drogekin ematen ez diren adikzioak ere badaude: sexua, jokoa, erosketak, telebista… Adikzio sozial edo psikologiko gisa ezagutzen dira horiek.

Aipatutako jarduerek, nahiz eta gure bizitzaren parte izan eta arriskutsuak ez direla iruditu, ahalmen adiktiboa dute. Ahalmen hau gai da kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak harrapatzeko, baldin eta hauen gehiegizko erabilpena egiten bada. Beste zenbait arrazoi ere eragiten du adikzio batean barneratzea; izan ere, askotan adikzio hauek autoestima, estresa, bakardadea eta depresioagatik izaten baitira.

Adikzio kimikoak eta psikologikoak desberdinak direla pentsatu arren, ez da horrela: prozesu bera ematen da bietan. Bi adikzio mota hauen arteko ezberdintasuna tratamendua da, guztiz desberdina baita. Batean, sustantziak hartzeari uko egin behar zaio; eta bestean, ordea, estimuluak alde batera utzi beharrean daude. Hau ez da erraza, estimulu horiek eguneroko bizitzan baitaude. Hala eta guztiz ere, tratamendu hauetatik errazagoa edo zailagoa zein den zehaztea nahiko korapilatsua da, bakoitzak duen menpekotasun mailaren eta jartzen duen esfortzuaren araberakoa baita.

Gaur egun, gure gizartea adikzio sozialen izurrite batean murgilduta dago, nahiz eta guk ez antzeman. Batzuek gizartearen erantzukizuna dela diote; beste batzuek, ordea, norberaren kontua dela. Nire ustez, gizartearen etengabeko aldaketaren emaitza garbia da; hau da, gizarte moderno baten ezaugarria da. Hori erakusteko, aipatu beharra dago antzinan ez zela horrelakorik; edo beharbada, bai, baina ez horrelako neurrian. Horregatik, gizartearen aldaketagatik sortutako arazo soziala dela diot. Hortaz, gizarteak zerikusia duela pentsatzen dut. Halere, ez dugu ahaztu behar gizartea ez dela bakarrik aldatzen, guk aldatzen dugu; beraz, norberaren kontua dela iruditzen zait.

Lehen aipatu bezala, agian, ez dugu antzematen adikzio psikologikoen arriskua, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Adibidez, gure bizitzaren zati bat telesbistaren aurrean pasatzen dugu, eta, ziur aski, jende askok orduak pasatzen ditu pantailari begira. Gauza bera gertatzen da internetekin. Halaber, badakigu jokoak adikzioa sortzen duela: ludopatia. Aipatu beharra dago ere, erosketekin eta lanarekin arazoa badagoela. Sexua ere ez da libratzen. Batzuen ustez, sexua da adikziorik ukatuena. Egia da hauek guztiak ezin direla adikzio kimikoekin alderatu; izan ere, kimikoek arazo larriagoak sor ditzakete; hala eta guztiz ere, atxikimendu psikologikoek arazo larriak sortzen dituzte kasu askotan.

Comments { 3 }

Kontsumoa = zoriontasuna?

Happy Planet Index-2.0Zaila izango da 2009ko uztailaren 27a ahaztea. Momentu hartan Zeelanda Berrian nengoen, antipodetan. Itxuraz, konturatzerako pasatzen den egun horietakoa zirudien; hilabete zen ingelesa ikastera joan nintzenetik, eta errutinaren morroi bihurtua nintzen ordurako. Usteak erdia ustel izaten omen du, eta ez dago esaera horretan arrazoi faltarik. Egunero bezala, 010 autobusean nindoan isiltasunak dakarren lasaitasunean. Mt Albert kalean aurrera egin ahala, autobusa betetzen joan zen. Ez dakit ez nork, ez nola, baina kontua da bizkar-zorrotik kartera ostu zidatela. Konturatu bezain pronto, polizia-etxera joan nintzen salaketa ipintzera. Ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren. Ez zegoen ezer egiterik, 19.297 kilometrora nengoen diru gaberik. 30 dolarrekin astebete igarotzeko erronka jarri nion neure buruari, kreditu txartel berriak Zeelanda Berrira iristen beharko zuen denbora. Banekien, nahi izanez gero, dirua segituan izan nezakeela; neure erabakia izan zen, ordea, eta latzak pasa nituen arren, egin nuen hausnarketagatik bada ere, merezi izan zuen.Hausnarketa gizarte kapitalistak sortzen dituen beharren ingurukoa izan zen, eta bertatik atera nituen ondorioetara zedarritzen da artikulu hau.

Dependentzia hitza izan zen burura etorri zitzaidan lehenengoa, hori baita gizarte kapitalistak kontsumoarekiko ernarazten diguna. Lehen mailako beharrak, hots, oinarrizkoak (jatea, edatea, babeslekua izatea, segurtasuna…) ase eginda dauzkagunez, bigarren mailako beharrak sortzen dizkigu, artifizialak direnak; eta zoriontsu izateko, hauek betetzeko premia beharrezkotzat jotzen du.

Gerra Hotzaz geroztik, kapitalismoak izugarrizko indarra hartu du eta bilakaera horretan publizitatearen eragina argia izan denik ezin da eztabaidatu. Multinazionalek, komunikabideen bidez, bizitza oparoa kontsumoarekin lotu nahi izan dute, gizakia aseezina dela jakinik era axolagabean erostera bultzatuz, esklusibotasuna bezalako kontzeptuak sortuz, gizabanakoaren bekaizkeriaz baliatu eta lehiakortasuna piztuz, lehia horren partaide izan ezin diren askorentzat frustrazioa euren errealitateren jabe egiteraino.

Horregatik, aurten, bigarrenez, New Economics Foundationek Happy Planet Index ikerketa argitara ekarri du. Azterketa honen helburua kontsumoa eta zoriontasunaren arteko ustezko lotura haustea izan da hastapenetik. Ikerketaren emaitzek harridura sortu dute askorengan, munduko hogei herrialde zoriontsuenak garatze bidean dauden edota azpigaratuak diren herrialdeak direlako. AEBk lorturiko postua ere ez da oharkabean pasatu, munduko herrialde indartsuenari 113 herrialde gailendu baitzaizkio zoriontasunaren esparruan.

Artikulu honen helburua gizarte honen jabe den kontsumismoari kritika egitea da, hausnarketarako galdera bat utziz: diruak ematen al du zoriontasunik?

Comments { 2 }
-->