Archive | hitzaro

RSS feed for this section

“Euskararekin zer egin” Hizketaldiko hausnarketa gaia

Joxerra Garzia idazlea Zaldi EronJoxerra Garzia Garmendia idazle eta EHUko irakasleak “Zer —kristo, arraio, demontre— egin behar dugu euskararekin?” hitzaldia emango du datorren asteazkenean, 19:00etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko Batzar Aretoan, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hitzaro Euskara Elkarteak antolatu ohi duten Hizketaldiak hitzaldi zikloaren barruan. Sarrera irekia izango da.

Azken aspaldian, batetik bestera dabil Garzia, ahozkotasunaz eta jendaurreko hizketari buruzko hitzaldi eta ikastaroak ematen. Otsailean argitaratuko du Alberdaniak Garziak jendaurreko hizketari buruz idatzi duen eskuliburua.

 

Joxerra Garzia (Legazpi, 1953), Filosofian eta Kazetaritzan lizentziatua da, eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatean doktore. Euskal Herriko Unibertsitatean dihardu azken hamalau urteetan, Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitate Sailean irakasle. Aurrez, Euskal Telebistan egin zituen sei urte, Hitzetik Hortzera programa zuzendu eta aurkezten. Lehenago, Euskadi Irratian aritu zen bost urtez, esatari. 

Honako lanak argitaratu ditu: Kurrin-kurrun vitae, Itsasoan euri eta Egonean doazen geziak saiakerak; Tunelaz bestaldean, Gau bat gauekoen artean eta Malen Laberinto Madarikatuan haurrentzako nobelatxoak; Zotal Egunak eta Dena Dela poesia. Hainbat literatur sari eman dizkiote: Irun Hiria eta Espainiako kritikarena poesian, Donostia Hiria narrazioan eta Baporea haur literaturan.

 

Comments { 2 }

Jostailu erakusketa eta tailerra

Jostailuen erakusketa

Datorren asteartean eta asteazkenean Jostailuen erakusketa eta Jostailuen tailerra izango dira Ordiziako Udalak Lukusin Plazan irekiko duen Gazteleku berrian. Jostailu erakusketa eta tailerra Udaleko Euskara sailak antolatu ditu, Arrasateko Txatxilipurdi Haur eta Gazte Ekintzak elkartearekin batera.  

Jostailuen erakusketan, jostailu ezberdinen eskaintza zabala aurkeztuko diete herriko guraso eta hezitzaileei Txatxilipurdikoek: euskal produktuak, kooperatiboak, sinbolikoak… Jostailuek dauzkaten arlo pedagogikoak ezagutzeko aukera izango dute, azken batean. 

“Eguberrietan publizitate-eraso ikaragarria izaten dugu, eta, hala eta guztiz ere, hutsune informatibo handia daukagu jostailuen inguruan. Gurasoei pedagogiaren ikuspegitik jostailu egokia aukeratzen lagunduko diete Txatxilipurdikoek erakusketa gidatuan”, azaldu dute Udaleko Euskara sailetik.  

Jostailuen erakusketa, asteartean izango da zabalik, 14:30etik 19:00ak arte. Gurasoek noiznahi joan ahal izango dute, nahi izatera, haien umeek lagunduta. 

Jostailuen tailerra, berriz, bi egunetan zabalduko da, bai asteartean, bai asteazkean: 17:00etatik 20:00etara. Tailerrean, ohiko materialak beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera emango diete 6-12 urte bitarteko haurrei: “Jolasa eta birziklapena, helburu eta tresna dira aldi berean jostailuen tailerrean. Ohiko materialekin jostailuak egiten ikasiko dute haurrek”.  

Jostailuen tailerrean gehienez ere 25 haur onartuko dituzte Txatxilipurdikoek, taldeko. Hori dela-eta, aldez aurretik eman beharko dute izena haien seme-alaba tailerrean izatea nahi duten gurasoek. Hiru talde osatu dituzte Euskara Zerbitzukoek: A taldea (azaroaren 27an, 18:30-20:00); B taldea (azaroaren 28an, 17:00-18:30) eta C taldea (azaroaren 28an, 18:30-20:00). Bihar, azaroak 23, amaituko da jostailuen tailerrean izena emateko epea. Euskara Zerbitzura deitu edota idatzi beharko da horretarako: 943 80 56 22 / euskara@ordizia.org.

Comments { 0 }

Kantu afaria Ordizia Kantuz ekimenari amaiera emateko

Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen Ordizia Kantuz ekimenari amaiera bikaina emateko, ostiral honetan, KANTU AFARIA izango dugu, iluntzeko 20:00etan, Ordiziako Plaza Nagusian, BERRIKETAN taldearekin.
Ondoren, gaueko 22:00etan, BERTSO RAP SOUND SYSTEM taldeak bere ikuskizuna dastaraziko digu. Taldeak Euskal Herrian sortutako bertsolaritza, AEBetako auzi afroamerikar txiroetan sortutako hip-hop mugimenduarekin eta Jamaikako reggaearekin uztartzen ditu. Hona hemen taldea osatzen duten artistak:
  • Bertsolariak: Unai Muñoa eta Xabier Silveira
  • Rap abeslariak: 121 Crew eta Norte Apache (Bilbo eta Barakaldo)
  • Reggae Sound System: Aritz Sound System (Euskal Herria), Rootsseker (Kurando, Japonia) eta Jah Mayna (Ingalaterra)
Bertso RapSound System
Comments { 0 }
-->