Archive | orokorra

RSS feed for this section

Dragoi Bola

Kaixo lagunok! Zuetako nor ez da txikitatik Son Goku heroiaren jarraitzaile izan? Garai politak haiek, memoria kaskar honen arabera arratsaldeko zortzietan hasten zen hasiera batean eta ez zegoen inor nire gelan ordu honetan kutxa tuntunaren aurrean ez zegoena. Askoren ustez, bizitzako telesail onena izan da, da eta izango da.

Txikitatik pagaren zati handi bat kromo eta antzekoak (tazoak, posterrak, txapak…) erosten xahutzen (ge)nituen. Helduxeagoa egin nintzenean, hamar bat urterekin, telebistan Son Goku azaltzen ez zelarik, paga erdiarekin, astero-astero izebaren dendara joan eta “serie amarilla” delakoaren komiki-kolekzioaren faszikulua erosten nuen nire amaren begirada haserrearen pean. Komiki bakoitzak telebistako kapitulu bati zegokion, nire alaitasuna 120. alea jasotzean amaitu zen nire “amatxitok”, bere onetik irtenda, gehiago erostea debekatu baitzidan.

Bost bat urte beranduago, ordea, izebaren dendan nengoela, nire heroi Son Gokuren komikien faszikuloak berriro hasi zirela ikusi nuen , baina oraingoan Japoniako estiloan, hau da, eskubitik ezkerrera, eta gainera lodikoteagoa (hamar bat kapitulu zituen barnean). Bilduma hau ere egiten hasi nintzen eta, momenturik onenean, bidaltzeari utzi zioten. 25. tomoan bilduma bertan behera geratu zen, Freezer-en bigarren metamorfosi eta Son Gokuren sendatzearekin.

Hau guztia ahaztua nuelarik, duela gutxi Planeta de Agostini etxeak serie hau DVD formatuan kaleratzen zuela zioen iragarkia ikusi nuen. Arratsalde horretan bertan joan nintzen izebaren dendara, lehen ez badut esan ere, nire izebaren denda Mujika papertegia da (munduko papertegirik onena :)je je) eta bertan lortu ditut Dragoi Bolako kapitulu gehienak (abuztuan itxi egiten du). Ez zituztela bidali esan zidan. Aste batzuk pasa dira ordundik eta esperantza galdua dut inoiz iritsiko diren ere.

Kuriositatez gaur interneten begira hasi eta Wikipedian Son Gokuri buruzko informazio mordoa dagoela konturatu naiz. Eta benetan poztu nauena bertako link batek eman dit, El mundo de Dragon Ball deritzonak, hain zuzen ere. Bertan bidaltzeari utzi zioten tomo guztiak daude erabiltzaile ororentzat. Argazkiak interesatzen bazaizkizu, egin klik hemen eta milaka izango dituzu. Gainera, jakin dudanez, e-mulen euskarazko lehenengo 28 kapituluak eta gaztelaniazko guztiak eskura daitezke. Euskarazko letra ere lortu dut:

DRAGOI BOLA

Goazen lagunok amets betean
dragoiaren bola bila batera.
Orain badakit nongo zuloan
dagoen altxorrik ederrena.

Gure mundu hau irla haundi bat da
eta hortxe ostenduta altxor eder bat.

Bihotzean badut nik amets on ederrik
eta ez da eguzki dizdiratsuagorik,
goazen bihotza betean aurki dezagun, goazen.

Tximistaren bidetik dragoi bola bila,
itsaso eta lurrez bihotz bete ametsez
eta altxorra geuretzat izango da.

Ekin lagun bideari,
Son Gokurekin ez da beldurrik,
zeru goian nahiz lurrean
hegan eginez laster altxorra dugu.


Letrak, arraroa badirudi ere, Bilbao Basketen orriak duen Dragoi Bolaren sailetik atera ditut.

Comments { 10 }

Astoen egoerra larria

Kontu hau, jende askorentzat barregarria dirudien arren, oso larria da. Benetan kezkatzeko modukoa da gaur egungo astoen egoera. Urteetan tratu txarrak jasan izan dituen espeziea da, nahiz eta animalia hauek berez zintzoak, samurrak eta leialak izan.

Astoak uste baino azkarragoak dira, nahiz eta gizakiak antzina zamalari huts bezala erabil zitekeen animalia besterik ez zela pentsatu. Eta, bereziki, pentsaera horrek kokatu du gaur egun astoa galtzeko zorian dagoen espezieen artean, izan ere 75.000 besterik ez baitaude mundu osoan.

Ohitura berrien jaiotzak, nekazal munduko modernizazioari batuta, astoak lan tresna moduan erabili behar ez izatea ekarri du. Animalia honekiko errespetu ezak, baloraziorik ez eskaintzea ekarri du, eta balorazio horrek eramaten du jendea pentsatzera iraunarazi beharreko espeziea ez dela.

Askok animalia basatiak direla uste arren, guztiz oker daude; gizakien zaintza behar du, etxeko animalia izatean, berak ezin baitu bere burua egoki zaindu. Hala ere, esan beharra dago badaudela mendian bakarrik bizi direnak, baina hauek ez dira beraien nahiaz han bizi, abandonatuak izan direlako edo ihes egin dutelako baizik.

Ezaugarriei erreparatuz, belar eta landare mota ezberdinez elikatzen den animalia da. Leku aldapatsu eta malkartsuetan arazorik gabe molda daiteke, horregatik gizakiak bidaia askotan laguntzaile bezala erabili izan du. Ezaugarri horiek guztiez gain, garrantzitsuenetako bat oroimen ahalmena izugarri garatua izatea da, entzumena eta ikusmenaren aurretik. Horregatik, gai da ibili den edozein toki gogoratzeko, behin bakarrik egin izan badu ere.

Zorionez, gaur egun badaude espezie hau babesten duten hainbat erakunde, adibidez, Asociacion de Amigos del Burro, Madrilen. Erakunde hauetan, animaliak zaintzeaz gain, kontzientziatze-kanpainak antolatzen dituzte, errealitatea zein den interesatua dagoen edonori azaltzeko. Baita haurtzaindegi moduan ere egiten dute lan, bertara jendeak behar edo nahi ez dituen astoak eramaten dituztelarik. Bitxikeria moduan esan, animalia hauek babesteko eta laguntzeko aukera ematen dutela, donazio bidez beraien bizi kalitatea hobetu ahal izateko.

Informazio gehiago orrialde hauetan: (tamalez, gaztelaniaz daude soilik)

Comments { 1 }

ESKAINTZA BERRIAK EUSKALJAKINTZAN

Gure multimedia kutxatxoa Aupa, denoi! Gaur Euskaljakintzaren zerbitzu berri batzuei buruz hitz egin nahi dizuet: Stickam eta podcasting-a. Lehengo egunean, hainbeste gustatzen zaidan Patxitrapero preziatuaren blogean sartu nintzenean, stickham bat zuela ikusi nuen. Esan beharra dago, Patxiri izugarri gustatzen zaizkiola horrelakoak (soundblox, pandora…) eta, zergatik ezkutatu, niri ere izugarri atsegin zaizkit argazki-bideo-musika…eskaintzen duten “kutxatxo” hauek!
Ikusi orduko pentsatu nuen: hau nire ikasleentzat! Eta horrela, alta eman eta euskaljakintzan horrelako bat jartzeari ekin nion.

Ondorengoa, argazki pare bat igotzea, abesti batzuk (Xalbadorren Heriotzean, Ken 7… probatzeko eskura nuena) eta, azkenik, bideotxo bat. Honetan denbora dexente pasa nuen eta deskantsu bat behar nuela eta lo kuluxka bat egitera joatea erabaki nuen. Loak hartzeko une zehatz horretan bururatu zitzaidan ondorengoa:
Stickam-ak hiru abesti eta hiru argazki soilik sartzeko aukera ematen du. Beraz, zergatik ez ikasle bakoitzari aste batean aukera eman bere gustuko musika eta argazkiak jartzeko??? Eta horixe da, hain zuzen, egin behar duguna. Gaur hasiko gara eta lehenengo astea Jotari egokitu zaio. Beraz, aste hau Jota edo Maitanerena da oso-osorik. Astean zehar musika aldatu nahi duela? Argazki berriak sartu nahi dituela? Bideotxoren bat gehitu? Bada, bere esku dago eta gu guztiok hori entzutera eta ikustera!

Bigarren berrikuntza, gure Mikeli zor diogu (euskaljakintzako jarraitzaile sutsu bezain emankorra). Atzo, Radio Euskadin elkarrizketa bat egin behar zigutela eta, azken momentuan, ikasleekin egindako lanen baten adibideren bat eskatu ziguten. Nahiz eta nik podcasting edo irratsaioa sartu behar nuen gure lanketarako (azterketa ondoren), oraindik ez nuen gauzatuta eta, magicek, beti bezala argi eta prest, bere podcastinga maileguan utzi zigun geurea martxan jarri arte. Baita grabazio lanetan lagundu ere! Eta horrela gure lehenenengo irratsaioa grabatzeari ekin genion. A ze parrak!
Entzungo duzuen bezala, soinua eta beste guztia, ez dira irratsaio munduan eman diren onenak (eh, Arrate?); baina, tira, ideia ona iruditu zaigu eta pixkanaka-pixkanaka joango gara hobetzen…

Eta, besterik ez (oraingoz). Beta fasean ditugunez zerbitzu hauek, edozein gauza gerta dakiguke. Beraz, patxada eta umore pixka batez hartu beharko ditugu. Zer iruditzen zaizue?



Amaitzeko, gaur oso berri onak iritsi zaizkigu Beasain Idazlan Lehiaketatik. Ez da izango gutako batzuk sarituak izan garela???? Hori jakiteko bihar arte itxaron beharko duzue… (baina nik baietz esango nuke).

Comments { 0 }
-->