Non dago ospetsu izatearen hasiera marra?

Etxe ondoko kioskora, supermerkatura edo aldizkariak saltzen dituzten edozein gunetara joanez, beti aurkituko duzu norbait famatuak ateratzen diren aldizkariren bat erosten. Aldizkariak erosten dituzten pertsona arrunt guztietatik, baina, zenbatek ez dute imajinatu euren aurpegia aldizkari horren azalean agertzea ospetsuen moduan? Edo zenbatek pentsatu dute zer sentitzen ote duten pertsonaia famatuek aldizkarietan azaltzean? Hori jada ez da amets bat, errealitatean topa dezakezun zerbait baizik.

Horren erantzulea “Eljelou ” dugu! Zeu bezalako famatuentzako aldizkaria. Duela hilabete batzuk espainiar kazetari talde batek, Jesús Rodríguez Leninen agindupean, pertsona arruntentzako lehen aldizkaria sortu zuen, beste aldizkari famatu baten egitura, tamaina… antzeko batekin, izena ere parodia bat izanez. Halere, badu ezberdintasun handi bat: hemen, jende anonimoak bere bizitza, oporrak, ezkontza, etxe berria edo hamaika gauza gehiago kontatuko ditu. Bertan azaldu bakarrik ez, bakoitza norberaren kazetari bihurtzen da; izan ere, argazkiekin batera, testu bat ere bidali behar da dena azalduz, eta, ondoren, erredakziokoek erreportajea prest jarriko dute.

Hasteko, hasierako galderei erantzunez, jende anitz dago aldizkari baten azalean agertzeko irrikaz dagoena; izan ere, zergatik ez dira atera behar? Gizon eta emakume guztiak dira, bada, izar gauza batean edo bestean. Horrela, nolabait esanda, demokratizatu egiten da famatu izatearen prozesua eta, Andy Warholek zioen moduan, denek izango dute bere 15 minutuko ospea izateko eskubidea.

Gainera, zenbatetan ikusi izan dugu jende ezezaguna telebistan, edozer egiteko prest dagoela, askotan gauza taxugabeak, entzutetsu bihurtzearen truke? Aldizkari onen bidez, bada, famatu izan zaitezke lekuz kanpoko gauzarik egin barik. Gainera, jende anonimoen aldizkaria guregana iristea denbora gauza zen; izan ere, telebistan gero eta programa gehiagotan azaltzen ari da jende anonimoa; hala nola, “Gran Hermano ”, “Callejeros ”…

Hala eta guztiz ere, arrakasta lortzeko adina aldizkaria al da? Ez al du nahiko jendeak betiko ospetsuak ikustearekin? Antza denez, ez. Emaitzak ikusi besterik ez dago! Lehenengo bost hilabeteetan -2009ko ekainean jarri zen abian-, 600 pertsona harpidetu dira, eta ikusita telebistako jende ezezagunen programak arrakasta handia izaten ari direla, bezeroak harrera ona egin liezaioke aldizkari honi. Kontuak kontu, aldizkariaren hurrengo erronka kioskoetan saltzea izango da; izan ere, orain aldizkaria lortzeko modu bakarra euren web gunean izen emanez da: urtean 55 euro ordainduz, etxean jasoko dituzu urteko 25 aleak (bi astez behin argitaratzen da).

Beraz, ospetsu izateko grinaz edo izarrek sentitzen dutena sentitu nahian bazabiltza, zeri ari zara, bada, itxaroten? Aldizkari honek zure ametsa hein handi batean egia bihurtuko du eta, jakina, esan bezala, ez duzu zertan telebistara joan. Gogoratu, beraz: hurrengo izarra zeu izan zaitezke; bai, zeu!

,

Trackbacks/Pingbacks

  1. Tweets that mention euskaljakintza» Blog Archive » Non dago ospetsu izatearen hasiera marra? -- Topsy.com - 2010(e)ko maiatzak 26

    […] This post was mentioned on Twitter by Maite Goñi and Euskal blogosfera, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: Non dago ospetsu izatearen hasiera marra?: Etxe ondoko kioskora, supermerkatura edo aldizkariak saltzen dituzten e… http://bit.ly/dp3AsX […]

Utzi erantzuna

-->