Tag Archives | euskara

Aldaketa handiak EGA azterketa berrituan

Abenduaren 17ko EHAAn argitaratu zen 2011. urteko Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGAren) azterketa-eredua finkatzen duen agindua. Egia esateko, ez dut duela egun batzuk arte honen berririk izan eta, aldaketez josia datorrenez, gure EGAko txokoan aldaketa guztiak sartzeari ekin nion ziztu bizian.

Labur esateko, hauexek dira aldaketa nabermenenak:

  • Atariko probatik entzutezko ulermena kendu dute eta, orain, atarikoak aukera anitzeko 85 item baino ez ditu izango. Gainditzeko langa 60 izango da.
  • Proba idatzia bi ataletan egingo da eta 6 ariketa izango ditu:
    • 1. atala: elkarrizketa-testua (berria), irakurriaren ulermena eta lexikoa.
    • 2. atala: idazlan luzea, idazlan laburra (berria) eta esaldiak berridaztea.
  • Ahozko proba:
    • Entzutezko ulermena (lehen proba idatzian egiten zen)
    • Mintzamena (gai baten ahozko azalpena eta bat-bateko elkarrizketa saioa)

Dakizuen bezala, azken urteetan aldaketa ugari eman da (lexikoa, ahozko proba…) ; beraz, azken eredua nola geratu den jakin nahi izanez gero, egin klik irudiaren gainean.

Amaitzeko, Euskaljakintza EGA txokoan topatu ahal izango dituzue atalez ataleko aldaketak zein horiek lantzeko baliabide guztiak. Oraindik ez dut esku artean proba berrien eredurik (pentsatzen du laster ipiniko dituztela), baina lortu bezain laster emango dut haien berri.

Comments { 2 }

Hitzapasa tematikoak egiten lagundu nahi?

Opor hauetan hartu dut tartetxo bat Hitzapasa jokoaren gunea berritzeko. Hitzapasan bertan  azaldu dudan bezala, bere garaian, politagoa-edo zelako, txantiloi berezi samarra hautatu nuen eta, maiz, erabiltzaileek zailtasunak izaten zituzten edukietara heltzeko. Kontua da, atzo goizean horretan ari nintzela, Xabier Mendiguren Elizegik Hitzapasak sotzen laguntzeko eskaini zuela bere burua eta nik, adiskidetasunaz abusatuz, pentsatu nuen berak ederki asko menperatzen duen literaturan oinarritutako Hitzapasa bat (edo gehiago) ekoiztea oso ondo legokeela. Esan eta egin! Handik gutxira hortxe neuzkan korreoan  Atik Zra bitarteko definizioak, euskal literaturaren 1. urratserako. Hementxe duzue Xabierrek bidalitako definizioekin sortutako Hitzapasa:

Hitzapasa Hitzapasa
HP literatura 1-1 html HP literatura 1-1 swf

Hari horretatik tira eginez, garbi dago denok badugula alor zehatz batean jakintza gehixeago edo pasioz betetzen gaituen gairen bat edo beste. Informatikaria bazara, esate baterako,  ez al zenuke informatikari buruzko Hitzapasa bat di-da batean sortuko? Eta zuk, musikari edo musikazale amorratua zaren horrek, ez al zenuke euskal musikari buruzko errosko bat egingo? Edo zinemari buruzkoa? Politikariren bat animatuko al litzateke? Imajinatzen al duzue Iruña-Veleia aferari buruzkoa, adibidez? Ez dakit, linguistika, zuzenbidea, Donostia, Ordiziako historia, Laboa, Lete, telebistako programaren bat, edozein euskal autore… bururatzen zaizuen zer horri buruzkoa! Garrantzitsuena litzateke nork bere barruan dugun jakintza apurtxo hori partekatzea eta denon eskura ipintzea, denok denongandik ikasi ahal izateko. Zer iruditzen?

Bueno, bada, erronka orain zuena da. Hauxe litzateke proposamena eta jarraitu beharreko prozedura:

  • Gai bat (literatura, zinema, musika, Internet, kirola, opera, Reala…) eta urrats bat (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa) hautatu.
  • Atik Zra bitarteko hitzak eta definizioak prestatu.
  • Formulario hau bete edo korreoz bidali (euskaljakintza, Gmail.com-en)

Hortik aurrera nire kontu. Jasotako guztiak Hitzapasa formatura egokituko ditut eta sarean, denon eskura, ipiniko ditut ahalik eta azkarren. Inork aurrera egingo?

Comments { 4 }

Euskarazko Wikipediari buruzko saioa

Gaur euskarazko Wikipediako editoreetako bat, Galder González,  gure artera etorri da euskarazko entziklopedia libreari buruz hitz egitera.  Aspalditik nuen gogoa ikasleengana ekartzeko Wikipediaren sekretu guztiak barrutik ondo ezagutzen dituen norbait, eta haren ahotik gurearen nondik norakoak entzuteko. Horrela, Galderri gonbitea egin genion ikastolara etorri eta azaltzeko mota honetako entziklopedia baten zergatia, helburuak, egungo egoera, zailtasunak, parte hartzeko modua…

wikipedia

“Imagine a world in which every single person on the planet has free access to the sum of all human knowledge.”
— Jimmy Wales, Founder of Wikipedia

wikipedia_logoOndo legoke edozein pertsonak ezagutza modu librean eman eta eskuratu ahal izatea, ezta? Bada, guk baietz pentsatzen dugunez, hemendik aurrera beste batzuek egindako bideari jarraituko diogu, eta, beti esaten dugun bezala, gure harri-koskorra jartzen saiatuko gara.

Galderrek esan digunez, une honetan, Euskarazko bertsioan, 48.734 artikulurekin dabiltza lanean. Bertan parte hartzeko, artikulu berriak sortu eta daudenak osatuz, proba orrian saioak eginez eta Wikipediaren txokoa bisitatuz has gaitezke. Guk izena eman dugu eta, datozen hilabeteetan,  ekarpenak egiten hasteko asmoa dugu. Ea zer ateratzen den. Esker mila, Galder, etortzeagatik eta gure bidea errazteagatik!


Euskarazko Wikipediari buruz euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Euskarazko Wikipediako editore den Galder Gonzálezek Jakintza Ikastolako euskaljakintzako ikasleekin izandako saioa.

Comments { 3 }
-->