Tag Archives | gizartea

Bizitza bizitzea ez denean…

Hanna JonesGogorra da bizitza” esaten dugu askotan. Denok izan dugu inoiz mundua gainera erori izanaren sentipena, baina erori garen guztietan altxa gara berriz ere. Aitzitik, Hanna Jones orain dela 13 urte Ingalaterran jaio zen neskatilak ez du atzera zutitu nahi.

Bost urte zituenetik leuzemiaren hatzaparretan bizi izan da. Hiru hilabetean behin medikuarekin ordua zitatu izan du medikamentuen tratamendua taigabe jarraituz, eta hala segi beharko du aurrerantzean ere gerora biziko bada. Are gehiago, dagoeneko bihotzeko hiru transplante egina da hainbeste medikamentuk bihotza ahuldu izanagatik, eta azaroan sei hilabeteko bizi esperantza aurreikusi zioten Herefordeko Herefordshire Primary Care Trust erietxeko medikuek. Honela, bada, laugarren operazio bat egitea hautatuko luke bizitza gogorra dela irizten duen gizarte sasijakitunak. Alta, Hannak kirurgiari muzin egin, eta, horrek ekarriko liokeen aukera berriari uko eginez, geratzen zaion apurra, zoriontsu, gurasoen eta hiru anaien alboan igaro nahi du. Kristy eta Andrew Jones gurasoek ere alabaren nahia babesten dute, jakin badakitelako hala zoriontsu izango dela, eta, datozen sei hilabeteotan erabakiz aldatuko balu, berriro ere itxaroneko zerrendara itzul daitekeela.

Hanna amarekinTamalez, haur batek eutanasia eskatu izanak min egin dio gizarteari sekula transplantatu beharko ez duen bihotzean. Zeinen gogorra den bizitza! Hasiera batean, medikuak ere aurka agertu ziren Jonesen eskariaren aurrean, 13 urte baino ez dituen ume bat ez ei delako bizitzen jarraitu gura ez duela erabakitzeko gai. Neskatxaren erreguek, ordea, legeak limurtu eta bereganatu ditu. Eta orain, bai. Orain, bere bizitza naturaren eskuetan uzteko eskubidea du, bere mentalitatearen aurkako asko baditu ere.

Hannak hitza hartu eta argi eta garbi azaldu du zein den bere ikuspuntua. Egia da medikuntzak aurrerapen handiak egin dituela, baina neska honen kasua hain apartekoa da, non zientziak oraindik ezin berma dezakeen etorkizun seguru bat. Jakinaren gainean daude operazio hau onartuz gero, uste ez bezala irteteko aukera dagoela, eta, ongi irtengo balitz ere, bost urteren buruan beste halako bat egitea ezinbestekoa lukeela ostera arnasten jarraitzeko.

Ez hori bakarrik, badira arrazoi gehiago ere geroari bizkarra emateko: motibo moralak, alegia. Bizitzen hasi besterik ez den arren, jadanik jakin badaki datozen urte guztiak ere nolakoak izango diren, eta ez dago prest behin eta berriro bizimodu hori bizitzeko, sufritzeko. Gainera, esperientziak irakatsirik, ezaguna du itxaroneko zerrendan emaile apropos bat aurkitzea zeinen zaila den. Beraz, benetan desio ez duen bizitza bat eskuratu izanak benetan nahiko lukeen besteren bati nolabait lapurtzea suposatuko luke.

Eskarmentuak berak egin du heldu 13 urteko gorputz txikian ezkutatzen den emakumea. Ez da ume gorri bat, eta horregatik hain zuzen ere halako erabakiak hartzeko gaitasuna du. Onartzea bortitza iruditzen bazait ere, zergatik ez? Duintasunez hil dadila!

Comments { 2 }

Energia berriztagarriak, ingurugiroa jasaten ari den kalteen konponbide ote?

haize energiaGaur egun ez dago zalantzan jartzerik energiaren garrantzia. Nork imajinatzen du argirik gabeko egun bat? Edota gau hotz batean berogailurik gabe lo egin behar izatea? Eta telebistaren pantaila erabat beltza, inongo mugimendurik gabe? Oso zaila egiten zaigu horrelako egoerak irudikatzea, ezta? Bada, horregatik guztiagatik eta beste zenbait arrazoirengatik ondorengo lerroetan energia berriztagarriez jardungo dut.

Hasteko, ezin dugu aipatu gabe utzi energia berriztagarriak planetako fluxu eta ziklo naturaletan oinarritzen direla. Kantitate handitan ditugunez, entzuna da milaka urtez gure planetan izango ditugula; eta hori gutxi balitz, inguruneari kalterik ez egitea ere abantaila garrantzitsu bat da. Beste zenbait onurekin batera, elektrizitatea, beroa eta airearen hoztea produzitzen dute; eta, horretarako, eguzkiaz, haizeaz eta hondakinez baliatzen dira, besteak beste. Komeni da jakitea horiek sortutako energia gehiago kontsumituko bagenu, CO2ren emisioa dezente murriztuko litzatekeela. Pasa gaitezen, bada, energia berriztagarriak gertuagotik ezagutzera.

HAIZE ENERGIA

Gizartean azkarren hazten ari den energia mota honi gobernuak laguntzatxo bat eskaintzen badio, 2020rako munduko elektrizitatearen %12 energia mota honetakoa produzituko dela diote adituek. Energia hau, erabilia izan dadin, arautzea falta da. Bestalde, interesgarria da jakitea 5 eta 12.5 m/s-ko abiadura daramaten haizeak baino ez direla aprobetxagarriak kontsideratzen. Jakina denez, haizeak energia zinetikoa du; izan ere, energia mekaniko edo elektriko bilakatzeko gaitasuna du aeroturbinei esker. Turbina hauek motore, hegal eta dorreetan integratzen dira energia mota hau sortzeko.

EGUZKI ENERGIA

eguzki-energiaGure planetak duen eguzki energia fusio nuklear baten ondorioa da, eta prozesu hori eguzkiaren barnean gertatzen da. Eguzki erradiazio hori elektrizitate edo bero eralda daiteke, eta azken honek ur-lurrina sortzeko balio du. Bi eguzki-energia mota bereiz ditzakegu:

  • EGUZKI ENERGIA ELEKTRIKOA. Energia hau elektrizitate transformatzen da zelula fotovoltaikoak direla eta, material erdieroalearen ezaugarriak aprobetxatuz. Zelula fotovoltaiko hauen konposiziorako oinarrizko materiala silizioa da. Honek guztiak gauez energia elektrikoa sortzeko zer prozesu jarraituko ote du? Oso sinplea da; izan ere, zelda fotovoltaikoak egunez sortutako energia elektrikoa jasotzen duten bateriak baitituzte. Hala ere, gaur egun, sare elektrikoetara konektatzen diren sistema fotovoltaikoak sortzen hasi dira; horrela, baterien erabilera ekidinez, energia hori momentuan erabil daiteke.
  • EGUZKI ENERGIA TERMIKOA. Ura eguzki energiarekin berotu daitekeela frogatzen duen sistema bat badago, gasaren erabilera alde batera uzten duena. Prozesu honetan, eguzki sistema planuak eta kontzentraziokoak bereiz ditzakegu. Lehenengo sistemak eguzki erradiazioaz berotzen dira eta fluidoei beroa transmititzen die, 200 graduko tenperaturara igoaraziz, nahiz eta normalean 75 gradura igo. Bigarren sistemak area espezifikoetan kokatzen direnak dira. Ispiluak erabiliz, eguzki zentral termoelektriko batzuetan erradiazioa kontzentratzen dute eta teknologia ezberdinen bidez erdi mailako edo maila altuko tenperatura duen beroa sortzen dute. Egunez jasotako eguzki beroa gorde egiten da; beraz, gauez edo lainotuta dagoen egunetan elektrizitateak sortzen jarraituko du.

ENERGIA GEOTERMIKOA

energia-geotermikoaLur azpiko beroa aprobetxatuz lortzen den energiari deritzo. Espainia, Estatu Batuak eta Filipinen ondoren, energia geotermikoa gehien produzitzen duen herrialdea da mundu mailan, 855 MW-ko potentzia instalatuta duela. Lurpeko ur lurruna hodi-instalazioetatik pasatzean sortzen da energia hau, zentrifugatzen denean ur eta ur lurrun lehor baten nahasketa produzitzen baitu. Prozesu horren ondoren lortutako energia elektrizitatea sortzen duten turbinak aktibatzeko erabiltzen da.

BIOMASA

biomasaEgur, erresiduo, uzta edo hiriko zaborra sarritan erretzen dira turbinak birarazteko eta elektrizitatea lortzeko. Erresiduo hauetatik gas sortzailetan sortzen den metanoari biogas deitzen zaio. Hau animalien ongarrietatik eskura daiteke. Horretaz gain, biomasako eta biogaseko erregaiak energia sortzeko erabiliko dira. Biomasa ikatza da; izan ere, karbono dioxidoa erretzen denean kanporatzen baita . Nahikoa biomasa dago behar adina elektrizitate sortzeko. Kontaminazio atmosferikoari erreparatzen badiogu, argi geratzen da energia mota honek kutsadura murriztuko lukeela, erresiduo asko eta asko aire librean erretzen baitira. Gauzak horrela, hondakin solidoak ez ditugu biomasa kontsideratuko, arriskutsuak eta kutsagarriak dira eta.

HIDROGENOA

H2Oren molekula puskatzean, hidrogenoa eskuratzen da, aurretik aipatutako energia guztietan bezala, elektrizitatea produzitzeko. Zelula hauek etxebizitza eta garatutako herrialdetako negozioetan erabiltzen dituzte, eta hori gutxi balitz, auto fabrikatzaile batek jada sistema honekin funtzionatzen duen autoa atera du merkatura. Eta nola ez, mekanismo hau garrantzitsua da George W. Bushen energia planerako, non ikatzaren eta energia nuklearraren erabilera potentziatu nahi dituen hidrogenoa sortzeko.

Energia berriztagarri hauen bereizgarriak aipatuta, ezin aipatu gabe utzi klima aldaketaren auzia; izan ere, Espainia da herrialde kaltetuenetarikoa. 2050. urterako Hadley Centerrek dioenez, tenperaturen igoera nabarmena egongo da eta, prezipitazioak %10 jaisteaz gain, lurreko hezetasunak ere %30 behera egingo du. Horren ondorioz, hondartzetan 3.000 kilometro desagertuko dira itsasoaren mailak gora egingo duelako. Alde batetik, klima aldaketa hauek gero eta sute gehiago piztuko dituzte basoetan. Bestetik, erosioak eta desertifikazioa produzitzeaz gain, lehorte, uholde eta trumoi izugarriak ere sortzea ekar dezake Mediterraneo inguruan.

Aurreko guztiaz gain, nekazaritzak behera egingo du pixkanaka, produkzio hidroelektrikoarekin batera. Hori gutxi balitz, eguzki eta hondartza turismoa larriki kalteturik suertatuko da tenperatura igoerak direla eta. Beste alde batetik, kosta inguruko herrixkak kalteak jasango dituzte itsasoaren mailak gora egingo duelako,  eta zenbait tokitan fauna eta flora desager daiteke.

Espainiako klima aldaketak sortutako ondorioak direla medio, politika beligerantea egin beharko luke administrazioak. Ez hori bakarrik, gobernuak 1990etik 2010era burutu behar dituen proiektuei ez genieke muzin egin behar; hala nola, industria %3 jaitsi beharko litzateke urte horietan zehar, garraioa %73 eta zerbitzuak %42ra arte igo beharko lirateke; energia transformatzaileak %5 baino ez. Hau guztia energia berriztagarrien erabilera alde batera utzi gabe betiere.

Hementxe duzue SOSTENIBILIDADek ingurugiroan gertatzen ari denari irtenbidea aurkitu nahian atera zuen bideoa:

Comments { 0 }

Denok argitzen gaituzten argiak?

Gizarte aurreratuenetako hainbat kide aspalditik ibili dira edertasuna zer den zehaztu nahian, eta, helburu hori lortu dutenean, gizarte osoak “kanon” horiek jarrai ditzan saiatu dira iragarki eta beste hainbat trikimailuren bidez. Gauzak horrela, jendea edertasuna zerbait materiala dela kontzientziatzen hasia dago hitz honen esanahia muga hori baino harago doala ahaztuta, mundu honetako gehiengoaren kalterako. Guk, eta guk horretan ni eta zeuen buruak sartzen ditut, gizarteak erakusten digun bideari jarraituz, dirutza galantak gastatzen ditugu edertasun horien atzetik.

Aurretik aipatu bezala, gizakiok ezarritako edertasunaren definizioan itsu-itsuan erortzen gara, eta, munduko beste hainbat lekutako miseriez ahaztuta, dirua alferrik xahutzen dugu. Guk geuk definitzen ez dakigun edertasun hori lortzeko, garrantzitsuena ez da ordaindu beharreko kantitatea, kantitate hori ordaindu ahal izatea baizik. Horrela, gure itxura nahiz gure ingurukoa edertzeko asmotan auto garesti, luxuzko etxe, markako arropa eta hainbat krema edo operaziotan dirua uzteak ez digu axola. Eta hori ez da okerrena, gure bizi-kalitatea ez baloratzea da tristeena, eta akats horretan behin eta berriro erortzen gara.

Baina gaurko nire asmoa ez da edertasunaren definizio bat lortzea, mundu honetan dauden ezberdintasunez hitz egitea baizik. Ondorengo irudia ikusi bezain laster jakin nuen gai honi buruz idatziko nuela nire hurrengo artikuluan. Horixe egin dut.

Argazki hau erabat esanguratsua iruditu zitzaidan, modu sinpleagoan ezin baitzitekeen benetako errealitatea azaldu. Espazioan dagoen satelite batek lurrari gauez eginiko argazkia da, eta bertan munduko herri eta hirietako argi artifizialak ikusten dira. Gainbegiratzen badugu, irudi bitxitzat jo, eta jaramon handirik egin gabe pasatzen utz dezakegu, baina arreta gehixeago ipinita, berehala jabetzen zara irudi horren benetako esanahiaz: argiztatutako lurraldeak aberastasunaren sinonimo dira, eta, hau gutxitzen doan heienean, pobrezia nagusitzen hasten da.

Argi horiek artikuluaren hasieran aipatutako edertasunaren baliokide kontsidera daitezke; izan ere, txiki-txikitatik ikusten ditugu kaleetan eta ez gara beraien presentziaz batere harritzen, ez gara hauen garrantziaz jabetzen, baten bat fundituta ez badago behintzat. Horrelako argazkiak ikusteak, ordea, oraindik harritu egiten gaitu. Herrialde behartsuen egoera ulertzen dugula behin eta berriro esaten dugu, baina krisi ekonomikoa dela eta gabon hauetan argi gutxiago jarri behar dituztela esan digutenean, inork gutxik hartu du berria begi onez. Jarrera hauek geure gizarteak ezarri dizkigun baloreen ondorioak baino ez dira. Beste herrialdeetako miseriez jabetzeko, horrelako argazkiak ikusi beharra benetan tristea iruditzen zait niri. Ez al zaizue gauza bera gertatzen zuei?

Comments { 2 }
-->