Tag Archives | gizartea

Honetaz eta hartaz: matxismoaz abestien letretan eta euskal kulturaren kontsumoaz

Entzun bi abesti hauek:

Lehenengo abestia

Bigarren abestia

Asmatu al duzue zein diren? Lehena ziur denok asmatu duzuela, baina bigarrena? Lehengo batean, ikastolara bidean musikari buruz ari ginela, Freddie Mercuryz hitz egiten hasi nintzen. Aho bete hortz gelditu nintzen “Nor da hori?” behin baino gehiagotan entzun nuenean. Ez nizuen, baina, horri buruz hitz egin nahi, abestien letretan sumatzen den matxismoari buruz baizik. Gustuak gustu, ezin genezake uka gaur egun tabernetan entzuten den reggaetonak zabaltzen dituen ideiak oso matxistak direla. Esate baterako, Cali y el Dandeeren “La muda” abestiak honela dio:

Quiero una mujer bien bonita callada que no me diga na’, que cuando me vaya a la noche y vuelva en la mañana no diga na’, que aunque no le guste que tome se quede callada y no diga na’ … Ya no hables más y dame un beso, llegó la hora del beso, llevamos como diez horas hablando y tu que bla bla bla … Dame un beso, llegó la hora del beso, ya son más de las doce y tu me sigues con tu bla … Quiero que sepa bailar, que nunca salga sola …

Bizi garen gizarte matxista honetan egonik, tabernetan horrelako musika jarriz gero, gazteoi ideia matxista hauek bidaltzen dizkigute, emakume eta gizonen berdintasuna aldarrikatu ordez.

Beste alde batetik, matxismoa alde batera utziz, gaur egungo gazteok oso euskaldun garela uste dugu, euskaraz baino ez hitz egiteagatik. Hala eta guztiz ere, ez dezagun ahaztu euskal kulturaren funtsa ez dela soilik euskaraz aritzea, baita euskal musika, euskal antzerkia, euskal dantzak, euskal liburuak, eta abar sustatzea ere.

Amaitzeko, euskal musika erdal musikarekin alderatuta zein proportziotan entzuten dugun hausnartu beharko genuke. Uste dugun bezain euskaldun al gara?

Comments { 0 }

Ingelesa bai, baina nork?

XXI. mende honetan, hizkuntzen ezagutzak gero eta garrantzi gehiago duen garaian, argi geratzen ari da gure gizarteko goi kargu askok alor horretan duten gaitasun eza, gainerako biztanleok egoera ez oso samurrean utziz munduaren aurrean.

 Txikitatik esan izan digute, behin eta berriz, zeinen garrantzitsua den ingeles maila ona izatea, etorkizunean soldata ona duen lanpostu bat lortzeko ezinbestekoa izango dela eta asko saiatzeko gure maila hobetzen. Eguneroko erretolika hori irentsi dugu, sinestuz hizkuntza hori jakitearekin baino ez dugula izango eskura soldata altuko lan bat. Baina ondoren ohartzen zara, gaur egun, edozein tabernatan zerbitzari izateko edo arropa denda batean lan egiteko herrialde anglosaxoietako hizkuntza menderatzea eskatzen dutela. Egoera hori barneratzean, zure esperantzak pixka bat hondoratzen dira: zer behar dut etorkizun eroso bat izateko?

zerbitzaria

FlickrCC, Berts @idar

Gogor ahalegintzen zara, atzerrira joanez eta diru asko erabiliz, beste hizkuntza batean komunikatzeko dituzun ahalmenak hobetzen. Urteak pasatzen dituzu ikasten, azterketa pila eginez agiri ofizialak lortzeko… Ikasketak amaitzean, lan bila jartzen zara, baina lortzen duzun bakarra lan-egoera ezegonkor batean sartzea da. Etorkizuna beltz ikusten duzu daukazun prestakuntza guztiarekin, eta zer da ikusten duzuna telebista piztean? Estatuko goi mandatari bat aspaldian entzun duzun ingeles maila kaskarrenaz mintzatzen, edota itzultzaile batez ulertarazten, guri munduan hiztun gehien dituen mintzaira edozein lan egiteko eskatzen digutenean. Horrelakorik!

Honetan laburbiltzen da gaur egungo egoera: estatuko curriculum onena edukita, jatetxe batean zerbitzari lana besterik ez duzu lortzen. Halere, politikan sartu eta jendeak sinestuko dituen gezurrak esaten badakizu, erretorika dohain onak badituzu, estatuko buru izatera irits zaitezke. Beraz, zer espero behar dugu hori guztia ikusita? Ez zaigu aurrera jarraitzea besterik geratzen, gogor lan eginez, egoera konponduko den itxaropenaz, egungo gizartean oso jende gutxik lortzen baititu gauzak musu-truk.

Comments { 0 }

Oraingoan ere alferra lanez betea?

La_educación_no_se_vende

La educación no se vende, Wikimedia Commons

Gaur egungo gazteon artean eragin handia duen gai bat izan zen protagonista gure lagunarteko elkarrizketan aurreko egun batean. Hezkuntzan egin diren murrizketena, hain zuzen ere. Gaur egungo egoera honek izugarrizko kezkak sortzen dituela konturatu ginen ikasleon artean, eta galdera orokor batean laburtu genituen gure ardurak: eta zuk zer egingo zenuke izugarri desio duzun lanbide ikasketak egiteko nahikoa diru edo baliabide edukiko ez bazenu?

Zur eta lur geratu nintzen lagunetariko batek egunkari bateko albistea erakutsi zidanean. Bertan, Jose Inazio Wertek, hezkuntza ministroak, zioen hezkuntza arloan inbertsio handiagoa egiteak ez duela ikasle hoberik sortzen. Are gehiago, bere ustez, diru laguntza hauek jaistea dela seme-alaba eta bere gurasoek ikasketei garrantzia handiagoa emateko modu bakarra eta, honi esker, ikasketa maila hobea lortzeko irtenbidea espainiar estatuan. Akaso familiar aberatsenetako haurrak dira ikasle onenak? Haur txiroek ez al dute liburu bakar bat izateko eskubiderik? Ez al ditugu etorkizuneko mediku, arkitekto, ingeniari edo irakasle garrantzitsuenak galduko ikasketak ordaindu ezinik geratzen badira? Egoera honek aurrera jarraituko balu, ikasle dirudunek bakarrik lortuko lukete beraien ikasketak bukatzea eta hau ez litzateke batere egokia izango benetan ikasteko gogoa dutenen artean.

Politikari eta hezkuntza ministroak ikasketa modu berri bat sortu eta ikasleak formazio hobearekin irtetea nahi dute (ikus murrizketen zerrenda). Horrela, herrialde honetan dagoen krisiari bira eman edo, hori lortuko ez balitz, atzerrira joan eta lanbide egoki bat lortzeko baliabide gehiago edukitzea da hauen asmoa. Oinezkorik nahi ez izatearen ondorioa, zaldizkorik ez etortzea da. Izan ere, nola lortuko dugu hauek espero duten ikasketa-maila irakatsiko duen irakaslerik ez badago, ikasketak ordaintzeko eta atzerrian ikasi ahal izateko diru laguntzarik ez badago, eta honez gain, unibertsitateko tasak igotzen badira?

Arazo larri honi konponbidea jartzeko modu bakarra, arau horiek jarri dituenari begiak ireki eta zein buruhaustetan jarri gaituen erakustea da. Beraz, mahai gainean ogi gogorra jartzen badigute, haginak zorroztu eta goseari aurre egin beharko diogu. Ikasle eta irakasle, gazte eta zahar, euskaldun edo erdaldun, egun batez bada ere, bat egin eta denon artean protesta egin dezagun!

Comments { 2 }
-->