Tag Archives | kontsumismoa

Ekin kontsumoa murrizteari!

birziklapenaBirziklapen hitza entzutean burura etortzen zaiguna zera da: papera, plastikoa, beira eta horrelakoak birziklapen ontzietara botatzea hauekin berriz ere ontzi berriak, liburuak eta beste egin daitezen. Baina ezin dugu ahaztu badagoela beste birziklapen mota bat: objekturen bat zaharkitua geratzen bada, aldatu eta konpondu egiten da, eta berriz ere erabil daiteke.

Lehenengo terminoko birziklapena aspaldidanik ezagutzen dugu. Nahiz eta hasieran hiru zaborrontzirekin hasi, gizakion beharrak handitzen joan diren heinean, ontzi gehiago ezarri dira; hala nola, pilak, arropak, botika eta erabilitako olioa birziklatzeko ontziak.

Bigarren birziklapen motari dagokionez, oraindik oso gutxi ikusten da, baina bada hainbat enpresa horretan lanean. Prozesuak nahiko konplexuak izaten dira; izan ere, material guztia sailkatu egin behar baita. Sailkapen horren ondoren, material askok ez du ezertarako balio izango eta birrindu egingo dute, hondakin motaren arabera tratamendu bat edo bestea jasoz. Berriz ere erabiltzeko moduan dauden aparatuak, ordea, behar dituzten konponketak eta garbiketa sakonak jaso ondoren, bigarren eskuko objektu bezala saltzeko prestatuko dituzte. Ortuellan, esaterako, birziklapen mota hau jadanik egiten da.

Esandakoaren arabera, garbi dago etxetresna elektriko edota gailu teknologiko bat zaborretara botatzen dugun bakoitzean lan konplexua dagoela atzean. Hala eta guztiz ere, guk nahiago dugu aldiro-aldiro aparatu berriak erosi, besteak modaz pasatu direlako, eta zaharrak zaborretara bota. Hori horrela izanik, hori da lehenengo eta behin gerarazi beharko genukeena, ez baita beharrezkoa hain maiz gauzak aldatzen ibiltzea. Horrelako kasuetan ikus daiteke, nire ustez, zein erantzukizun kaskarra dugun.

Estatu mailan dagoeneko badaude enpresak etxetresna elektriko edo puntako teknologia gailuak konpontzen dituztenak, hauek birziklatzea oso kutsakorra baita. Tresna hauek birziklatu nahi badira, China inguruan dagoen herrialde batera bidaltzen dira, batez ere, Guiyura. Baina bertan hainbeste zabor dago, non metal eta azido toxiko asko aurki daitezkeen eguratsean. Honek guztiak bertako biztanleen osasunean eragina du, eta oso ohikoa da zorabioak, migraina, goragalea eta abar pairatzea. Izan ere, prozesu osoan zehar, ez dute inongo segurtasun neurririk hartzen, hau da, ez dute
erabiltzen ez eskularru, ez betaurreko, ezta maskararik ere.

birziklatuGuiyu da zabor elektroniko gehien duen herrialdea; izan ere, lurralde garatu askori, hots, Estatu Batuari, Kanadari, Japoniari…merkeagoa egiten zaie aparatu hauek guztiak horrelako herrialdetara bidaltzea, beraien ingurumena kutsaduratik babestuz.

Ez da hori bakarrik, lurretik pixka bat aldenduz gero, beste kutsadura kasu batzuekin egingo dugu topo. Espaziora bidaltzen diren sateliteekin zabor espaziala sortzen dugu, esaterako. Hau ere gure gehiegizko kontsumismoaren ondorio da; izan ere, espazioko satelite asko ipintzen dira telebista ikusteko, GPSak seinaleak jasotzeko… Uneoro teknologia berritu egiten da eta aplikazio berriak ateratzen dira. Horren ondorioz, aipatu ditugun tresna elektronikoen antzera, sateliteak ere zaharkituta geratzen dira. Honek esan nahi du espazioan dauden satelite askok ez dutela inongo funtziorik betetzen ez daudelako aktibatuta; halere, bertan jarraitzen dute.


Besterik gabe, adierazi nahi dudana da kontziente izan beharko genukeela sortzen ari garen zabor guztiaz, lurrekoa nahiz espaziokoa. Horregatik saiatu behar dugu ahal den zabor gutxien sortzen, eta zabor hori berrerabilgarri izanez gero, erabiltzen jarraitu beharko genuke. Halaber, etxeko zerbaitek ez badu erabilerarik, birziklatzera eramatea izango da aukerarik onena, nahiz eta prozesu honek kutsadura eragin.

Comments { 0 }

Kontsugabonak

kontsumismoaGabonak urte baten bukaeran eta hurrengoaren hasieran munduko herrialde askotan ospatzen diren egunak dira. Mundu osoan zehar hedaturiko ospakizun honen oinarrian erlijioa dago, Jesukristoren jaiotza hain zuzen ere.; izan ere, munduko herrialde askok erlijio katolikoari jarraitzen diote, baina bakoitzak bere kultura eta ohiturak errespetatuz.

Beraz, jatorriari erreparatuz gero, egun hauek familian, zoriontasunez eta bakean pasatzeko egunak dira: familiarteko bazkari eta afariak, Olentzero, hamabi mahatsak jatea urte amaieran… Gure pentsatzeko modua, dena den, aldatuz joan da,  eta jada ez ditugu Gabonak duela berrogeita hamar urte bezala ikusten. Gaur egun, ez dugu gure erlijioa lehen bezala jarraitzen; gehienak ez gara igandeetan mezetara joaten, esaterako. Gainera, gero eta jende gutxiagok ospatzen ditu ezkontzak edo bataioak erlijio aldetik. Orduan, pentsa dezakegu, nahiz eta hainbat ohitura oraindik mantendu, gaur egungo Gabonak ez direla duten izaera erlijiosoagatik ospatzen, ez baitugu izaera hori kontuan izaten ospakizun honen ohiturak jarraitzeko orduan.

Horrela izanda, neure buruari galdetzen diot: non gelditu dira Gabonak ospatzeko lehen geneuzkan ilusio eta ohiturak? Zertan gelditu dira gaur egungo Gabonak? Gauza argia da: gaur egun ospatzen dugunak ez du zerikusirik gurasoek edo aitona-amonek ospatzen zutenekin. Orain, hainbat ohitura mantentzen dugun arren, “Gabonak” hitza entzuten dugunean, berehala datorkigu burura “festa” hitza, eta ez dugu beste ezer buruan; izan ere, oraintxe bertan, egun hauek iristen ari direla eta, bakarrik ditugu gogoan eskolan edo lanean eman behar dizkiguten oporrak, edota lagunekin Urteberrian egin behar dugun parranda.

OlentzeroEsan dezakegu, belaunaldiz belaunaldi jasotako ohitura eta familiarteko gizarteari uko egiten ari gatzaizkiela, gizarte kontsumista bihurtzeko. Gero eta gutxiago axola zaizkigu familian egindako bazkari edo afariak, eta gehiago horren ondoren datozkigun lagunarteko parrandak edo jasoko ditugun opariak. Halaber, egun hauek diru gehien gastatzen dugun urteko egunak direla esan dezakegu. Ikusi besterik ez dago familia elkartzen gareneko bazkari edo afari horietan xahutzen dugun dirutza. Komertzioak, gainera, horretaz aprobetxatzen dira beraien prezioak igotzeko. Olentzeroren opariei dagokienez, gauza berbera gertatzen da: askotan, opariak erostean, diru pila gastatzen dugu txorakerietan, beste pertsonak nahi duena kontuan izan gabe. Hau da, gizarte kontsumista batean bizi gara, eta egun hauetan are kontsumistagoak bihurtzen garela esan beharra dago.

Zer egin dezakegu honen aurrean? Nire ustez, ezer gutxi egin daiteke. Azken finean, haurrak gineneko Gabonetako ilusio horiek guztiak berreskuratzea zaila dela kontutan izanik, agian, egin beharrekoa zera izango litzateke: familiarekin eta lagunekin egondako momentuak gehiago baloratu eta horretaz gozatu, hori baita egun hauetako gauzarik garrantzitsuena.

Comments { 0 }
-->