Tag Archives | musika

“Está noche serás mía” edo nola Reggaetonak emakumea degradatzen duen

Wikipediaren arabera Jamaikako reggaean errotuta dagoen genero musikal hau Panaman sortu zen,  latindar reggae gisa. 90eko hamarkadan lortu zuen ospea gazte latinamerikarren artean eta 2004az geroztik Ipar Amerika, Europa eta Asiara hedatu da. Musikari dagokionez, reggae, rap eta hip-hoparen fusioa dela esan daiteke, nahiz bomba, salsa, champeta , cumbia eta merengue generoen eraginak ere badituen. Dem Bow izeneko perkusio erritmo errepikakorra da bere beste bereizgarri musikaletako bat. Letra edo hitzei dagokienez, hasieran hip-hop erako kritika sozialaz ziharduten; gaur egun, ordea, gehienak sexuan eta eguneroko bizitzako istorioetan oinarritzen dira. Gauza da abesti hauen gehiengoak emakumea objektu sexualtzat daukala eta esplizituki adiderazten duela hori bere letretan. Hau ez dut begi onez ikusten.

Bere erritmo dantzagarria askoren gustuko da, batez ere aldakak mugitu nahi dituztenentzat, eta bere letrek duten morboa gogoko dugu batzuek; beste batzuek, ordea, gorrotagarri deritzote erritmo errepikakor eta letra arloteei. Egia da, nolanahi ere, adierazpen askatasunaren eskubidea badugula. Hala ere, erabiltzen duten hizkuntza eta emakumea irantze hori justifikaezinak direla iruditzen zait, emakumeari perra eta antzekoak esanez eta jarrera matxistaz tratatuz agertzen baita abeslaria -gehienetan gizonezkoa dena- kantu hauetan. Honela emakumea degradatu, bere rola gizonezkoa asetzera mugatu eta berdintasunaren alde egin den borroka oro ezerezean uzten dute. Honen erakusle dauzakagu ondorengo esaldiak: “Si se porta mal, dale con el látigo!” (Toby Toon), “Esta noche serás mía” (Wisin Y Yandel ), “Atácala sin piedad, cógela” (Luny Tunes ) eta beste mila adibide. Erabilitako hizkuntza zaindugabea da, eta esaten dituzten astakeriak ere ikus daitezke ondorengo esaldietan: “Si las más putas son las más finas” (Tego Calderon) , “Que va a explotar como palestino” (Calle 13),”Pa las que son más zorras que los cazadores” (Daddy Yankee ).

Reggaetona ez da emakumea degradatzen duen genero musikal bakarra, horren lekuko Tangoa, Alejandro Fernándezen Ranchera polemikoa edo Guetta eta Akon ek House-Technora eraman duten Sexy Bitch abestia. Baina generoa bere osotasunean hartuta, matxismo gehien islatzen duena izango da ziurrenik.

House, ranchera edo reggaetona dela, nik ez nuke nahi nire seme-alabek bitch piropotzat erabiltzea, ezta emakumea iraintzen duten letrak ohikoak direla pentsatzea ere. Bestalde, generoko ikur garrantzitsu den Tego Calderonek ere bere alaba txikiak reggaetona dantzatzea ez litzaiokeela gustatuko aitortu zuen, perreo edo grindingak ere eman baitu zer esan: Puerto Ricon gobernuak perreoa debekatzeko erabakia hartu zuen, baina mundu osoan zehar izan duen arrakastak dakarkion diru sarreragatik iritziz aldatu zuen. Perreoa eta diru kontuak alde batera utzita, genero honetan aritzen direnek letra gehiago zaindu eta emakumea errespetuz trata dezaten gustatuko litzaidake.

Bibliografia
http://es.wikipedia.org
http://www.bbc.co.uk
http://www.elpais.com
http://en.wikipedia.org

Comments { 1 }

Mikel Urdangarinen “Zubia” kalean da. Nik erosi dut!

Zain egon gara, itxaro; iritsi da, baina. Mikel Urdangarinek Jon Intsausti eta biok urte hasieran egin genion elkarrizketan jakinarazi zigun bezala, argitara atera du bere azken obra: Zubia. Desberdina da. Desberdina, baina goxoa eta beretik egindakoa. Ezberdina da, baina bera da ilusioa. Irailaren 30ean izan zen aurkezpena Arriagan, eta oker ez banabil egun hartan bertan erosi nuen Donostian Mikelen lana. Irrabarretsu irten nintzen musika, literatura eta batek daki zenbat ondareren mundutik, Fnac-etik. Bere pisua apenas igartzen zen poltsa fuerte heldu eta han joan nintzen aurrera, ilusioz, noiz etxera helduko.
Treneko eserleku huts bakarrean eseri, eta ingurukoek buruan zer zuten pentsatu ere egin gabe pasa zitzaizkidan gutxi gorabeherako 45 minutuak, Baga-biga produkzioak grabatutako Zubia diskoaren letrak irakurriz.

Jada auskalo zenbat bider entzun ote dudan; eta, ez, ez naiz aspertu! Hau da nire propaganda. Duintasunik galdu gabe, doan daukat salgai altxor berri honen gaineko iritzia. Askori esan diet “nik erosi dut!”… eta erosi egin dute. Hau guri eskainitako obra bat gehiago da, eta gure esku dago gure kapritxoen presentzia. Musikariek eta guk osatzen dugu beste zubi bat. Nik erosi dut!

Zuk nahi baduzu… gozatu! Azaroaren 30ean izango da Arriagan, zuzen-zuzenean, Zubia lan berriarekin.

Comments { 1 }

Nur: “Musikari izan nahi duenak musikan pentsa dezala, ez haren ondorioetan”

Escondida-NurEskua altxa dezala La Oreja de Van Gogh, Amaia Montero, Jonas Brothers eta delakoak bakarrik entzuten dituenak. Errespetu guztiz, noizbait beste zerbait entzun al duzue? Oraingoan, oso ezaguna ez den Nur-ekin posta elektronikoaren bidez izan nuen elkarrizketa aurkezten dizuet, bera Madrilen bizirik eta ni Euskal Herrian, biak elkartzeko aukera hutsa baitzen. Izen askorik ez duten milaka talde daude ezkutaturik, beraien ateak noiz irekiko zain itxaroten. Horietako askok dudarik gabe gaur egun “artista” ugarik duten arrakasta merezi dute. Nur, agian ezaguna egingo zaizue batzuei, Operacion Triunfo telebista-saioan parte hartu baitzuen 2003. urtean, hirugarren edizioan, alegia. Musikari buruzko iritzia eta bere lanari buruz adierazmenak egin dizkigu artista gazteak. Ondoren duzuen elkarrizketa, goza dezazuela!

Nuria Elosegui izeneko 18 urteko gazte batek bere jaioterria atzean utzi, Bartzelona, eta abentura berri batean sartzeko asmotan Madrilera joan zen. Nola har dezake gure adineko pertsona gazte batek horrelako erabaki garrantzitsua? Hain garbi zeneukan musikaren munduan murgildu nahi zenuela? Txiki-txikitatik jakin izan nuen nire mundua musika zela. Ondorioz, pauso batzuk emanez joan nintzen, eta Madrilera ekarri ninduen bizitzak. Ez nekien nire musika egiten hainbeste murgilduko nintzenik eta hori da, gaur egun, gehien eskertzen dudana. Madrilera etorri nintzenetik musika sortzeko beharra sumatu dut.

Askok eta askok gaur egun hain ezaguna den Operación Triunfon ezagutu zintugun, 2003. urtean hain zuzen ere. Zure ahots liluragarriak, zure begikotasunak, besteak beste, maitemindu egin gintuzten. Bizi izan duzunaren arabera, programan parte hartzeak eragina izan al du kanpoan era positibo nahiz negatiboan? Zein zentzutan? Nire esperientziaren arabera, ezin jakin eragin ona edo txarra izan duen OTn parte hartzeak; hala ere, badakit lehiaketatik bereizi nintzen unea atzera pausu bat izan zela, berriz ere hutsetik hastea bezala. Pertsona batzuek gehiago ezagutzen nindutela izan zen diferentziarik nabarmenena. Horiek, hasiera batean behintzat, kontzertuetara batzen ziren; halere, jendearen kopurua jaisten joan zen, nire lehenengo diskoa editatu ez nuelako eta, beraz, promoziorik ez zegoelako. Azkenean, nire abestiak gehien sentitzen zituztenak gelditu ziren, beraien bizitzak narratzen zituzten abestiak bailiran hautematen zituztenak, alegia.

NUR kate motzean…
Amets bat: Abestiak jotzez bizi
Abesti bat: Sunday Afternoon
Zure abesti bat: Sola
Musika estilo gogokoenak: Rock, blues…
Abeslari gustukoenak: Rachael Yamagata, Amiee Mann, Aretha Franklin…

Gaur egun izugarri kritikatzen zaio Operacion Triunfo reality-ari. Fama gehien izan zutenak ahaztuta duade. Identitatez aldatu beharko dute lehiakideak arrakasta izateko, Virginia Maestrok, orain Labuat, egin duenaren antzera? Horrelako telebista-saio batean parte hartzean egon ohi diren aurreiritziek arrakasta musikalik gabe uzten al ditu lehiakideak? Lana kalitatezkoa izanez gero, ez litzateke inongo arazorik egon behar arrakasta izateko; halere, horrelako lehiaketa garrantzitsu bat irabaztean, zugandik ateratako zerbait produzitzearen aldekoa naiz. Edozein produktuk bezala, “produktuek” iraungitze data bat daukate. Virginiak bere talentu eta benetako nortasunarekin denok aho zabalik uztea espero dut.

Gogo ugari eta lan are gehiagoren ondorioz, zure lehenengo diskoa grabatzea lortu zenuen. Bere izena Escondida da eta 13 kanta eta, zuk diozunez, 13 istorio errealez osaturik dago. Nola bizi daiteke uneoro nor bere abesti, bizitza eta esperientzian murgildurik? Ez ote da izango nostalgia gehiegi? Nostalgiarekin bizi naiz, bai musikaren munduan nahiz tratu pertsonalean. Oso naiz sentibera eta horrek, denak bezala, bere alderdi onak eta txarrak ditu. Izugarri gogorra da zure musika hain autobiografikoa izatea, askotan izugarri kostatzen baita kanpora irten eta zure bizipenak abestea; hala eta guztiz ere, hori hain suspergarri izateak aurrera egiten laguntzen du. Hain da handia askatasun sentimendua, non gaur egun nire bizipenak idazten hasi naizen, fikzioarekin nahastuz. Beraz, nire bizitzan beste ate bat irekitzen ari dela esan dezaket.

Nur musikariaZoritxarrez, Escondida oraindik ez dago dendetan salgai. Zein da zure lehenengo lanaren etorkizuna? Zer esan ohi dizute gertukoek eta ez hain gertukoek zure diskoari buruz? Gaur egun, egitasmoa aribidean dago, aukera guztiak ahalik eta ongien aztertzen ari gara. Gure inguruan daudenek abesti guztiak gozatzen dituzte eta beti galdetzen digute ea noiz aurkituko den Escondida salgai. Hala eta guztiz ere, badakigu gaur egungo egoera nolakoa den; beraz, esan bezala, aukera guztiak aztertzen ari gara. Opari bikaina izango litzateke laster kalean aurkitu ahal izatea diskoa!

Zure bigarren lana laster grabatzen hasiko zarela esan digu txori txiki batek. Noiz duzue grabatzen hasteko asmoa? Zein estilo ageriko dira bertan, Escondidan ageri diren kantenak edo berrikuntzaren bat topatuko dugu? Estilo propioa izango du bigarren diskoak, baina lehenengoaren eragina garbia izango da, musikari dagokionez batik bat; halaber, autorearen hazkunde pertsonala nabarmenduko da eta erritmo berriak aurkitzeko apeta izango dugu. Oraindik goiz samar da hitz egiteko, baina lehenengoaren ezberdina izatea behar dut, Escondida bakarra izatea nahi baitut.

Madrilen kontzertu asko izan ohi dituzu, eta ikusten dugunez, laster beste hainbat izango duzu bertan. Baina noiz etorriko zara euskal lurretara? Ahal bezain azkar bertan izango gara! Kanpora irteteko gogorik ez zait falta eta are gutxiago Euskal Herrira joateko: nire lehenengo abizenak adierazten duen bezala, Euskal Herriarekin konexio berezia daukat.

NurGaur egungo gazte ugarik euren etorkizuna musikarekin erlazionaturik ikusten dute; nolanahi ere, denok dakigu musikaren munduak etorkizun ez oso ziurra izan dezakeela, abeslari eta musikari ugari baitago. Gainera, musika gero eta gutxiago saltzen da pirateria eta direlakoak medio. Musikaren munduan murgildurik zaudenez, zure lehenengo lana aurrera eraman eta bigarrenaren bila zoazenez, zer aholkatuko zenieke gazte horiei? Musikan pentsa dezatela esango nieke, ez haren ondorioetan. Musikari izan nahi duenak musika sortzen du, eta bere barruan duenarekin musika aterako du; denok dakigu, ostera, musikak ez duela etorkizun ziurrik. Alderdi industrialari dagokionez, bertan murgiltzen garen unean, ez gara gu izango erabakiak hartzen dituena.

Asko hitz egiten da musika komertzialari buruz gaur egun. Batzuek hori dute gustuko; beste batzuek, ordea, ez dute batere atsegin. Zer iritzi duzu musika komertzialaren inguruan eta bere aldamenean dagoen guztiari buruz? Dena kontsumitzen den musika komertzialaren eta bakoitzak musika komertzialaz ulertzen duenaren arabera doa. Badago musika komertzial mota bat izugarri atsegin dudana: The Rolling Stones, Janis Joplin, Eric Clapton, Joaquin Sabina, M-Clan, Pereza… Talde errespetagarri ugari dago. Hala ere, badaude beste asko ganora gabekoak eta askotan horiek dira irratiaren bitartez gure entzumena erretzen dutenak. Azken finean, horiek dira iraungitze data duten abestiak. Leku guztietan daude merezi duten gauzak eta nola-halako gauzak. Aukeratzen jakin behar da!

Eskerrak eman nahi dizkiot Nur artista katalanari Euskaljakintzarentzat tartetxo bat egin izanagatik. Denok ikasi beharko genuke zerbait ezkutuan daudenengandik, askotan horiek baitira gauza gehien irakasteko ahalmena dutenak.

Comments { 0 }
-->