Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Gaurko Hitzak urte bat bete du gaur!

Egunez egun eta hitzez hitz zure hiztegia aberasten lagunduko dizugu. Sar zaitez egunero edo harpidetu gure edukietara, gurekin eguneko hitza ikasteko.

Hitz horiekin ematen genion hasiera egitasmo berri honi 2008ko azaroaren 3an; urte bat bete da gaur, beraz, Gaurko Hitza bloga martxan ipini genuenetik. Ez dira gutxi izan tartean gertatutakoak. Hasiera batean, ikasleen EGA azterketari begira sortutako ekimenak, pixkanaka-pixkana, bizitza propioa hartu eta gu guztion hiztegia aberasteko bidean ipini dela pentsatzea gustatzen zaigu; izan ere, ez dira gutxi izan zuen ekarpenak, iradokizunak, hitz-proposamenak, iruzkinak, adar-jotzeak eta bestelakoak hainbat eta hainbat hitzen inguruan.

Bestalde, oso pozgarria izan zen guretzat Sustatuko lagunek Letrak Sare Kantoitik atalean Gaurko Hitza txertatzeko proposamena luzatu zigutenean. Letrak, hitzak, esaldiak, testuak… maite ditugunontzat ezin ukatu ohore bat denik Anjel Lertxundi handiaren eta Markos Gimeno apartaren aldamenean tokitxo bat izatea. Mila esker, Sustatu!

Errepaso txiki honi amaiera emateko, aldaketak aipatu nahi ditugu. Horietako bat, hitza argazkiaz laguntzea izan da; izan ere, hasieran, hitzaren azalpena testura mugatzen bagenuen ere, argazki batez lagundua joan ohi da orain (hitzak, behinik behin, horretarako baimena ematen duenean). Eta gaur, urteurrena ospatzeko, urrats bat haratago joan nahi izan dugu eta bideoa txertatu. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, astean behin, Gaurko Hitza bideo batean azalduta joango da. Twitterren jaio eta hemendik hartutako ideia hau aurrera eramateko, Pernan Goñi komikigile ezagunaren laguntza jasoko dugu. Mila esker, Pernan!

Hementxe duzue estreinaldikoa. Entzungailua ipini eta entzun eguneko hitza!

ahutzeko iz. g.e.
[masailekoa] ahoko, belarrondoko, danbada, danbateko, dangateko, kolpe, masaileko, matraileko, mustupileko, muturreko, takateko, zartako, zartateko, kolpekada Heg., zartada Heg., zartadako Heg., kaska Ipar., kaskako Ipar., kolpeka Ipar., matelako Ipar., mazelako Ipar., panpako Ipar., paso Ipar., ukaldi, zaflako Ipar., zafra Sort., zarta Sort., plastada Bizk., plastateko Bizk., zaplada Bizk., zapladako Bizk., zaplateko, zaflada Naf., zafladako Naf., belarraldeko Zub., ezpaineko g.e., zanpateko, kohat Ipar. g.e., zanpako Sort., azote Ipar. zah., zafardako Ipar. zah., zaplazteko (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Comments { 4 }

Ongi etorri euskaljakintza 5era!

euskaljakintza5_patioanMotibazio eza. Hori izan zen 2005eko uztailaren 29an Maite “Audentes fortuna iuvat” hura idaztera bultzatu zuena. Egitasmo berritzaile bezain ausart baten aurkezpena izan zen, hezkuntza sistema tradizionalarekiko haustura. Euskaljakintzaren sorrera, erabaki arras hausnartua izan zena (Jokin eta Mikelekin luze hitz eginda etorritakoa), ez dago zalantzapean jartzerik, lehenengo argitalpen haren atzean dagoena ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula!

Euskara eta teknologia berriak uztartuz errealitatera, gizartera, hurreratzeko aukera ikusi zuen Maitek, bere gaia erakargarriago bihurtzeko abagune paregabea. Halaber, Euskaljakintzaren esentzia partekatzean oinarritzea beharrezkotzat jo zuen. Ikasleok ikasteko aukera badugu, azken batean, gizarteak aukera hori ematen digulako da; eta beraz, gizartearekin, nolabait esateko, zorretan gaude. Zor hori kitatzeko-edo, guk sorturiko edukiak gizartearen eskura jartzea zilegi dela iruditu zitzaion. Ordutik, euskarak sarean duen presentziari ekarpen ederra egin dio Euskaljakintzak, 920 artikulutik gora argitaratuz eta hizkuntza bere horretan lantzeko egundoko baliabide sorta eskainiz, lanean gogor eta gogoz arituz, berrikuntzak txertatuz, gaurkotasuna bilatuz.

Lau belaunaldiren ilusioa eta esfortzua bloga elikatuz joan dira egunez egun, dibulgazio testuetatik hasi eta iritzi testu konplexuenetaraino. Euskal kulturan ezagunak diren pertsonaiei (kirolari, sukaldari, musikari, idazle…) eginiko elkarrizketek ere aparteko garrantzia hartu dute blogean. Horiei guztiei esker, sari ugari irabazi ditu (I Premio Espiral de Edublogs , 2007 diariovasco.com saria), nahiz eta saririk preziatuena jendearen errekonozimendua izan den hasiera-hasieratik. Hedabideetan ere oihartzun zabala izan du blogak, Berria egunkariak hainbat artikulu papereko alean argitaratzeko ohorea eman diolarik. EGA azterketaren prestaketan nahitaezko bihurtu da; azterketak dituen atalak lantzeko sorturiko ariketak Euskal Herri osoan egin dira ezagun, eta hauek lau haizetara zabaldu dute Euskaljakintzaren izena. Egun, euskal blogosferaren ezinbesteko pieza bilakatu dela ez dago eztabaidatzerik.

euskaljakintza 5

Bosgarren generazioari dagokigu orain lanean hastea, martxan jartzea. Erantzukizun handia sentitzen dugu gure erraietan; izan ere, aurrekoek oso goian jarri dute maila. Maitek orain lau urte botatako enbidoari eta erronkari merezi adinako erantzuna emango ahal diogu! Izango ahal dugu orain arteko mailari eusteko adorea eta indarra! Hala bedi! Hala balitz, betea genuke gure xedea eta.

Comments { 5 }

Agur euskaljakintza 4!

Bihartik aurrera, euskaljakintza 5ekoak gu ordezkatzera etorriko dira. Gutako batzuk hasita gaude dagoeneko unibertsitatean eta falta direnak laster abiatuko dira. Ez genuen txoko hau utzi nahi, ordea, gurekin batera hemen egon zaretenoi agur esan eta eskerrak eman gabe.

Une gozoak eta, hainbatetan, gaziak bizi izan ditugu ikastolan. Horietako asko jarraian datorren bideoan ikusi ahal izango dituzue. Bereziki txiki-txikitatik nirekin ikastolan ibili zaretenoi eskainia da. Zoriontsu bizi! 😉

Agur, euskaljakintza 4! from Maite Goñi on Vimeo.

Comments { 8 }
-->