Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Euskaljakintza berritua abian da

Iazko ikasturtean euskaljakintzan ibili zinetenok dakizuen bezala, arazo ugari izan genituen urtean zehar: birusak, zerbitzariarekin gorabeherak… Gauza bat eta bestea zela, askotan ezin zen bertako edukia kontsultatu, eta geu ere nahiko larri ibili ginen  gure artikuluak, elkarrizketak eta ariketak, besteak beste, argitaratzeko.

Horrela gauzak, gure eduki guztiak beste blog batera migratzea eta zerotik hastea erabaki genuen. Horretan ibili gara uda osoan eta, antza denez, berriz ere abian ipintzeko moduan gaude. Aldaketa aprobetxatu eta WordPressek eskaintzen dizkigun aukera berriei etekina atera nahian, gure eduki guztiak berrantolatu ditugu. Horrela, orain arte blog eta gune ezberdin bilakatuta zeuden txoko guztiak -EGA, aditzak, Euskaltzaindiaren arauak… lantzeko blog eta guneak- euskaljakintzan integratuko ditugu pixkanaka-pixkanaka hemendik aurrera. EGArekin hasi gara; izan ere, aurtengo 2. deialdia berehala izango baita. Atal batzuk osatzeke badaude ere (EGA azterketa eredu berriak digitalizatzeko baimenaren zain gaude), nagusienak jada kontsultagai dituzue.

Irudian ikus dezakezuen legez, menu nagusian topatuko dituzue guztiak.

 

Ilusio eta gogo handiz ekingo diogu, beraz, ikasturteari. Esan behar dugu ia dena prest daukagula euskaljakintza 8koek (azkar esaten da, baina aurtengoa euskaljakintzaren 8. taldea izango da) aurrekoen lekukoa har dezaten. Dena den, horren aurretik iazkoen lanei lekua egingo diegu, arestian aipatu dugun bezala, ekoizpen ugari argitaratu gabe geratu baitziren arazoak zirela eta.

Bestalde, dena aldatu behar izan dugunez, gerta liteke esteka batzuk ez ibiltzea edo bestelakorik topatzea. Horregatik, asko eskertuke genizueke horrelakoen berri ematea.

Amaitzeko, eskerrak ematea baino ez. Alde batetik, zuei, iaz izan zenuten pazientziagatik. Bestetik, migrazio eta beste lanetan buru-belarri ibili den Talaios enpresa jaio berriari (analisia eta estrategia, prestakuntza eta ahalduntzea, tresnak eta garapenak egiten dituen aholkularitza teknologiko kooperatiba). Eta esker bereziak bertako Gorka Julio eta Unai Gorrotxategiri, emandako laguntza eta  egindako lan bikainagatik.

Euskaljakintza berrituaren ibilbidea hementxe hasten da. Ongi etorri gure txoko berrira! 🙂

 

Comments { 25 }

MeTheOne: Talentuen plataforma birtuala

Munduko talentuen bila zabiltza? Gaur egungo sareko tendentzia nagusienak ezagutu nahi al dituzu? Hona hemen etorkizuneko plataforma birtuala: MeTheOne.

Badira hiru urte Mikel Torres eta Juan Barberiok, beraien lana alde batera utzi eta proiektu zirraragarri honetan sartu zirela MeTheOne sortuz. Geroago, besteak beste, marketing alorreko Enpresagintzako hiru ikasleri -Ianire Miret, Maore García eta Inacio Crehuet- proiektuan parte hartzeko aukera paregabea eskaini ziguten.

Zer egiten dugun aipatzearren, esango dizuet MeTheOne munduko talentuak biltzen dituen plataforma birtuala dela. Bertan mundu mailako arlo ezberdinetako talentuak aurki genitzake: musika, dantza, kirolak (adibidez, surfa, skate-a, muturreko kirolak…).

Plataforma honek aurkezten dituen zerbitzuak ugariak dira: sare sozialen tendentzien analisia, informazio estatistikoaren salmenta eta, bestalde, marka ezberdinei zerbitzuak ematen dizkie beraien kanpaina publizitarioen salmenta sustapenerako.

Gainera, zu zeu izan zaitezke talentu horren aurkitzailea. Izan ere, edozein pertsona erregistra daiteke webgunean. Behin izena emanda (posta elektronikoa erabiliz), erabiltzaile izena eta pasahitz bat egokitzen zaio pertsona bakoitzari. Erraza eta oso erabilgarria.

Twitter (@MeTheOneTalents) eta Facebook bezalako sare sozialetan gaude eta egunetik egunera bertan dugun eragina handituz doa. Gure helburua, mundu mailako interneteko talentuen erreferente bilakatzea da eta esan daiteke bide onetik goazela. Izan ere, dagoeneko hainbat sari jaso ditu egitasmoak (X. Manuel Laborde Werlinden saria, esaterako). Antena 3 kateak zabaldu zuen egitasmoa eta duela aste pare bat Bilboko EBE Euskadi (Evento Blog España) ekitaldian proiektua aurkeztu genuen. Arduradunen hitzetan: “Gure helburua talentu-bilatzaileen komunitate handi bat sortzea da. Saririk handiena horixe lortzea izango litzateke guretzat.”

Aipatutako elkarrizketa uzten dizuet. Animatzen al zarete parte hartzera?

Comments { 1 }

Euskaljakintzaren literatura txokoa

Aspaldian nenbilen euskal literaturaren inguruan azken urteetan euskaljakintzan egin ditugun lanak, handik zein hemendik sakabanatuta genituenak, bildu nahian. Opor hauetan, azken ekoizpenak zuzendu, txukundu, argitaratu eta aitzakia horrekin txokoa abian jartzeari ekin diot: euskaljakintza literatura.

Ondoren dator azalduta bertan topatuko duzuena. Atalez atal:

  • Mendez mende: aurkezpen labur batzuen bidez euskal literaturari gainbegiratze kronologikoa eman diogu, XVI. mendetik XX. mendera arte.
  • Egungo euskal literatura: egungo euskal hainbat autore hautatu eta haiei buruzko aurkezpenak eta galderak prestatu ditugu (ad.: Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia) . Zenbait kasutan egile horiei buruzko apunteak ere topatu ahal izango dituzu.
  • Irakurlearen txokoa: azken urteetan, XX. mendeko euskal idazleen liburuak irakurri eta gure blogean, euskaljakintzan, haiei buruzko artikuluak argitaratu ditugu. Atal honetan artikulu horiek idazteko jarraitzen ditugun urratsak ipini ditugu: artikuluak idazteko jarraibideak, gidak (oinarrizkoa eta aurreratua), ebaluazio eta autoebaluazio txantilioiak, gure hautaketak…
  • Entzun: euskal autoreen lanak irakurri eta grabatu ditugu, eta audioak nahiz irakurritako autore eta lanei buruzko informazioa denon eskura ipini.
  • Aipuak: gune honetan irakurtzen ari garen/irakurri ditugun liburuetatik erauzitako aipuak ipintzen goaz. Gune irekia da, edonork egin ditzake ekarpenak. Parte hartu nahi? Zure aipua bidali besterik ez duzu.
  • Gure kritikak: euskaljakintzan ‘Irakurlearen txokoa’ deituriko atalean argitaratutako azken artikuluak ekarri ditugu hona.
  • Lexikoa landu: irakurritako liburuetatik pasarte ezberdinak hautatu ditugu bertako lexikoa lantzeko; beraz, atal honetan lexikoa lantzeko/hobetzeko ariketak topatuko dituzu (ad. Twist, Harkaitz Cano).
  • Hitzapasak: landutako autoreei buruzko ‘Hitzapasak’ prestatu ditugu. Atal honen hasiera baino ez dago, pixkanaka joango gara osatzen (ad. Atxaga).
  • Denbora-lerroak: irakurritako autoreei buruzko denbora lerroak ere prestatu ditugu. Atal hau ere osatzeke dago. (ad. Xabier mendiguren Elizegi)
  • Elkarrizketak: hainbat euskal autoreri egin dizkiegun elkarrizketak (ad. Fernando Morillo).
  • Esteka interesgarriak: euskal literaturaren baliabide bilduma. Atal honek ere edonoren ekarpenak onartzen ditu. Editatu orria eta gehitu ezagutzen duzun esteka interesgarri hori.

Horixe da, pixka bat azaletik azalduta, orain arte egin duguna. Lanean jarraitzen dugu; beraz, etengabe eguneratzen segituko dugu. Dena den, gaia interesatuz gero, onena bertara jotzea izango duzue. Horretarako, egin klik irudiaren gainean edota euskaljakintzaren goialdeko menuan (literatura).

 

 

 

Comments { 0 }
-->