Archive | euskara

RSS feed for this section

Sortu zure jokoak Gaurko Hitza plataforman

Gaurko hitza plataforma

Gaurko hitza plataforma

Plataforma berri bat dago denon eskura, atzotik aurrera, joko itxurako aukera anitzeko galdeketak sortzeko. Tresna hau bereziki irakasle eta ikasleentzat pentsatutakoa bada ere, edonork egin dezake kontua bertan eta jokoak sortu. Egitasmoa abian ipintzeko orduan, ondorengoak izan dira helburu nagusiak:

  • Irakasleek ikasleentzat ariketa moduko jokoak sortzea, gai bat errepasatzeko edo.
  • Adin bateko ikasleek ere gauza bera egitea, ikasleak sortzaile eta, aldi berean, irakasle bihurtuz. Gainera, sortzen dituzten jokoak Tuenti, Twitter edo nahiago duten sareetan parteka ditzakete. Horrela, euren lagun, guraso, irakasle edo nornahiri jokatzeko aukera eman diezaiekete.
  • Interneteko euskarazko edukiak areagotzea.

Esan behar da plataforma Forma 3.0 enpresak -duela gutxi arte Ihardun- garatutakoa dela eta HPSk diruz lagundua. Adibide honetan ikus dezakezuen bezala, test moduko joko edo ariketak sortzeko aukera ematen du, eta sortutakoa sare sozial ezberdinetan partekatzeaz gain (Tuenti, Twitter, Facebook eta Google+), korreoz ere bidali ahal izango da. Azken aukera, irakasle edota ikasleentzat interesgarria izan daitekeena, ‘enbotatu’ edo nork bere web orrian, gelako zein ikastetxeko blogean txertatzearena da.

Joko bat egin nahi duenak plataforman alta eman eta 15 galdera sortu beharko ditu. Nahi adina joko sortzeko aukera izango du erabiltzaile orok eta sortutako guztiak bere profilean gordeta geratuko zaizkio. Erabiltzaile ezberdinei jarraitzeko aukera ere egongo da. Eman beharreko urrats guztiak ondorengo bideotutorialean ikus ditzakezue (hementxe jarraibideak idatzita).

Gonbidatuta zaudete zuen jokoak bertan sortzera!

Comments { 0 }

Aitorren hizkuntza zaharra

Bai zu mutiko gazte! Kaixo ta zer moduz?
Ez al duzu ikasi ezer niri buruz?
Ahotsaz baliatuz esangoizut kantuz,
egon zaitez zu adi eta ibili kontuz,
asmatuko baituzu abestian murgilduz.

Jatorria da nire sekretu kuttuna,
nire jaioteguna da ezezaguna.
Adituek eginiko guztiz lan astuna
ez da izan nahikoa lortzeko erantzuna.
Nahiko zaharra izan arren, ez naiz ez tuntuna.

Oraindik ez al duzu nor naizen asmatu?
Altxa behingoz ohetik ta guztiz esnatu.
Ez dizkizut gauzatxo guztiak kontatu.
Mesedez ez ezazu abestiz aldatu,
jarraitu niri entzuten eta motibatu!

Behin Etxeparerekin hasia idazten,
berari esker hasi nintzen ni amesten.
Eta ospetsu ere apurka egiten.
Nire izena joan zen munduan zabaltzen,
berari esker jendeak ez nau inoiz ahazten.

Une oso latzak bizi izan ditut sarri,
baina borrokatu dut nahiz ta egon larri.
Eskerra eman nahi diet nik Etxeberriri,
Oihenart, Leizarraga ta Gazteluzarri,
noski ,ahaztu gabe, Pedro Axularri.
Oraindik ez al duzu nor naizen asmatu?
Altxa behingoz ohetik ta guztiz esnatu.
Ez dizkizut gauzatxo guztiak kontatu.
Mesedez ez ezazu abestiz aldatu,
jarraitu niri entzuten eta motibatu!

Erdara da denetan etsai nagusia,
ipurdiko arantza amorragarria.
landare eder guztien arteko sasia,
mami xamurrik gabe dagoen ogia,
beti nire alboan den bidaiaria.

Nire burua aurkezten ari naiz saiatzen.
Zu entretenitu ta pixka bat alaitzen,
baina eskakizun bat dago honen atzen.
Zuzenean ez naiz ba esatera ausartzen,
horregatik ari naiz abesti hau asmatzen.

Lagun arren ez zaitez zu gelditu lotan
gauza asko baitauzkat nik hemen jokoan!
Erabil nazazu bai maiz zure ahotan
Nire geroa dago zuen eskuotan,
ez askatu nahiz egon bero-bero sutan.

Aitorren hizkuntz zaharra ni nauzue hara
eta zuen indarra beharrezkoa da.
Zer egin behar duzun badakizu jada:
erabil ta maitatu ezazue euskara,
ta jalgi nazazue arren plazetara!

Iñaki Apalategirekin bertsoa!.
 

 

Comments { 2 }

Euskara agurgarria…

Euskara agurgarria,

Gaur ere, urtero bezala, zure eguna ospatzen ari gara, nahiz eta zure egunak ez duen datarik behar, euskararen eguna egunero baita. Hala ere, aipatzekoa da azken urte hauetan izan dugun jarrera desegokia: Gipuzkoan, zure erabilera %33koa izan da; Bizkaian, %13koa; Araban, %4koa; Nafarroan, %6koa; eta Zuberoan, Behe Nafarroan eta Lapurdin, %10ekoa.

Datu hauekin batera, jakitekoa da, herrialde batean bere herritarren %33k hizkuntza bat hitz egin ezean, hizkuntza horrek galtzeko aukera duela. Zure erabilpena %13koa dela ikusirik, hau da, erdira ere iristen ez denez, esan genezake datua nahiko kezkagarria dela.

Dena dela, argi izan, gu zuri laguntzeko prest gaude! Nahiz eta ez izan asko, bagaude batzuk oraindik ere zure bizitza luzaroan ikusi nahi dugunak: zu mintzatuz, entzunez, sentituz, maitatuz… Eta, beraz, hemendik aurrera zure bidea errazagoa izango delakoan gaude.

Gure herriaren hizkuntza bermatzea beharrezko ikusten dugulako, herri bat hizkuntzarik gabe gorringorik gabeko arrautza delako, denetan ederrena zarelako eta berezi sentiarazten gaituzulako, hobe esanda, euskaldun sentiarazten gaituzulako, Euskal Herrian behar zaitugu! Gora euskara! Animo eta hurren arte!

2. batxilergoko ikasleak

Comments { 11 }
-->