Archive | orokorra

RSS feed for this section

Bolognako tratatua

Aspalditik ahotik ahora dabilen gaia dugu hau eta nigana ere zehaztasun handirik gabeko informazio solte bezala iritsi zen . Horrela, bada, ingurukoei galdetuz eta interneten begiratuz, nik uste nuena baino garrantzi handiagoko gaia dela konturatzean, tratatu honen nondik norakoak pixka bat argitzea erabaki dut.

Bolognako aitormenaren helburua EHEA “European Higher Education Area� edo Europako goi mailako ikasketen eremu bat 2010erako sortzea da. 1998. urtean eman ziren lehen pausoak, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batuaren parte hartzearekin. Urtebete beranduago, Europako 29 naziok sinatu zuten Bolognan hitzarmen ospetsua. Funtsean, Europa osoko unibertsitate ikasketak homogeneizatzea da, honela ikasleek tratatua sinatua duen beste nazio batean bere ikasketei dagokien izendapena izan dezaten. Honek Europari hezkuntza aldetik batasun handia emango dio, kanpoko merkatuetara begira prestakuntza maila bat ziurtatuz. Gaur egun, 40tik gora dira egitasmo hau aurrera eramaten ari diren lurraldeak.

Aldaketa nagusiak hauexek izango dira:

. Bi ziklotan banatuko dira karrerak, GRADU eta POSGRADUAK (Diplomaturen ordez osagarri berri bat ezarriko da). Lehenengo zikloak balio zehatz bat izan beharko du, eta aldaketa guztiak europar lan merkatuari begira egingo dira.

. MASTER eta DOKTORATU batez osatzeko aukera egongo da.

Honez gain, garrantzi izugarria hartuko du ETCS edo “European Credit Transfer System� kreditu banaketak. Kreditu hauek 25-30 orduko balorea izango dute. Honen helburua ikasketen zati bat kanpoan burutu nahi dituzten ikasleei gauzak erraztea, eta jada kanpoan izan direnei beraien egonaldiaren balioa aintzat hartzea da. Arintasun bat bermatu nahi da herrialde desberdinen sistemen artean.

Kredituen sistema berri honek baditu bere desberdintasunak gaur egun guk dugun sistemarekin, gurean kreditoek 10 orduko balioa izateaz gain, ordu praktikoen eta teorikoen kontaketa adierazten dute, eta europarrean IKASLEAREN LANA agertu nahi da. Ikasleen lana baloratzeak azterketei garrantzi pixka bat kenduko die eta egunero klasean egindakoak bere lekua hartuko du.

Klaseen dinamikak ere aldaketak jasoko ditu kreditu hauekin. Irakaslearen papera dinamikoagoa eta probetxugarriagoa bilakatu nahi dute, klaseko denbora, lan munduan aurkitzen diren kasuetara zuzenduz eta ikasketa “teorikoa� ikaslearen esku utziz.

Karrera bakoitza 180 edo 240 ETCS kredituz osatuta egotea espero dute (60 bat urtean , beraz 3 edo 4 urte). Gai tronkalek ikasketen %50-75 osatuko dute. Ondoren datozen Masterrak 60-180 ETCSez osatuta egongo dira eta hauen prezioa unibertsitatea aurkitzen den komunitate autonomoak erabakiko du, baina urtea 3000 euroren inguruan ibiliko dela uste da. 2. ikasketa hauek egiteko karrera bakoitzak adieraziko ditu bete beharreko ezaugarriak. Azkenik, norbaitek doktoratu bat egiteko asmoa badu (aupa zu!), gutxienez, 300 kreditu ETCS eginda izan beharko ditu. Hauen iraupena ere gaurkoen antzekoa izango dela estimatzen da, 3 urte inguru, hain zuzen. Ikasketen azken zati honetan aipatzekoa da doctor europeus izendapena eguneratzeko nahia dagoela . Hau doktoratua beste estatu europar batean egiteagatik emango da.

Zenbait zalantza

Hasteko, karrera eta diplomatura asko desagertu behar ziren zurrumurrua zertan geratu da?
Sarean irakurri ahal izan dudanez, MECetik (Ministerio de Educacion y Ciencia) ofizialak izango diren titulazioen zerrenda bat eratzen ari dira. Hasiera batean, titulazio asko desagertuko zirela uste zen, baina beranduago argitu zuten aldaketa batzuk egin behar zituztela hasierako planean eta honek ikasketa gehienak edo ia gehienak mantentzea ziurtatuko zuela (“ia� horrek suposatu behar duenaren azalpenen zain geratu beharko dugu). Bertan, titulu ofizialek graduen sistemara pasatzeko beharko dituzten ezaugarriak agertuko dira.

Eta nola gertatuko da, bada, aldaketa?

Sistema berriaren ezarpena ez da bat-batekoa izango, urtez urte joango da bermatzen. Gainera, beraien ikasketak aldaketarik gabe bukatu nahi dituzten ikasleek azterketetarako hainbat deialdi izango dute, baina, noski, aukera hauek galduz gero, aldaketa jasan beharko dute.

Lizentziatura bat ikasia duen ingeniari batek, adibidez, plan berriarekin 4 urtetan burutu duenaren maila bera izango al du?

Argi dago ingeniari bat prestatzeko behar diren 5 urteak, gehi proiektuak… ezin direla 4 urteko ikasketa batzuekin alderatu. Horregatik, 240 ETCSez gain, beste 60 bat kreditu baloratzea eskatzen dute askok, 2. zikloa izango zen Masterraren zati baten antzera baloratzea alegia, BACHELOR izenaz ere ezagutua. 240+60 ideia hau eztabaidatzen ari den gaia da oraindik.

Kontu honek guztiak gure inguruan ere bere oihartzuna izan du. Horren lekuko izan zen pasa den azaroaren 17an egin ziren greba eta hitzaldiak. Ikasleen Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuz, Ikasle Abertzaleak taldeak greba deialdia egin zuen Euskal Herriko unibertsitate askotan. Bere ordezkariek Arrasateko Unibertsitatean beraien jarrera eta iritzia argitu zuten.

Amaitzeko gai honi buruz zuen ikuspuntua, zalantzak, datuak… ematera animatu nahi zaituztet, denontzat oso lagungarria izango baita jada gainean dugun aldaketa hau hobeto ezagutzeko.

Comments { 0 }

Futbola teknologia berriekin bat eginik

Allianz-Arena egunez Datorren ekainaren 9an, 4000 milioi ikusle izango dira lau urtez behin gertatzen den futbol festa handi hau noiz hasiko zain. Eta ikuskizun harrigarri honek bere hasiera Municheko Allianz–Arena estadio eraiki berrian izango du , 2006ko Futbol Mundiala zabalduko duen partidua 66. 000 ikusleentzat tokia duen munduko puntako ingeniaritza duen eraikuntza harrigarri honetan jokatuko baita. Beraz, ez gara futbolaz bakarrik ari, punta-puntako teknologiaz hornituta dagoen kirol eraikuntza handienaz baizik.

Allianz- Arena estadioa eraikitzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. 340 milioiko kostua izan du. Bere gain du argitzapenik aurreratuena non jokatzen duen Municheko taldearen arabera aldatzen den. Bayern de Munich bada protagonista, kanpoaldea eta eserlekuak gorritu egingo dira. TSV 1860 taldea bada, aldiz, urdina bihurtuko zaigu.
Alemaniar selekzioa bada, ordea, txuria izango da kolore nagusiena. Bestalde, lehena izango da alemaniar estatuan hiru altueratako eserlekuak dituena. 66. 000 eserleku hauek guztiak daude estalita eta, zauden lekuan zaudela, partidua ederki ikusteko aukera dago, eserlekuak zelairi ondo begira jarrita baitaude. Gainera, 4 752 kiloko bi pantaila erraldoi daude 16:9 formatukoak zelaiaren alde banatan, ikusleek jokaldirik onenak kalitaterik onenarekin ikus ditzaten.

Allianz -Arena gauezHala ere, ez da beharrezkoa barnera sartzea lan honen izugarriaz jabetzeko. Batzuen ustez, ovni baten itxurakoa da, eta bere presentziaz ohitu diren hiritarrek harro Schlauchboot edo gurpil flotagarria dela aipatzen dute. Itxura hau, estadioa estaltzen duten fluor erretxinez eraikitako 2 874 kuxinei zor zaie. Hauek, gainera, elurra eta euria lurrintzeko gai dira eta baita izpi ultramoreak pasatzen uzteko ere, horrela belarraren hazkundea erraztuz. Honez gain, lurrazpia berogailu batez hornituta dago 30 eta 35 gradu arteko tenperatura mantentzeko gai dena.

Bukatzeko, aipatu, paradisu honetan badagoela futbolak bezainbeste diru ekoizten duenik. Merchandising zatiaz ari gara. Estadioaren alderdi guztietan aurki daitezke dendak, jatetxeak, kafetegiak, kioskoak eta baita haurtzaindegiak ere. Zorionez, elbarriek ez dute arazorik izango, sarrera zabalak eta edonon arrapalak baitituzte. Hau guztia gutxi balitz, proiektu honek izugarrizko itxuraldaketa ekarri dio kokatuta dagoen auzoari. Metro geltoki bat eraiki da eta errepide berrien eraikuntzak izugarri erraztuko du zaleen etorrera. Horretarako, estadioak barnean 1200 autoentzako aparkalekua izateaz gain, ondoan Europan inoiz eraiki den aparkalekurik handiena izango du, 9000 auto eta 350 autobusentzako lekuarekin.

Beraz, Municheko biztanleek argi daukate: ez zaie axola Berlin eta Hamburgo handiagoak izatea, edo Francfurt finantzen erdigune izatea. Futbolaren erdigune Munich bilakatuko baita inongo dudarik gabe. Baina horretarako ekainera arte itxaron behar!

Comments { 0 }

Nik ere aurpegi bat dut!

Isabelle Dinoire prentsaurrekoan 2005eko azaroaren 27an munduko lehenengo aurpegi transplantea egin zioten 38 urteko Isabelle Dinoire emakume frantsesari. Honek, arazo pertsonal batzuen ondorioz, pilula batzuk hartzen zituen, eta, dirudienez, bere gorputzak ez zituen behar bezala asimilatu eta konortea galdu eta lurrera erori zen. Orduan, bere txakurrak esnatzeko asmoz bortizki eraso zion eta Isabellek, esnatzean, aurpegia txikituta zuen.

Orduan, erietxera eraman zuten. Eta lehen aipatutako egunean, bere familiak aurpegi transplantea egiteko baimena eman zuen, honela, txakurrak suntsitutako kokotsa, ezpainak eta sudurra konpontzeko nahiaz. Ondoren, beste emakume baten azala, larruazaleko gantza, giharrak eta odol hodiak ipini zizkioten aurpegia berregiteko.

Aditu batzuek transplantearen aurka azaltzen ziren, honek arazo psikologiko handiak ekarriko zituelakoan. Baina, azkenean, Isabellen familiak transplantea egiteko baimena eman zuen.

Hau dena egin ondoren, 2006ko otsailaren 6an prentsaren aurrean azaldu zen Isabelle Dinoire. Pozik agertzen zen nahiz eta oraindik erreabilitazio lanak egin beharko dituen aurpegi berria ondo egokitzeko. Berak, beste edonoren antzera, aurpegi bat duela adierazi du eta ebakuntza dela eta, gutxienez, jendearen begiradei aurre egin diezaiekeela. Honekin batera, esan beharra dago bi alabaren ama dela, eta horregatik oso pozik azaldu da, orain beraiekin egoteko aukera izango duelako.

Hau dena esan ondoren, adituek zuten beldurra ezerezean geratu dela garbi dago eta lehenengo ebakuntzaren esperientziaren ondoren, ondorio psikologikoak bideragarriak direla azaldu zuen Isabelle Dinoireri ebakuntza burutu zion medikuetako batek, Bernard Devauchelle delakoak, hain zuzen.

Honela, esan beharra dago transplante honen jarraipena eraman duen Jean-Michel Dubernard sendagileak beste bost transplante egiteko baimena eskatu diola Frantziako Osasun Ministerioari.

Gai honi buruz gehiago jakiteko:

Berria: Beste edonork bezala nik ere aurpegi bat dut orain.
Diario Vasco: La epifanía de Isabelle

Comments { 0 }
-->